Baztango bidea, ezezagunaren edertasuna

  • Euskal Herria zeharkatzen duten Donejakue bideetatik ziurrenik Baztangoa da ezezagunena. Bi hiriburu lotzeko balio du bide zaharrak, bost egunetan erraz aski egiten ahal da oinez Baiona eta Iruñea arteko tartea. Paisaia paregabeekin gozatzeaz gain, gure herria hobeki ezagutzeko parada eskaintzen du ibilaldiak.

Ainhoara ailegatzen, Zuraidetik Amaiurrerako bidean.
Ainhoara ailegatzen, Zuraidetik Amaiurrerako bidean.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Donibane Garazi eta Orreagatik igarotzen den Donejakue bidea da gaur egungo erromesek gehien erabiltzen dutena. Horren ondoren, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen kostaldeko bidea da ibiliena. Baina askok ezagutzen ez duten arren bada hirugarren aukera bat, Baztango bidea.
Urte luzez ahaztu samar egon den arren, Erdi Aroan oso bide garrantzitsua izan zen Baztangoa. Erromes askok hartzen zuten bide hori, batetik Otsondoko mendatea Ibañetakoa baino erosoagoa delako; bestetik, seguruagoa omen zelako.
Azken urteotan Bertizeko Partzuergo Turistikoak, Baztango Udalak eta tokiko beste erakunde batzuek bide zaharra errekuperatzeko ahalegina egin dute, eta gaur egun azpiegitura zein seinalizazio oso txukunak ditu. Hala ere, oraindik oso erromes gutxik segitzen du Baztango bidea –2012. urtean 566 zenbatu zituzten ofizialki–; horregatik, erabateko lasaitasunez ibiltzeko aukera eskaintzen du.
Hortaz, ez da aitzakiarik Baiona eta Iruñea arteko bidea oinez ez egiteko. Bost egunetan egiten ahal da ibilaldia, estutasun handirik gabe, batez beste 22 kilometroko etapak eginez. Osotara, 110 kilometro daude bi hiriburuen artean. Otsondo eta Belate dira aurkituko ditugun oztoporik handienak, baina horien zailtasuna nahiko txikia da, eta trukean edertasun handiko bazterrak eskainiko dizkigute.

Baionatik, hiru bide

Baionako katedrala izaten ahal da ibilbidearen abiapuntua. Motibazio erlijiosorik izan gabe ere, txangoa egiteko erromesen kartila hartzea komeni da, horri esker bidean dauden erromesen aterpetxeetan lo egiteko aukera izanen dugu.
Errobi ibaiaren bazterrean dagoen bidetik aterako gara hiritik. Berehala hurrengo egunotan gidari izanen ditugun arrasto horiak hasiko gara ikusten. Ia ezinezkoa da galtzea, oso ongi markatuta dago bidea; diskretuagoa da Lapurdin, nabarmenagoa –hainbatetan nabarmenegia– Nafarroan. Baionatik ateratzean, Donejakue hiru bide ari gara konpartitzen (Orreagakoa, kostaldekoa eta Baztangoa) baina laster beste biak bereizi egingo dira.
Uztaritzetik igaro ondoren, Zuraideraino ailegatuko gara. Hantxe amaituko da lehen etapa, 24 kilometro lau eta atsegin egin ostean. Surrealista samarra da Zuraiden sartzea: golf zelaia ezker eta eskuin agertuko da, herriko kale bazterrak green erraldoi bihurtu dira. Zuraiden ez da erromesentzat propio prestatutako aterpetxerik, baina aldez aurretik hartuta, erraza da lo egiteko tokia topatzea.

Erosle konpultsiboen topalekua

Merezitako atsedenaldia hartu ondoren, bigarren egunerako bi aukera daude: etapa Urdazubin amaitu edo Amaiurreraino luzatzea. Bietan erromesentzako aterpetxea dago, hortaz lo egiteko arazorik ez. Kontua da Zuraidetik Urdazubira hamabi kilometro besterik ez direla, eta motz samar egiten ahal dela etapa. Horregatik, nahiago dugu Amaiurreraino iritsi. 22 kilometro dira, eta aprobetxatu behar da gorputza oraindik ez dela nekerik sumatzen hasi.
Zuraidetik Ainhoara eraman gaitu bideak, eta handik gutxira behialako “mugak” beste momentu surrealista samarra utzi digu: Dantxarineako bentek, autoek eta erosle konpultsiboek ez dute zerikusirik ibiltariaren patxada eta erritmo pausatuarekin.
Kontsumismoa atzean utzita, Urdazubin sartzeko bidea ezin ederragoa da. Herrian XII. mendean eraiki zen monasterioa da, bere garaian erromesen ospitalea izan zena, eta gaur egun aterpea. Herritik atera eta Otsondoko maldak hasiko dira. Patxadaz igo behar da, baina aparteko zailtasunik gabekoa da Otsondo. Behin goian, paisaia paregabea: alde batera Lapurdiko kostaldea, bestera Baztango paraje berdeak. Amaiurreraino jaitsi behar da ondoren, gaztelu zaharreko oroitarriak ongietorria emanen dio ibiltariari.
Hirugarren etapak Amaiurretik Berroetaraino eramanen gaitu –Urdazubin gaua ematea erabaki badugu, berriz, bigarren etapa laburragoa da baina hirugarrena luzeagoa–; hemeretzi kilometro dira Baztango parajeetatik: Azpilkueta, Arizkun, Elizondo, Irurita, Ziga eta, azkenik, Berroeta.
Tabernarik eta dendarik ez herrian, baina abisatuta ginen. Aterpe goxo eta berria, ordea, bai. Herritik pixka bat aldenduta, urrunean errepidea ikusten da, autoak abiada handian pasatzen dira, horietan sartuta doazen horiei batere inbidiarik ez. Argigarria da oso, gauzak beste perspektiba batetik ikustea.

Euskararen geografia

Inguru euskaldun peto-petoan gaude, plazan jostetan ari diren haurrek argi erakusten duten moduan. Arratsaldeko ordu mortuak egiten ari garen bidaiaren alderdi kultural eta soziolinguistikoaz hausnartzeko parada dira. Izan ere, Baiona eta Iruñea arteko bideak ederki aski erakusten ditu gure herriaren izaera eta egoera soziolinguistikoa.
Ez da aditua izan behar ibili ahala gertatuko diren aldaketak antzemateko. Ibilaldiak gune oso populatu ia guztiz erdaldunduak ditu muturretan, barnera joan ahala euskararen muina non den nabarituko du ibiltariak. Horrekin batera, hizkuntzaren aldaerekin ere gozatuko du bidean zehar.
Laugarren eguna fuerte hasiko da: Belate igo behar da, baina errepidetik urrun, basotik. Bideak dituen maldarik gogorrenak izanik, Belateko igoera tarterik politenenetakoa da; zuhaitzen berdetasuna, basoaren isiltasuna eta, zorte apur batez, orkatzen bat edo beste animaliaren bat.

Hiriaren aztarnak ugarituz

Mendatea igotzearekin, atzean utziko dugu Baztango bailara eta Anuen sartuko. Lantzeko ostatutan gosari-hamarretakoa eginda, aurrera segituko dugu, Olagueraino. Laugarren etapak dituen hemeretzi kilometroetan, gero eta ugariagoak dira errepide gaineko tarteak. Olagueko parrokia-etxean dago aterpetxea, eta harriduraz hartuko dituzte ibiltariak; Baionatik bainoago, beste planeta batetik etorri izan bailiran begiratuko dituzte.
Bosgarren eta azken egunak Nafarroako hiriburura hurbilduko gaitu. Olaguetik Soraurenera ailegatu eta bertan, Arga bazterretik doan bidea hartuko dugu. Erosoa, baina urbanoa.
Iruñerrira ailegatzearekin batera, akabo azken egunotako ibitze lasaia: Atarrabiako sarbidean Orreagatik datorren bidearekin eginen dugu bat. Erromes oldearekin bat eginik, Iruñean sartuko gara, herri txiki batean bizitzeak ematen dituen plazer handiekin kontent.
 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa
2025-10-13 | Bertsozale.eus
Julio Sotok irabazi du Mutiloako saioa, eta finalaurrekoetara sailkatu da
Azaroaren 8an Leitzan jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatu da Iruñeko bertsolaria. 160 entzule elkartu dira Arangurengo Kultur Etxean, txapelketaren lehenengo faseko bigarren saioa zuzenean jarraitzeko.

2025-10-13 | Jakoba Errekondo
Piperraren prezio guda eta Tuterako akordioa

Piper sasoia da, airea usaindu besterik ez dago. Bertako biperren (Capsicum annuum) aukera handia dugu: pipermina, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Angeluko eztia, txorizeroa, pikilloa, morro edo handia eta kristal piperra. Kanpora begiratzen badugu, ezin konta adina dira eta horrek... [+]


Israelgo enpresen hiru medikamenturen kontratuak ez ditu berrituko Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak Israelgo Estatuarekin edozein harreman hautsiko zituela iragarri ondoren, Osasun Sailak adierazi du ez dituela luzatuko Israelgo enpresen hiru farmakoren kontratuak.


Hainbat ekintzaile nafar polizia-etxera deituak, Vueltako protesten harira

Atxilotuek uko egin diote polizia-etxera joateari. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta BDZ Nafarroak babesa adierazi diete ikertutako pertsonei eta mobilizazioak iragarri dituzte atxiloketak gertatzen badira.


Analisia
Zentsura vs. memoria

Bi egun baino ez ditu iraun zabalik LAB sindikatuaren historia barnebiltzen duen 1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak, Tuterako Rua zentro zibikoan. Erakusketa paratu dute Erriberan 40 urte egin dituela ospatzeko sindikatu abertzaleak antolatutako egitarau barruan. [+]


2025-10-07 | Gedar
Burlatan ostegunerako ezarrita dagoen etxegabetzea gelditzera deitu dute

 Ostegunean, 09:00etarako, Burlatako San Frantzisko kaleko 6. zenbakian jarri dute hitzordua Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko PAHk.


LABen mende erdiko ibilbidea jasotzen duen erakusketa zentsuratu du Tuterako alkateak

1974tik etorkizunera, LAB zabaltzen erakusketak sindikatuaren 50 urteko lana biltzen zuen, eta Tuterako alkateak Alejandro Toquero (UPN) bertan behera utzi du zenbait panelek "terrorismoa gorazartzen" zutelakoan.


2025-10-06 | Ahotsa.info
Palestinaren aldeko aldarria ozen entzun da Iruñean

Palestinaren Elkartasuna taldeak deitutako manifestazio jendetsua Antoniutitik abiatu da, Israelgo Estatua desagertzearen eta erresistentzia palestinarraren aldeko aldarriak eta gobernu aurrerakoien aurkako oihuak eginez.


Mikel Gortari (AZ)
“Santo Domingoko merkatuko espezializazio proiektua Iruñearen gentrifikaziorako beste urrats bat da”

“Elkarrekin ehuntzen dugun merkatua” ekimena sortu dute Santo Domingoko merkatuaren egoera eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko. Comiruñak kudeatuko du Santo Domingoko merkatua eta espezializazio proiektu batean sartzea proposatu du


Biometanizazio plan bat behar dugu Nafarroan espekulazioaren aurrean

Udan zehar, mobilizazio sozial handia izan da eta herritarren plataformak sortu dira Lizarraldean biometanizazio-plantak direla eta: Viana, Lodosa, Los Arcos, Mendabia... Horietan guztietan erraz identifika daitezke gako berberak: 1/ Nafarroako Aldizkari Ofizialean proiektuak... [+]


2025-10-01 | dantzan.eus
Iruñea: Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2025

Duguna Iruñeko dantzariek Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza karrikaratu dute beste behin Iruñeko alde zaharrean. Arrotxapeko zubian bandera dantzatu eta banderapetik ezpata-dantzariak pasa ondoren abiatu da kalean gora segizioa. Ezpata-dantzariak 40tik gora, 4... [+]


Absolbitu egin dituzte Raimundo el Canastero musika taldeko kideak

Kantu parodiko bat egin zuen Lizarrako taldeak 2024ko udan, herriko festetako txosnagunea lekuz aldatu nahi zuelako UPNren udal gobernuak. Alkateak salaketa ipini zuen, "gorroto delituarekin", bere "heriotza desiratzen" zutelakoan. Epaileak adierazpen... [+]


3 urteko 24 haur tutore bakarrekin, Irurtzungo eskolako errealitatea

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak 3 urteko geletako ratioa 20 umera jaistea hitzartu berri duenean, bestelako errealitatea salatu dute Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko gurasoek: tutore bakarrak behar ugari dituzten 24 umeren aniztasunari erantzun eta akonpainamendu egoki eta... [+]


Eguneraketa berriak daude