"Proiektuak helburu itxuraz txikia du: haurrek etxetik bakarrik irteteko aukera izan dezatela"

  • Francesco Tonucci psikopedagogo, pentsalari eta marrazkilari italiarrak haurren neurrira egindako hiria aldarrikatzen du, haurrak eskoletan eta ludoteketan sartuta izan beharrean kalean eroso egon daitezen. Tonucciren Haurren Hiria. Hiria pentsatzeko beste modu bat euskaratu du Maider Elkoro Gabilondok (eta Ester Zarraua Isasi-Isasmendik zuzendu); hona hemen pasarte batzuk.


2013ko apirilaren 28an
Francesco Tonucci psikopedagogoa.
Francesco Tonucci psikopedagogoa.

Hona proposamena: hiritar arrunt heldu, gizonezko eta langilea haurrarekin ordezkatzea. Ez datza ekimenak prestatzean, ezta aukerak eskaintzean edo haurrentzat egitura  gehiago sortzean, ezta gizarteko talde ahul baten eskubideak defendatzean ere. (…) Administrazioaren eginbeharra, ordea, begirada haurren parera jaistea izan beharko litzateke. Haurrak berezko duen aniztasuna onartzean dago gakoa, honek aniztasun guztien bermea baitakar. (…) Ustea da hiria haurrentzat egokiagoa bilakatzen denean, guztiontzat egokiagoa bilakatuko dela. Haurren hiria 1991. urtean Fanoko udalerrian hasitako esperientzia batetik sortzen den proposamen zehatza da, gaur egun, hainbat udalerri italiar eta atzerritarren interes eta atxikimendua jaso duena. (…)

Lehenik egin beharrekoa eta garrantzitsuena den aukera, haurrei protagonistaren papera ematea da, beraiei ematea hitza, beraien iritziak partekatzeko aukerak eskaintzea eta guk nagusiok, entzulearen jarrera hartzea, ulertzeko gogoz eta haurrek esaten dutena kontuan hartzeko borondatez. Zer esanik ez, haurrentzat proposatzen den horrek hiritar guztientzat balio du, zaharrentzat, elbarrituentzat, etorkinentzat. Hona berriz, haurra guztiontzat “bide zabaltzaile” eta berme-emaile bezala. Ezin ditu inork haurrak ordezkatu, beraiei galdetzeaz, tartean sartzeaz edo entzuteaz arduratu gabe. Haurrei hitza ematearekin, ez diegu guk sortutako hiriko arazoak beraiek konpon ditzaten eskatzen, beraien ideiak eta proposamenak kontuan hartzen ikasten dugu, ordea. (…)

Estereotipoez askatuz eta sormenari haize emanez, haurrek aurrez aurre jartzen dituzte errealitatea, beraien beharrak, nahiak eta balizko irtenbideak. (…) Hau guztia posible izan dadin, haurrekin lan egiteko gai diren langile berriak hezi behar ditugu. (…) Haurrek hiriaren  proiektuan parte hartzeko aukera baldin badaukate, seguru egon gaitezke, bai gaur eta bai bihar nagusi direnean, hiria beraiena sentituko dutela, zaindu eta defendatu beharreko hiria, guztiok gure etxearekin sentitzen dugun moduan. (…)

Proiektuak helburu zehatz eta itxuraz txiki eta arrunt bat ezartzen dio bere buruari: Haurrek etxetik bakarrik irteteko aukera izan dezatela. (…) Gure haurrak gaur egun hazten diren modua guztiz ezezaguna, berria da, gure haurtzaroarekin alderaezina. Ez dira modu berriak auzokidetza, elkartasun eta segurtasun zentzua galdu direlako, harreman sozialak oso konplexuak bihurtu direlako eta distantziak handitu direlako baizik. Elkar ezagutzea zaila da, solairu altuetako apartamentuetatik jaistea zaila da, kalea zeharkatzea arriskutsua da, eta abar. Hiria, dena dela, aberatsagoa, artikulatuagoa eta nahi bada, liluragarriagoa ere bihurtu da. Bestalde, etxetik irtetea, kaleetan bakarrik ibiltzea eta bere ingurua ezagutzea exijentzia garrantzitsua da haurraren hazkunde sozial eta kognitiborako. Oinez ibiltzea, paseatzea, helduontzako plazera da, noizean behin geure buruari egiten diogun oparia, baina haurrentzat beharrezkoa da. Gure mugimenduak gero eta gehiago lekualdaketak dira, puntu batetik besterako igarobideak, helburu bat xede dutenak eta funtzio bati guztiz lotuta daudenak. Ardura hauek buruan, axolagabeki gabiltza eta ahalik eta denbora gutxienean gure helmugara iristen saiatzen gara. Haurrek modu oso bestelakoan jokatzen dute. Haurrentzat leku batetik bestera joatea, oraineko momentuen segida bat da, momentu oro da berez garrantzitsua, geraldi, mirari edo kontaktu bat izateko duin. Orduan, denborak luzatu egiten dira, haurren poltsikoak harri, hosto eta paperez betetzen dira eta burua irudi, galdera eta aurkikuntza berriez. Eta guztia bateratzen da, ederra, berria, orokorra eta berezia dena. Honek askotan sortzen ditu nagusiekiko gaizki-ulertuak eta “ez zaitez aldiro gelditu!” edo “ezazu denborarik galdu!” bezalako tontakeriak esaten dituzte, galdutako denborari esker bihurtzen dela norbanakoa handi konturatu gabe. Haurrek irteteko daukaten aukera eta autonomia gurearekiko alderantziz proportzionala da: helduok zenbat eta gehiago mugitzen garen kotxez, are eta gure mugimendu eremua gehiago zabaltzen dugu, arrisku gehiago sortzen ditugu, espazioak oztopatu eta airea kutsatzen dugu, gure haurren autonomia-zailtasunak handituz. Haurrak mugitzen direnean, gero eta maizago gurekin mugitzen dira, gure kotxean, atzeko jarlekuan. Modu honetan, haurrak ez du hiria ikusten, ez ditu bere ezaugarriak bereizten, agudo pasatzen da, ezinezkoa zaio orainaren, jakin-minaren eta geraldien etengabeko beharrei erantzutea. Mugitzeko modu arraro honetan ez du ezer finkatzen, ez du bere espazioa antolatzerik lortzen, ezin du bere hiria eraiki. (…)

Egun haurren denbora librea desagertu egin da. Etxeko atetik kanpo dauden arrisku ugariek haurrak etxetik bakarrik irten ez daitezen aholkatzen dute eta egoera ekonomiko onenek arratsaldeko hainbat eskolatan izena emateko bermea ematen dute: igerilekua, gitarra eskolak, ingelesa, dantza, gimnasioa. (…) Garrantzitsua da, haurra txikia denetik bakarrik irten ahal izatea, etxeko segurtasuna uzteko arrisku eta plazerak bere gain hartzea. Kalera jaitsi, lagun bat bilatu, jokoa eta arauak adostu eta ondoren jolastu, edo natura aztertuz, objektuei begiratu, helduen jarreren inguruan kontuak atera; beraien indarren pareko arriskuak hartu eta oztopoak gaindituz, gatazkei aurre egin eta konponduz; etxera nekatuta bueltatzea, beharbada zikin-zikin, asaldatuta, gurasoek jakin ezin ditzaketen kontuak kontatzeko irrikaz. Haurrek hiruzpalau urtetik aurrera bizi behar zuketen esperientzia hau, eta edonondik begiratzen diogula ere, bere konplexutasunak ihesik egin ezin digun bizipen honi, gaur egun, mutilak hamar urtetik aurrera ekingo dio eta neskak, beharbada, beranduago, garapen kognitibo eta sozialaren aroa aspaldi burutu denean. Zein ondorio izango ditu berandutze honek haurrarengan? (…)

Hiriaren osasuna edo degradazioa neurtzeko ingurumen-adierazle sentikorra izan daiteke haurra: jolasten duten haurrak, paseoan dabiltzanak eta bakarrik dabiltzan haurrak baldin badaude hirian, hiria osasuntsua denaren seinale da. Hirian ez bada haurrik ikusten, hiria gaixotua dagoen seinale, ordea. Haurrak kalean dabiltzan hiria, hiri segurua da, ez haurrentzat bakarrik, zaharrentzat, elbarrituentzat eta hiritar guztientzat baizik. (…) Baina haurrentzat etxetik bakarrik irteteko aukera egon dadin, hiria aldatu beharra dago, guztiz, apurka-apurka bada ere. Defentsaren hautuan modu basatian garatu den hiriak, hautu aldizkakoak egiteko gai izan behar du, bizitzari eta etorkizunari ateak zabaltzeko gai. Horrenbestez,  maila anitzetan eta norabide anitzetan lan egin beharra dago. (…)

Lasaitasunez oinez ibili ahal izatea eta espazio publikoak erabili ahal izatea hiritar guztion eskubideak dira. Guztioi askatasunez oinez mugitzeko aukera itzultzea administrazioaren lehentasunezko betebeharra da eta hiriaren etorkizuna prestatzeko modu zuzen eta serioa. Autoen boterea, oinezkoena hasten den tokian bukatuko den etorkizuna, hiria garbiagoa eta gutxiago “okupatua” izango duen etorkizuna, mugitzea posible izango den hiria, elkartu eta elkarrekin egon daitekeen hiria, hau da, hobeto bizi daitekeen hiria, haurra bere lagunekin bakarrik irten ahal izango den hiria. Beraz, plaza berehala bueltatu behar zaie hiritarrei eta gero saiatuko gara, aukera dagoen neurrian, aparkalekuen arazoa konpontzen. (…)

Helduei ulertarazi behar zaie, guraso ona ez dela, haurrek guztia izan dezaten edo toki guztietara lagunduak izan daitezen bere bizitza alde batera uzten duena. “Guraso onaren” ezaugarri nagusia, egunak pasa ahala, haurrak gurasoaren gero eta premia gutxiago izatea izan beharko litzateke. (...)

Garai batean, hamarkada gutxi batzuk direla, haurrak guztienak ziren. Kontrol sozial funtzio handia betetzen zuten auzotarrek. Etxetik kanpo jolasean ari zen haur batek zerbaiten beharrik izaten zuenean, auzotarren ikusmina eta arreta eta kezka aurkitzen zituen. (...) Haurrarekiko erantzukizun sozialaren barneratze irizpideak haurra ezagutu edo bere bizilagun izatetik haratago zihoazen: etxetik kanpo bakarrik zebilen haurra, topatzen zituen heldu guztiek kontrolatzen zuten. Auzokideak baino, “haurraren lagunak” zirela esan genezake. (...) Badirudi, elkartasun sozial hori desagertu dela. Defentsaren hautuak besteekiko interesa desagerrarazi du edo ezkutatu, edo mozorrotu egin du, behintzat. (...) Derrigorra da beraz, lehenbailehen haurren aliatu berriak identifikatu eta heztea. (...) Haurrari berari erakutsi behar diogu heldu oro beraren lagun bat izan daitekeela. Gomendio terroristak ere alde batera utzi beharko ditugu: “Ez zaitez inorekin gelditu”. (...)

Eskolak, gurasoekin batera eta lehen hezkuntzatik hasita, haurrak eskolara bakarrik joatea bultzatu beharko luke, oinez joan daitezela, eskolakide nagusiagoekin adostuta, autonomia pixka bat biziz eta oinezko moduan beraien eskubide eta betebeharrez jabetuz. Esperientzia honen inguruan eztabaidatu daiteke eta ekintzak antolatu. Ibilbide desberdinak egiaztatzeko azterketak egin daitezke, arrisku handieneko ibilbideak identifikatu eta elkarrekin, arrisku hauek saihesteko irtenbide onenak bilatzeko. (...)

Hiria birpentsatzea, beste modu batekoa izatea desiatzea, guztion neurrikoa izatea, behar larria da (…) hiri arinagoan, xumeagoan pentsatu behar dugu, hiritar guztiek pisu handiagoa izango duten hirian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude