Gorka Ovejero Ganboa

"Krisiak lagundu digu jendeak AHTren aurkako jarrera hartzeko"

  • Tartalari sakandarra. Okzitaniako Tolosan duela bi urte Yolanda Barcinari tarta aurpegian igurtzi zion lehena da bera. Ekintza horrengatik Auzitegi Nazionalak Julio Villanueva, Ibon Garcia eta berari bina urteko espetxe zigorra ezarri zien, Mikel Alvarezi urtebetekoa eta 900 euro banako isuna lauroi. Kartzelara joan beharrik ez, izualdi ederra bai ordea.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2014ko urtarrilaren 12a
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Zumarragan jaiotako sakandarra zara?

Aita Ordizian jaioa, aittun-amiña asturiarrak eta ama Arruazukoa, baina gaztetan Gipuzkoa aldera lan egitera joandakoa. 18 urte nituelarik amarekin itzuli ginen Arruazura eta herriko ostatua zabaldu genuen. Garai berean unibertsitatean hasi nintzen soziologia ikasten Iruñean. Hemengo euskara egiten dudanez jende askok ez daki Gipuzkoan jaioa naizela.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren hasmenta garaian iritsi zinen zu. Gainera urte askotxo eman zenuen han, ez da hala?

Bizitza osoa daramat unibertsitatean matrikulatuta! Bederatzi urte egon nintzen soziologian. Ez nuen bukatu ez ninduelako gehiegi erakartzen. Ondoren magisteritza hasi nuen Gasteizen eta han jarraitzen dut. Orain laugarren mailan ari naiz eta espezializazioa egiteko kulturartekotasuna hautatu dut. Oso polita izateaz gain, hemen Sakanako Mankomunitatean Emigrazio eta Aniztasun Batzordeko buru nagoenez oso interesgarria iruditzen zait.

NUPen, ikasketetatik at bestelako eginkizunetan ibili zinen su eta gar.

Bai, Ikasle Abertzaleak taldea eratu genuen eta Euskara Taldean ere, ikasleen ordezkari gisa, hizkuntz normalkuntzarako batzordean aritu nintzen. Hiruzpalau euskara plangintza egin genituen, baina kasurik ez ziguten egiten. Oso erreta eta nazkatua bukatu nuen NUPen. Horregatik erabaki nuen Gasteiza joatea. Euskararekiko batzuen mespretxua eta gehienen utzikeria ikaragarria zen. Gasteizen normaltasun eta errespetu handiagoa dago.

Zer edo zer lortu zenuten, hala ere?

Unibertsitatearen hasierak ziren eta enborrezko ikasgaietan ere euskara egotea lortu genuen bederen. Orain, hogei urte pasata, egoera ez da gehiegi aldatu. Gradu bakarra, magisteritza, egin daiteke euskaraz eta gainerakoetan euskararen eskaintza oso murritza da. Vascuencearen lege kutre horrek ez du hezkuntza unibertsitarioa arautzen eta horretaz baliatzen dira ezer ez egiteko. Hori bezalako mila adibide daude egunerokoan: Euskalerria Irratia 25 urte lizentziarik gabe, EITB Lurreko Telebista Digitaletik ezin hartzea, AEK eta IKA batere diru-laguntzarik gabe uztea, udalei ere dirurik ez euskara sustatzeko… Nafarroa.

Sakanako Mankomunitatean ere urte askotxo daramazu lanean.

Bai. Duela hamaika urte eta erdi sartu eta lau urtez buru izan nintzen. Beti ostalaritzan aritu izan naizenez lanean denbora eta aukera izan dut Mankomunitaterako lan egiteko liberatu behar izan gabe. Egun Arruazuko Batzalarre alderdiko ordezkari gisa nago eta hemengo udalean zinegotzi.

Sakanan langabezi tasa %20tik gorakoa da. 20.000 pasatxo biztanle duen eskualdean 2.000 inguru ari dira lan bila. Bereziki jipoitutako eskualdea da Sakana?

Nik pentsatzen nuen baietz eta gainera erabaki politiko bat tartean zegoelako, baina gaur egun ikusten da Erriberako herri batzuetan Sakanan bezain gaizki daudela. Gertatzen dena da han ez dutela protestarik egiten. Hemen kexatzeko ohitura, azpiegiturak eta mugimendu politiko zein sindikalak baditugu. Hala ere, kalean jendea mugiaraztea zaila da. Jendeak ohitura du itxoiteko ea Gobernuak zer egiten duen edo enpresa honetan edo horretan hartzen ote nauten lanerako. Sakanan, protestaz gain, Mankomunitatetik garapen agentzia bat abiarazi dugu Sakantzen sarearekin eta Cedernarekin elkarlanean. Gure filosofia da guk geure ahalmenekin eta gure ideiekin zerbait aurrera eramatea. Adibide moduan aipatu daiteke hemen turismoa nahiko ahaztuta dugula. Badira landetxe eta ostatuak, baina horretaz gain falta dira bestelako aukerak. Bertako baliabide, jaki, merkatu, kultura eta ohiturekin lotutako zerbait egin nahi dugu.

Sakanaz ari garenean askotan ematen du oso eskualde homogeneoa dela.

Egia, baina oso anitza da arlo guztietan: politikoki, linguistikoki… Arakil udalerria oso herri txikiak dira eta oso erdaldunduak. Altsasu oso handia da, industrializatua eta etorkin kopuru handia duena. Erdialdea euskaldunagoa dugu. Hamar urtez aritu ginen Sakandarren Eguna antolatzen eta utzi egin genuen ez zelako mamitzen. Hizkuntza aldetik ere alde handiak daude: Arakilen bertze eta ortzegun erabiltzen zen; Burundan, Koldo Zuazok esanda, Araban egiten zenaren azken aztarnak daude; eta Aranatzen nafarrera egiten da, baina Etxarrin gipuzkera aldera jotzen du gehiago Gipuzkoarekin duen harremanagatik. Herri bakoitzak bere hizkera du eta gu berehala ohartzen gara nongoa den jendea. Etxarrin euskara asko bizkortu da, Arbizun mantentzen da, Lakuntzan ezagutza igo da baina ez dute egiten, Arruazun muga gara, Arakilen sartu aurretik hau baita transmisioa galdu ez zen azken herria eta asko ari da bizkortzen. Herri askotan haurrek eta gazteek badakite baina erabilera eskasa da. Politikoki ere Arakil UPNren oso aldekoa izan da. Olazti eta Altsasun PSOEk indarra du emigrazioagatik. Ezker Abertzalea oso indartsu Etxarrin, Lakuntzan… Herri askotan. Irudia dugu oso ezkertiarra eta oso abertzalea dela, baina kontuz!, denetik dago-eta. Bizigarria da Sakanan bizitzea, ez zara aspertzen.

Hemen zergatik dago horren bizirik AHTren aurkako mugimendua?

Aralarko magalean oso kalte larriak eragingo dituelako. Begi-bistakoa da eta horregatik hemen jendea berehala hasi zen elkartzen AHT Gelditu! plataformaren inguruan. Honekin batera duela hiru urte AHT Mugitu! antolatu genuen desobendientzia bultzatzeko. 80ko hamarkadan AHTren aurkako Asanbladak izugarrizko lan handia egin zuen informazioa zabaltzeko eta jendea kontzientziatzeko, baina behin lanak hasita desobedientzia izaten da ia aukera bakarra. Bitartean informazioa zabaltzen jarraitu behar duzu, jendea informatua egotea AHTren aurkako txertorik onena delako. Ordu eta erdiko hitzaldia ematen duzu datuak mahai gainean jarriz eta hor jendeak flipatu egiten du gastatzen ari diren dirutzarekin eta hor dagoen ustelkeria guztiarekin. Krisiak lagundu digu jendeak AHTren aurkako jarrera hartzeko. Dena den, gauzak oso desberdin ikusten dira hiritik edo herrietatik. Horren froga da gehien mugitu garenak trenaren eragin kaltegarri guztiak sufritu behar ditugunak garela: Durangaldea, Goierri, Arabako Urbina inguruko jendea, gu…

Zergatik hautatu duzue desobedientziaren bidea?

2006an Urbina aldean AHTren lehen lanak hasi eta 2007-2008an zabaldu ziren. Obren okupazioak egin ziren. Errepresioa oso handia zenez, hausnarketa egin eta erabaki genuen ekintza desberdinak egitea: alde batetik ekintza jendetsuak hiriguneetan batez ere, hiria jende gehien bizi eta informazio gutxien dagoen tokia delako. Bestaldetik ekintza ikusgarriak mezu bati lotutakoak eta jendearen arreta deituko zutenak. Ibaietako urak berdez tindatu genituen edo 100.000 isun jarri genituen autoetan. Hor azaltzen genuena zen isuna jartzen geniela ez gaizki aparkatuta egoteagatik, baizik eta AHT aurrera eramateko dirutza handia behar delako eta hori denon artean ordaindu behar dugulako. Euskal Herriko herritar bakoitzak 3.700 euro jarriko dugu gutxienez.

Zalantzarik gabe Barcina tartakatzea ikusgarriena izan da urte hauetan.

Tartakadena hasieran ekintza ikusgarri bezala pentsatua zegoen, baina azkenean oso gogorra bilakatu zen eta ondorio garrantzitsuak izan ditu.

Zuentzat kartzelara joan beharrik ez izateaz gain, ondorio positiborik izan al du afera honek?

Bai. Azken finean, eskatzen zuten bost urteko zigorra hain neurrigabea izanda, izugarrizko elkartasuna sorrarazi du. Hamaika mezu jaso ditugu Euskal Herritik, Espainiako eta Frantziako estatuetatik… Guk hemen “Bi urteko zigorra. Gaitz erdi!” pentsatzen genuen bitartean, Frantzian asaldaturik zeuden esanez nola tartakada batengatik hain zigor handia jartzen ahal zuten.

Beraz epaileak ongi gelditu dira Nafarroako Gobernuarekin esanez atentatua izan zela, eta baita gizartearekin ere, zuek kartzelatik libre utziz.

Horregatik esaten dugu epaiketa fartsa izan dela. Aldez aurretik bazekiten zer esan behar zuten epaian. Erabaki politikoa izan da.

Azkenean epaileak fiskalaren argudio guztiak onartu dituela salatu duzue.

Bai. Ekintzaren egiletza ontzat eman zuten. Jurisdikzioa Espainiako Estatuarena zela ere bai, nahiz eta Frantziako Estatuan gertatu. Atentatua izan zela esan dute, juridikoki zilegi ez den bereizketa bat eginez: tarta bat botatzea ez da atentatua, baina aurpegian igurztea bai. Modu berean ontzat eman du Okzitanian bertako poliziek ikerketarik egin ez zuten argudioa eta, bukatzeko, debekuaren akatsa bete-betean ez, baina aringarri gisa onartu zuten. Hori zuzenbide progresistan erabiltzen den kontzeptua da: zuk ez badakizu egiten ari zaren hori toki horretan lege-haustea dela, ezin zaituzte horregatik zigortu. Alkohol botila bat debekatua dagoen herrialde batera eramatea edo modu batez edo bestez janztea, adibidez. Guk hori ere aldarrikatu genuen pentsatzen genuelako Frantziako Estatuan tartakada ez zela delitua, falta baizik. Hau ere ez zuten bere horretan onartu, baina bai aringarri gisa.

Eta zergatik esan zenuten epaiketaren bukaeran zuek ez zinetela egon Okzitaniako Tolosan egun horretan?

Egiletza zalantzan jarri genuen, ez gu izan ez ginelako, baizik eta instrukzioan haiek zeuzkaten frogak oso-oso motelak zirelako. Ekintzaren unean foruzainek ez zuten ikerketarik ez identifikaziorik egin. Gero epaiketan deklaratu zuten bideoa ikusi zutela Mugituren webgunean, handik jaitsi zutela eta ez dela beharrezkoa identifikazio lanik egitea mundu guztiak badakielako Julio eta Gorka nortzuk diren eta Mikel Alvarez ere ezagutzen zutelako. Hori tabernan esatea oso ongi dago, baina ez epaiketa batean, batez ere halako kartzela zigorrak eskatzen ari direnean. Gure abokatua ikaratu egin zen azken astean gure lekuko pila bat eta txosten juridikoak atzera bota zituztelako, eta egiletzaren afera beraien puntu ahulena zela ikusita, erabaki genuen ildo berri hori zabaltzea, nahiz eta oso ados ez izan, desobedientziaren ikuspuntutik hori ez delako oso eredugarria. Haiek ez zuten bere lana egin eta guk ez genien dena egina eman nahi. Mugituk beti aldarrikatu du ekintza egin genuela eta horrela esan dugu beti toki guztietan, baina Mugituren izenean, ez gure izen propioekin. Hori baliatu genuen azken bide hori zabaltzeko.

Gero eta gehiago ari dira desobendientzia zigortzen?

Orain arte euskal independentismoaren aurkako zigor kodea egin dute eta orain, aldiz, M-15 mugimenduaren inguruan sortu diren borroka molde guztien aurka ari dira. Kongresua inguratzea, pankartak eramatea, Espainiako ikurrei iraina egitea… Ad hoc egindako lege berriak dira orain ateratzen ari direnak.

Eta hemendik aurrera zer egiteko asmoa duzue?

Ekintza berriak prestatzen ari gara. Zaila da ideia berritzaile, eraginkor eta dibertigarriak aurkitzea. Buru arina behar da halakoak pentsatzeko. Bi urtetan ezin dugu kartzela zigorrik ekar lezakeen lege-hausterik egin.

Buru arina eta abokatu bat aldamenean?

Bai, baina abokatuak beti esango dizu ez egiteko. Okzitaniako Tolosara joan ginen Iparraldeko lagunekin hitz eginda bakarrik, abokatuei ezer galdetu gabe. Errepresio itzela izango dela pentsatzen baduzu ez duzu inoiz ezer egingo.

Guk beldur handia dugu. Jendea oso ikaratuta dago. Euskal Herrian izugarrizko errepresioa dago, errepresio zuzena eta ekonomikoa. Isun bat eta beste bat jartzen dute eta jendea itota dago. Lehen kaudimengabe bazinen libratzen zinen bederen, baina orain ez. Dirurik ez baduzu asteburuetan kartzelara joan edo antzeko zigorrak bete beharko dituzu. Ez du ematen, baina 80ko hamarkadan baino dezente okerrago gaude orain.

Nortasun agiria

Gorka Ovejero Ganboa. Zumarragan sortua 1972ko abenduaren 26an, gaztetatik bizi da Sakanako Arruazu herrian, amaren sorterrian. “Beti herri mugimenduetan ibili naiz gustura”. Hasieran euskalgintzan: Oinarriak, Euskal Herrian Euskaraz edo Bierrik euskara elkartean, besteak beste. Askapenan ere parte hartu izan du, bereziki Argentina eta Txileren artean bizi diren maputxeekiko harremanetan. Azken urteotan AHT Elkarlanean eta Mugitu! Abiadura Handiko Trenaren aurkako mugimenduetan dabil buru-belarri. Barazkizalea eta irratizalea. Zazpi urtez aritu da irratsaio bat egiten Beleixe irratian.
 

Mugimendu indartsuena

“Lemoiz ondoren AHTren aurkakoa izan da jarraipen eta aniztasun handiena izan duen mugimendua. Gaur egun mugimendu indartsuena Nafarroan ari da. Krisiak murrizketak ekarri ditu, baina lanak aurrera doaz historiako azpiegiturarik garestienean”.

Azken hitza
Etorkizuneko Sakana

“Sakanakoa ikaragarria da: orain AHT izango dugu Aralarko magalean, bestaldetik Urbasa mendilerroko beheko aldetik 400 mila voltioko autopista elektrikoa pasarazi nahi dute, Olaztin errauskailua zabalduko dute eta azkena Urbasako frackingarena izan da. Urbasa eremu babestua da, hala ere, duela hamabi urte Nafarroako Gobernuak petrolio eta gas naturalaren bila zebilen enpresa bati dinamita erabiltzeko baimena eman zion. Parke Natural batean zundaketak egingo dituzte, baina ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu Bardeetako parkean tiro poligonoa dagoela. Sakanan industria galbidean doa eta krisia pixka bat arintzen denean proiektu horiek guztiak aktibatuko dituzte ziztu bizian. Eta gero esaten digute zergatik ez dugun turismoa bultzatzen. Baina horrela segituz gero, zer eskainiko diogu bisitariari? UPN, PSOE eta EAJren eredua hau da. Hiriak indartu nahi dituzte eta haien artean gelditzen dena zerbitzuetarako erabili”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Abiadura Handiko Trena

Abiadura Handiko Trena kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude