Erregerik gabeko erresuma amets

  • Gogo duenak ikasi eta ekiten du lema antzeman dugu amaiurtarren hitzetan. 1512an erori zen Nafarroako Erresuma. Amaiurtarrek 1522ra arte eutsi zioten Gazteluari. 2012. urtean Haien ametsa gurea da ikuskizuna eratu dute, Pier Paul Berzaitz zuberotarren eskutik.

Dominique Espil eta Pier Paul Berzaitz. Amaiur 2012 ikuskizunaren eragilea eta sortzailea, hurrenez hurren.
Dominique Espil eta Pier Paul Berzaitz. Amaiur 2012 ikuskizunaren eragilea eta sortzailea, hurrenez hurren.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Amaiur 2012. Haien ametsa gurea da. 1512an desegiten hasi zena 2012an berregiten ari dira: “Hor, goian zegoen Gazteluko azkeneko bizilagunek Nafarroako Erresuma defendatu zuten, haien ametsa galdu zen, eta gurea amets hura berreskuratzea da”. Horrela mintzatu zaigu Gaztelu Elkarteko buru Juan Mari Aleman amaiurtarra.

Alemanek eta Kike Otaegi donostiarrak abegi ona egin digute Amaiurren (Nafarroa Garaia). Amaiur 2012 ikuskizunean parte hartuko duten dantzariak, musikariak eta hauen zuzendariak agurtu ditugu Gure Ametsa frontoian: Pier Paul Berzaitz, Dominique Espil, Edu Murumendiaraz, Karlos Gimenez, bertzeak bertze. Entseatzen utzi ditugu. Alemanek eta Otaegik Cicerone lanetan aritzea onartu digute. Amaiurren gaindi abiatu gara.

Ikuskizuna jokatuko den lekuan gaude honezkero, Arretxe etxalde aurreko zelaian. Anfiteatro natural moduko bat da. Harmailak soroan paratuko dituzte eta eszenatokia Arretxe aurrealdean. Ekitaldirako aldagela gisa erabiliko duten etxea Urrutia familiarena da: “Auzolanean ari gara. Bolondres lana da gurea. Herriko zurgina arduratuko da honen guztiaren muntaketaz” dioskute bidaideek.

Amaiurren 250 bizilagun dira. Nekazaritzak badu munta handia. Errate batera, hiru nekazari txiki elkartu dira berriki eta kooperatiban dihardute. Ardien joareak entzuten ditugu ondoko larreetan, artzaintza bizirik dago: “...eta abertzaletasuna ere bai. Amaiur plaza gorria da... Udalerri propioa geneukan, baina orain Azpilikuetan dugu gure batzartokia. Azpilikueta azula da, nolabait”, dio Alemanek. Amaiurrek aspaldi galdu zuen herri kategoria. Baztan udalerrian dago egun. Hamabost herrik osatzen dute udala, Elizondo izaki plaza nagusia. Bertan dago Udaletxea: “Hauek denak hidalgoak hituen, ikusi etxeak eta armarriak” gehitu du Kike Otaegik. Aspaldiko kontuak dira horiek inondik ere, badira berriagoak horratik.

Borda Jauregia ondoan gaude, 1702an eraikia. Armategi nagusi izan zen XX. mendean, eta Guardia Zibilaren koartela 1996ra arte. 2005ean Kataluniako elkarte batek erosi zuen hotela bihurtzeko asmoz. Hotela da, baina itxita dago. Garai berean espainolen base militarra egon zen Amaiurren: “Iragan mendearen erdialdean, iparramerikarren eskutik base militarra ezarri zuten Gorramendin, Marshall Planaren garaian. Francok autarkia hautsi zuen AEBek lagunduta. Rota eta Torrejoneko baseak ere ezarri zituzten; erradar handiak zeuden hemen. OTAN tarteko, frantsesak libre antzean zebiltzan nonbait eta Frantzia kontrolatzeko ekimen estrategikoa izan zen mugaldeko basea. SESBeko Nikita Khrustxevek Gorramendiko basea aipatu zuenNazio Batuen Erakundean, pentsa”. Baseak ekonomiari ez omen zion deusik ekarri, alabaina, bertako gazteek soldadutza bertan egin zuten luzaz. 1975ean, Franco hiltzean, bertan behera geratu zen basea. Trantsizio garaia hasi zen.

Gaztelura bisita

Elizondo eta Urdazubi lotzen dituen errepidea –Atsondo mendigaina tarteko– dago gure ezkerraldera. Gaztelu bidean goaz, herria erdibitzen duen karrika nagusitik, aldats goiti: “Erdiko karrika honen modukoak pasabideko herri inportanteetan daude. Herria bi zatitan eraikita dago, karrika bide ardatza izaki. Bideak mugara eramaten zaitu berehala”. Segura herriak ere badu halako tipologia –Gipuzkoa eta Nafarroa artean–. Gaztelatik Europara zetozen bideak dira. Transakzio ekonomikoak egiten ziren herriotan.

Ermita ttiki batean gaude, aldirian. Ezkerrean, gorago, Gaztelua dago. Gaztelu Elkarteak ermita berritu du auzolanean. Bertatik hasten dira bisita gidatuak, elkarteko kideen eskutik. Amaiur Gazteluaren maketa berria begiztatu dugu, baita hamaika historia liburu ere: “Gaztelua horrela ageri da azken indusketen ondoren. Dena den, indusketak egin ahala eraldatzen joan daiteke. Dokumentazio berria agertuz gero, harresi bat edo bertze aldatzen dute”. Ermita ez da erabiltzen ekimen erlijiosoetarako jada. Sakristia almazena da”. Jimenez Jurío, Pedro Esarte, Tomás Urzainqui eta beste historialariaren lanak daude. Maia herri izenaz galdetu diogu Alemani: “Amaiur euskaraz eta Maia erdaraz? Ez da errana Maia erdara denik, Jimenez Juríok hori zioen bederen”. Bitxikeria, bertan dagoen birjina da, katalana. Soldaduska bertan egin zuen katalan batek ekarria. Herriko sarrerako arkuan zegoen. Obretan ari zirela hautsi zuten. Berreskuratu eta moldatu ondoren ermitara ekarri zuten: La Moreneta birjina.

Gaztelu inguruan gaude dagoeneko, harresi aurrietan. Indusketa planoak seinalatzen du tokia. Gaztelu Elkarteak sustatutako lanetako bat da. Zazpigarren indusketa kanpaina da aurtengoa, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutikoa. Logoa eta planoa ageri dira horma-irudian. Indusketaren baimena izateko Vianako Printzea Erakundearen izapideak bete behar ditzute urtero. Gobernuak ez ohi du baimena uztailaren azken eguna arte ematen: “Indusketa arkeologikoetan badago tirabira latza Aranzadi eta Nafarroako instituzioen artean. Iruñeko Gaztelu Enparantzan indusketa egin zenean desadostasun izugarriak sortu ziren”. Oztopoak izaten dira, urtetik urtera berritu behar baitute baimena. Lana beti motel doa, sosa beti urria baita. Halere, aurten ere, etorriko dira laguntzeko boluntarioak. Aurkikuntza dezente izan da orain arte.

Amaiur Gazteluan

Gazteluan gaude, Baztan harana gure begietan ageri: Arizkun herria parean dugu. Ezkerrera, mendien ostean, Bozate eta Errazu. Auza mendia lainopean dago, muga-mugan, Izpegitik Baigorrira doan bidea irudi: “1512an izan zen Nafarroako Konkista, baina Amaiurko Gazteluak 1522ra arte iraun zuen zutik, azken baluarte izan zen, erresistentziari emana” dioskute. Bi lagunek kontu kontari jarraitzen dute: “...azken gotorleku honetatik askok Lapurdi, Baxenabarre, Zubero eta Biarno aldera jo zuten, atzera eta aurrera ibili ziren hamar urte haietan. Elkartearen oraingo egitekoen artean, indusketaz batera, hamarkada haren berri ematea da”. Gorramendiri begiratu diogu berriz ere, iparramerikarrek armez hartu zuten tokia. Lainopean dago hau ere.

Gazteluko aljibearen aurrean gaude, Monolitoaren ezkerrera. Harrinabarreko plakan 2022 urtea ageri da. Beste batean Monolito eraiki zuteneko urtea: 1922. Hegoaldeko lau diputazioen arteko akordioaz egin zuten Monolitoa, duela 90 urte. 1982an, berriz, Carlos Garaikoetxea izan zen bertan, EAEko lehendakari zela, eta geroago Juan Cruz Alli, Nafarroako Diputazioaren burua: “Alli, txapela eta guzti izan zen. Kristoren trifulka armatu zioten UPNkoek. Hartaz gero hasi zen bere galtzea”.

Jimenez Juríok Amaiur, símbolo de Navarra liburuan kontatzen duenez, 1922an, Lorenzo Oroz Urriza, navarrista, Diputazioko burua, Nafarroaz eta Euskal Herriaz mintzatu zen hemen. “Gaur egun Arnaldo Otegi mintzo den antzera” dioskute lagunek. “Bederatzi urte beranduago erauzi zuten monolitoa, errepublikar eta erreketen liskarrak tarteko”. Gero etorri ziren gerra eta frankismoa. Gerra Zibilaren ondoren sortu zen Gaztelu Elkartea, monolitoa berreskuratzeko asmoz. 50 urtez deseginda egon zen, inguruko amildegiko harriez berreraiki zuten. Amildegiari begira gaude. Gazteluak erretagoardia ondo babestua zeukan erasoetatik, alajaina. Gaztelu Elkartearen logoan bost aldeko gaztelua ageri da, eta dorrea. Gazteluaren eitea agertu digu Alemanek: “Hor dorre altua zegokeen, zelatatzekoa. XI. mendean atakeko sistemak aldatu ziren eta lehenbiziko harresiak eraiki zituzten, gero eta behar gehiagoaren ondoren, bigarren harresia ere bai, dorre altuago batekin. Artilleria asmatu ondoren, baluartea egin zuten, kanoikadak agoantatzeko. Harrezkero baina, alturak ez zuen muntarik arkitektura militarrean”.

Amaiur Espainiako gazteluen ibilbidean dago: “Aurten sartu dute. Bai, horixe. Baina Fiturren, Madrilen, Amaiur kendu zuten. Amaiur Gazlelua ez dago. Horrela erabiltzen dute informazioa. Hona heldu diren turistek geure eskutik jasotzen dute historia, historialari zenbaiten araberakoa. Noski, gure ustez, errealitatera hobekien hurbiltzen dena. Halaber, eskolekin aritu nahi dugu, egungo gazteek guk ikasi ez dugun historia ikas dezaten”.

Ezkila: Amaiurko ezaugarria

Historiako istorioak berritzen heldu gara Gure Ametsa pilotalekura: Lapurtarren eta Baztandarren biltzarrak. Iraganean galdu zen administrazio politiko-juridikoa. Victor Hugok goraipatu zuen euskal demokrazia. Foruak eta lareak... Amaiurtarren etxekoen armarriko ezkila ere interpretatu dugu, Jimenez Juríoren laguntzaz betiere: “Amaiurtarrek ezkila jotzen zuten batzarrera deitzeko”. Biltzarrak, herriko plazan, elizan edo baselizan egiten zituzten. Amaiurko sinboloa da ezkila. Frontoiko frontisean margotutako armarrian ere ezkila dago.
Pier Paul Berzaitz bildu da taldera, gurekin elestatzeko: “Ikuskizuna baikorra da. Abesti batean diodanez, jende anitz hil zen Gazteluan, ez bakarrik nafar, baina lapurtar, zuberotar, agian gaskoiak ere. Jende haiek bazuten ikusmolde bat, pentsu dut, eta ametsak ere bai, eta agian, gaur ahazten ditugu pixka bat...; ez guztiz, baina hainbat gauza ez da aipatzen naski, beste manera batez kontatzen da. Hala nola, Nafarroa askatu zutela frantsesengandik. Beharbada badago bertsio bat baino gehiago. Alabaina, hil zirenek errespetua behar dutela pentsu dut. Nik alderdi hori defendatzen dut”.

Horrela segitzen du zuberotarrak: “Ikuskizun hau egitea lan handia da, dirua behar da, krisian gaude, gu ttipiak gara... Hemengo pertsonen espirituari lotu naiz haatik. ‘Gure arbasoek eraiki zuten monolitoa bota zuten eta guk berriz eman dugu zutik. Agian, orain zuek behar duzue segida eman, zuen aldia da’ erran ziguten amaiurtarrek. Hitz horiek hunkitu ninduten”.

Berzaitz, Aleman eta Otaegi agurtu ditugu, hilaren 21era arte. Alta bada, historia hizpide amaitu dugu solasaldia. Horra azken biekin izandako hondar eleak: “Bistan da, ezin dugu egun duela 500 urte gertatu zena zehatz-mehatz jakitera eman. Hau da, ezin dugu orduko bizimodua gaur egunera ekarri. Tira errege bat bazela? Bai, izan(go) zen. Baina, gaur ez dugu erregeren beharrik”.

“Gogo duenak ikasi eta ekiten du” zioen amaiurtarren lehenbiziko lemak. Honatx azkenak: “Hobe erregerik ez eta erresuma gehiago”.

Amaiur 2012: Haien ametsa gurea da

Haien ametsa gurea da ikuskizun musikala Amaiurko Gaztelu eta Mauleko Amis du Chàteau fort elkarteek antolatua da. Gaztelu Elkarteko Juan Mari Alemanek horrela azaldu digu ekimenaren nondik norakoa: “2000. urtean Pastoral bat egin nahi izan genuen Amaiurren, Nafarroako Konkista gaia harturik. Zuberotarrei proposatu genien, baina Pastoralaren dinamika dela-eta ezin zen gauzatu. Alabaina, beraiei esker abiatu genuen orain prestatzen ari garen ekitaldiaren asmoa. Historia kontatzeko beste modu bat da: kantuz, musikaz, dantzaz, halere, gure historiaren bilakaera ere azalduko da”.

Ikuskizunak lau gertaldi dauzka. Lehena, Errege katoliko inperialistak. Bigarrena,  Nafarroaren konkista dorpea. Hirugarrena, Amaiurko setioa. Eta azkena, Nafarroa betiko.

45.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. 100 bat lagun ari dira lanean. Antolatzaileek 1.400-1.500 lagun espero dituzte Amaiurren uztailaren 20an, lehen emanaldian. Agorrileko 10ean eta 11n Maulen jokatua izanen da berriz ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Amaiurko gaztelua
2022-07-18 | Ahotsa.info
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren 500. urteurrena gogoan izan dute

Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.


2022-06-10
Amaiurtarra

Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]


2022-05-19 | Xiberoko Botza
‘Amaiur libera state’ izena du Asisko Urmenetaren komiki berriak

Amaiurko gazteluaren erorketaren 500 urteen kari Amaiurko Gaztelu elkarteak lan hori egiteko galdegin zion. Amaiurko gazteluaren sarraskia usu aipatzen bada ere, Nafarroko erresumaren desegitea ez da sobera ezagun. Komiki honen bidez gure historia gogora ekarri du Urmenetak.


2021-03-17 | Jon Torner Zabala
Ikastolen jaien I. Komiki Lehiaketa, Amaiurko gazteluaren setioa ardatz

Euskal Herriaren historiako gertaera esanguratsuak komiki-kontakizun bilakatzeko helburuarekin sortu dute ikastolen jaiek Komiki Lehiaketa. 14-16 urte bitarteko gazteei zuzendua, Amaiurko gazteluaren setioa (1522) da lehen edizioko gaia. Aitzakia polita dute irakasleek, klasean... [+]


Amaiur
Harresiak lurpetik atera eta hizketan hasi dira

Amaiurko gaztelua izan zenaren oinarri osoa identifikatuta dago, eta Erdi Aroan paisaia hark izango zuen itxura irudikatuta, azken zortzi urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatutako lanari esker. Orain, daukaten informazioarekin historia idatzi beharra dagoela azaldu du... [+]


2006-01-17
Miroren berrogeita hamazazpi obra bildu dituzte Amaiurko Gazteluko erakustaretoan
Joan Miro margolari katalanak paisaiei buruz egindako berrogeita hamazazpi koadro bildu dituzte Iruñeko Amaiurko Gazteluko erakustaretoan. Joan Miro Fundazioaren bildumakoak dira erakusketarako hautatutako lanak.

Eguneraketa berriak daude