Kolonbiako enberak euren hizkuntza idazten hasi dira

  • Kolonbiako toki askotan elkarte indigenek hartu dute euren eskolen kudeaketa. Chocón, Enbera herriko Orewa elkarteak enberera idatzi eta eskolan erakusteko bidea hasi du. Alfabetoa, hiztegia eta eskolarako materialak sortzen hasi dira.

Enberek ez dute haien hizkuntza idazterik nahi izan, horrek galaraziko zuelakoan.
Enberek ez dute haien hizkuntza idazterik nahi izan, horrek galaraziko zuelakoan.Barreña eta Mendizabalek utziak

Kanpotarrak izan dira orain arte enberen kulturaren gainean zer edo zer idatzi dutenak. Sarritan aditu horien testuetan akatsak egoten dira, enberek eurak gezurrak esan dizkietelako ziurrenik. 2008ra arte, euren kultura babesteko asmoz, komunitateko liderrek enberera ez idazteko erabakia hartu zuten. Ez zuten ondo hartzen enberak ez zirenak euren kulturari edo hizkuntzari buruz galdezka etortzea. Ez idaztea euren kultura gordetzeko bidea izan da. Izan ere, zertara joaten dira zuriak hara? Urrea eta petrolioa ustiatzera, lurrak hartzera, osasun sistema tradizionalaren gainean galdezka... Mesfidantza edukitzea ez da harritzekoa.

Enberak Kolonbian, Panaman eta Ekuadorren bizi dira, eta gutxi gorabehera 70.000 lagun dira. Kolonbian bizi dira gehienak, Ozeano Barea aldean, iparretik hegora. Chocó Panamaren ondoan dago eta Kolonbian enbera gehien biltzen duen departamentua da.

Gobernuak hala erabakita, 2008an, Kolonbiako eskualde guztietan jarri zituzten eskolak, eta orduan Chocóko enberak eskolaren bitartez gaztelania ikasten hasi ziren. Andoni Barreña hizkuntzalariak azaldu duenez, “eurek ez daude gaztelania ikastearen aurka, baina beldurtu egin ziren eskolaren bidez gaztelania bakarrik indartzen zelako, eta ez euren hizkuntza”.

Hasieran Chocóko elizbarrutiak eduki zuen eskolen ardura. Elizbarrutiak Orewa elkarte indigenarekin oso harreman onak zituen eta adostu zuten eskola guztietan enberera hiztun bat egon behar zela irakasle, nahiz eta titulurik ez izan. Irizpidea ahozko dena enbereraz egitea zen, baina idatzizko guztia gaztelaniaz zegoen. 2010ean Orewa elkarteak hartu zuen eskolen ardura, eta erabaki zuten euren hizkuntzan idazten hasi behar zirela. Horretarako, aholkularitza eskatu zioten EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrari, Euskal Herrian euskaragaz izandako esperientziagatik. Mikel Mendizabal biologoak eta Andoni Barreña hizkuntzalariak jardun dute egitasmoan lanean.

Irakasleen formazioa

Enberena izan da hasierako ekimena eta komunitatea dabil helburuak finkatu eta lan egiteko modua diseinatzen. Euskaldunek han aholkulari lan soila egin dutela argi du Barreñak: “Ez dute nahi gure eskola egiterik. Amesten duten gizartea eraikitzeko eskola egin gura dute, euren kosmobisiotik, euren kulturatik egindakoa”. Hizkuntzalariak kontatu duenez, enberek eurenganako errezelo asko izan dute: “Kostatzen zitzaien ikustea gu ere indigenak ginela, ez ginela zuri tipikoak. Esaten diegu gurea ere galtzeko zorian dagoela, geuk ere eduki dugula kosmobisioa”.

Idazketarako prozesuan hiru helburu daude: ortografia finkatzea, hiztegia osatzeko hitz-bilketa egitea eta irakasleak eskolako materiala sortzeko gaitzea. Horrez gainera, sentsibilizazio eta identitate kontuak landu dituzte formazio tailerretan. “Askotan pasatzen da –dio Andoni Barreñak– horrelako herrietan holakoak esatea: ‘Zertarako ikasi behar dute gure hizkuntza eskolan? Etxean ikasiko dute; eskolan gaztelania’. Enberei ez diet egundo horrelakorik entzun”. Tailerretan parte hartu duten irakasleak gazteak dira, batxilergoa dutenak gehienak. Zerotik idatzizko kodea sortzen ibiltzea zirraragarria izan da eurentzako: “Dozenaka aldiz entzun dut; ‘nire hizkuntzan idazten dudan lehen hitza da’”.

Sistema ortografikoa lantzen hasi ziren 2010ean, eta 12 bokal eta 20 kontsonante zehaztu zituzten. Hiztegia eratzeko orduan, arloka, eremu semantikoak lantzen jardun zuten tailerretan: giza-gorputza, senideak eta gizartea, etxea, eguraldia, lurraldea, zentzumenak, zenbakikuntza eta eragiketak...  Hiztegi aberatsa da enberena, gauza asko izendatzen dituzte. Esaterako, klitorisa esateko berba bat daukate, guk berriz, kontzeptu hori zientziatik hartu dugu.

Irudi alfabetoak eta hiztegi ilustratuak egin dituzte, hiztegia eratu, eta gero umeak eskolan alfabetatzeko erabiltzeko. Hitz-bilketa Chocón hitz egiten diren hiru aldaeretan egin dute. Tailerrak kontzentrazio eskolarra dagoen herrietan egiten dituzte –eskolara egun batzuetarako joaten dira, eta gero herrietara bueltatu–. Andoni Barreñak herrian sortutako interesa nabarmendu du: “Komunitatean egiten dena mundu guztiak ikusten du. Tailerretara hainbat ume eta nagusi gerturatu izan dira, eta eurek ere marraztu, azaldu eta ikasi dute”.

200 orduko ikastaroa 2012an

Iaz, Orewa elkarteak eta Fucla unibertsitate publikoak, UNESCO Katedraren laguntzarekin, 200 orduko Etnolinguistika Diplomatura ikastaroa diseinatu zuten. 60 irakaslek hartu zuten parte, Quibdónen, Chocóko hiriburuan. Ikastaroaren helburu nagusia irakasleak materialgintzan trebatzea izan da.

Unibertsitatean egin zuten ikastaroa, eta hasieratik enberera erabiltzeko erabakia hartu zuten; lehen aldia zen enberera unibertsitatean modu sistematikoan erabili zena. Egindako gauzen artean, Tachi Pedea (gure hitza) aldizkaria dago, Chocón enbereraz idatzitako lehen aldizkaria. Thachi tua liburuxkan, bestalde, mapak biltzen hasi dira, eskualdetakoak, ibaietakoak, baratzetakoak...

Eta hemendik aurrera...

Eskola-umeak hasi dira enberera irakurtzen eta idazten ikasten. Barreñak baloratu duenez, irakasleek ikastaro intentsibo gehiago behar dituzte: “Euskal Herrian irakasle esperientzia handia duen jendea joan beharko litzateke hara, gaitasun hori transmititzera”. Enberek ikastaroa hiriburuan bakarrik ez egitea eskatu dute. Arazoa da horretarako dirua eta antolaketa behar dela. Orewa elkarteak, gainera, egitasmo berri bat dauka: ikastaroa diplomatura bihurtu gura dute, unibertsitateko bi kurtsoren parekidea, Kolonbiako unibertsitate sisteman sartzeko. Chocóko unibertsitateagaz negoziatzen dabiltza. Arazo bera dago, ordea; diplomatura hiriburuan egingo litzateke, eta askok gaitz dute hara joatea: “Bi egunetako bidaia behar izaten da sarri. Horri ikastaroa bera eta aste osoa bertan egotea gehituz gero, diru asko da, izugarrizko esfortzua da”.

2012ko abuztuan, Chocóko Hizkuntza Enberaren lehen biltzarra egin zuten. Aditu ugari bildu ziren, eta han izan ziren Mendizabal eta Barreña ere. Biltzarrak oihartzuna izan zuen Kolonbian. Idatzizko lehen berba horien atzetik amets eta lan askoko urteak datoz enbera herriarentzat.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Estitxu Eizagirre
#2
Gorka Bereziartua
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#4
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kolonbia
Gure “Mona Lisa” iraultzailea

Herri axolagabea! Zein ezberdina izango litzatekeen zuen patua, askatasunaren prezioa ezagutuko bazenute! Baina ez da berandu. Emakumea eta gaztea naizen arren, heriotzari aurre egiteko ausardia dut orain, eta mila aldiz gehiagotan ere izango nuke, ez ahaztu!".

Hitz... [+]


FARCeko disidentzia talde nagusiak iragarri du Gobernuarekin bilduko dela Norvegian

Kolonbian, FARC gerrilaren disidentzia-talde handienak adierazi du bakerako borondatea adierazi dutela eta Gobernuarekin elkarrizketak abiatuko dituela Norvegian, berak hala proposatuta. Eragile sozialekin eginiko topaketa batzuetan egin du iragarpena.


Kolonbiako presidenteordeari lehergailuak jarri dizkiote etxe alboan

Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.


2023-01-04 | Leire Artola Arin
ELNk ukatu du Kolonbiako Gobernuarekin aldebiko su-etena adostu zuenik

ELNk azaldu du aldebakarrekoa dela Kolonbiako presidenteak urtarrilaren 1ean iragarri duen aldebiko su-etena. "Ez da horrelako akordiorik eztabaidatu gobernuarekin", baieztatu dute. Gustavo Petrok atzera bota du su-eten ituna, eta gerrillari taldeari eskatu dio... [+]


Eguneraketa berriak daude