Festarako grina suspertzeko asmoz

  • Mandoilek:: Mandoilek

    Elkar, 2013

Hezetasuna gainetik kendu ezinik gabiltzan sasoi honetan, berotasun izpi bat emango didan esperantzarekin ekin diot Mandoilek taldearen lehenengo diska entzuteari. Aurreneko abestiarekin batera susmatzen hasia naiz dantzan arituko naizela hurrengo ordu erdian, eta berehala antzeman dut gorputzean itsatsitako lizuna askatzeko momentuko irtenbidea topatu dudala. Ez goaz gaizki.

Mandoilek taldeak proposatzen dizkigun doinuek eta hitzek indarra, festa, kolorea eta sentimendua aireratzen dute lau haizetara, eta mezu hori Euskal Herriko gazteen artean zabaltzen aritu dira zuzeneko emanaldietan. Musikaren alde argitsua erakusten saiatu dira, azken batean erritmo dantzagarrietan oinarritzen baitira, reggae, cumbia, rumba eta horrelako doinuak joz.

Amurrioko taldeak euren kantuetan euskara eta gaztelania tartekatzen dute eta abesti berean bi hizkuntzak jorratzearen aukera hori Mandoilek taldearen ezaugarrietako bat dela esan genezake. Abesti berean erritmo aldaketak ere ematen dira hainbat kantuetan.

Oholtza gainean pare bat urte daraman taldeak. Beste proiektu musikaletan ibiliak diren Igon Olaguenaga trikitilaria eta Asier Linares perkusio-jotzailea errepertorioa biribiltzen hasi ziren, eta geroago David Ferreño baxularia eta Andoni Vera gitarra-jotzailea sartu ziren, sortzen ari ziren kantuak sendotzeko asmoz. Arlo musikala finkaturik zutela, Unai Mendibil bertsolaria gonbidatu zuten kantuen hitzak sortzera eta melodiak kantatzera.

Oihuka diskoetxearen zigilupean kaleratu du Mandoilek taldeak izenburu bera daraman diskoa eta David Nanclares musikariaren ekoizpen artistikoaren laguntzaz grabatu dute.

Diskoak dituen 9 kantuetan zenbait gai jorratzen dira, hala nola, egungo egoera edota noizbait gertatutako egoera bat. Azken honen adibide dugu  Corazón abestia. Euskal Herrian oihartzun handia izan zuen pasadizo bat ekartzen du gogora: emazteari ehizatzera Soria aldera zihoala esan, eta etxean eskopeta ahaztuta Kubara joan zen senarraren gertaeran edo hiri-legendan oinarritzen da, hain zuzen.

Abestirik ederrenetakoa Urrutitik kantu dugu. Naroa Gaintzaren ahotsaren tinbre goxoak kolorea eman dio eta bere ahotsa gizonezkoenekin ondo uztartua dago. Kantuaren erritmo eranskorrak eta zabaltzen den mezu baikorrak borobildu dute abestia.

Espuela amaierako kantuarekin –bukaera emateko apropos utzia ote?– azkeneko tragoarekin beti liatzen den parrandazaleari omenalditxoa egin diote.

Denbora-pasa moduan sortu zen taldeak lehenengo zuzenekoa 2012ko maiatzean eman zuen eta  Euskal Herrian eta Katalunia aldean emandako 40 bat kontzerturekin amaitu zuten urtea.

Uda honetan, plazak gainezka egoten zireneko garaiak joanak direla jakinda ere, festarako grina suspertzeko asmoz arituko dira zuzeneko emanaldietan, betiko erritmo dantzagarrietan oinarritutako nahaste erakargarriari eutsiz.

Aurten, ekainaren 16an Amurrion ospatuko den Araba Euskaraz-eko kanta egiteko enkargua jaso du taldeak. Hala, beraien estiloari leialki jarraituz, Mihian kili-kili, euskaraz ibili sortu dute Igon Olaguenagak eta Unai Mendibilek. Abestia eta bideo klipa ikusgai ditugu www.arabaeuskaraz.net helbidean.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude