Zein patrikatik atera zen dirua?

  • Bizkaiko familia ezagun eta garrantzitsu batzuek eta zenbait euskal erakundek –bereziki, Nafarroakoek– aktiboki finantzatu zuten errepublikaren aurkako altxamendu frankista. Jose Angel Sanchez Asiain bankari ohiak erakutsi du hori La financiación de la guerra civil española izeneko lanean.

Karlistek gerra aurreko urteetan armak inportatu zituzten ezkutuan Nafarroara eta gordelekuetan bildu zituzten. Nazioartean armak erosteko dirua Mussoliniren Italiako Gobernuak utzi zien.
Karlistek gerra aurreko urteetan armak inportatu zituzten ezkutuan Nafarroara eta gordelekuetan bildu zituzten. Nazioartean armak erosteko dirua Mussoliniren Italiako Gobernuak utzi zien.

Francoren 1936ko altxamendu militar kolpezaleari erreferentzia eginez, honela dio egileak: “Nafarroaren, Marchen eta Portugalen finantzaketarik gabe, altxamendua ez zen aurrera aterako; aste gutxitan desegina izango zen”. Hogei urtez ikertzen aritu ondoren, hori da BBVAko presidente izandako euskal katedradun, ekonomialari eta bankariak ateratako ondorioetako bat. 1.309 orrialdeko liburua atera du berriki, Crítica argitaletxearekin, La financiación de la guerra civil española izenburupean. Liburuak ikuspegi orokorra jasotzen du, kolpezaleen eta errepublikarren ekonomia eta finantzak benetan zer-nola gauzatu ziren azaltzeko. Lan zabal horretan, beraz, bi aldeen finantzak aztertzen ditu, bai eta bankuen eta kutxen egitekoa, errepublikarren eta frankisten diru bilketak, eta Kataluniaren eta Euskal Herriaren independentzia finantzarioa.

Sanchez Asiainek azpititulu hau gehitu dio lanari: Hurbilketa historiko bat. Berak dio urteetan bildutako eta kontrastatutako materialak garraiatzea baino ez dela izan azken batean, eta zenbait gogoeta egitea, bere hitzetan, gogoeta pertsonalak, oso pertsonalak ere izan daitezkeenak. Gogoeta horiekin, Espainiako Gerra Zibila ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik nolakoa izan zen sakondu nahi izan du egileak. Bereziki azpimarratzen du hurbilketa historiko bat dela, jakitun baita galdera gehiegi daudela, fenomeno beraren ikuspegi eta egoera gehiegi... Baina, bere ustez, ekarpen eta informazio berriak inoiz ez daude sobera historian, “zer gertatu zen” argitzeko. Horregatik, bankari ohiarentzat, ez dira behin betikoak gerra zibilaren finantzaketari buruz egin dituen azterketen emaitzak, eta horrenbestez, informazioa duen jendeari informazio hori jakinarazi diezaion eskatzen du, bere lana amaitu ahal izateko.

Espainiako Bankuko lehen eskuko agiriak

Sanchez Asiainek ematen duen informazioak oso iturri fidagarriak ditu. Orain dela mende erdi hasi zen garai hartako Banco de Bilbaon, Ikasketa Zerbitzuko arduradun. Bere zuzendariak, gerra zibilean Espainiako Bankuko aholkulari izandakoak, zenbait agiri utzi zizkion. Agiri haietan ikusi ahal izan duenez, ekonomiaren normaltasuna eten egin zen 1936 eta 1939 bitartean: bi pezeta, bi Espainiako Banku, bi inflazio prozesu eta gizartea ulertzeko bi modu, guztiz kontrajarriak. Bankari ohiaren ustez, “laborategiko kasu bat da, inondik ere”. Finantza munduan gero eta ardura handiagoak hartzen ari zen, baina Sanchez Asiainek ez zion gaia aztertzeari utzi. Espainiako Historiaren Errege Akademian sartu zenean ere, gai horri buruzkoa izan zen sarrera hitzaldia: La banca española en la guerra civil (Banka espainiarra gerra zibilean).

Bankari ohiak material bikaina izan du eskura: gerra garaian bulegoetako arduradun izan ziren 150 pertsonari egindako elkarrizketa grabatuak, BBVAren artxiboak –erakunde horretako presidentea izan zen zenbait urtez–, Ekonomia Ministerioarenak, Zientzia Moralen Akademiakoak eta Espainiako Unibertsitatearen Fundazioarenak.

Zenbat kostatu zen gerra?

Egileak ez du zifrarik eman gerra zibilaren kostuez, baina ez du baztertzen etorkizunean ematea, horretaz ikertzen baitabil oraindik. Edonola ere, balorazio orokorra egin du: “Errepublikak gerra zibila ordaindu zuen, iraganean aurreztutakoarekin –Espainiako Bankuan gordetako urrea–, eta Francoren Burgosko gobernuak finantzatu, etorkizuneko aurrezkiekin –kanpo zorpetzea–”. Asiainek esan izan duenez, bi aldeek jaso zituzten bai borondatezko ekarpenak (harpidetzak), bai gogoz kontrakoak ere (konfiskatzeak), Ramon de la Sota euskal errepublikazaleari gertatu zitzaionak erakusten duenez.

Ezohiko gerra zerga Nafarroan

Nafarroako Foru Aldundia “armadaren eta herriaren nazio askapenerako mugimenduaren” zerbitzura zegoen, eta oso garrantzitsua izan zen gerra zibilaren finantzaketan. Zergak ezartzeko eta dirua biltzeko ahalmena zuenez, Aldundiak kontrolatzen zuen Nafarroako Ogasuna. 1936ko abuztuan, Aldundiak ezohiko gerra zerga ezartzea erabaki zuen, altxamendu frankistaren gastuak ordaintzeko. “Ezohiko izaeraz” zergapetzen zituzten “kapitalak sortutako errenta eta diru sarrera garbiak, edonolakoak zirela ere, denetariko ordainsariak, dirutan zein gauzatan izan –norberaren lanaren ondorio zirenak–, eta merkataritza sozietateetako edo elkarteetako kapital fiskalak edo horien parekoak”. Zerga oinarriei derrigorrezko kuota jakin bat ezartzen zitzaien, kasuan kasu: %6koa, 3.000 eta 6.000 pezeta bitarteko zenbatekoetarako, eta %50ekoa, 300.000 pezetatik gorako oinarrietarako. Zerga ezarpena orokortzeko, urtean 100 pezetako kuota finkoa ordaindu behar zuten zerga horretatik salbuetsita gelditutako Nafarroako gizonezko guztiek, salbu eta 18 eta 28 urte bitarte izanik armadako zerrendan edo miliziaren batean boluntario izen emanda zeudenek.  

1937ko urtarriletik 1938ko martxora bitarte, ezohiko gerra zergari esker 12,5 milioi pezeta bildu ziren. Nafarroako Aldundiak, gainera, beste gerra zerga batzuk ezarri zituen: ikuskizunetakoa, tabakoarena eta gerrako diru-laguntzak eta arretak emateko zerga. “Gerra zerga” horiekin, 13.942.813,12 pezeta bildu zituen, 1937 eta 1941 bitartean. Nafarroak altxamendu frankistaren alde egin zuen ahalegina ulertzeko, aski da adieraztea Nafarroan 1936. urterako aurrekontuetan aurreikusitako zerga guztien zenbatekoa 18.903.519 pezetakoa zela eta Nafarroaren gastu partidarik handiena Estatuari zuzeneko kontribuzio bidez ematen ziona zela, 1927ko hitzarmenari jarraiki: sei milioi pezeta.

Aldundiak, altxamenduari laguntzeko eta “erlijioa, bake materiala eta gure askatasun foralak babesteko”, maileguak eman zizkion Mola jeneral militarrari, hiriko buru militarra zenari eta altxamenduaren gakoetako bat izan zenari; horrez gain, boluntarioen familientzako diru-laguntzak sortu zituen, eta herritarren artean harpidetzak egin zituen probintziako soldaduentzat.

Armak, karlisten etengabeko kezka

Karlisten ekarpena –Nafarroa izan zen haien zutabeetako bat– ezinbestekoa izan zen altxamendu kolpezalea garatu ahal izateko. Sanchez Asiainek dioenez, karlisten kezka nagusietakoa armak nola eskuratu izan zen; haiek erosi, eta Euskal Herriko gordetegi ezkutuetara eramaten zituzten, edo bestela, Portugalera garraiatzen zituzten. 1936ko ekainean, karlistek gerrako material asko erosi zuten atzerrian, Mussolinik utzitako diruarekin. Javier de Borbon eta Fal Conde izan ziren horren arduradun. Zugarramurdiko, Bertizko eta Aezkoako mendiak eta Pasaia izan ziren armak garraiatzeko igarobide nagusiak, eta gero, Berbintzanara, Corellara eta Cascantera eramaten zituzten. Armak eskuratzeaz gain, fabrikatu ere egin zituzten karlistek. Besteren artean, esku bonbak egin zituzten Caparrosoko eta Mañeruko lantegi txikietan. Eta Traibuenasen, arma gordetegi handi bat sortu zuten.

Arriluce de Ybarrako markesa, diru biltzaile

Asiainek egindako ikerketaren arabera, 1932ko irailaren amaierarako, hasiak ziren baliabide ekonomikoak biltzen, errepublikaren kontra borrokatzeko. Dirua biltzeko batzorde bat eratu zuten. Atzerrian, Andeetako kondea izan zen batzordeko buru, eta Espainiako Estatuan, Arriluce de Ybarrako markesa. “Zerga ordaintzaileen” zerrendan, euskal familia ezagunak ageri dira: Jose Luis de Oriol (milioi bat pezeta); Juan Tomas Gandarias (250.000 pta.); Urkijoko markesa (250.000); Zabalbururen alarguna (250.000 pta.); Garay (250.000); Zubiriaren alarguna kondesa (200.000); Arestiko kondea (200.000); Txabarriren alarguna (200.000); Txabarriko markesa (200.000); Trianoko markesak (100.000); Agirre (300.000); Arriluce de Ybarrako markesa (500.000). Behartuta edo euren borondatez, milioika pezeta atera ziren Euskal Herriko dirudunen poltsikoetatik Francori laguntzeko.

Ramon de la Sotaren ondasunak

Altxamendu frankistak, edonola ere, ez zuen dirua Nafarroatik, March etxekoen eskutik eta atzerritik soilik bildu. Jurisdikzio berezi bat ere baliatu zuten, erantzukizun politikoena, hain zuzen, 1939ko apiriletik aurrera ere luzatu zena. Kasu paradigmatikoa da Ramon de la Sotaren familiarena. Errepublikarekiko leial, Euskal Herriko aberastasun handienetakoa zuen.

Ramon de la Sota 1938an hil bazen ere, haren eta haren familiaren aurkako espedienteek irekita jarraitu zuten. 1938ko urtarrilean, Ramon de la Sotari –ordurako, hila– eta haren semeei isun ekonomikoak ezarri zizkieten. Aitari 100 milioi pezetako isuna ezarri zioten; hiru semeei, berriz, 100, 80 eta 60 milioikoak. Ilobetako bati 20 milioikoa ezarri zioten. Haiez gain, zigortu egin zituzten Sotaren alarguna, alabak, errainak eta suhietako batzuk. Guztira, 13 pertsona. “Zenbatekoei dagokienez, agintari frankistek Espainia guztian ezarritako isunik handienak izan ziren”, dio Sanchez Asiainek. Eta horrez gain, dio isun horiek irmoak zirela, eta ez zegoela haien aurka errekurtsoa jartzerik. Akusatuek 15 egun zituzten isunak ordaintzeko. Bestela, haien ondasun guztiak Estatuarentzat izango ziren. Sotatarrei, ordea, ez zieten ebazpena pertsonalki jakinarazi, hilda edo ihes eginda baitzeuden, eta ebazpena ez zen argitaratu ez Espainiako Boletin Ofizialean ez Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ere.

1935ko abenduaren 31ko balantzearen arabera, Ramon de la Sota Taldearen ondasun higiezinek 35,3 milioi pezetako balioa zuten. Eraikinei dagokienez, besteak beste honako hauek konfiskatu zizkioten: Ibaiganeko jauregia, gero Bizkaiko Gobernu Militar bihurtua eta egun Athleticen egoitza dena, eta beste eraikin batzuk, Bilboko Mazarredon eta Kale Nagusian. Enpresak 4,7 milioi pezetako balore zorroa zuen, eta gainera, 1,2 milioi zituen taldeak kreditutan. Guztira, 41,2 milioi pezeta. Taldearen funts propioak 10,7 milioi pezetakoak ziren. Bestalde, De la Sotak partaidetzak zituen Bizkaiko 447 sozietate anonimotan. Hau da, aberastasun izugarria zuen familiak, orduko milioi pezetak oraingo milioi euroekin konparatzen dakienak ikus dezakeenez.

Bilbon ireki zioten Ramon de la Sotari espedientea, 1937ko ekainaren 19an, hiria Mola jeneralaren eskuetan erori eta egun gutxira. Eta 1966an indultua eman zitzaien arte iraun zuen. Ramon de la Sota semea eta haren anaiak, Alejandro eta Manuel, prozesatu egin zituzten. Behin-behineko askatasuna eman zieten, baina enpresa kontseiluetako eta gerentziako karguetan egotea debekatu zitzaien. 1982an, berriz, ezarritako isuna gauzatzeko Estatuak 1940ko hamarkadan bereganatutako ondasun guztiak berreskuratu ahal izan zituzten, Konstituzio Auzitegiaren epai baten ondorioz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean

Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.


Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Eguneraketa berriak daude