Nazioarteko 6. Biltzar Nagusiarekin Indonesiako Jakarta hiriburuan ospatu ditu bere 20 urteak Via Campesinak. Bi hamarkadako lanez lortu du baserritar txikien eskakizunak agintarien agendetan azaltzea, multinazionalen planen aurrean. Nork ez du aipatzen gaur elikadura burujabetza? Krisi garaiotan erreferentzia bihurtu da.
Lau egunez ekainaren 9tik 13ra bitartean burutu du nazioarteko bere 6. Biltzar Nagusia Via Campesinak Indonesiako Jakartan. Ausarta izan beharko zen pentsatzeko 1993an Belgikako Mons herrian bildutako laborari multzo haren lanak ekarriko zuela Nazio Batuen Erakundeak 2014. urtea izendatzea “Familiako etxaldeen urtea”. Ez da lortu duen emaitza bakarra, ez garrantzitsuena.
Ekaineko egun horietan Britainia Handiko The Guardian egunkariak Bi kronika eskaini dizkio Indonesiako hiriburutik bidaliak: Claire Provostek erakundearen bi hamarkadotako lana laburbildu du eta John Vidalek Via Campesinako koordinatzaile nagusia den Henry Saragih indonesiarrarekin hitz egindakoak.
1993ko maiatzean Europako Coordination Paysanne Européenne elkarteak deitu zuen Belgikako Mons herrian nazioarteko bilkura, Via Campesinaren sorrera ekarriko zuena, 1992an Amerika guztitik joanda Nikaraguako Managuan bildu ziren nekazariekin elkarlanean.
Bigarren biltzarra 1996an Mexikoko Tlaxcalan egin zuten, 2000koa Indiako Bengaloren, 2004koa Brasilgo Sao Paulon eta bosgarrena, 2008koa, Mozambikeko Maputon. Urte horietan guztietan Via Campesinako kideak ikusi dira Cancun, Seattle edo Quebec bezalako hirietan, Munduko Merkataritza Erakundeak, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak biltzar nagusiak egiten zituzten aldi orotan. Globalizazioa edo mundializazioa deitu den horren kontrako mugimendu anitzaren barruan Via Campesinako baserritarrek indar handia eduki baitute.
Urteotan sortu eta zabaldu dituzten ideietan nagusia izan daiteke elikadura burujabetzarena. Hedabideek gaur korriente aipatzen dituzte soberanía alimentaria, food sovereignty... munduko hizkuntza guztietan. Nahiz eta sortzaileek ondo nabarmendu nahi duten ideiaren benetako esanahia, Nazio Batuen Erakundeak munduko jende ororen eskubidetzat aipatu ohi duen elikadura segurtasunetik haratago doana.
2007an Maliko Selinguen egindako batzarrean aldarrikatu zen elikadura burujabetza dela “herriek daukaten eskubidea eskuratzeko elikagai osasuntsu eta kulturalki egokiak, metodo ekologiko eta iraunkorrez ekoitziak, eta baita herriek beren elikadura eta nekazaritza erabakitzeko daukaten eskubidea ere. Honek elikadura sistemaren eta politiken muinean kokatzen ditu jakiak ekoiztu, banatu eta kontsumitzen dituztenak, ez korporazioen eta merkatuen eskakizunak. (...) Elikadura burujabetzak dakartza harreman sozial berriak, gizonen eta emakumeen, gizarteen, talde arrazialen, klase sozialen eta belaunaldien arteko zanpaketarik eta bereizketarik gabekoak”.
Europako estatu bakar batek ere ez du kontzeptua bere gain hartu, baina 2008an Ekuadorrek txertatu zuen bere konstituzioan, eta Venezuela, Mali, Bolivia, Nepal eta Senegalek ere nazioen lehentasunetan sartu dituzte. Herrialde horiek eta beste batzuek emandako babesari esker ideiak zabaltzeaz gain lobby lana ere egiten dute Via Campesinako buruek.
Annette Aurelie Desmarais Kanadako Saskatchewaneko baserritarrak idatzi omen zuen, Via Campesinaren 10. urteurrenerako liburuan, erakundeak irautea bera zuela meritu nagusia, nekazariek duten bezala. Izan ere, urte luzez ezkerreko bezala eskuineko teorikoek nekazariak desagertzera kondenatuta zeuzkaten beren analisietan.
Aldiz, munduko laborari militanteok gidaritza daramate labore transgenikoen edo lur lapurretaren kontrako borroketan. Eta munduko 90 estatutan 200 milioi lugin mobilizatzen dituzte, ia bi ziento erakundetan antolaturik.
Idazkari nagusi daukate Henry Saragih (1964) indonesiarra. Bederatzi seme-alaba hazteko gurasoek oliotarako palmondo sailetan egiten zuten lan. Henry gazteak lortu zuen unibertsitatera joan eta zientzia politikoak ikastea. Suharto diktadorea zegoela agintean, ikasle musulmanen mugimenduan hasi zuen militante lana. “Han jabetu nintzen aberatsen eta txiroen arteko leizeaz”, esan dio John Vidali.
Oso gaztetatik ezagutu ditu Saragihk multinazionalek geroztik mundu osora hedatu duten sistema: lurren lapurreta, lekuko tribuen eta baserritarren kanporatzea, kutsadura, basoen suntsitzea, monolaboreen nagusitzea... Indonesiako Laborarien Sindikatuen Federazioa (FSPI, indonesierazko sigletan) gatazka horietan hazi eta hezi zen, gaur dauzkan 700.000 kide edukitzeraino.
Henry Saragihek berarekin batera heldutasunean sartzen ikusi duen Via Campesinak zein erronka dauzka gaur egun? GRAIN erakundean ari den Carlos A. Vicentek “Aportes a la reflexion por los 20 años de La Via Campesina” artikuluan zerrendatu ditu 14 galdera bere ustez nagusiak. Horietan nabarmenenak laburbilduko ditugu.
Hasteko, nola egin aurre korporazioei (multinazionalei), horiek daukatelarik mundu mailako aginte politikoa? Zeren “guk gobernu ‘adiskideekin’ eraikitzen ditugun elkarlanetatik haratago korporazioak baitira azken hitza daukatenak”.
Gero dator nola desegin korporazioek kontrolatzen dituzten hedabide handiek eraikitako hesia. Vicentek dioenez, “hedabide nagusiek errealitatea korporazioek agindutakoaren kapritxora ‘eraikitzen’ dute, eta gaur gizartearen parte handi bat diskurtso horiek hipnotizaturik bizi da, paradigmatzat ezarri duten kontsumitzeko ‘libertate’ horrekin, indibidualismoarekin, konkurrentziarekin eta bortizkeriarekin”.
Galdera gehiago. Nola artikulatu lana gobernu ‘adiskide’ eta aurrerazaleekin aldi berean Via Campesinaren ikur eta helburuak makurtu gabe? Nola artikulatu nekazarien lana hirietako mugimenduekin, hauek elikadura burujabetza berena egin dezaten? Nola egin aurre bizi ditugun krisiei eta aldi berean eraiki gizarte eredu berri bat? Nola eraiki gizarte bat lidergo kolektiboz gidaturik eta ez lider indibidualez?
Carlos A. Vicenteren hiru galdera, bukatzeko. Nola gelditu baserrietatik hiri handietarako ihesa, ekiteko alderantzizko bideari? Nola erantzun sistemak darabilen bortizkeriari bere tranpan erori gabe, errepresioa erabili dezan aitzakiarik eman barik?
Eta nola jokatu nazioarteko eszenatokietan aldi berean erori gabe sistemak bere baitan parte hartzera sartzeko egiten duen konbitearen tranpan? Erresistentziaren eta aurrerabideetan parte hartzearen arteko betiko dialektika, alegia.
Via Campesinaren Japoniako taldearen webgunetik hartutako irudian Henry Saragih indonesiarra biltzar publiko batean hizketan. “Behetik –dio Saragihk– ezagutu ditugu, ez teoriatik, jendearen eguneroko arazoak. Ikasi dugu lurra dela munduko gatazketan gakoa, sistema aberatsen mesedetan dagoela antolatuta, eta Indonesian gertatzen dena mundu mailako arazo estrukturalaren parte dela”. Saragihren analisian “bistakoa da Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa direla pribatizazioen eragile. Beren bi tresna nagusiak dira ura eta baliabideak. Iparraldearen politika da lurrak garesti eta eskuraezin atxikitzea, jendea urrutiko jakien mende edukitzeko. Horra multinazionalen kolonialismoa. Lehen lurretik bizi zen jendea orain behartuta dago atzerrira joatera. (...) Hirietako jendea erakarri nahi dugu, etxe bakoak, lanik gabeak. Borroka bera da nekazariena eta hiriko jende askorena”.
Zazpi lagun auzipetu dituzte Hazparneko Puyo agentziaren okupazioagatik. Aiherrako Etxexuriaren salmenta salatzeko ekintzaren harira epaituko dituzte irailaren 30ean. Elkartasunez, mobilizazio eguna muntatu da irailaren 27an.
Amezketako Loidi baserrian sortutako proiektua da Aralareko, Uxue Artola Ansak eta Iosu Goñi Muruak bultzatua. “Familiako proiektua da gurea, moxal haragia lehenagotik ere ekoizten genuen, baina kanpora saltzen genuen, eta gauzak beste modu batean egiteko gogoz, bide... [+]
Uztailaren erdialdean aurkeztu zuten 2027tik aurrera Europako Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) izango dena, eta proposamena izugarria da: NPBaren egitura desegitea eta azken urteotan lortutako aurrerapen urriak suntsitzea.
Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan hasiak dira jada sagar biltzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagozkien iazko datuekin alderatuta, uzta handiagoa izango da aurten. Orotara sei-zazpi milioi kilo biltzea aurreikusten dute, datu zehatza urte bukaerarako izango... [+]
Udazkeneko zenbakia aste honetan jasoko dute ARGIAko kideek, edo berariaz Bizi Baratzeako kide egin direnek.
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori,... [+]
Emakumea eta lurra elkartzen dituen liburua idatzi du Onintza Enbeitak: Bizitza baten txatalak. Gure aurrekoen bizimodua jaso du, andre baten ahotan: "Baserria bere horretan, erromantizismorik gabe". Feli Madariaga (1932, Baldatika, Forua, Bizkaia) da andre hori, lurrari... [+]
Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti... [+]
Elkarretaratzea eta asanblada antolatu dituzte azken berriak zeintzuk diren jakinarazteko. Horrez gain, irailaren 9an Baionako auzitegi aitzinean mobilizatuko dira, Marieneko lurraren defentsan aritutako hiru ekintzaile auzipetuko dituztelako.
Irailaren 2an hasi da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte. ARGIA... [+]
Urtero bezala, aurtengoan ere martxan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Udako Azoka Ekologikoak. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak antolatzen ditu azokak, Gipuzkoako Biolurrekin, Bizkaiko Ekolurrekin eta Arabako Bionekazaritza elkarteekin batera... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]
Biolur laborantza ekologikoaren aldeko elkarteak frutazaintza sustatu nahi du eta horretarako egun-pasa ederra antolatu du uztailaren 29rako; hiru proiektu ezagutuko dituzte bertatik bertara: Erroak mintegia Ahatsan (Nafarroa Beherea), Kibbi Sat Donezteben (Nafarroa) eta... [+]
Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]