Zerealik eta esnerik gabe elikatzen diren horiek

  • Paleodieta, erregimen hipotoxikoa, antzinako dieta... Batzuek enpirismo hutsez heldu dira bizimodu horretara gaixotasunen baten kontrako borrokan, besteak elikadura modernoaren eta aski frogatu gabeko erregimen ezagunen kritikatik. Anitz koloreko heterodoxoak dira.


2013ko maiatzaren 08an
San herriko bi gizon Afrikako hegoaldean; san edo boskimano jendea ehiza eta bilketatik elikatzen da oraindik.Bluenred

“Makrobiotikoan ari zara?” galdetuko dizute denek hemen eritasun larri edo kronikoren baten kontrako lehian dietan ari zarela entzun orduko. Bizimodu alternatiboen bila dabiltzan gazteek landarejale edo are begano elikatzeko hautua egiten dute. Familiako medikuak bulegoan daukan afixan elikagaien piramidearen gailurrean ageri dira zituak. Bitxia, nolaz zereal eta lekaleen adorazioan bat egiten duten stablishmentak eta herexeek.

Baina asko dira ere munduan haragi-arrainak lasai kontsumitu eta hain zuzen zituak saihesten dituztenak, esneaz gain. Ai esnea, gure umeak handi egiteko eta adinean aurrera goazenok, batik bat emakumeek, omen, derrigor hartu beharrekoa. Ez, bada, gero eta usuago aditzen dira justu horiei uko egiten dietenen ahotsak.

Ale sakratuak utzita hobetu

Kronika honen egileak aitortzen du ez dela kontuemaile neutrala: artritisa edo bestelako eritasun larri edo kronikoren bat duten beste asko bezala iritsi da bera ere zerealik gabe bizitzera ez sendalari, mediku edo petrikiloren batek manaturik baizik eta arazo bera daukaten beste gaixo batzuen gomendioz. Enpirismo hutsez iritsi nintzen sinpleki mintzatzeko Paleodieta deituko duguna baino are estuagoa den almidoirik gabekora, aspaldi batean Espondilitisarentzako terapia merkeegia aurkitu zuen medikua artikuluan (Argiako 2106 zenbakian) azaldu nuen bezala.

Espondilitisa den artritis berezia daukatenen artean ezaguna da ingelesezko www.kickas.org foroa, zeinetan badiren ehunka lekukotasun elikadura aldatuz bizimodua hobetzea lortu dutenena. Kickas hori den bezala ingelesez, euskaraz irakur daiteke www.izorrategi.org gunean edo gaztelaniaz www.elblogdelalmidon.org eta gehiagotan.

Espondilitisa dutenok uko egiten diote almidoia daramaten zerealei, patatei, lekaleei, gehi hainbat elikagai manipulaturi, oinarriturik Alan Ebringer doktore britainiarrak espondilitisa ulertzeko eraiki duen teorian.  Gauza da gaixo horiek hilabete batzuetako trantsizioaren ostean, elikagaien piramide ortodoxoa urratzen duten arren inflamazioetan hobetzeaz gain odol analitika orekatuak erakusten dituztela.

Carol Sinclair australiar britainiartuak Low Starch Diet liburuan kontatu du antzeko elikatze sistemara nola iritsi zen bere kabuz. Umetatik kolon suminkorraren oinazeak noziturik, hainbat terapia probatu ondoren bere hestearen esanei jarraituz heldu zela zerealak –zehazki almidoi guztiak– baztertzera.

Almidoian hain zorrotz tematu gabe, gaitz gehiagoren kasuan ere badira oro har paleolitikoa dei dezakegun elikatzeko manerarekin hobetu direla plazaratu duten jendeak. Zehazki L’Alimentation ou la troisième  médecine (gaztelaniazko bertsioa bada, Integralek publikatua) idatzi zuen Jean Seignalet doktorearen hautua aldarrikatzen dutenak.

Bat hautatzekotan, erregimenaz gain erleen produktuak darabiltzan Maryse Pioch-Prades aipa dezakegu hemen; “Les abeilles soignen ma Sclérose en Plaques” (Erleek artatzen didate Esklerosi Anizkoitza) liburuan Marseilla inguruko emakume horrek xaloki aitortzen ditu elikaduraren aldaketari zein hobekuntza zor dizkion, ezkutatu gabe aitortuz hobetzearen mugak.

Jean Seignaleten régime ancestral

Montpellierreko mediku hau antigoaleko doktoreen eredu izan zitekeen. Giltzurrun txertaketan aitzindaria, horri loturik immunologian aditua, ikertzailea, irakaslea, aldi berean klase askotako gaixoak klinikan artatzen zituena... elkarrizketetan aitortzen zuen jakintzak arras espezializatu eta praktikatik urrundu diren garaiotan sentitzen zela gizon pribilegioduna.

Gaztelaniaz La Alimentación o la Tercera Medicina izendatu duten liburua da Seignaleten jakinduriaren lekukoa. 560 orrietan barrena deskribatzen ditu erregimena aplikatu dion gaitz bakoitzaren xehetasunak, eriekin lortu dituen arrakastak edo frakasoak barne, liburuaren hasieran azalduz bere hautua eta honen zergatiak, aitortuz Kousmine, Burger, Frandin eta giza elikaduraz okupatu diren beste jakintsuen iturritik edan duela.

Gaixotasun nagusien gakoa Seignaletek Neolitikoan dakusa. “Gure espeziea simio antropoideetatik bereizi zenetik, duela bost milioi urte, gizakiaren aurrekoak (homo habilis, homo erectus) eta homo sapiens bera elikatu dira janari mota berdinez. Gure arbasoak nomadak ziren, biltzaile/ehiztariak, eta honek esan nahi du jaten zutela haragia, arraina, arrautzak, eztia, zereal basak, barazki basak eta fruituak. Ez zuten edan esnerik amarena baizik, umetan. Sua duela 400.000 urte inguru asmatu zuten. Alabaina, ez dago frogarik erakusten duenik duela 10.000 urte baino lehen hasi zirenik sua usatzen janariak kozinatzeko. (...) Esan dezakegu kozinatzea gutxi edo batere ez zela erabitzen”.

Beraz, industrializazioarekin eta batik bat kontsumismoarekin elikaduran sartu diren milaka produktuen kaltea nabarmendurik ere, arazoa are lehenagotik dator Seignaletentzat. Leku batzuetan duela 9.000 urte eta gurean askoz beranduago gertatu ziren gizakiaren elikadurako aldaketa nagusiak: jatorrizko basatietatik arras ezberdindu diren zerel etxekotuak hasi ziren egosirik jaten (gordinik ezin dira), animalien esnea edaten eta elikagai asko egosi edo erreta jaten, gizakiaren kalterako.

Aurreko milaka eta milioika urtez garatutako organismoari ezagutzen ez dituen elementu asko barneratzen zaizkio hestetik. Beranduago, gainera, industrializazioak arazo berri eta larriagoak ekarriko dizkio: olio elaboratu berriak sortzen ditu industriak eta sukaldeetan sartzen, elikagaiak kutsatzen dira bai pestizidekin, bai abereei emandako botikekin, luzeago irauteko erantsitakoekin eta era guztietako pozoiekin. Horri erantsi behar zaio ongarri sintetikoz dopaturik hazitako laboreen kualitateak kaxkartu izana azkarki.

Organismoa aurreko milaka eta milioika urteetan antolatua duen gizakiaren hestean sartu direnean gai ezezagun horiek, hiru motatako arazoak sortzen dizkio. Batzuei immunitate sistema hasten zaie hondatzen, molekula berrien kontrako borrokan nahastuta. Beste batzuei immunitateak bidea uzten die produktuoi, baina soinaren atal batean edo bestean geratzen zaizkie butxaturik. Hirugarren gaixotasun sailekoren bat daukaten gizakiek molekula horiek barnatu bai, butxatu gabe zirkulatzen onartu ere bai, baina horien hondakinak kanporatzerik ez dute lortzen.

Klikatu Interneten “Pale Diet” eta ikusi

Seignaleten hautua, beraz, Neolitiko aurreko elikagaietara ahal adina bihurtzean datza: fuera zerealak, arroza eta sarrazenoa salbu; fuera esne eta esnekiak; fruitu, barazki eta fruitu lehor gordin ahalik eta gehiena jan; olioa izan dadila begetala birjina aleak hotzean zanpaturik eskuratua; lehenetsi produktu biologikoak; haragi eta arrainik ez erre eta ez frijitu, egosi. Hortik aurrera luzatzen dira berak régime ancestral eta dieta hipotoxikoa deitu duenaren xehetasun eta gomendioak.

Ezin da esan Neolitiko aurreko gizaki biltzaile-ehiztarien antzeratsu elikatzeko proposamena bakarra denik, Interneten bilatu besterik ez da ohartzeko. Proposamen asko daude, ezberdintasunak tartean, eta Paleo kontzeptuaren aitzakian saltzen den produktu mordoa.

Milatik bat nabarmentzeko, klasikoetako bat izateaz gain gaztelaniara ere itzulita dagoelako, Loren Cordain da. 2002an publikatutako La dieta paleolitica liburuaren hitzaurrean dio: “Arazoa da genetikoki egokituta gaudela ehiztari-biltzaileek jaten zuten moduan jateko. Gaurko osasun arazoetako asko dira jaten dugunaren, eta jaten ez dugunaren, ondorio zuzena. (...) Nik ez dut asmatu dieta hau, naturak asmatu zuen”.

Cordainena da ere Paleodieta para deportistas (2007) liburua. Aipatzea merezi du, erantzuna ematen diolako kirolean dagoen mito bati: zerealak direla errendimendu on baten oinarria. Gaixotasun bat artatzeko Seignaleten edo Alan Ebringerren (almidoirik gabeko dieta) proposamenak jarraitzen dituztenek liburu horretan aurkitu dituzte kirola egiten jarraitzeko argibideak.

Gainerakoan, dieta paleotikikoaz aurkituko duzun literaturatik askok daramatza honelako deiak: “Pisua galdu eta osasuna irabazi naturak zuretzako diseinatu zuen dietarekin”. Marketinaren esklusiba ez daukala Kellogsek.

Oinarri antropologikoak

Neolitiko aurreko gizakien elikadurak XXI. mendekooi damaizkigun erreferentzietan arakatu dutenen artean Staffan Lindeberg aipatzea merezi du. Medikua eta Suediako Lund unibertsitateko irakaslea, Lindeberg saiatu da begi kritikoz aztertzen gaur mundu aberatsean ezagunak diren elikatzeko ereduen oinarri zientifikoak. Edozein elikatzeko modu sustatzen duen edonork erakusten baitu ikerlan zientifikoren bat bere proposamenaren berme.

Lindeberg honako ondorioetara iritsi da, bere webgunean irakur daitekeenez: “Jendearen osasunerako egiten diren elikatze gomendioak hain oinarri zalantzatien gainean  eraikiak daudenez, [giza] eboluzioaren medikuntzak hein handian osatu ditzake metodo zientifiko tradizionalen emaitzak.  (...) Mendebaldeko gaixotasunak prebenitu eta artatzeko elikadurazko gomendioak prestatu beharko lirateke ahal den neurrian gizakiaren herentzia biologikoa kontuan hartuta. Gizakien dietan 10.000 urte baino gutxiago daramaten janariak begi kritikoz aztertu behar dira jendeari oinarrizko jakitzat gomendatu aurretik”.

Lindeberg eta bere taldeak ia 25 urte daramatza aztertzen Papua-Ginea Berriko Kitava uhartean oraintsu arte ehiztari-biltzaile bizi izan diren jendeen osasuna eta elikatzeko moduak, gizakion biharko bizimodurako gakoetako asko gure arbasoek egiten zutenaren arrastoetan datzalakoan.

Osasun onaren jabe denak galde lezake: “Honek guztiak zertarako balio dit niri, ez baldin badaukat minbizirik, artritisik, esklerosi anizkoitzik, hipertentsiorik?”. Aldiz, dieta baten zurrunbiloan sarturik sekta antzeko jokabideren batean erortzeko beldur denak itaunduko du: “Non aurkitu balioko didan zerbait ziurra?”.

Michael Pollanen aholku burutsuak

Michael Pollan kazetaria  iritsi da lerrootan deskribatu ditugun irizpideen antzekora, janariaren eta elikaduraren historia ikertzearen poderioz. Haren Defense of Food itsusi gaztelaniaratu dioten El detective en el supermercadok  helduleku interesgarriak ematen ditu. Ez dauka alferrik jarrita bigarren titulua: “Ondo jan ezazu utzi gabe engaina zaitzaten zientziak eta publizitateak”.

Zientziak engainatu? Bai, behartzen baldin bazaitu egiatzat irenstera une jakin batean ezagutzen duena. Ez da kasualitatea, dio Pollanek, Justus von Liebig izatea aldi berean nekazaritza industrialaren eta elikagai industrialen aitzindaria. XIX. mende bukaeran zientziak zekienarekin planifikatu zituen biak, berdin ongarri sintetikoak eta umeentzako amaren esnearen ordez zerealekin egindako ahia. Gero ikusi zenez, biek zituzten gabezia galantak. Geroztik zientzia joan da ezagutzaren zuloak informazio berriekin betetzen (bitaminak, oligoelementuak...) baina asko dauka ulertzeke biziaz. Eta zer da elikadura bizia baizik?

Pollanek gizakiaren elikatzeko moduetan bi jauzi handi markatzen ditu. Bata, aipatu dugun Paleolitotik Neolitorakoa. Bigarrena, azken 150 urteotan daramagun industriatze aroa. Lehenak ekarri zituen gorago aipatu ditugun aldaketak, zerealak, esnekiak, kozinatzea eta jakien bioaniztasunaren murriztea, ordura arte bildu eta jaten ziren ehunka landare espezie bazterturik.

Ondorengo mendeetan giza taldeak egokituz joan zaizkio elikadura berriari, nor bere berezitasunekin. Horrek berak esplikatuko luke zergatik, esaterako, talde batzuetan esnea ondo lixeritzeko ahalmena arruntagoa den besteetan baino. Duela 150 urteko industrializazioak aldaketa are handiagoak ekarri ditu, Pollanek xehe deskribitzen dituenak.

Jaki osoei gailendu zaizkie birfinduak, errotarrian ehotako irin osoz egindako ogiari gaurko ogi modernoak. Espezie eta jakien aniztasuna erruz murriztu da: lehengo ehunka landareen aldean orain dozena bat baino ez dugu jaten, nagusiki garia, artoa, arroza eta soja. Kalitatea baino kantitatea jaten dugu. Hostoak jatetik nagusiki haziak jatera pasatu gara.

Bilakabidea azpikoz gain jartzea da Pollanen proposamena. Ez ezazu jan zure amonaren amonak janaritzat ezagutuko ez lukeen ezer. Baztertu osagai ezezagunak edo bitxiak dauzkatenak. Ihes egin supermerkatuari. Baztertu propietati onak iragartzen dituztenak... enpaketaturik datoz eta.

Esnekiak edo zerealak infernura kondenatu gabe, landareak jan batez ere. Landareetan hostoak gehiago haziak baino. Omniboro baten gisa jan, ahalik eta anitzen. Lur sanoetan hazitako elikagaiak jan. Ahal duzularik landare, fruitu eta arrain basak jan. Mesfidatu betikoak ez diren jaki berriez.    

Ororen buru badu Pollanek Slow Foodekoekin bat egiten duen aldarrikapen bat: berreskura ezazu jatearen plazera. “Aldarrika dezagun osasuna eta jatunaren zoriona”. Ez bakarka triste elikatuz, elkarrekin plazerez janez baizik.

Atlantiar 2013: Neolitikorako trantsizioa

Jauzarrea fundazioak deiturik (Xabi Otero argazkilaria dauka presidente) bigarren urtez burutuko da Irungo Ficoba erakustazokan Atlantiar biltzarrea.  Maiatzaren 17ko ekitaldiak izenburutzat darama  “Ehiztari-biltzaileen garaitik gizarte ekoizleen garaira”. Egitarauan iragarritakoaren arabera hitzaldietan orriotako kontuetaz larregi arituko ez diren arren, justu aipatu dieta proposamenok gakotzat daukaten aroaz jardungo dute.

Gaztetxo ginela eskoletan irakatsi zitzaigun historian Neolitikoa ikusten zela gizakiaren aurrerapauso garrantzitsutzat. Gaur askok ikusten dute trantsizio hori gizakiaren gehiegizko populazioak eragindako aldaketa moduan, aitortuz ekarri zituen aurrepenekin batera eragin zituela kalte handiak ere gizakien bizimoduetan: bioaniztasunaren galera, gaixotasun berriak elikaduraren murrizteagatik eta populazioen pilatzeagatik, bizimoduaren gogortzea, zanpaketa sozialen gogortzea, gerren ugaltzea...

Badira adituak zenbait gaitzek daukaten osagai genetikoa lotzen dutenak gizaki batzuek oraindik elikagai berrietara egokitu ezin izanarekin. Bestela esanda, eboluzioak –epe luzeetan jokatzen duelako– oraindik arras bazterrean laga ez gaituen talde genetikoetako ale errefusak ginateke. Edo egoskorrak, nondik begiratzen den.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


Eguneraketa berriak daude