'Herri harresia'-ren laborategia

Lander Arbelaitz

Justizia, legea, zilegitasuna eta oportunitate politikoa nahasten dira herri harresi-etan, dena euskal gizarteak bizi duen egoera berria eta bake prozesuaren testuinguruan. Donostia, Ondarroa eta hirugarrena Iruñerrian kokatuko ei da.

Aipatu lau osagaiak, nondik begiratu, desberdin ikusten dira beti. Justiziaren ikuspegitik ez da zalantzarik: oro har, euskal gizartean gaizki ikusten dira soilik jardun politikoagatik (18/98, Batasuna, Segi...) auziperatutakoen espetxeratzea.  Espainian, oro har, ongi. Beste kasu guztietan bai, baina euskal auzian irakurketa juridikoa errealitatera egokitzearenak oraingoz jai du Madrilen. Ez da aintzat hartzen bake prozesu baten aukera, eta Espainiako auzitegiek legea beti moduan irakurtzen jarraitzen dute, eta, ondorioz,  legea bete behar dutenak beti moduan atxiloketak egitera behartuta daude. 

Legearen ikuspegitik, ez da zalantzarik hau desafio handia dela, espetxe agindua duten pertsonak leku publiko batean agertu eta honen atxiloketa hainbat egunetan ez gertatzeak, legea betetzeko ezintasuna adierazten du. Legea betetzeko dagoela esaten da, baina berau injustu gisa ikusten bada, inork gutxik ukatzen du kontzientzia eragozpenerako edo desobedientzia zibil baketsurako eskubidea. Intsumisioaren kasua paradigmatikoa izan da Euskal Herrian eta herri harresi-en kasuan ikusgai da har dezakeen indarra. Baina gizarteko esparru eta eremu ideologiko askotan ematen da desobedientzia, besterik ez bada, kontzientzia eragozpen gisa: urte luzez Nafarroako Gobernuak –eta hainbat medikuk– Nafarroan legez abortatzeko eskubidea eragotzi du; PSOEren Hiritartasunaren Legearen aurrean PPk irakasle eta gurasoen artean berau ez betetzeko jarrera bultzatu zuen; edo EAJk atez atekoaren “inposaketaren aurrean” Gipuzkoako hainbat herritan iradoki edo zuzenean deitu du desobedientzia.

Zilegitasuna? Teorikoa bai, beti,  baina gehienetan bultzatutako ideiaren babes sozialak eta oportunitate politikoak erabakitzen du noiz den aproposa eta eraginkorra desobedientzia.

IRAKURKETA bat honakoa izan daiteke: udazkenean bi urte beteko dira ETAk armak utzi zituenetik eta hemen, itxuraz, ez da ezer mugitzen. Areago, PPk egoera blokeatu nahi duela dirudi; PSOEk nahikoa du bere barne saltsarekin eta geldo hartuta ere ez dio asko axola; EAJk nahi du, baina beldur da horrek ezker abertzaleari eta bloke soberanistari eman diezaiokeen bultzadaz, eta dena gertutik kontrolatu nahi du. Ezker abertzaleak bakarrik ezin du eta, beraz, zerbait egin behar du bake prozesuarena astintzeko, eta hau izan daiteke bide bat. Hau da, herri harresia bake prozesua aktibatzeko akuilu gisa ulertzen du.  Edo  estrategia soberanistarako tresna desobediente gisa ere planteatzen da, laboratorio gisa, esate batera?  Bere barne tentsioen ihes balbularekin ba ote du zerikusirik? Edo beste barik, ezker abertzaleak aipatzen dituen borroka molde desberdinen uztartzea da?

Orain arte ikusi dugunagatik, Aske Guneen helburu nagusia badirudi gizartearen arreta deitzea dela, horretarako herri harresiaren tresna erabiliz; bide batez, atxiloketak ez daitezela doan izan, eta EAJren baitan kontraesanak sor daitezela, hauek egoera deserosoan jarriz.

EAJ, oraingoz, tentu handiz ari da erantzuten errealitate berriaren aurrean: Ertzaintzak atxiloketak gauzatzen ditu –egun ezin da bestelakorik irudikatu–, eta badira jarrera oso desegoki eta batzuetan basatiak, baina oro har, indar erabilera neurtzen ari da, iritzi publikoaren aurrean irudi berri bat utzi nahian. Edonork irudikatzen du duela bost edo hamar urte Ondarroa edo Donostiako Bulebarra guda-zelai bihurtuta. Hala ez izatea ere bada garai aldaketaren adierazle. Hirugarren harresia Nafarroan eratzen bada, seguruenik azkar antzemango dira hango agintari eta polizien jarrera desberdinak.

Baina tentuz ibiltzeak ez ditu jeltzaleak kontraesanetatik salbuesten, eta hauek ez dira gainditzen Martin Garitano eta Espainiako banderari erreferentzia eginez. Ez da hain samurra. Espainiako banderaren inposaketa arazoa da Bildurentzat, baina horren ondorioz ez dira zuzenean inoren giza eskubideak zapaltzen, eta jendea injustuki espetxeratuz bai, pertsona eta familia askoren sufrimendua areagotuz. Edozein bake prozesutan lehen-lehena dagoen sufrimendua ezabatzea da, ez areagotzea. Hemen ere, errepresioa eta mendekuarena gainditzea ezinbestekoa da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri harresiak
Hamar urte bete dira Ondarroan zubi harresia eraiki zenetik

"Kartzelak husteko garaia" zela argudiatuta, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihesteko zubi harresia eraiki zen Ondarroan 2013ko maiatzaren 10ean. Lau egunetan, Ondarroatik egindako aldarriak Euskal Herriko mugak gainditu zituen.


2019-04-08 | ARGIA
Espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra, Donostiako herri harresiko azken presoa

Igandean, apirilak 7, espetxetik irten da Ekaitz Ezkerra preso politiko donostiarra, sei urteko espetxe zigorra bete ostean. 2013ko apirilaren 30ean atxilotu zuten Ezkerra, Donostiako Askegunean, Segiko kide izatea leporatuta. Orduan atxilotu eta espetxeratutakoetatik Ezkerra... [+]


2018-10-01 | ARGIA
Seven young Basques illegally sent to prison

They were arrested in 2015 after being accused by the Ertzaintza (Basque police) of being members of pro-independence organization Segi. The Spanish Constitutional Court has now declared the order for arrest and imprisonment invalid and “against the law and rights”.


2018-09-26 | ARGIA
Zazpi gazteren atxilotze eta espetxeratzea "legez kontrakoa" izan zela ebatzi du Konstituzionalak

2015ean atxilotu zituen Ertzaintzak Segikoak izatea leporatuta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako zazpi lagun, horietatik hiru Gasteizen egindako “herri harresian”. Defentsak Auzitegi Gorenean jarrita zuen helegitea aintzat hartu eta gazteak kartzelaratzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude