ARGIA.eus

2020ko urriaren 29a

Gernu-infekzioa, ikasi saihesten


Jabier Agirre
2013ko martxoaren 10a
www.usetinc.org

Zistitisa maskuriko inflamazio edo hantura da. Gaixotasun hori ohikoa da emakumeengan; estatistikek diote emakume guztiek izaten dituztela infekzio horiek behin edo behin bere bizitzan. Lautik bat urtean hiru zistitis edo gehiago jasatera irits daitezke. Gizonek ere jasan dezakete maskuriko infekzioa.

Behin eta berriz errepikatzen diren zistitisei errekurrente esaten zaie, eta arrazoiak askotarikoak izan daitezke: joera genetikoa, umetoki barruko gailua bezalako antisorgailuak erabiltzea, hesteetako asalduak –beherakoak, esaterako–, menopausia –estrogenoen jaitsierak baginako flora normala aldatzen duelako–, baita harreman sexualak edukitzea ere: penetrazioan uretrak masaje moduko bat hartzen duenez, kanpotik germenak sartzea asko errazten da.

Mikroorganismoek gernu-traktua inbaditzen dutenean gertatzen da batez ere zistitisa, eta infekzioak uretrari, maskuriari, giltzurrunei eta  prostatari erasan diezaieke. Hura sorrarazteko gai diren germenak asko diren arren, Escherichia coli baziloa da denetan usuena. Normalean hestean bizi den bazilo hori uretran barrena iristen da, eta emakumeen uretra gizonezkoena baino laburragoa denez, infekzioa errazago zabaltzen da gorputz barruan.

Babes ohiturak

Zistitisa diagnostikatu bezain laster, medikuek antibiotikoak errezetatzen dituzte, infekzioak giltzurrunari erasan ez diezaion. Tratamendua medikuaren ardura denez, ez gara hemen alderdi hori jorratzen hasiko. Esan behar da, hala ere, zenbait kasutan zistitisak tratamendu konbentzionalekiko erresistenteak izaten direla, eta konplikatzera irits daitezkeela. Horregatik espezialista izango da, beti, tratamendu egokia aginduko duena, beharrezkotzat jotzen dituen azterketa klinikoak eta proba diagnostikoak egin ondoren.

Dena den, horrelako zistitisak behin eta berriz errepika ez daitezen, badira neurri eta ohitura sinple batzuk.

Bainu-gelan

Saihestu tanpoiak eta perfume gehiegi daramaten gel eta kremak. Sexu harremanen aurretik eta ondoren maskuria hustu eta alde genitala ondo-ondo garbitzea komeni da, eta libratu ostean garbiketa beti aurretik atzerantz egitea.

Mahaian

Egunero ahabi gorrien zukua, pepino eta espinaken zukuak, edo errefau-hostoen zukua edateak zistitisari aurre hartzen laguntzen du. Horrez gain, gurbitz edo garangorriz egindako infusioak eta otorduei perrexila eranstea baliagarria izaten da. Eta, noski, aditu guztiek ur ugari edatea gomendatzen dute.

Armairuan

Ahal dela ez erabili galtza estuegirik, eta barruko arropa kotoizkoa izan dadila, sintetikoa beharrean.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Medikuntza

Medikuntza kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2013ko martxoaren 10a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude