Ateak Ireki

Beste hedabide bat itxi digute

  • Ateak Ireki komunikabidea ixtea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak Herrira mugimenduaren parte dela argudiatuta. Nahiz eta epaia irmoa ez izan, hiru orriko txostena nahikoa izan du Eloy Velasco epaileak hedabide bati hitza kentzeko. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso gisa ikusten dute. Haserrea eragin du Euskal Herriko sektore zabal batean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz
2013ko azaroaren 24a
Ateak Irekik erakutsi zuen nola jarri zuten ikurrina sanferminetan

Azaroaren 12an Espainiako Auzitegi Nazionalak Ateak Ireki webgunea ixteko agindu du, Herrira mugimenduarekin zerikusia duelakoan. Ea hala den galdetuta, Miguel Angel Llamas “Pitu”-k ezetz dio. “Gu komunikabide bat gara, eta ez Herriraren zati. Herri mugimenduari ahotsa ematen diogu eta Herrirarekin lotura daukagu, PAHrekin dugun bezala, herri mugimendu eta eragile sozial eta politikoekin daukagun adina”.

Ateak Ireki Nafarroako herri mugimenduen sareko ahotsik indartsuenetako bat izan da azken bi urteotan. Gai anitzak jorratu dituzte: Xabier Sagardoy eta Luis Goñi babestu zituen herri harresia, etxe kaleratzeen aurkako plataformaren ekimenak, euskal presoen eskubideen aldeko ekintzak, AHTren aurkakoa, murrizketak, ustelkeria kasuak... Kazetaritza herrikoiaren adibiderik eraginkorrenetakoa Euskal Herrian, bideogintzan oinarritutako kazetaritzaren bitartez bestelako errealitate bat erakusteaz arduratu da. Zulo informatibo bat betetzetik, hainbat gai aktualitatearen erdigunera eramateko gai izan da adibidez. Ahotsa altxa ezinik zebiltzanei oinarrizko galderak egin dizkiete. Batzuek ezkutatu nahi zituzten irudiak erakutsi dituzte. Arrakasta izan dute. “Garrantzia hartzen ari zen proiektua eta ahots hau isilarazi nahi izan dute”, azaltzen du Llamasek.

Ehunka milaka aldiz ikusi diren bideoak ekoitzi dituzte bi urteko ibilbide oparoan. Adibiderik onena, San Ferminetako txupinazoan ikurrina erraldoia nola zintzilikatu zuten erakusten duen lana da.

“Bada Nafarroan eremu ofizialetik kanpo mugitzen den zerbait, badira Nafarroan baimendutako ahotsen gainetik aditzen diren bertze iritziak”. Beren aurkezpen bideotik ateratako esaldia da. Herrialdeko errealitatea ez da aldatu ordea, nahiz eta beste ahots disidente bat ixilarazi duten Madrildik, bere garaian Apurtu.org itxi zuten bezala eta Miguel Angel Llamas bera kartzelan sartu.

Eta orain zer?

Epaia ez da irmoa, eta abokatuek errekurtsoa jartzeko aukerarik duten abokatuek begiratu behar dutela dio Llamasek: “Ez dugu geure burua defendatzeko aukerarik izan, Herriraren parte garela diote, eta auto horretan ez da gure aurkako akusazio zehatzik”. Egoera aztertzen ari dira.

Itxieraren ostean hainbat eragileren babesean egindako agerraldian adierazi dute “erantzun anitz eta zabalena” artikulatzen ahaleginduko direla. Datorren azaroaren 23an, larunbatean, Iruñeko udal plazan elkarretaratzea egingo dute 19:00etan hedabidearen itxiera salatzeko. Manifestu bat ere jarriko dute abian, kazetarien artean atxikimendua bilatu asmoz.

Horrez gain, ezinbesteko jo dute Nafarroako herri mugimenduak bere ahots propioa izatea Interneten. Horregatik, adierazi dutenez, komunikazio proiektu berriak jarriko dituzte abian. Dagoeneko sortu dute beste webgune bat eta bertatik ari dira informatzen: http://ateakirekiaurrera.wordpress.com. Twitterreko kontu berria ere sortu dute: @AteakAurrera.

“Eraso antidemokratiko honi aurre egiteko asmoa dugu, dugun arma bakarrarekin: Adierazpen askatasuna”, nabarmendu du Llamasek.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Ateak Ireki

Ateak Ireki kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude