Atez atekoa ala erraustegia oztopo?

HAUTESKUNDEETAKO analisi andana irakurtzeko astia hartu duenak, denetarik ikusteko aukera izan du. Beste behin ere argi geratu da beti dagoela lasaiago geratzeko moduko heldu lekurik. Baina puntu batzuekiko kontsentsuak erabatekoak dira eta hori bera ez da gutxi: EAJk irabazi du lasai asko, jaun eta jabe da, baina garai batean baino gutxiago. EH Bilduren emaitzak oso onak dira, Gipuzkoako orban eta guzti; PP eta PSE-EE dira galtzaile handiak, batez ere azken hauek; ETAren ondorengo garaiko lehen Eusko Legebiltzarra azken 30 urteetako abertzaleenetakoa da eta inoizko independentistena; abstentzioak handia jarraitzen du izaten eta ez da ezagutzen boto emaileen herenak hainbat gai garrantzitsuri buruz zer pentsatzen duen.

Ñabarduretara etorrita, jeltzaleek ez dute lasai egoteko arrazoi askorik, 2009ko autonomikoekiko boto beherakada hor dago. Murrizketa legealdia datorkio burutik behera eta artaziei eragiteko PP lagun izatea ez da onena izango bere irudiarentzat. 80ko eta 90eko urteetako esperientzia motxilan du, baina orduan baino estuago ibili beharko du orain, mendebaleko gobernu gehientsuenak bezala. Ikuspegi sozialean EAJ ez da PP, inondik inora, baina murrizketa sasoi gogorretan hala dela erakustea akaso ez zaio horren samurra izango.

Bada esatea, baina seguruenik bere agintaldi korapilatsuena bizitzea egokituko zaio. Eta hobe luke ez sinestea EH Bilduk bere goia jo duela, edo bestela azal dezatela hori diotenek zein zientziatan oinarrituta egiten diren aurreikuspen horiek. Irabaztera doanak sinetsi behar du eta galtzen badu, lehen unean zartakoa hartzea da normalena, kirolean ere bi onenen artean gertatzen den bezala. Zientzia soziologikoak gehiago esaten du EH Bilduk baduela irabazteko aukera, beste herrialde batzuetan bederen hala gertatzen da, batzuetan eskuinak irabazten du eta besteetan ezkerrak.

EH BILDUREN Gipuzkoako jaitsiera (Amaiurrekiko) atez atekoari eta bere gestio txarrari leporatu dizkio pozarren oposizioak. EH Bildun ere askok uste du atez atekoak eragin handia duela. Komunikazio arazoak ere azaleratzen dira, eta horrek badu logikarik kontuan hartuta Gipuzkoan Vocentok duen indar handia. Bilduk pentsa dezake Espainiako orokorrak eta autonomiko hauek hauteskunde mota desberdinak direla eta ez dagoela ezer aldatu beharrik. Edo pentsa dezake abisu motaren bat badagoela eta erantzuten saiatu beharko dela. Zer egin beharko luke?

Seguruenik atez atekoan izan dezake modulatzeko aukerarik: herritarrak seguruago ikusten dituen tokietan aurrera eginez, herri batzuetako prozesuak geldotuz eta beste batzuetan hurrengo legealdira arte atzeratuz. Eta seguruenik hori egiteko arazo gehiegirik ez legoke, erraustegi baten mehatxua gainean ez balego. Baina hor dago, eta horrek dena baldintzatzen du.

Orduan zer? Edo berriz hitz egiten dute serio gaiaz EAJk eta Bilduk, irtenbideren bat adosteko edo bakoitzak bereari eutsi beharko dio. Eta atez atekoak 15.000 milako boto galera horretan eragin handia izan badu, hurrengoan EH Bilduk Gipuzkoa gal lezake. Edo beste batzuek dioten moduan, behin atez atekoa jarrita, jendea ohartuko da –orain arte egin den herrietan legez– oso erraza dela, ahaztuko da eta beste gai batzuk izango dira garrantzitsuak.

PP eta PSE-EEri dagokienez, gobernu kidetasuna apurtu zuten, baina konstituzionalismo itxian kide izaten jarraitzen dute. Nola berreskuratzen dira 100.000 boto? Patxi Lopezek edo bere ordezkoak badute lanik. PSOEk politika sozialdemokratak ditu beren programa politikoetan, baina, Europako sozialdemokrazia gehienak egin duen moduan, politika neoliberal ugari jarri ditu indarrean. Krisia larrutik bizitzen ari diren milaka boto emaile geratu zaie etxean eta horiek ez dituzte berreskuratuko haiek beren interesak defendatzen direla sentitzen ez badute.

Nazio eta elkarbizitza gaietan ere, bada garaia PSOEk 35 urte atzera egin eta XXI. mendean koka dadin, PSC egiten ari den bezala: erabaki eskubidea herriei dagokie eta ez dago, indarrez ez bada, hori gaindituko duen konstituziorik. Bada ordua klabe horietan kokatzeko eta bake prozesuak eman diezaieke horretarako aukerarik, biktima eta presoenari bezala, elkar bizitzari ere berandu baino lehen kosk egin behar zaio eta. Espainiak, azken finean, Europako herri demokratikoenekin homologatzeko aukera historikoa du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude