Olibondoen dardara Nafarroako hego-hegoan

  • Aragoirekin mugan dago Ablitas, hegoalderago ezin joan Euskal Herrian. Nekazaritzak azken hamarkadotan Nafarroan izan dituen aldaketak nozitu ditu bere haragitan, eta laboreen produkzio industrialerako prestatuta ditu orain lurrak.

Ablitas herria. (Arg: Urko Apaolaza)
Ablitas herria. (Arg: Urko Apaolaza)

Tuteratik Ablitasera dagoen errepide zuzen luzearen albo banatan olibondoak eta mahastiak ezezik, orain brokoli eta tomate sail zabalak ikus daitezke nonahi. Duela urte batzuk egindako partzelen kontzentrazioak erabat aldatu du Queiles haranaren behealdean dagoen Ablitasen paisaia.

Herri kaskoaren zaindari gaztelu zaharraren dorrea ageri da. Etxe ugari eraberrituta daude eta izen euskaldunak dituzte; Euskal Herri hezetik klima lehorrago baten bila joandako lagunei esker dago oraindik zutik alde zaharra, bertakoen aburuz.

Turismoak badu aukerarik Ablitasen: Bardeak, Moncayo menditzarra, Sendaviva parkea, inguruko herriak... 2008an Lor urmaelaren ondoan aisialdi gunea jartzeko plana onartu zuen Udalak. Hala sortu zen Mendianike Kanpinaren proiektua. Terrenoa erdizka atondu eta bungalow gutxi batzuk paratu ondoren erabat geldirik daude orain lanak, krisiak harrapatuta nonbait.

Ribaforadara bidean, herriko industria poligono bakarrak tailer txiki batzuk eta igeltsutegi bat baino ez ditu. Nasiunsa sozietate publikoak 107.000 metro koadroko poligono berria eraiki behar zuen inguru horretan, baina lehertu zen higiezinen burbuila, lehertu nafar gobernuaren eskandaluak, eta hemen ere lugorri zabala besterik ez da geratu.

Ablitastar asko Tuterako lantegietan aritzen dira. Lehen, eraikuntza zen lanbide garrantzitsuena; egun, Gaindegiak osatutako mapa industrialean behatuz, zerbitzuen sektorea dela ohartuko gara.

Partzelen kontzentrazioa
Dena den, Nafarroako Erriberako beste herri askoren moduan, Ablitas nekazaritzari estu loturik dago, eta ez dira gutxi lur sailetan ogibidea dutenak.

2007 urtean Nafarroako Gobernuaren ekimenez partzelen kontzentrazioa eta ureztatzeko sistemak berritzeko lanak hasi ziren. 20 milioi euro inbertitu ziren bideak ireki eta ureztatzeko hodiak sartzeko. Ia 6.000 partzela 1.153 finkatan bildu zituzten.

Bertako nekazariari galdetuz gero, esango dizu kontzentrazioa “mucho buena” izan dela, pista erosoak eta ura eskuragarri jarri baititu. Gainera, azken belaunaldietan jabetzak izugarri zatikatu dira eta herritarrak etekinik ezin atera zebiltzan han eta hemen herentzian jasotako lurtxoei.

Besterik da egokitu zaizkien jabetza berriak gogoko dituzten; kontzentrazio prozesua baliatu eta lur onenak eskuratu dituztenak ere ba omen daude. Ez du erraza izan behar arbasoen ondarea kromoak bezala elkarri aldatzen ikustea.

Onurak bai, baina kalteak ere ugari izan dira. Obrak hasi zirenean, Queiles Erriberaren Ondare Naturalaren Defentsarako Plataformak salatu zuen Peñadil, Montecillo eta Monterrey izeneko Kontserbazio Bereziko Eremuan 10 metroko zangak egiten ari zirela, bertako naturari kalte larriak eraginez.

Kontzentrazioaren ondorioz lurrak galtzear zituzten nekazariek berriz, euren olibondoak moztu zituzten sutarako erabiltzeko. Ablitasko Nuestra Señora del Rosario ehiera kooperatibak dio 2004tik 2010era 20.589 arbola bota dituztela, udalerriko olibadien %60; horietako askok ehunka urte zituzten.

Ablitasko kooperatiba 1952an sortu zuten 200 nekazarik eta gerraurreko Nafarroako nekazal kooperatibagintza historikoaren oinordeko da hein batean. Egun, UCAN Nafarroako nekazal kooperatiben elkarteko kide da. Elkarteak 169 kooperatiba eta 21.000 bazkide biltzen ditu, eta Barcinaren gobernuak sustatuta fusio prozesu bat bizi du uneon. Ablitasen ere sumatuko dute hau guztia.

Egiaz, nezakaritza mekanizatuaren eredua sustatu dute Erriberako txoko honetan ere, eta beraz, diru-inbertsio handiak egin ditzaketen jabeek baino ez dute etekinik ateratzen ahal. Olibondoak berriz ere erruz ari dira landatzen, baina ilaran jarrita, otzan, makinek noiz dardaraziko zain, olibak sarean biltzeko.

Ablitasen, euskal bertsolaritzaren senide izan liteeken Paloteado-ak iraun du. Urtero, zenbait lagunek, jendaurrean herriko kontuak haizatzeaz gain, agintariei kritika zorrotza egiten diete bertsotan. Aurtengoan ez dira falta izan CANeko aferak, baita herriko elkarte sozialei alabantzak ere: “Haiei esker ez balitz herri hau bizirik baino hilda legoke”.

Ablitaseko erradiografia

Biztanleak: 2.663 (2012)
Sektorekako ustiapenak: Lehen sektorea: %5,5. Industria: %11,93. Eraikuntza: %33,03. Zerbitzuak: %49,54
50 langiletik gorako lantegiak: 1
Lana: Landunak: 927. Langabezia erregistratua: 271.
Nekazaritza sektorean aritzen direnak: %11,87
Lur azalera: 77,4 km2.Lur azalera artifiziala: %1,32. Nekazaritzarako erabiltzen den lurra: %81.
Udalaren osaketa: SIAk (Socialistas Independientes de Ablitas) 6 zinegotzi; UPNk 5 zinegotzi.
Euskararen ezagutza: 1986an %0,2. 2001ean %6,7.
Etorkinak: Espainiako Estatutik kanpokoak %3,2 (2001)


ASTEKARIA
2013ko abenduaren 08a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tokian tokiko ekonomia
2023-05-16 | Euskal Irratiak
Milioi euro pasako salmentak barnekaldeko saltegietan, Euskal Herria Bihotzean txekeen bidez

Baxenabarre eta Xiberoako merkataritza bultzatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Bihotzean elkartea, duela hamabost urte. Erosketak hurbileko saltegietan egiteko usaia zabaltzeko, opari eta kultura txekeak sortu zituzten.


'Beterri Saretuz' ekonomia eraldatzailearen sarea ekintzara pasako da

Beterri-Buruntzako hainbat enpresa eta eragile biltzen dituen ekimenak ostegunean aurkeztuko ditu bere ekintza plana eta aurtengo helburuak, Usurbilen. 2019an sortua, parte hartzean oinarrituriko proiektuen ekosistema sustatu nahi du sareak eskualdean, ekonomia eraldatzailearen... [+]


Paretaren kontra

Jakina da eskuduntzen auzia erabakigarria dela arlo ekonomikoan. Botere banaketa zehazten omen du. Eta zorrotzagoak bagara, boterea nork duen, eta beraz, nork ez duen ere ezartzen duela esan dezakegu. Eskuduntza nagusiak estatuek beretzat gorde dituzte, baina kapitalak du eredu... [+]


Trebiñu ofizialki Arabako parte izateko ekimena abian jarri dute berriz

Argantzungo eta Trebiñuko udaletako osoko bilkurek gehiengo osoz erabaki dute lan-mahai bat sortzea, egun Burgoseko probintziaren administraziopean dagoen barrundia ofizialki Arabako parte izatea lortzeko.


‘Hernani Burujabe’ aurkeztu dute, tokiko moneta, energia, zaintza eta ekonomia bultzatzeko egitasmoa

“Berreskuratu dezagun gure baliabideen kontrola!”. Esaldi horrekin aldarrikatu eta laburbildu dute Hernani Burujabe-ren oinarria. Ostiralean aurkeztu dute egitasmoa Hernanin, ekonomia desmerkantilizatu baterantz eta demokrazia sakonagorantz egiteko helburuz.


Eguneraketa berriak daude