Teatroa maitatzeko

"Publikoari gorroto" obraren eszena bat
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Luhusoko estreinaldiaren osteko emanaldi oldearen harian, Usurbilen eskaini zuen Huts Teatroak Publikoari gorroto antzezlan berria. Antzerkizale eguna zen, eta Sutegi aretoa bete zuten zaleen artean antzerkigile ugari zegoen.

Interes biziko lana da Publikoari gorroto, hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin, Ander Lipusen ibilbidean urrats bat gehiago suposatzen du lan honek, Artedrama plataformaren gerizpean Huts Teatroa taldea sortu berri duen heinean. Aspaldian testu berririk ezagutu ez diogun arren, Xabier Mendiguren Elizegiren teatro lan bat da oholtzara eraman dena, euskaraz teatroa idazteko apustua egindako literatura idazle bakanetakoa. Kasu honetan zehazki, are interesgarriagoa egiten du Antonin Artauden esanen eraginpean sortu izanak testua, ankerkeriaren bidetik; teatroari berari buruzko lana da Publikoari gorroto, teatroa teatroaren barruan. Azkenik, lana osatzeko lantalde tekniko eta artistiko anitza bildu da, emaitza estetikoan eragin ederra izan duena; fitxatik izen batzuk ekartzearren, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapuk ausardia eszenikoz egin diote aurre ustezko minimotan mantendu behar den interpretazioa osatzeari. Haiekin batera nabarmentzekoa da Manex Fuchsen zuzendaritza; Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritzen zen Aulki hutsa lanean Lipusek zuzendu zuen Fuchs, eta oraingo honetan rolak aldatu egin dituzte.

Ez da apustu erraza Publikoari gorroto taularatzea. Lehenik eta behin, tituluaz harago publikoari eta are teatroari berari maitasuna adierazteko modu bat delako, teatroaz gogoeta egiten ohituta ez dagoenarentzat arrotza suerta litekeena apika. Teatroa maitatzeko erronka luzatu diote egileek publikoari berari beraz, ez modu errazean: egitura dramatikoari dagokionez ez da ohiko antzezlana, zenbait unetan dagoen umore motak lanean sartu baino, atera egin dezake ikuslea, manifestu itxurako sarreran esan beharreko asko esanak geratzen dira lan osorako, zirkuluan baino ez du egingo aurrera istoriorik gabeko istorioak nolabaiteko in crescendoaren bila. Ezohikoa, eta horregatik beragatik ikusi beharrekoa. Publikook eskertu egiten ditugulako ezeroso sentiarazten gaituzten lanak, kulturak funtsezkoak dituelako ezohiko mundu batean sentiarazten gaituzten obrak: ikasteko, eztabaidatzeko, ikusle gisa hazteko, teatroa eta artea maitatzen jarraitzeko.

Eta funtsean, bada ankerkeria oro hari bakarrean lotu eta ikuslea harrapatzen duen zerbait: Ziarrusta-Tirapu bikoteak obrari emandako interpretazio-orube sendoa, eta Ander Lipusen maisutasuna oholtza gainean. Egileek bete-betean asmatu dute Lipusen ibilbidean arras ezagunak diren karabanako pertsonaiak obraren dramaturgia propioan txertatzen. Testuari sekulako bizitza emateaz gain Lipusen ibilbidearekin guztiz koherentea da hautu hori, zentzu horretan kasik hunkigarria izateraino. Horri lotuta, segur aski eredugarria da aurretik paperean idatzitako testu bati eszenan bizitza emateko duten modua: hitzek lerro artean gorde dezaketena ikusten eta ikusarazten jakin dute une askotan. Teatroa maitatzeko lana da, funtsean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Irrintzi bat ezpataren aurrean

Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean
Nork: Ekida Arte Ekimena.
Noiz: ekainaren 20an.
Non: Azkoitiko Baztartxo antzokian.

------------------------------------------------------------------

50 urte dira Gabriel Aresti euskal idazle marxista hil zela, eta Ekida arte... [+]


2025-07-03 | Ximun Fuchs
Etorkizuna gibelean da

Maiatzean Korsikan egon nintzen topaketa batean, hezkuntza artistikoa eta hizkuntzen irakaskuntza aipagai, gure antzerki taldean hezkuntza eta antzerkia anai-arreba bikiak baitira ekinean. Ikastaroan, luzaz mintzatu ginen linguista batekin, etorkinei frantsesa eta ingelesa... [+]


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Trapu gorria, Arestiren omenez

Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Gabriel Aresti zendu zela, jaio zen hirian bertan, Bilbon. Ziutatearen tristeziak bestelako kolore bat duen garaiotan, belaunaldi berri batzuek Arestiren hitzak goratzeaz aparte, haren esanak gaurko egunetik aztertu dituzte hiri horretan... [+]


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


Amagoia Gurrutxaga eta Ximun Fuchs:
“Sinpatikoak izaten saiatu gara, baina horrek ez digu funtzionatzen”

Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azokak 6. edizioa izango du aurtengoa. Ekainaren 7an egingo da, ohi bezala larunbatez, Baltsan elkarteak eta ARGIA komunikabideak antolatuta. Atarian, sorkuntzaren gibelean dagoenaz mintzatzeko, maiz bistaratua ez den baina zorionez geroz eta... [+]


Icebergaren punta

Putaren bakarrizketa eroetxean

  • Egileak: Franca Rame eta Dario Fo.
  • Itzultzailea: Xabi Martinez De Lezea.
  • Aktorea: Laura Penagos.
  • Noiz: apirilaren 12an.
  • Non: Zizurkilgo Atxulondo Kultur... [+]


Gidoia jarraitzen ez dutenen agertokia

Koiunturak alarma gorria piztu dio euskal antzerkigintzari, eta ez da izango zauririk ez duelako, baina hilzorian al dago? Fokuek zer argitu nahi duten eta zer ez, hori da gakoa. Butakaren noranzkoa, alegia. Oihala zabaldu da eta antolatzaileak eserlekuei begira daude. Lanari... [+]


Eguneraketa berriak daude