Hizkuntza-politika berrirako iruzkinak

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2012an kaleratu diren Inkesta Soziolinguistikoak eta Kale Neurketak erakutsi digutenez euskararen erabilerak zenbait eremutan motel egin du gora eta beste batzuetan goia jo. Izan ere, euskara jakin eta maitatzen duten elebidun askok gehiago erabiltzen dute erdara euskara baino. Egungo hizkuntza-politika agortua dago.

Bestalde, 2012an bertan Eusko Jaurlaritzan aldaketa izango dugu, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) ere barne. Bi elementu horiek begi-bistan jartzen dituzte hizkuntza-politika biziberritzeko premia zein abagunea.

Hona hemen abiapuntu dugun axioma: HPS berri bat ez da gauza izango hizkuntza-politika eraginkor bat bere kasa abian jartzeko. Ez, ohiko duen jardun-esparrua mugatua delako: euskalgintzako eragile nagusiak HPSren planteamendutik at daudelako; gizarte sektore batzuek hizkuntza-politika gehiegizkotzat eta beste batzuek eznahikotzat jo ohi dutelako; HPSren hizkuntza-politika EAEra mugatu ohi delako.

Horregatik, hizkuntza-politika berriak bere joko-zelaia zabaldu beharra du, modu zuzenean edo zeharka, hiru dimentsio horietan: a) euskalgintzako eragile nagusiekin elkarlanean jardunez; b) gizarteko sentsibilitate zabal batekin konpromisoak adostuz, aurrera pauso sendoak eta itzulezinak eman ahal izateko; c) EAEko muga administratiboez gainetik beste erakundeekiko harreman zuzenak areagotzeaz gain, beste lurraldeetan ere diharduten euskalgintzako eragileekin batera mugaz gaindiko plana osatuz.
Bigarren iruzkina lehentasunezko xede-taldea zuhurtziaz eta efikazia eta efizientziaren izenean aukeratzea da. Horretarako, galdera honi erantzun egokia bilatu behar zaio: “Zergatik hitz egin ohi dute gehienbat erdaraz euskarari atxikimendua dioten elebidun askok?”. Izan ere, ez dut uste lehentasuna denik euskaratik lekutan bizi direnengan eragiten saiatzea. Besteak beste, hori lortzea zaila eta emaitza eskasekoa litzatekeelako. Aldiz, euskara sarri erabiltzetik gertuen daudenak horretara bultzatzea errazagoa litzateke. Gainera, horiek euskara gehiago erabiltzeak eragin biderkatzailea izango luke gizarte osoan.

Iruzkin hauek zentzudun jokatu nahi duen edonori bururatuko zitzaizkionak baino ez dira: eragileen arteko elkarlana eta lehentasun handieneko helburuak finkatzea.


Irakurri gehiago: Hizkuntza politika Euskara
Hizkuntza politika kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...