Deskalabru pedagogikoa

  • Eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra, ikasle “txarra” lehenbailehen antzeman eta alboratzen duen ibilbidea, ezagutza memoristiko eta akademikoa hobesten eta gaitasunak alboratzen dituen eredu ekonomizista. 180 graduko bira, murrizketez eta euskararen kalterako neurriz hornituta. Horra, PPren gehiengo absolutuak ahalbidetuta, Espainiako Estatuan ezarri nahi duten hezkuntza sistema.

Irakasleak espero duen erantzuna ematen dakien ikaslea sarituko du eredu berriak, baina ez bere kabuz pentsatzen dakiena. Goiko argazkian, ikasleen manifestazioa Madrilen.
Irakasleak espero duen erantzuna ematen dakien ikaslea sarituko du eredu berriak, baina ez bere kabuz pentsatzen dakiena. Goiko argazkian, ikasleen manifestazioa Madrilen.Uly Martin

FAES fundazioak –José María Aznar presidente duen think tank popularrak– 2009an argitaratutako La reforma de la educación escolar txostenean oinarrituta dago Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE), hortik atera kontuak. José Ignacio Wert Hezkuntza ministroak aurkeztutako erreforma hau frankismoaz geroztik Espainian egindako zazpigarren hezkuntza erreforma da –aurrekoa 2006an egin zuen PSOEk–. Boterera iritsi ahala, irakaskuntza eredua nahieran aldatu ohi du gobernu bakoitzak, politikariak ez baitira gauza hezkuntza sistema egonkortuko lukeen gutxieneko akordiorik adosteko. Werten planak, gainera, gaur egungo hezkuntza helburuen kontrako norabidea hartu du, irakaskuntza tresna neoliberal bilakatuz. Xehatu dezagun arloko eragile gehienak asaldatuta dituen erreforma.

Oinarrizko konpetentziarik gabeko curriculuma

Legeak aditzera ematen duenagatik, eduki kontzeptualen ezagutza izango da nagusi, oinarrizko konpetentziak edo gaitasunak alboratuz. Egungo hezkuntzan ezinbestekotzat jotzen dira oinarrizko gaitasunak eta norabide horretan ari dira Europan. “Edozein pertsonak bere osotasunean gure gizartean mugitzeko eta garatzeko behar dituen gaitasunak dira –azaldu digu Mariam Bilbatua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan doktoreak–: ikasten eta pentsatzen jakitea, komunikazio eraginkorra izatea, elkar bizitzen eta elkarrekin lan egiten jakitea… Funtsa da buruz ikastetik egiten ikastera igarotzea, transmisioan oinarritutako ikas-prozesuak bultzatzetik proiektuak eta arazoak aztertzera… LOMCEn ez da horren inguruan ezer agertzen, beste norabidean doa sistema, pertsona bere osotasunean erabat baztertuta geratzen da, bigarren mailan, eta profesional hitza errepikatzen da behin eta berriz, profesionalki prestatzea, enplegurako”. Azken finean, hezkuntza merkantilizatu eta ‘baliagarri’ diren ikasgaiak, ikasgai ardatzak, indartuko ditu PPk (Gaztelania, Atzerriko hizkuntza, Matematika, Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Geografia eta Historia), eta bere gain hartuko du Madrilek ikasgai horien edukia zehaztea. Azterketetan eduki horiei buruz galdetuko zaie ikasleei eta egunerokoan gutxienez ordutegiaren %50 hartuko dute ikasgai ardatzek, eta gainerako ikasgaiek gehienez %50. Hots, haur eta gazteek Espainiako Gobernuak finkatutako edukiak ikasiko dituzte batik bat –guztira curriculumaren %65, baina %65 horri eskainiko diote ordu eta ahalegin gehien, ikasgaien hierarkizazioak baldintzatuta–.

“Talentuaren” araberako eskubideak

Ikasleek lehenago aukeratu beharko dute zein bide hartu. Orain, DBH amaitu arte –16 urtera arte– denak elkarrekin daude, baina lege berriak 14 urterekin banatuko ditu: “Guztiek ez dute talentu bera”, azpimarratu du Wertek, eta horregatik errendimendu akademiko baxuagoa dutenak –nota okerragoak ateratzen dituztenak– Lanbide Heziketara zuzendu nahi ditu, eta gainerakoak Batxilergora –unibertsitatera–. Unibertsitatean ikasle gehiegi dagoela esan du ministroak, eta bahea zorroztu nahi dute, tartean bahe ekonomikoa, tasa eta matrikula unibertsitarioen prezioek gora egin baitute eta laguntza-bekek behera. Eskola porrotari aurre egitea omen da neurriaren helburua, ikasi nahi ez dutenak lehenbailehen lanera –Lanbide Heziketara– bideratzeko, baina eskola-uzte goiztiarra %14,7koa baino ez da Hego Euskal Herrian, eta neurriak ez du zentzurik gurean; aldiz, bereizketa areagotzeko eta ikasle “on” eta “txarren” gaineko espektatiben arriskuan erortzeko balioko du.

Hala uste du Bilbatuak: “LOMCEren beraren filosofian dago bereizketa hori, aipatzen baitu helburua dela ikasle onak eta txarrak zeintzuk diren identifikatzea, onak potentziatzeko. Baztertzailea eta diskriminatzailea da, ikasleek hainbat ebaluaketa gainditu behar dituzte eta horren arabera bide batetik edo bestetik joango dira; ezin dugu ahaztu emaitzak oso lotuta daudela maila sozio-ekonomikoarekin, eta hortaz ikasle guztiek ez dituzte eskubide berberak izango. LOMCEren helburua ez da denak helmuga berberetara iristea, bakoitza, dituen gaitasunen arabera, helmuga ezberdinetara heltzea baizik”.

Kontrolerako lau azterketa “nazional”, 9 urterekin hasita

Gaur egun, selektibitateak guztiz baldintzatzen du Batxilergoa: urte horietan landu beharreko gaitasun orokorrak jasotzen ditu curriculumak, baina selektibitateko edukien azterketa gainditzera mugatzen da Batxilergoko prestakuntza, hori da jomuga eta xede, eta curriculumak apenas duen lekurik. Irudikatu orain administrazioak ezarritako froga estandar bana 9, 12, 15 eta 18 urterekin egin beharra. Lau errebalida, Madrildik kontrolatuko dituzten ikasgai ardatzei buruzko galderekin, eta azkeneko bi azterketak, derrigorrez gainditu beharrekoak, ikasturtea ez errepikatzeko. Selektibitatearekin gertatzen dena aintzat hartuta, ez da zaila aurreikustea ikastetxeen ibilbidea ebaluazio goiztiar hauetara egongo dela zuzendua, etsaminak gainditzeko akademia bihurtzeko arriskupean. Eta zer ebaluatuko dute azterketok? Werten esanetan, “izaera nazionala” –uler bedi espainiarra– izango duten eduki homogeneoak: “Jakin nahi dugu zer ikasten duten eskoletan, eta zer ez”.

Mariam Bilbatuak dio ebaluazioa garrantzitsua dela, ikasleen autonomia eta autoikasketa bultzatzeko edo ikaslea non dagoen eta zer hobetu behar duen antzemateko, baina prozesuaren zati izan behar duela ebaluazioak, tresna eta ez helmuga, eta legea emaitzei dago zuzendua, ikasle “onak” eta “txarrak” bereiztera. Areago, emaitzekin ikastetxeen rankinga plazaratzeko asmoa du Gobernuak. “Txilen eta hezkuntza sistema oso neoliberala ezarri den lekuetan ikusi dugu: haur hezkuntza amaitzen denetik egiten dituzten ebaluazioekin eskolen rankingak osatzen dituzte eta eskolek kalifikazioaren arabera jasotzen dituzte laguntzak. Dena bihurtzen da lehia eta lasterketa, bai ikastetxeentzat eta bai ikasleentzat”.

Neurri horiek ere, handitu egingo dituzte haurren arteko ezberdintasunak. Eredutzat hartu ohi den Finlandiako hezkuntza sisteman, adibidez, ez dute ebaluazio goiztiarrik eta ekitatean oinarritzen dira, ibilbide osoa dago prentsatua ikasle guztiek emaitza onak lor ditzaten, gaitasunak garatzea pertsonen eskubidea dela ulertzen baitute. Erreforma espainiarrarekin, ordea, arriskua dago gutxi batzuek nota altuak lor ditzaten eta beste askok baxuak, lehiakortasuna eta bereizketa sustatzen baitu. Ez dirudi haurraren erritmoa errespetatuko denik, ibilbidea planteatzen delako “gainditu beharreko lasterketa gisa”, dio Bilbatuak. Gainera, lasterketa horretan sistemak duen erantzukizuna ez du aipatzen erreformak. “Legea irakurrita ematen du erantzukizuna ikaslearena baino ez dela, sistemaren ardura ez balitz bezala helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak eta neurriak ezartzea”.

Aipatzekoa da curriculumak Mundu Garaikidearen Historia kendu eta Espainiaren Historia sartu nahi duela. Halaber, PSOEk aurrera atera zuen Herritartasunerako Heziketa ezabatu eta Erlijioa hautatzen ez dutenentzat derrigorrezko ikasgaia ezarriko du: Balio Kultural eta Sozialak Lehen Hezkuntzan eta Balio Etikoak DBHn –orain arte curriculumeko ikasgaiak indartzeko aprobetxatzen zuten ordu hori–. “Berdintasun mailan, hezkidetzan, aniztasunaren trataeran… urte hauetan eman diren urratsak bertan behera uzten ditu legeak, ez dator bat Europako hezkuntza eragileen plateamenduarekin”, dio irakasleak.

Zer motako ikaslea ekarriko du eredu honek? Bilbatuaren hitzetan, ikasketa memoristikoari oso lotuta dagoen inteligentzia mota bultzatuko du, buruz ikastera ohituta dagoen ikaslea, gauzekin erlazio sakonak ezartzeko ohiturarik ez duena, gaitasun gutxi duena abstrakzio maila handiko testuak idazten… Alegia, “irakasleak espero duen erantzuna ematen dakien ikaslea, baina ez bere kabuz pentsatzen dakiena, ez egoera zailen aurrean estrategiak identifikatuko dituena. Hezkuntza eredu honek ez du balio gaur egungo gizarteak dituen eskaerei erantzuteko”. Herritarrak bizitzarako prestatzen dituen heziketa integrala eskaini baino, iritzi kritikoa, kultura eta ikerketa garatu baino, badirudi legeak nahiago dituela lehenbailehen lanbide batera edo bestera bideratuko dituzten subjektu pasibo eta otzanak.

Zuzendariari boterea, ikastetxeen autonomia kamusteko

Ikastetxeari autonomia emango zaiola dio LOMCEk, baina autonomia hori zuzendariaren menera egongo da: profesionalizatu egingo da zuzendaritza, Madrildik hautatuko dute zuzendaria bera, eta eskola-komunitatearen parte-hartzea hutsaren hurrengoa izango da, guraso, irakasle, ikasle eta gainerako eragileen ahalmena kontsulta-mailara zokoratuko baitu. “Horri gehitzen badiogu Espainiako Gobernuak ezarritako azterketak izango direla neurgailu, praktikan ikastetxeak oso autonomia gutxi izango du hezkuntza proiektu propioa aurrera ateratzeko”, azpimarratu du adituak.

Molde jakin bateko hezkuntza pribatua ere bultzatzen du erreformak. Legeak orain dio plaza publikoa haur ororentzat bermatu beharra dagoela, baina oinarri hori desagertu egin da LOMCEn eta sexu bereizketa egiten duten ikastetxeak kontzertatzera –eta gutxienez sei urteko kontzertazioa lotzera– derrigortuko ditu. Ondorioz, eskola horiei diru-laguntzak eman beharko dizkiete Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurretik baimendu zuen ikastetxeok kontzertaziotik at uztea, baztertzaileak direla egotzita.

Aurre egiteko aukerarik?

Lege organikoak aurrera jarraitzen du eta popularrek ez dute atzera egiteko asmorik. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute eskumenik legea ez betetzeko –gogoratu botiken berrordainketarekin gertaturikoa, Konstituzio Auzitegiak Espainiako Gobernuaren alde egin zuen– eta makroazterketek ekarriko duten inertziari aurre egitea zaila izango zaie ikastetxeei. Hala ere, plantoa beharrezko ikusten du Bilbatuak: “Atzerapauso handia da ikuspuntu guztietatik, ez ditu pertsonon aniztasuna eta ezberdintasunak errespetatzen, ez ditu eskubide indibidualak errespetatzen, ezta eskubide kolektiboak ere, herri bezala gure hizkuntzaren biziraupena eta kulturaren transmisioa bermatzeko dugun eskubidea. Hezkuntza komunitate osoak eta gizarte osoak kontra egitea espero dut”. PPren gobernupean ez dauden erkidegoak, behintzat, aurka ditu LOMCEk, eta PPren esku dauden zenbaitek ere protesta egin du, batez ere ekonomikoki erkidegoei ekarriko dien gastuagatik. Hasierako zirriborroan zeuden gauza batzuetan amore eman du Wertek; esaterako, Lanbide Heziketara bideratutako ikasleak DBHko titulazio gabe utzi nahi zituzten edota Espainiako Konstituzioa goratzea helburu zuen ikasgaia eman nahi zuten, baina eskuineko alderdikideei beraiei gehiegikeria iruditu zitzaien.

Negoziaketak negoziaketa, erreformak ez duela aldaketa gehiago jasango eta Diputatuen Kongresura bere horretan eramango dutela iragarri du ministroak. Estatu Kontseilutik eta Ministroen Kontseilutik igaro ostean iritsiko litzateke erreforma Kongresura, eta ez dezagun ahaztu, PPk gehiengo absolutua du lege organikoa arazorik gabe onartzeko. Apirila-maiatzean gerta liteke, baina Madrilgo Gobernuak ez du argi utzi hurrengo ikasturterako martxan nahi duen eredu berria, ala 2014-2015 ikasturterako.

Erreformaren nondik norakoak ezagututa, nekez irudika daiteke hezkuntza arloko aditurik halako eredua aholkatzen. Horixe bera esan diogu Mariam Bilbatuari, nola egin liteke halako baldarkeria? Baldarkeria ez, erantzun digu berak, oso ondo pentsatutako hezkuntza sistema baizik: “Erabat lerrokatuta dago PPk garatu nahi duen gizarte ereduarekin, ez dugu ahaztu behar erreforma ideologia eta gizarte antolakuntza molde zentralizatu batetik datorrela, aniztasuna –kulturala nahiz pertsonena– errespetatzen ez duena, bereizketan eta lehiakortasunean oinarritua. Hezkuntzan jarraitzeko eskubidea eta botere ekonomikoa gutxi batzuek baino ez dezatela izan bultzatzen duen gizartea bermatu nahi dute”.

Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

"Arduragabekeria litzateke mahaitik jaikitzea, ikuspuntuak hurbiltzeko unea da"

Zein da Jaurlaritzaren jarrera LOMCE erreformarekiko?

Gobernura iritsi bezain pronto, LOMCE delako erreformaren aurreproiektua izan dugu aztergai. Lege-proiektuak hainbat akats dituela eta gure eskubideak sakon urratzen dituela argi eta garbi esan diogu Wert ministroari. Gure hezkuntza eskubideen eta euskararen estatusaren kontra egiten du zuzen-zuzenean. Azken 30 urteetan argi geratu da Gernikako Estatutuak Euskadiri ematen dizkion konpetentziek onura izugarria ekarri dutela, batez ere hezkuntzan, baita euskarak bizi izan duen berpizte prozesuan ere. Ikasgai gehienak kanpotik inposatzeak, edukiak eta horien ebaluazioak haiek kontrolatuz, eta euskarak erdararekiko estatusa galtzeko arriskua izateak asko kezkatzen gaitu, eta beraz, ezin dugu onartu.

Espainiako Gobernuak erkidego guztiak homogeneo bihurtzeko helburua du orain, horrek onurak ekarriko dituelakoan. Baina oker dabil, LOMCEk bilatzen dituen helburu gehienak aspalditik gainditu ditugu. Europako herrialde aurreratuenekin egin dezakegu kasu askotan konparazioa. Beraz, Estatu guztiko erkidegoekin homogeneo bihurtzeak ez luke inongo zentzurik izango gure kasuan.

Neurririk hartuko al duzue?

Erreforma ez zaigula batere gustatzen argi utzi ondoren, egoera aztertu beharrean aurkitzen gara. Kontuan izan behar dugu momentuz LOMCE erreforma aurreproiektua baino ez dela. Hitz egiteko eta ikuspuntuak hurbiltzeko momentua da eta ahalegin horretan aritu gara orain arte, nahiz eta batzuek gure jarrera kritikatu. Hurrengo eszenatokia Madrilgo parlamentua dugu. Eta bertan ere, nahitaez, LOMCEren edukiaren inguruan eztabaidatu beharko dugu, gustatzen ez zaiguna salatuz eta gure argudioen alde eginez.

Arduragabekeria litzateke mahaitik jaiki eta Madrilgo Gobernuak bere gehiengo absolutuarekin egiten duenaren zain geratzea. Gure interesak defendatzen jarraitu beharrean gaude, eta horretarako, hitza erabili behar dugu. Askok galdetzen digute, ahalegin horien guztien ondoren gure helburua lortzen ez badugu, zer? Orduan bai, beste jokabide batzuk hartu beharko ditugu. Esan bezala, gure interesak defendatzeko momentu bakoitzean hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu.

Erreforma aurrera aterako balitz, zer ekarriko lioke EAEko hezkuntza sistemari?

Atzerapauso izugarria. Hezkuntzak azken urteotan lortutako arrakasta ezerezean geratuko litzateke. Estatuko beste erkidego batzuekin parekatzeko ahaleginean, orain ondo gaudenok eta oso behean daudenak berdinduko ginateke. Hots, batzuentzat oso ona dena, guretzat onartezina da. Eta ez bakarrik ikastetxe eta ikastolei begira. Lanbide Heziketan ere puntako emaitzak ditugu, gure ikasleak Estatu osoko prestatuenak dira eta irakasleak ere maila berekoak ditugu. Eta hau ez dugu guk bakarrik esaten, beste autonomia erkidego batzuetako arduradunen hitzak dira. Gaur egun, Euskadin, Lanbide Heziketara jauzi egin nahi duten gazteek gutxieneko ikasketa maila izan behar dute. Exijentzia horren kontra ere egiten du LOMCEk. Gure inguruko enpresetako arduradunek izugarri baloratzen dute gure gazteen prestakuntza maila. Lanbide Heziketari kalte egiten uzteak, gure ikasleei, ekonomiari, enpresei min egitea ekarriko luke. Onartezina.

Euskara, hirugarren mailako

Gaztelania bermatu beharko dela dio LOMCEk, eta gaztelania nagusi den ereduan ikasi nahi duenari zentro pribatua ordainduko zaiola. Katalunian protesta erraldoia egin zuten eta han duten murgiltze eredua ez dutela aldatuko erantzun du Generalitateak. Gurean, gaztelaniaren eta hizkuntza koofizialaren arteko oreka eskatzen duenez legeak, ikusi beharko da D eredua orekatutzat joko al duten. Euskara, gainera, espezialitatea izango da, hirugarren mailakoa, ikasgai ardatzen eta aukerazkoen atzetik. “Abiapuntua ez da errespetua eta legearen puntu guztietan antzematen den filosofia da gaztelania dela nagusia, indartu beharrekoa, eta eleaniztasunari ematen zaion definizioa erabat lotuta dago atzerriko hizkuntzekin. Eredu desorekatu eta desegokia sustatu nahi dute”, diosku Mariam Bilbatua irakasleak.

Gastu itzela eta murrizketak

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hezkuntzari egindako murrizketekin aski ez, eta Espainiako Gobernuak iragarri du arlo honetan 10.000 milioi euro murriztuko dituela 2015 urtera bitartean. Neurri batzuk dagoeneko azalduak ditu José Ignacio Wert ministroak: ikasgelako haur kopurua handitzea, irakasleek eskola ordu gehiago ematea, ordezkapenak gutxitzea… Inbertsioa murriztearekin batera, LOMCE inplementatzeak ekarriko duen gastua ez da makala izango: azken datuen arabera, bi ikasturtetan 408 milioi euro ordainduko ditu Madrilek eta beste 927 milioi euro erkidegoek –hasieran adierazitakoaren boskoitza–. Erkidegoetako gobernuek alarma gorria piztu dute, zifra horiek ezagutu ostean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LOMCE legea
Batxilergoko bost modalitate ezarriko ditu Lomloe lege berriak datorren ikasturtean

Espainiako Gobernuak abenduan onartu zuen hezkuntza lege berria, eta 2022-2023 ikasturtean aplikatuko da bigarren hezkuntzako eta batxilergoko maila bakoitietan. DBHn, hautazko ikasgai gehiago eskainiko dira, eta batxilergoan, arteari lotutako bi modalitate eta beste modalitate... [+]


LOMLOE, trileroen jokoa

"... hezkuntzako gastu publikoa barne-produktu gordinaren gutxienez ehuneko 5 handitzea..." Alderdi sozialistak erabili ohi duen eta LOE aldatzeko Lege Organikoaren Proiektuan jasotako dialektika tranpati horren beste esaldi bat da. STEILASentzat, hezkuntzan inbertsio... [+]


2020-11-06 | ARGIA
Lomce legearen ordezkoak ez ditu diruz lagunduko ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak

LOMLOEn, LOMCE ordezkatuko duen legean, zuzenketa bat onartu du Espainiako Kongresuak: diru laguntzarik ez ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeentzat. Neurriak EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxetan izango du eragina, baina horietako batzuek... [+]


LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak

Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.


Bizi ala iraun?

“Esan gezur bat mila aldiz. Errepikatu hitzez hitz. Handik gutxira ikusi, egia bihurtzen. Haien ahotan ikusi, egia bihurtzen.” Horixe abesten du Gorka Urbizuk Berri Txarrak taldearen kontzertuetan. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin gertatzen ari denaren... [+]


Eguneraketa berriak daude