ARGIA.eus

2021eko urriaren 25a

Hardcorearen aitzakian, Portugaletetik mundura hegaldatu den grafista

  • Azken bi hamarkadetan trazu zehatzeko marrazki errealista eta zuzenak egin dira ezagun Euskal Herriko hardcore eszenan. Kontzertuetako afixetan ikusten ditugu, diskoen azaletan edota fanzineetan, eta ez da zalantzarik, sinadurarik ez daramaten arren, grafista berak eginak dira denak. Txori deitzen diote. Jimmy Bananas deitura ere baliatu izan du. Berriki, Bilboko Banizu Nizuke kultura elkarteak bere ilustrazioekin osatutako Al mal tiempo buena arcada liburua argitaratu du. Horri esker jakin dugu Euskal Herrian ez ezik atzerrirako ere lan ugari egiten duela.

Iker Barandiaran @IkerBarandiara
2013ko maiatzaren 05a
Txorik eginiko zenbait disko azal, kartel eta ilustrazio.
Txorik eginiko zenbait disko azal, kartel eta ilustrazio.

Txori zeharo harrituta dago, liburua ikusita, kazetariok berarenganako interesa agertzen dugulako. “Nitaz baino, marrazkiez hitz egin dadila, beraiek dira protagonistak”, dio portugaletetarrak. Urte asko darama gaztetxe, musika talde, fanzine eta antzeko eragileentzat enkarguzko lanak egiten. Austrian ere ageri dira bere obrak. Baita Malaysia eta AEBetan ere.

Betidanik izan du marrazteko zaletasuna eta gaitasuna. Txiki-txikitatik, marrazketan gogoratzen du beti bere burua: “Etxeko kortinetan, eskolan harrapatzen nituen liburu eta koaderno guztietan, edonon marrazten nuen”. Eta institutu garaian hasiberriak ziren musika taldeentzat pegatinak eta irrati saioetarako marrazkiak egiten hasi zen.

Hardcore zale amorratua

Institutuan, beste gazte asko bezala, musika zaletu zen. Orduak eta orduak eman zituen metala entzuten, “disko haien azalek erakartzen ninduten”, dio berak, baina ez zuen erabat asetzen. Zerbait falta zitzaiola iruditzen zitzaion. Gerora, 80ko hamarkada bukatu aurretik, ikaskide baten bitartez hardcorearekin egin zuen topo, eta estilo hark erabat harrapatu zuen. Spandau Bullet musika taldearen hastapenetako kide izan zen eta hardcorearen esparru naturala gaztetxe eta etxe okupatuak direnez, Portugaleteko lehen gaztetxean inplikatu zen. Lan eskerga egin zuen han.

Sasoi hartan, Bizkaiko gaztetxe eta etxe okupatuetako kontzertuetarako afitxa dezente egiten zituen. Ingurune hartan  aski ezagunak egin ziren bere marrazkiak, eta apurka biderkatu egin zitzaizkion eskaerak: Astrabuduako Etxebeltz, Gorlizko Xurrut, Barakaldoko Edaska, Leioako Udondo gaztetxea, Santurtziko La Kelo gaztetxea, Deustuko Gazte lokala, Erandioko Sentinel, Basauriko Txarraska gaztetxea…

Aipatutako musika mota horrekin eta antolatzeko modu autonomoa erreferente duten argitalpenekin ere lan handia egin du. Horra hor, Ekintza Zuzena, Euskal Herriko aldizkari libertario beteranoaren azalak; punk-hardcore musika euskara hutsean lantzen duen Izu Giroa fantzinearen azal guztiak; Enkarterrietako K-Putxa fantzinearenak, Piohosa´s-enak, Punk-Rockerrenak zein, esaterako, musika estilo bereko Australiako Pee Zine-arenak ere. Bada bestelakorik ere. Adibidez, iazko Salamancako Liburu Anarkisten Topaketako afixa.

Giro horretako Euskal Herriko musika taldeek ere ezinbestez ezagutu zuten Txoriren lana eta poliki-poliki elastiko eta diskoetarako ilustrazioak eskatu zizkioten: Fly Shit talde esanguratsuaren zenbait diskoren azalak, baita Supercools taldeak Europako eta AEBetako taldeei egindako omenezko lanarena, Odolaz Blai, Hil Aiari, Korubo eta beste asko.

Atzerritik eskaera handiagoa

Orain dela hamar bat urte Alemaniatik, Holandatik eta Austriatik ere eskaerak heltzen hasi zitzaizkion, eta gerora baita AEBetakoak, Hego Amerikakoak eta Asiakoak ere. Besteak beste, segidan datozen hauentzat egin ditu ilustrazioak: Insted (Malaysia), Deadboard (Txile), Firetrucks (Israel), Polices and Thieves (AEB), Alhambre (Peru), High Time (Australia), Lion Roar (Herbehereak), Greziako eta AEBetako kontzertuetako afitxa ugari… Ahoz aho zabaldu da bere lan finaren berri eta halako batean almaltiempo.com webgunea jarri zuen martxan.

Astean sei bat eskaera jasotzen dituela aitortu digu Txorik, eta diruagatik baino, zaletasunagatik egiten duela. “Horietako asko talde gazteak dira eta dudan denboraren arabera laguntzen saiatzen naiz. Musika gustukoa izatea baino garrantzitsuagoa da jende jatorra izatea”, laburbildu du.

Txori autodidakta da, eta teknika handirik ez duela dioen arren, trazu oso markatuak eta definituak egiten ditu. “Marraztu eta tinta eman eskuz egiten dut beti, eta kolorea eta testuak gehitzeko ordenagailua erabiltzen dut. Horrela ohituta nago, eta jada berandu da hori aldatzeko”. Jarraitu izan dituen marrazkilarien artean hauek atera dizkiogu, baina aitortu digu beste asko ere badirela: Ibañez, José Ortiz, Berni Wrightson, Eric Powell, Mignola, Ryan Ottley, Cameron Stewart…

Ilustratzailearen askatasuna

Kexu da musika taldeek askotan zer nahi duten ez dakitelako. Horren erakusle da inoiz argitaratu ez diren disko azal batzuk ere batu dituela. Diskoen edo elastikoen ilustrazioak egiterakoan, musikak eta hitzek transmititzen diotena jasotzeaz gain, taldeen ideiak kontuan hartzen ditu, baina kontzertuen afixak egiteko, berriz, ez du aurreiritzirik nahi izaten. “Hor erabat aske aritzen naiz eta ez dut ideiarik jaso nahi; zer egin behar dudan esatea, musika taldeei kontzertuan abestitik abestira zer esan behar duten azaltzea bezala, onartezina!”.

Egiten dituen ilustrazio lan gehienak hardcore girorako badira ere, rockabilly, punk eta bestelako estiloetarako ere egin izan ditu ilustrazioak. “Nire musika gustuek eta hastapenetako lanek markatu dute gero etorri dena, baina ni erabat zabalik nago musika estilo eta ekimenetara. Izan ere, egiten ditudan lanetako musika taldeen %90 ez dut gustuko”. Areago, gaztetan hala txunditu zuen hardcore musikak ere apur bat desengainatuta dauka: “Gaur egun musika estilo bat besterik ez da”.
 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Komikia

Komikia kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2013ko maiatzaren 05a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude