"Itzultzaileak itota dabiltza, parlamentariak barra-barra hasi dira euskara erabiltzen"

  • Inma Errea (Iruñea, 1960) urtetan aritu zen kazetari lanean. Erredakzioko presak, azaletik lan egiteak eta telebistan ikusgarritasuna gailendu izanak ez zioten grazia handirik egin. Hizkuntza barrenagotik bizi nahi zuen eta akordatzerako itzultzaile eta interprete zen.

Errearen inpresioa da politikari batzuen euskararekiko jarrera oso errotik bizi dutena dela, ez dela kalkulu estrategiko-politikoaren emaitza, baizik eta ezinikusiarena.
Errearen inpresioa da politikari batzuen euskararekiko jarrera oso errotik bizi dutena dela, ez dela kalkulu estrategiko-politikoaren emaitza, baizik eta ezinikusiarena.

Iruñeko Udaleko lehen itzultzaile-interprete postua zuk eskuratu zenuen 1997an. Zerekin aurkitu zinen?

Bizpahiru karpeta lodirekin aurkitu nintzen, paperez betetakoak, itzulitako gauzak. Erronka polita zen, dena asmatu behar nuen, zer egin, nola lan egin... Eta lan bakartia zen, nahiz eta euskara teknikaria hor zegoen.

Ni lanean hasi nintzenean herritarrek euskaraz bidalitako eskariak alkateak gaitu zuen administrari euskaldun batek itzultzen zituen. Ez zioten gehiago ordaintzen lan horregatik.

Euskararen kudeaketarekiko nolako giroa zegoen politikarien artean?

Aldiak egon dira. Ni sartu nintzenean tripartitoa zegoen [CDN-PSN-Ezker Batua] eta bazegoen irekitze moduko bat. Guretzako bazen jarrera aldekoago edo irekiagoa. Gero etorri ziren garai gogorrak. Ni lanean hasi eta bi urtera-edo hauteskundeetan Yolanda Barcinak irabazi zuen. Gure lana nahiko teknikoa da, baina nabaritu genuen izugarrizko mesfidantza. Batzuetan ematen zuen ez zigutela eman nahi informazio guztia itzuli ahal izateko. Gu euskaldunak ginen eta itzultzaileak [ordurako hiru itzultzaile zeuden], baina arlo teknikoan ez zen ulergarria ezta onargarria ere haien jarrera. Saiakera bortitza izan zen euskara desagerrarazteko toki guztietatik. Ematen zuen ez zutela ikusi nahi euskarazko ezer inon.

Mespretxua al zen?

Mespretxua baino gehiago ezinikusia, arbuioa. Mesfidatiak ziren eta errealitatea ukatzen zuten. Gero, halabeharrez, poliki-poliki aldatu ziren gauzak. Hala ere, segi dute kale izenak gaztelaniaz bakarrik jartzen, auzitegiak kontrakoa esan arte tematzen dira.

Iruñea zonalde mistoan dago eta euskarak bere legea du.

Udaleko ordenantzak hala badio, bete egin behar da. Izan ditu hiru aldaketa murriztaile eta laugarren bat zabaltzera egin duena, baina gero ez dute betetzen. Ez dut ulertzen jarrera hori. Politikoki ez dakit zer mozkin emango dion inori. Inpresioa daukat badela zerbait oso errotik bizi dutena, ez dela kalkulu estrategiko-politiko baten emaitza, baizik eta ezinikusiaren emaitza.

Ez da arrazionala?

Horixe. Inpresio hori izan dut askotan. Esate baterako, ni, pentsatzen dudana pentsatzen dudala, lanean ari naizenean itzulpengintzan ari naiz, eta modu arrazionalean lan egiten saiatzen naiz. Batzuk galdetzen dizute: “Aizu, hau ele bitan jarri behar da ala ez?”. Aizu, ordenantza hor dago, guk ez dugu gure iritzia eman behar.

Idatzizkotik ahozkora jauzi eginda, osoko bilkuretan egoera zer da, gordinagoa?

Izan dira urteak alderdi politiko batzuek, batez ere batekoek, gure itzulpena entzuteko entzungailuak erabiltzen ez zituztenak.

Alegia, euskaraz ari zen zinegotzia gaztelaniaz entzuteko...

Garai gogorrenetan, protesta gisa ez zituzten jartzen entzungailuak, adibidez Euskal Herritarrok-ekoak hitz egiten ari zirenean.

Zenbateraino egiten dute zinegotziek euskaraz osoko bilkuretan?

Gero eta gehiago dira euskaldunak, oposiziokoak eta oposiziokoak ez direnak. Ni sartu nintzenean esate baterako, bazen bat CDNko euskalduna, Adarraga hernaniarra, eta noiz edo noiz egin zuen euskaraz. PSNko jendea ere izan dugu, eta euskal alderdietakoak. Gero eta gehiago dira, baina horrek ez du esan nahi euskara gehiago erabiltzen dutenik bilkuretan. Nik uste dut nolabaiteko beldurra dutela.

Euskaldunak bai, baina ez dira ausartzen euskaraz egiten?

Ez dira ausartzen edo iruditzen zaie zuzenago komunikatzen dutela gaztelaniaz, uste dute bizitza pribatuan ongi moldatzen direla euskaraz, baina diskurtso politikoa egiteko beste ez dakitela. Batzuetan pentsatzen dut mesfidantza dutela, ez gurekiko, baina bai itzulpengintza sistemaren funtzionamenduarekiko.

Nafarroan ari gara, Iruñea aldean, jende asko euskaldunberria da. Ni ere euskaldunberria naiz. Horrek ez du galarazten berez ezer, baina sentipena subjektiboa izan daiteke.

Beraz, zuk esan duzuna: gero eta euskaldun gehiago bai, baina erabilera ez da areagotu.

Parlamentuko itzultzaileek gauza bera esaten zuten, baina legegintzaldi honetan itzultzaileak itota daude, euskara barra-barra erabiltzen hasi direlako politikariak. Gurera ez da iritsi oraindik uhin hori. Hau irakurrita, igoal hemendik urtebetera gurean ere hasiko dira euskaraz.

Hitz batek zenbat lan!

Iruñeko Udalean itzultzen aritzeaz gain, aisialdian ere egin du hainbat itzulpen Inma Erreak. Besteak beste, Haserretu zaitezte eta Ekonomialari harrituen manifestua (Denonartean argitaletxea) itzuli ditu. “Ez dira panfletoak, baina hortik hurbilago daude literatura klasikotik baino. Unean uneko gai urgenteak dira nolabait esatearren, bizi garen egoeran oso aproposak”. Eta garai honetakoak izaki, azkar itzuli behar, nahiz eta hitz bakar batek buruko minak sor ditzakeen.

“Manifeste d’économistes atterrés itzultzerakoan atterrés hitzarekin gorabeherak izan genituen. Fernando Rey itzultzailearen iritziaren kontra harritu hitza erabili nuen. Uste dut biok genuela arrazoi partea. Gaztelaniazko itzulpena lehenago atera zen eta aterrados itzuli zuten. Nire ustez, ekonomialarien esanak irakurrita, izututa baino harrituta zeuden haiek. Ez dakit zenbat kontsulta egin nituen. Azkenean, izutu hitza erabiltzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta harritu aukeratu nuen. Harriduraren isla perfektua orain Espainian gertatzen ari dena da. Izua baino gehiago ezin sinetsia da”.

Merezi al du itzultzeak?

“Edozein hizkuntza izanda ere, komunikazioa beti da onuragarria. Gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea edo betebeharra daukagu. Etortzen baldin bada errusiar bat esaten dugu: ‘Honi itzuli behar diogu’. Bale, baina euskaldunekin, katalanekin edo galegoekin tranpa egiten da. ‘Zertarako itzuli? Egiten ahal du gaztelaniaz!’. Hori bera esaten dutenak joaten dira Estatu Batuetara eta han errebindikatzen dute gaztelania kontuan hartzea. Kontraesana da. Han ingelesek gaztelania kontuan hartzea nahi duzu eta hemen ez, hemen zuen menpean daudenek gaztelaniaz egin behar dute. Kontu horiek ez dira hizkuntzaren alorrekoak baizik eta politikoak.

Bestalde, hizkuntzen arteko zubiak lortzeko egiten dena garesti edo merke izan, demokraziaren aldekoa da. Nahiago dut neurri horiek hartzea eta kolokan jartzen dut, esate baterako, kongresuan jakuzzia izatea. Uste dut demokratikoagoa dela hizkuntzen arteko zubiak egiten gastatzea jakuzzietan baino”.


ASTEKARIA
2012ko irailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


Eguneraketa berriak daude