Hiltzailea libre dabil

Iñig Cabacasen aldeko kartela
Iñig Cabacasen aldeko kartelazuialde.wordpress.com

Hiltzaile bat libre dabil Ertzaintzaren baitan 2012ko apirilaren 5az geroztik. Zenbait medioren esanetan (El Correo, 2012-10-06), hiltzailea hamar ertzainen talde batean egon liteke edo akaso hiruko talde batean, baina oraingoz ez dakite nor den, tiro egin zuenean beste ertzain horiek ere tiroka ari ziren eta. Hiltzaileak egindako tiroaren ondorioz, jaurtitako gomazko pilotak Iñigo Cabacas gaztea buruan jo eta oso larri zauritu zuen, lau egun geroago ospitalean hiltzeraino.

Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera, guztia gertatu zen Athleticeko futbol partidu baten ondorengo ospakizunean, Ertzaintza istiluak baretzera joan ei zenean. Lekukoen arabera, bi pertsonen arteko borroka bat izan zen, baina Ertzaintza iritsi zenerako ez zegoen istilurik eta, hala ere, eraso egin zuen. Hamar bat ertzainek egin ei zuten tiro gau horretan, baina hiruk bakarrik onartu dute tiro egin izana. Hori da Cabacas auziaren lehen kapitulua.

Bigarren kapituluan hiru osagai nagusi daude: euskal gizartearen haserrea, agintarien azalpenak eta ikerketa irekiera. Herritarrek nekez uler zezaketen nola Ertzaintzaren pilotakada batek hil zezakeen Athleticen garaipena ospatzen ari zen 28 urteko gaztea. Ez herritarrek, ez politikariek, ez agintariek… inork ez. Eta dena argitu beharra zegoen, alderdi eta agintari guztien esanetan, kosta ahala kosta.

Bi ikerketa ireki ziren, ohiko judiziala eta Ertzaintzaren barnekoa, baina ez batak ez besteak ez zuten konfiantza askorako tarterik. Kasu hau berau ere gaizki hasi zen. Gertaerak apirilaren 5ean izan baziren, gaztea hil zen 9ra arte, Rodolfo Ares Barne sailburuak ez zuen azalpen bakarra ere eman, agertu ere ez. Gero bai, baina lehen unean Ertzaintzaren pilotakada zalantzan jartzeko eta gertakizunen (ustezko istiluak, Ertzaintzaren oldarraldia, pilotakada…) ordena ukatzeko. Autopsiak pilotakadaren bertsioa berretsi zuenean bakarrik onartu zuen publikoki bistakoa zena. Gainera, saiatu zen familiari kalte ordaina ordaindu eta gaia bertan behera gera zedin, dena istripu handi eta larri baten gisan gera zedin.

Kontua da Aresek utzi zuela Jaurlaritza, bere ordezkoek ere ez zutela ezer gehiago bideratu eta, gaia epaileen esku dagoela argudiatuta –ikerketa iragarri zenean auzia jadanik bazegoen epaileen esku, ohikoa den gisan –, ez dela barne ikerketaren berri eman. Areago, ez dago batere garbi barne ikerketa seriorik egin den. Familiak adierazi duenez, gainera, ikerketa judiziala ere geldi dago eta haren abokatu Jone Goirizelaiak gogor salatu du fiskaltzaren ekimen eza. Berak bakarrik ez, Arartekoak berak ikerketa egin zuen eta Barne Sailari kritika egin zion informazioa ukatu eta ez laguntzeagatik. Arartekoaren ondorioa honakoa izan zen: “Barne Sailak ez du justifikatu indarkeria eta gomazko piloten erabilera”. Aurrekariak kontua hartuta, beraz, eta kontrakoa erakusten ez den bitartean, bada arrazoirik pentsatzeko ikerketa judiziala ere ez dela oso urruti joango.

Hirugarren kapitulura ere iritsi da auzia, istripuarena: hilketa ez, istripua izan zen. Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondok duela egun batzuk esan du Ser Irrati katean: “Istripua izan da, inork ez zuelako sortu den kaltea sortzeko asmorik”. Ez omen zaio esaten horri asmorik gabeko homizidioa? Azken 30 urteetan Ertzaintzaren pilotakadak probatu dituzten ehunka –milaka?– pertsonek argi izango dute ez dagoela istripurik, min egiteko borondatea baizik. Eta hori aitortuta, orduan bai, logikoena da pentsatzea mina eragiteko asmoa –pilotakada– ertzainari muturrera joan zitzaiola, nahi gabe Cabacasen heriotzaraino.

Itzela da garaiotan Ertzaintzak istripuarena luzatzea, besterik gabe, urteetan milaka pilota jaurti ondoren, eta orain tresna hori desegokia dela onartzen denean, besteak beste jaurtiketan pilota batere zehatza ez delako. Eta agintarien aldetik esandakoa da material hori ez zela berriz erabiliko, oso kasu larrietan bakarrik. Baina harrez gero askotan erabili izan da, besteak beste tartean izan den greba deialdian, piketeak edo manifestariak sakabanatzeko.

Laugarren kapituluak, horregatik guztiagatik, bi azpi-kapitulu beharko lituzke. Bata da ikerketa judiziala bere amaierara iristea, Iñigo Cabacasen hiltzailea nor izan den argitu arte. Bestea da Ertzaintzaren birmoldaketa sakon bati ekitea, batez ere gatazkaren eraginez, azken urte luzeetan izan duen errepresio poliziaren atal hori alboratu eta ahalik eta herritar gehienen zerbitzura izango den polizia izan dadin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


Eguneraketa berriak daude