"Marketin kanpaina iraunkorra da helburua, euskaldunok irudi hobea izan dezagun munduan"

  • Xabi Otero tratulari aparta da, baina bere merkantzia ez dira  foka larruak edo bakailaoak, jakintza gaiak baizik.


2012ko irailaren 30an
Dani Blanco

Baztanekiko lilura nondik datorkizu?

Amaren ama, Maria Ainzoain, Erratzukoa zen. Aitona Andosillakoa zen, baina San Adrianen bizi zenez hara ezkondu zen amona. Askotan uda garaian amonaren baserrira ekartzen gintuzten eta horregatik beti harreman sakona izan dut Baztanekin. Beatriz eta biok aspalditik genbiltzan bizitoki baten bila hemen, eskualde benetan ederra baita. Asko eta asko bilatu ondoren hau aurkitu genuen. Erortzeko zorian zegoen dena, bai dorrea baita etxea ere. Goitik behera berritu behar izan genuen. 1992an etorri ginen bizitzera. Handik gutxira auto istripua izan genuen Ziraukin eta horren ondorioz sei urtez egon nintzen etxean, lan egin ezinean. Etxe honek naturaz gozatzeko aukera ematen digu. Hiri handietatik etortzen zarenean, hemen berehala itzultzen zara zeure onera.

Eta hemen, Jauregizarren, Amaiurko gaztelukoa izandako atea dago…

Bai. Hori esan zidan Jose Mari Esparzak, eta hari Pello Esarte historialariak adierazi zion. Beaumontarra zen etxe honetako jauna, Martin de Ursua. Gaztelarren alde aritu zen Amaiurko gazteluaren setioan 1537an. Hori zela-eta ondorengo urteotako auzi batean hango atea eman zioten sari gisa. Arantzadi Zientzia Elkartekoek aurkitutako agiri batean aipatzen da Doneztebeko errementari bati atea egiteko enkargua eman ziotela 1522an. Egurraren eta burdinaren azken azterketak falta zaizkigu, baina badirudi Amaiurren hilabete batzuk baizik ez eta hemen, aldiz, 500 urte eman dituela ateak. Urte batzuk geroago, 1610ean, azken sorginkeria epaiketetan, herriko zortzi emakume eduki zituzten dorre honetan bertan atxiloturik, sorgin izatea leporatuta.

Nola hasi zinen argazkiak egiten?

Lehen argazkiak amonarekin egin nituen, 7 urterekin, Marokora eginiko bidaia batean. Ordutik beti ibili naiz aitari kamerak hartzen, marrazkiak egiten… 14 eta 17 urte bitartean Londresen bizi ondoren, Madrilen soziologia ikasten hasi nintzen unibertsitatean eta bi urte geroago kazetaritza karrera ezarri berrian matrikulatu nintzen. Garai hartan hasi nituen kolaborazioak prentsa-agentzia eta aldizkarietan eta, era berean, lehenengo bidaiak egin nituen Saharara. Mendi-irteera ugari ere egiten nituen Pirinioetara, Ordesara, Monte Perdidora… urtaro guztietan. 1974koa da nire lehenengo erreportaje serioa Caza Fotográfica aldizkarian, Baztan haranari buruzkoa, eta Julio Caro Barojak egin zion testua. Hurrengo urtean, Afrikara joateko aukera sortu zitzaidan, Mali aldera, eta hara abiatu nintzen. Antropologia ikasi nahi nuen eta bidaia honetan unibertsitatea utzi eta antropologia bertatik bertara egin nahi nuela erabaki nuen. Sei hilabete pasatakoan, Iruñera joan nintzen nire kabuz bizitzera. Pegatinak, afixak eta panfletoak egiten hasi nintzen. Uda horretan Beatriz ezagutu nuen eta handik gutxira Yon Zabaleta marrazkigilearekin Londresera joan nintzen. Sos batzuk ateratzeko platerak garbitzen nituen eta tarteka argazkiak eta marrazkiak ere saltzen nituen. Nire “vasquitos” saltzera Hyde Parkera joaten nintzen jai nuen igandeetan. Urtebete ondoren berriz Iruñera itzuli eta pegatina, afixa eta diskoen azalez gain, argazkiak saltzen nizkien Madrilgo aldizkari batzuei. Natura eta bidaiak ziren nire gaiak. 1978an Punto y Hora aldizkarian eta 1979an Egin egunkarian aritu nintzen. 1980an Etor argitaletxearekin hasi nintzen lanean “Euskaldunak” eta gero “Mendiak” bildumetan. Eta publizitate pixka bat ere egin nuen. Lau hilabetez egon nintzen publizitate etxe batean. Hori izan da nomina izan dudan aldi bakarra. Balio izan zidan arte grafikoen mundua ezagutzeko. Prozesuak ongi menperatzea oso baliogarria izan zait gero nire lanak planifikatzeko.

Hogei libururen egilea zara eta beste 200 bat plazaratu dituzue Txoria Errekan argitaletxearekin azken berrogei urte hauetan. Oihan bat, murgildurik egin zenuen 1984an. Nola sortu zen hura?

Aurreko urtean, 1983an, Kanadara joan eta han National Geographic-en ibilitako argazkilari batzuk ezagutu nituen. Haiei esker argi ikusi nuen nik neuk egin beharko nuela neure liburua, inoiz kaleratuko bazen. Helburua ez zen dirua irabaztea, neure burua ezagutzera ematea baizik. Oso zaila zen zure lanetarako argitalpen interesgarriak lortzea.

Behin batean Photo aldizkarian egon nintzen Parisen, adibidez. Arte arduradunak nire argazkietako batzuk aukeratu eta esan zidan halako berrogei eramanez gero portafolio bat eginen zidatela. Hurrengo urtean hara joan nintzen 200 argazkirekin, eta gauza bera esan zidan hitzez hitz. Orduan konturatu nintzen hori zela gainetik kentzeko mundu guztiari esaten ziotena. Oso mundu zaila da. Hor publikatzen zutenak ziren haien lagunen lagunak. Liburuekin neure lanaren erakusketa iraunkorra publiko mugagabeari eskaintzeko modua aurkitu nuen, baina oraindik ez dut niri gustatuko litzaidakeen liburua egin. Oso zaila da amets hori betetzea.

Zer bilatzen duzu zure argazkiekin?

Arima duten irudiak egin nahi ditut, niri gustatzen zaizkidan gauzak, zerbait transmititzen dutenak eta beti nire gustuko estetika garbi eta koloretsua bilatuz. Jendeak senti dezala zerbait esaten diotela, nahiz eta ez jakin hori zer den zehazki. Askotan irudi horiek lortzeko egin dudan bidaia eta ezagutu dudan jendea emaitza bera baino garrantzitsuagoak izaten dira niretzat.

Beti makina eskura?

Ez beti. Hain zuzen ere, argazki makinarik gabe egin ditudan bidaia batzuetatik gusturago itzuli naiz, irudi horiek plasmatzeko beharrik gabe. Argazkilaritzaz gain beste gauza asko eta asko gustatzen zaizkit: historia, etnografia, margotzea, diseinatzea… Dena egitea gustatzen zait eta saiatzen naiz egiten dudan guztiak barne koherentzia izan dezan.

Antropologian zer interesatzen zaizu?

Lanbideak, laborarien lanak eta halakoak ezagutzea betidanik gustatu izan zait. Kanadako inuitak kanoak egiten edo Maliko zurginak piraguak lantzen ikustea maite dut eta berdin hemengo ikazkinak edo kupela egileak. Erraza egiten zait horretaz gozatzea. Halako pertsona gutxi gelditzen dira egun. Zibilizazio “garatuaren” ertzean bizi den jendea da eta gauzak modu naturalago eta logikoago batez ulertzen dituzte. Gauzak presarik gabe egiten dituzte, hori gustatzen zaielako, zerbaitetarako balio dutelako eta jendearentzako erabilgarriak direlako. Logikoa da. Gainera dena errespetu handienaz egina da. Tasio ikazkina isileko ehiztaria zen eta askotan deitzen zidan animaliei erretratuak egiteko, hil baino lehen. Oso bizimodu naturala zen eta naturala ere animaliak jateko ehizatzea. Ez da gauza bera, adibidez, ehizara joaten dena aspertzen delako. Gauza hauek izugarri lagundu didate beti. Bizitzen jakiteko jakinduria ikaragarria izan dute pertsona hauek eta pena handia ematen dit haiekin batera ezagutza baliotsu hauek galtzeak. Saiatzen naiz zatitxo bat, bederen, gordetzen. Hemen Euskal Herrian ere hori gertatzen ari da ziztu bizian. Azken 40 urte hauetan bizimodua ikaragarri aldatu da eta horrela mundua ez doa toki onera.

Ezkor?

Lehen hauteskundeekin pentsatzen genuen dena aldatuko zela. Urte mordoxka igarota, ikusten dugu kultura gutxiago dagoela, liburu gutxiago saltzen dela, eta gizarte mailako gauza askorekiko errespetu murritzagoa, bizi kalitate urriagoa eta lotura gehiago daudela. Hausnarketa serioa egin behar dugu, horrela ez goazelako aurrera. Uste dut intuizio ona dudala jendea elkartzeko eta gauzak egiteko. Hori egin genuen 2006tik Praileaitz Goi Paleolitikoko aztarnategiaren defentsan aritu ginenean, eta berdin orain Atlantiar ideiarekin.

Atlantiar: giza arrastoa Europako ertz atlantikoan. Bizkaiko Golkoaren inguruko lurraldeak. Halako izena zeraman maiatzean Irunen eginiko kongresuak. Zer da ekimen hau?

Duela bost urte Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsa sortu genuen. Marketin kanpaina iraunkorra egitea da gure helburua, euskaldunok irudi hobea izan dezagun munduan eta munduak gurean eragin positiboa izan dezan.

Ikerlari eta egile asko ezagutu ditut nire joan-etorrietan. Horregatik pentsatu genuen oso interesgarria izan zitekeela jende hau guztia biltzea haien ikerlanen berri emateko bai elkarri, bai guri ere. Ikerketa anitz norabide berean doazela ikus dezakegu: genetistak, esate baterako, esaten ari dira Paleolitikoko adierazlerik garrantzitsuenak euskaldunak direla; hizkuntzalariak, euskara duela 20.000 urte edo gehiagotik hitz egiten dela; historialariek diote euskaldunak Ipar Ameriketara iritsi zirela Colon baino lehenago edota gure leizeetako horma irudiak biziki garrantzitsuak direla Europan. Oso gauza onak dira eta haiek esatea oso komenigarria guretzat, euskaldunok  besteen aitortza behar dugulako. 

Jakintza alor desberdinetako ehun bat aditurekin ari gara lanean eta buru-belarri ari dira. Lagun arteko giroan hitz egiteko aukera ematen diegu guk, besterik ez. Hartu-eman hauen lehenbiziko emaitzak ikusten ari gara jada: hitz egiteko modu batzuk aldatzen doaz hainbat gairi dagokionez. Horrela, euskaldunez mintzatzen hasi dira eta ez franko-kantauriarrez edo Iberiar Penintsulako biztanleez modu abstraktuan. Atlantiar ekimenaren zeregina lau kongresutan banatzeko asmoa dugu: lehena maiatzekoa izan zen, Historiaurreari dagokiona, eta ondoren beste hiru etorriko dira aro garaikidera arte.

Batzuek mesfidati begiratuko diote ekimen honi, independentzia aldarrikatzeko argudioak ekar ditzakeelakoan.

Hori da haiek daukaten arazoa, ez dakit genetikoa edo nolakoa. Logikoena da norberak bere historia ezagutzea eta ezagutaraztea. Hori da kongresuetan azaldu nahi duguna. Epaitu baino lehen, entzun lehenbizi. Espainiako Estatuan zazpi Nobel saridun izan dira, bat euskalduna, Ramon y Cajal, eta 317 Britainia Handian. Zerbait gertatzen da. Hezkuntza sistema huts egiten ari da. Kanadan, Ingalaterran edo Danimarkan halako gaiak planteatzen dituzunean “goazen ikustera” esaten dute. Hemen, aldiz, “ez da posible”. Kanpoan ideiak izatea baloratzen dute, baina hemen ez. Nazkatuta nago espainiar nazionalismoak sorrarazten duen estutasunaz. Utzi bakean eta ez aritu denbora guztian komunikabideetan, kalean… esaten zer zaren edo zer ez zaren. Astunak dira gero! Ideiak argi ditugunok badakigu zer garen eta non bizi garen. Baina jende asko larrituta bizi da. Presio ikaragarria jasotzen dute medioen aldetik. Ongi egiten badugu, jende horri lagunduko diogu ideiak argitzen.

Eta Kanadako indigenekin zertan ari zarete?

Oreina Urkian Kanata abian den proiektu bat da, euskaldunak eta Kanadako Lehen Nazioen arteko harremana sustatzeko. Iazko irailean Jauzarreak eta EHUko BIOMICS ikerketa taldeak kongresua antolatu zuten Bilbon. Hango adituak eta bi buruzagi indiar etorri ziren eta nik duela gutxi beste bidaia bat egin dut hara Abenaki, Innu, Huron, Cree, Mik’maq eta Mohawk-ekin egoteko. Hemendik bi urtera liburua aterako dugu azken 500 urteotako harremanei buruzkoa.

Nortasun agiria

Xabi Otero Muerza (San Adrian 1953ko irailaren 30a). Argazkilari, margolari, diseinu egile autodidakta. Umetatik toki anitzetan bizi izan da: Italian, Madrilen, Londresen, Iruñean… eta bere interesak beste leku askotara ere eraman ohi du, Malira, Saharara eta Kanadara, besteak beste. Toki guztietatik jendearen erretratuak eta bazterren irudi erakargarriak ekartzen ditu. Duela hogei urtez geroztik Beatriz eta bera Baztanen bizi dira, Jauregizarren, Arraioz herriko dorretxe eder batean. Handik maiz ateratzen da hamaika proiektutarako irudi eta kontaktuen bila. Azkena, Europa eta Kanadako ertz atlantikoan euskaldunen arrastoak jarraitzea, historiaurretik gaur egunera artekoak. Horretarako, ezagutzen dituen ikerlari eta pentsalariak harremanetan eta lanean jartzen dihardu azkenaldi honetan.

Senideen bila

“Atlantiar egitasmoarekin ertz atlantiko europar osoko herriak inplikatu nahi ditugu gure senide genetikoak direlako: bretoiak, kornuallestarrak, galestarrak, irlandarrak, eskoziarrak… Eta Atlantikoaren bi ertzak ere lotu nahi ditugu, 5.000 urtez izotzezko zubi batek egin zuen modura”.

Euskal Herria is different

“Euskal Herria GKE, odol eta organo emaile, misiolari, nazioarteko elkartasun mugimendu eta gai sozialetan aritzen diren talde gehien dagoen tokietako bat da munduan. Zerbait dago. Jende saiatu eta ekintzailea gara, baina irudi hori transmititzea falta zaigu”.
 

Euskara

“Euskara oso hizkuntza polita da eta izugarri gustatuko litzaidake jakitea, baina ez diot behar duen denborarik eman. Asko kostatzen zait ikastea eta uste dut orain indarrak jarri behar ditudala egiten ari naizen honetan, gizartearentzako, oro har, onuragarria izanen delakoan. Nire ustez, datozen belaunaldiek hitz egiteko aukera izan dezaten dena prestatzen laguntzea garrantzitsuagoa da orain nik hizkuntza ikastea baino. Euskara gure nortasunaren ikur handiena da, baina euskal kultura da ingurunea ematen diona. Ez da nahikoa euskaraz hitz egitea. Nestor Basterretxeak zioen: ‘Nik ez dut euskaraz hitz egiten, baina nire eskulturek bai’. Baina zer da euskal kultura? Euskaraz egiten dena? Eta argazkiak, margolanak… Egileak euskaraz hitz egiten badu euskal kultura da eta bestela ez? Horretaz hitz egin beharko litzateke luze eta sakon. Gaur egun lanean egon zitekeen jende asko uxatu egin da eta urruti mantentzen da lotsagatik. Eta guri kontrakoa interesatzen zaigu: pertsonak gurera biltzea. Euskal kultura egin daiteke edozein hizkuntzatan izanda ere”.
 

Etorkizuna

“Lan hauen emaitzak oso onuragarriak izan litezke etorkizunean, euskara gizateriaren ondare izenda dezaten, adibidez. Legeen aldetik babes handiagoa izanen luke horrela eta hari trabak jarri nahi dizkiotenek arazo gehiago izanen lukete, bederen”.
 


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude