Siriako agintariek etsai handiegia daukate: idortea

Hama hiriko errota erraldoiak eta akueduktoa, Orontes ibai ertzean.
Hama hiriko errota erraldoiak eta akueduktoa, Orontes ibai ertzean.

Isiltasunaren Erresuma deitu  zion Siriari Al Jazeerak 2011ko otsailean, Egipton Hosni Mubarakek agintea utzi eta bi egunera. “Ekialde Hurbil osoan zabaldu diren arren protestak, orain arte iraultzaren izpirituak ez du Sirian sartzerik lortu. Siriak ere baditu Egiptok eta Tunisiak bezala agintari autoritarioak, ustelkeria eta zailtasun ekonomikoak. Baina analistek diotenez, estatuaren aparatu zanpatzaileez gain presidentea nahiko popularra izatea eta erlijio aniztasuna direla medio zaila dirudi Sirian horrelako matxinadarik gertatzea”. Hilabete baino lehen hasi ziren lehenbiziko liskarrak.

Hain egonkorra zirudien Sirian sua piztu duten faktoreak aipatu izan dira, herritarren demokrazia nahia, sistema ustela desegitea, geopolitika, urrutiko eta hurbileko potentzien esku hartzea eta beste. Ia inork ez du nabarmendu Shahrzad Mohtadik Bulletin of the Atomic Scientistsen landu duena: Climate change and the Syrian uprising,  Klimaren aldaketa eta Siriako matxinada.

Mohtadi Columbiako unibertsitatean zientzia politikoetan lizentziatutako gaztea da. Haren ikerlan bat oharkabean pasako zen baldin eta ez balitz argitaratu Bulletin horretan. Energia atomikoaz gain zientzialariak kezkatzen dituzten beste hainbat gaiez plazaratzen ditu materialak prestigio handiko aldizkariak, erredakzioaren kontrol zorrotzaren galbahea gaindituta.

Mohtadik oroitarazi du gaur Siria dagoen parajeetan ekin ziola gizakiak landareak erein eta abereak etxekotzeari. Neolitikoa, laborantza, abeltzaintza, hemen hasi ziren. Duela 12.000 urte zen hori. Geroztik Eden hark galdu zituen Babiloniatik Mediterraneora arte hedatzen ziren oihanak, desertifikazioari aspaldi emana zion bidea. Baina azken lehortea bezalakorik ez zen inoiz ezagutu han.

1900dik 2005era sei idorte handi nozitu ditu Siriak. Horietan urte osoko euriak heren bateraino urritzen ziren, baina uzta sasoi bakarrari zioten eragiten. Nekazariek gorderik zeuzkaten mozkinekin egiten zieten aurre. Baina azkena 2006an hasi eta lau urtez luzatu zen, 2010a arte. Inoiz baino euri gutxiago egin die gainera.

Zenbateraino izan da agorraldi luze hori klima aldaketaren ondorio? Adituak ez datoz bat. Aldiz, klimaren aldaketarako gobernu arteko Panel famatuak aspaldi iragarri zuen Ekialde Hurbila izango dela etorkizun hurbilean idorte handiek gehien zigortuko dituzten eskualdeetakoa; 2050 urterako Siria aldeak gaurko eurien %29 eta %56 artekoa galduko ei ditu.

Sikateak 1,5 milioi nekazari behartu ditu soroetatik ihes egitera. Mendeetan gari eta beste laboretan aberats ziren landetatik, hegoaldeko hirietara gehienak. Askok atzerrira jo dute lan berri bila. Bashar Al-Assaden Gobernuak bat batean topo egin du bere aita Hafezen garaietatik nekazaritzan ezarritako planen porrotarekin.

Hafez Al-Assadek Siria herrialde moderno bilakatzeko ahaleginean lehentasuna eman zion nekazaritzari, erregimen baazistak laborarien sostengua behar zuelakoan. Elikagaiak produzitzen Siriak burujabe izan behar zuen, 1980rako garitan bederen lortua zuen, eta jakiak, gasolina eta ura subentzionatu zituen. Soroetan kotoia ereiteari ere ekin zion, ordea...

Edengo soroetan goserik

Al-Assadek garrantzia estrategikoa emanik, Siria kotoia erein eta esportatzen berezitu zen. Labore horrek ur asko behar duenez, ureztatze sistema garestiz bete ziren hango ibarrak. Ureztatze garestiak bai, baina ez eraginkorrak. Are gutxiago dagoenekoz belarria erakusten ari den klima aldaketa garaietan.

Mohtadik aipatzen du The Center for Climate and Security erakundearekin Francesco Femia eta Caitlin Werrellek 2012ko otsailean plazaratu duten Syria: Climate Change, Drought and Social Unrest azterketa. Hauek erakutsi dute nola nekazariek jo behar izan duten lurpeko urak ustiatzera, irrigatze sistema berriek kotoi soroetara eraman dutelako ibaietako ura.

Putzuen kopurua bi halakotu zen, efizientziarik gabeko ureztatzeak diruz lagundu, lurpeko uraren bila gero eta sakonago zulatzera behartu... eta 2006ko idortea iritsi zen. Ordurako, mundu mailan gariaren eta beste laboreen garestitzea abiatua zen. Siriak, gainera, gari altxorrak salduak zituen, bere nekazaritza modernotuan fidaturik.

Zenbait adituren ustez Siriak ez du ezagutu azken lehorte hau bezalakorik 12.000 urteotan, nekazaritza hasi zenetik. Herrialdearen hiru laurdenak hondatu ditu. Ehunka herri hustu. Laboreen hiru laurdenak galdu. 2008tik berriro garia inportatzera behartu.

Baina garagarrak ere uztarik eman ez duenez, alhagai faltan Siriak bere azienden laurdena galdu du, ipar-ekialdeko zenbait eskualdetan %80. Eskualde kiskaliotan herritarren %80 bizi da txirotasunean. Nazio Batuen Erakundeak 2010eko agiri batean azaldu zuenez, horietako askoren otorduetan ez zen ogia eta te gozatua besterik. Zer besterik da gosea?

Egarritik eta gosetik ihesi landa eremuetatik alde egindako milioi eta erdi siriarrek Damasko, Hama, Homs, Alepo eta Dara’ara jo dute, hauen aldirietako txabolategietan topo egiteko Irak eta Palestinatik iritsitako beste bi milioi etorkinekin.

Hain kontrolpean zirudien Sirian liskarrak nola hasi ziren honela kontatua du New York Timesentzako eskualde hartan luzaz aritu den Anthony Shadidek: “Jende asko harritu zen matxinada hasi zenean 2011ko martxoan Dara’a izeneko herri hegotar pobre batean, Hauran eskualdean. Lehorteak jota dago, txiroa da, Gobernuak abandonaturik dauka, Siriako landa eremu asko bezala. Hor gertatu zen 15 gaztetxok eskolako paretetan graffitiak marraztu zituztela. Gobernuaren kontrakoak. Gehiago zirudien gazteen oldartze bat, antolatutako beste ezer baino. Gobernuak, ordea, gogor jo zuen. 15 gaztetxoak atxilotu zituen, gero espetxera eraman eta han torturatu. Haien amak mehatxatu zituzten bortxatzearekin. Informe batzuk diote azazkalak atera zizkietela...”

Aditu gehienen oharkabean, nonbait, barrutik kiskaltzen zegoen Siriako gizartearen galdara. Baserritarrak sei urtez uztarik gabe. Herrialdeak dituen 22 milioi herritarretatik 1,5 bizimodu bila hiri bazterretan pilaturik. Milaka gehiago hirietan lehendik urriak diren lan aukeren bila borrokatzeko. Zein neurritan izan da baldarregia Bashar Al-Assaden Gobernua eta zein heinetan klimaren aldaketak sortzen ditu larrialdi egoerak diktadura egonkorrena ere balantzaka jartzeko tamainakoak?


ASTEKARIA
2012ko azaroaren 25a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Siria
2024-02-04 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
"Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori"

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


2023-05-28 | Aitor Aspuru Saez
"Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako"

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


850.000 haurrek utzi behar izan dute beren etxea Kurdistanen, Turkian eta Sirian

Hilabete igaro da Turkian lehen lurrikara gertatu zenetik, eta gutxienez 51.000 hildako zenbatu dituzte. Milioika herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte.


Turkian lurrikarak 'low cost' hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Eguneraketa berriak daude