Osteoporosiak 50 urtetik gorako hiru emakumetatik bati erasaten die, Osteoporosiaren eta Hezurretako Gaixotasun Metabolikoen Elkartearen arabera. Gaitzak jota dauden emakume horien erdiak inguru, osteoporosiak dakarren hezur-masaren gehiegizko galeraren eraginez haustura bat jasango dute, Bartzelonako Itsas Ospitaleko azterketa batek dioenez. Behin hezurra ahuldu denean berriro indartzea oso zaila da, baina hala ere posible da osteoporosia geraraztea, eta batez ere gaitzari aurre hartzea.
Pertsona helduek 1.000 miligramo kaltzio inguru behar dute egunean, baina menopausian dauden edo hurbiltzen ari diren emakumeen kasuan premia 1.400 miligramora iristen da. Ez badute egunero kopuru hori ahoratzen, gorputzak kaltzioa “lapurtzen” du hezurretatik, eta haiek ahuldu egiten dira pixkanaka. Mineral horren birjarpena behar bezala gertatzen dela eta gorputzak ondo xurgatzen duela ziurtatzeko, emakume menopausikoak hurrengo aholkuak jarraitu beharko lituzke:
Kontuan hartu zure hezurretako dentsitate minerala asaldatuta egon daitekeela hainbat faktore direla medio. Batetik, genetika: hezurren sendotasuna edo ahultasuna amarengandik heredatzen dute emakumeek. Bestetik, antiazido, kafeina edota freskagarri gehiegi hartzeak ere kalte egin dezake. Antiazidoek gernuarekin batera kanporatzen den kaltzio kopurua handitzen dute; kafeinak eta freskagarriek, berriz, kaltzio galera errazten dute dosi altuetan.