Heriotza tabua da, hitzari berari bizkarra ematen diogu sarri, baina hurbil daukagu, gutxien espero dugunean zelatan. Heriotza bizitzaren beste aldea da eta onartu beharra dagoela ondo dakite maite dituztenen heriotza bizi izan duten askok. Hari horri tiraka, heriotzaz eta doluaz dokumentala egin du Iñaki Peña medikuak: Aulki Hutsak.
Iñaki Peñak asko daki gaiaz, lanbideagatik batetik, familian izandako heriotzengatik bestetik. Luzaroan aritu zen aparailuen laguntzaz arnasa hartzen duten gaixoak artatzen, eta zainketa aringarrietan ari da aspaldi honetan, maiz heriotza lekuko duela. 2007an aita hil izanak sorrarazitako zauria ezin izan du orain arte arindu, Aulki Hutsak erditu arte.
Dokumental deskriptibo, hezitzaile eta eraikitzailea da egindakoa, Peñak bere ibilbidean ezagututako hainbat profesionalen eta heriotza hurbiletik ezagutu duten lagunen testigantzekin osatua. Aspaldi konturatu zen heriotzak ez duela bueltarik eta horrekin bizi izaten ikasi behar dugula: “Mediku lanetan hasi nintzen lehenengo urteetan, heriotza zen lantzean behin topatzen nuen errealitate bat, batzuetan ustekabean harrapatzen gintuen, beste askotan aurreikuspen saihestezina zen. Beti sendatzerik ez dagoela ikasten hasi nintzen, eta azken urte hauetan osatzetik arintzera pasa naiz neurri handi batean”. Arindu nahi horretatik dator, hain zuzen ere, heriotzaren inguruko urteetako gorabeherak gizarteratzeko erabili duen erreminta, Osatzetik Arintzera blog pertsonala. Blog horretan material ugari bildu du eta harago joan nahian, Aulki Hutsak ikus-entzunezkoa egiteari ekin zion: “Adituen eta heriotza gertutik bizi izan dutenen esperientzia eta irakaspenak uztartu nahi nituen, ikus-entzuleei zerbait hezitzailea eskaini eta zenbaitentzat arintzailea ere izatea. Onartu beharra daukat neure dolu pertsonala borobiltzeko modua ere izan dela”.
Horretarako, Peñak gidoigile eta zinema-zuzendari bihurtu behar izan du bere burua eta Arteman Komunikazioa enpresaren laguntza izan du bidean. 2012ko Gabonetan ideiari forma ematen hasi eta protagonista izan zitezkeen pertsonak zerrendatu zituen. Horien bitartez harilkatu du kontakizuna.
Doluaz iritzi profesional eta pertsonalak
“Zer gertatzen da maite duzun norbait hiltzen denean?” azpititulua darama lanak, eta gertaera natural baina muturreko horren baitan bizitzen den prozesua aztertu eta azaltzen ahalegintzen da hainbaten ahotsen laguntzarekin. Euskal Herriko osasungintzan, elkarte eta erakundeetan erreferentziazko adituak diren mediku, psikologo eta terapeutek sakontasunez deskribatzen dute hurbileko heriotzak nola eragiten digun, zein arrisku izan ditzakegun eta oro har horren atzean dagoen prozesua; baita, jakina, dolua lantzearen garrantzia eta aurrera egitea posible dela. Prestakuntzaz eta lanbidez adituak diren horiez gain, emaztea, seme jaioberria, aita, anaia, gaixotasun larria zuen alaba, aitona edo beste senide zein hurbileko lagunak hil zaizkien hainbat herritarrek ere uzten dute euren testigantza, prestakuntzaz baino bizipenez jantzita dauden agerpen oso desberdinak erakutsiz. Halaber, heriotza guztiok zizelkatuta daramagun neurrian, dokumentalean ageri diren profesional bik heriotzarekin lotutako bizipen pertsonalak ere badituzte. Zuzendariaren aburuz, berebiziko garrantzia dauka horrek: “Balio erantsia da profesional moduan hitz egiteaz gain gure zauriak ere erakustea, ‘sendatzaile zauritua’-ren kontzeptua oso interesgarria baita, eta mediku eta psikologo banak horixe egin dute”.
Sentimenduak azaleratzea nabarmentzekoa deritzo Peñak eta lan honek Euskal Herrian ezohikoa dena lortu duela gehitu du: “Zorte itzela eduki dut, lehenik eta behin dokumentalaren protagonistak diren pertsona hauek guztiak nire bizitzan topatu izanagatik, baina horrez gain kameren aurrean arima biluztu dutelako, are gehiago geure herri honetan, eta euskaraz… Ikaragarrizko luxua da”.
Dokumentalaren gako garrantzitsuenetakoa da gaur egun arlo profesional horretan Euskal Herrian lanean dabiltzan erreferentziazko lankideak azaltzea. Baina Peñak balioa eman nahi izan die baita ere profesionalak izan gabe dolua landu ondoren beste batzuei laguntzeari ekin diotenak; hala nola, heriotza perinatalaren gainean laguntza eskaintzen duen guretxikixak.org bloga edo minbiziak aita hil ostean Minbiziaren Aurkako Elkartean boluntario gisa aritzea erabaki duen laguna.
Lau atal nagusitan (gehi bat) banatuta dago ikus-entzunezkoa: Mina, Haserrea, Egun Perfektuak eta Itxaropena. “Lehenengoan kontzeptuekin abiatzen gara eta bete-betean jorratzen dugu doluaren gakoa, mina. Bigarrena gure gizartearen ohiko erantzun bati buruzkoa da, haserrea; tristezia, ahulezia eta negarra ezkutatu eta haserrea erakusten dugu. Egun Perfektuak atalean diogu Gabonak, urtemugak, Domu Santu egunak… une egokiak izan daitezkeela maite ditugun horiek gogoratu eta omentzeko, baina askotan zama itzela sorrarazten digute. Itxaropena badagoela ere erakutsi dugu. Eta bukatzeko, epilogoak ezusteren bat ere eskaintzen digu”.
Gai honekiko kulturalki ditugun aurreiritzien kontra, orain arte dokumentala jendaurrean eskaini den aldi gutxietan ikusleek aitortu dute Aulki Hutsakek baikortasunerako eta esperantzarako tarte nabarmena gordetzen duela. “Aukera genuen bestelako bizipenak pantailaratzeko, doluan trabatuta dauden pertsona batzuk elkarrizketatzea, depresio ilunean dagoenik, tunelean sartu-sartuta, edo amorru bizian dagoena. Baina hori ez zen nire asmoa. Nahiago nuen erakutsi heriotzak sorrarazitako mina eta hutsunea arinduz aurrera egin eta bizi daitekeela”, azaldu du medikuak.
Izan ere, Iñaki Peñak nahiko luke lan hau ahalik eta gehien zabaltzea eta dibulgazioa du helburu nagusi. Edonori bizitakoa ulertzeko, indartzeko, modu positiboan sentitzeko, ondokoa laguntzeko baliagarria bazaio, poztuko litzateke; baita lankideei, beste profesionalei, lagungarria bazaie ere.
Euskal izaera
Gai oso konkretuari lotuta badago ere, dokumentalari euskal izaera bermatzea izan da Peñaren asmo irmoetako bat: “Lan hau Euskal Herritik kanpo ere erakutsi nahi dugu. Gure esperientziak berdinak edo antzekoak izango dira hemen edo Kuala Lumpurren, baina lan honetan agertu garenak gu gara, eta gure paisaiak eta gure musika. Gainera, Indiaranzko leiho txiki bat zabaldu dugu, eta beste bat Amerikako Estatu Batuetarantz”.
Elkarrizketatu gehienak euskaraz mintzatu dira, nahiz eta baden gaztelania zein ingelesa erabili duenik ere. Dokumentalaren atal bakoitza kantu bati lotuta dago eta guztiak gaur egungo euskal musikariak dira, betiko patroietatik zertxobait aldentzen direnak. “Klasikoak albo batera utzita gure belaunaldiko bost abeslariren aldeko aldarri ozena ere bada Aulki Hutsak. Askorentzat deskubrimendua izango dira, nahiz eta giro jakinetan oso ezagunak zaizkigun. Bide batez frogatu dugu hizkuntzak ez direla traba, norberak hala izatea nahi ez badu behintzat”.
Dokumentalaren zabalkundeari oztopoak saihesteko euskara, gaztelania eta katalunierazko azpitituluak egin dituzte. Elgetako Espaloia Kafe Antzokian aurre-estreinaldia egin ostean, herriz herri hasi dira emanaldiak eskaintzen, protagonisten udalerrietan lehenik. Horrez gain, Arinduz zainketa aringarrietako euskal elkartearen jardunaldietan proiektatu zuten, Bilbon; apirilean Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen biltzarrean ere ikusgai izango da Donostian; Euskal Herritik kanpo zabaltzeko atarian daude eta zinemaldi baterako ere onartu dute. Gainera, tailer bat prestatzen ari dira EHUrako.
Bidean izandako zailtasunak zailtasun, proiektuaren bultzatzailea oso pozik dago ikus-entzunezkoa izaten ari den harrerarekin: “Ilusioz, energiaz eta bihotzez egindako lana da. Bestela, krisialdi garaiotan buruarekin bakarrik jokatuz gero, etxean geldituko nintzatekeen ezer egin gabe, finantzazioa lortzea izan delako zailtasun handienetakoa. Egin dugun emanaldi bakoitzean feedback berriak jasotzen ari gara, asegarria da zinez”.
Bukatzeko, Iñaki Peñak beste behin nabarmendu nahi izan du heriotzari buruz hitz egiteak duen berebiziko garrantzia: “Denok ukitzen gaitu gai honek, etorkizunean gure seme-alabek ere prozesu hau pasako dute guregatik. Kontzientziatuta bagaude errazagoa da, nahiz eta batzuetan zaila den zeure heriotza onartzea, ezta?”.
Aurtengo ekainaren 25ean Eutanasiaren legeak laugarren urtemuga bete zuen. Nire iritziz, lege hori hainbat biztanleren lanari esker lortu da, eta, nolabait, pentsa dezakegu merezitako saria izan dela; izan ere, lege hori lortu bitartean pertsona askok erailketa salaketak,... [+]
Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.
Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.
Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.
7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.
Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.
Zenbat min jasan dezake bihotz batek?
Zenbat aztarna sentitu dezake azkenengo bihotz-taupadara arte?
Jaiotzen garenetik, min desberdinak sentitzen ditugu. Desilusioak eta arazoak, gero eta helduago garenean, orduan eta jasanezinagoak bihurtzen dira.
Jolasa bukatzea... [+]
Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.
Suizidioagatiko dolua humanizatzen lagun dezaketen elementuak aztertu eta prebentziorako neurriak azaldu dituzte Suizidioaren humanizazioa ikastaroan, Biziraun elkarteak antolatuta. Osasun arloko profesionalek, suizidioak eragindako heriotza baten bizirauleek eta suizidio... [+]
17 urteko gazteari tiro egin zion Frantziako poliziak bere nahia bete du, eta Ipar Euskal Herrira ekarri dute lanera. Polizia gehiegikeriaren ondorioz hildako Merzouken kasuak mobilizazio eta protesta ugari eragin zituen Frantziako Estatuan.
Maiatzaren 27an Frantziako Estatuko Legebiltzarrak onartu zuen heriotzarako laguntza baimentzen duen legea. Askok aurrerapen humanistatzat jo arren, lege berri honek kezkak piztu ditu pertsona ezinduen eskubideen aldeko mugimenduetan. Gaur egungo gizarteak ez badizkie pertsona... [+]
Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.
José Alberto Mujica, gerrillari tupamaro eta Uruguaiko presidente izandakoa, astearte honetan hil da, minbizi baten ondorioz. 89 urte zituen eta txakurrarekin batera bere etxebizitzan lurperatzeko argibideak utzi zituen. “Nire zikloa amaitu da”.
Zer nolako harremana dugu heriotzarekin? Zer nolakoa helduek, zer nolakoa haurrek? Adinean gora egin ahala nola aldatzen da heriotzarekiko dugun begirada? Eta nola hitz egin heriotzaz haurrekin?
Bai, gai tabua bada ere, hitz egin dezagun heriotzaz. Hirugarren saio honetan... [+]
Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.