Yves Sallaberry ‘Xala’

"Lehenengo mailan ezinezkoa da pertsona hotz-hotza izatea"

  • Apendizitisa, atzerapenak eta polemika tarteko, iaz Aimar Olaizolaren kontra final kasik epikoa irabazi zuenetik buruz buruko azken txapelduna da Xala. Hitz egin zalea ez den arren, aurrez aurrekoan gertukoa eta atsegina begitandu zaigu aurrelaria, barrea beti lagun.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2012ko maiatzaren 27a
Yves Sallaberry 'Xala'
Yves Sallaberry "Xala"Dani Blanco

Urtebete pasa da eta nola gogoratzen duzu Irunen hunkituta eman zenuen prentsaurrekoa, enpresari eskatzeko zuri zegokizula Buruz buruko finala jokatzea?

Ematen du hamar urte pasa direla dagoeneko, hori sentitzen dut; pasatu zen eta ez dut oroitzapen oso garbia. Egia da momentu intentsua izan zela, baina ene ustez gorputza eta burua ondo eginak dira aurrera segi eta une gogorrak ahazten uzteko. Beste txapelketa batzuk etortzen dira, berriz ere prestatu beharra dago… eta gauza berriei heldu behar zaie.

Gogor mintzatu zinen, enpresaren aldetik umiliatua sentitzen zinela eta. Aldatu egin al da Asperekin duzun harremana, harrez gero?

Ez, ez da aldatu. Momentu horretan hala sentitu nintzen, umiliatua, baina gero finala jokatu, irabazi, eta buelta eman nion. Beraientzat pilotari bat gehiago naiz eta lanean segi behar dut: ongi baldin banago jokatu, eta bestenaz etxera, hori badakigu pilotariok. Horrela da gure mundua, kirol mundua. Fabrikan ez dut lanik egiten baina edozein enpresaren gisan jokatzen dutela esango nuke, nagusiak eta langileak gaude, baina guk gainera zorte handia dugu, pilotatik bizi gaitezkeelako. Gure egitekoa da ongi prestatzea, gorputza zaintzea eta ahal bada partidu asko jokatzea, eta horregatik kobratzen dugu, ongi gainera.

Azkenean Buruz buruko finala jokatu ahal izan zenuen eta txapela irabazi. Grina eta amorrua erakutsi zenituen frontoian, baina esango nuke bukatu berri den Binakako finalean indar hori faltatu izan zaizula. Batzuetan faltan botatzen duzu amorru gehixeagorekin kantxaratzea?

Azkeneko finalean beraiek hobeto jokatu zuten, nahiko txapelketa irregularra egin genuen guk eta finalean ere hori sentitu zen, pilota tonto batzuetan huts egin genuen Laskuk eta biok eta partidua joan egin zitzaigun. Finala beti da zaila jokatzeko, baina egia da jende askok esan didala inspirazioa faltatu zitzaidala. Hala ere, zaila da esatea jenio gehiago behar nuen ala ez, momentu oso laburra da partidua eta gorputza eta burua ez dira beti bat etortzen. Norgehiagokan faktore asko tartekatzen dira gainera eta beti gertatzen da aurreikusi ez duzun zer edo zer. Beti topera izatea ez da erraza, kirolari guztiek dituzte momentu oso-oso onak, nerbioarekin, txisparekin eta gogoekin, eta beste momentu batzuetan ez duzu hainbeste indar sentitzen.

Eta hori lantzen al duzue? Psikologikoki prestatzen al zarete, motibatuta ateratzeko?

Ni duela bospasei urte hasi nintzen hori lantzen eta bizpahiru urtez aritu nintzen, konturatu nintzelako pilota munduan beharrezkoa zela nintzena baino agresiboagoa izatea, inguruko pilotari guztiek agresibitate handiagoarekin jokatzen zutela eta mundu horretan ikasi nuen agresiboago jokatzen, bertan jarraitu nahi banuen berdina egin behar nuelako, eta hasieran baino agresiboagoa naiz orain. Partiduak galduz adibidez asko ikasten da: mina ematen du eta esaten diozu zure buruari, “aski da, berriz ere ongi jarri behar dut, berriz ere motibatu eta berriz ere indarra hartu”. Burua eta gorputza, biak doaz elkarrekin, eta nire kasuan, gorputza ongi sentitzen badut, txisparekin eta indartsu, erraz jarraitzen dio buruak, baina entrenamenduetan ikusten baduzu pilota kostata mugitzen duzula, indarrik gabe… hor egin behar du buruak lan gehien, apalaldi fisikoak ez diezazun burua jan. Azken txapelketan adibidez ez naiz topera egon, baina ene ustez buruarekin eutsi diot eta finalera ailegatzea lortu dugu azkenean.

Pilotari hotzaren fama duzu. Horrela ikusten duzu zure burua?

Pertsona normaltzat dut nire burua, galduz gero mina sentitzen dut, eta irabaziz gero poza. Lehenengo mailan hainbeste denboran mantentzeko, ene ustez ezinezkoa da pertsona hotz-hotza izatea, beharrezkoa da jenio pixka bat, nahiz eta bai, jendeak kanpotik hala ikusten nauen sarri. Jendeak ere ikusten du jenio gehiago duten pilotariak daudela, edo imintzio gehiago egiten dituztenak, baina barrutik nik ez dut hotz ikusten nire burua.

Baionan bizi zara, baina Lekuinera joaten zara maiz. Lasaitasuna maite duzu?

Bai, aita eta ama Lekuinen dira, oso herri txiki eta lasaia da eta gustuko dut gogor entrenatu ostean Lekuinen mendira joatea bakarrik, edo arrantzara. Bakardadea maite dudalako, eta natura; ongi sentitzen naiz hor, mendian, zuhaitz artean, erreka ondoan, baita itsasoan ere, surfa egiten adibidez, eta horretarako inguru aproposa daukagu. Nik hori dut motibazioa bizitzan, pilotaz gain. Indarberritzeko, gogoberritzeko balio dit, entrenamenduetatik eta estresetik askatzeko, nolabait.

Frontoian aldiz, bakarka baino txapel gehiago lortu dituzu bikotean. Nahiago duzu bikotekidearekin jokatu?

Bakarka jokatzea maite dut, baina behar da topera egon, fisikoki batez ere. Gogorragoa da, baina fisikoki oso ongi egonez gero eta inspiratuta joanez gero, ikaragarria da buruz burukoa. Ongi jokatu baduzu, poz handia hartzen duzu. Bikoteka ezberdina da, taktikari begiratu behar diozu, atzelariarekin ondo konpontzeari. Irabaziz gero, nahiago dut bakarka, eta galduz gero, bikotearekin, horrela beti esan dezakezu ez dela zure errua, kar, kar, kar.

Ezkerra izateak nola eragiten dizu kantxan?

Abantaila batzuk baditugu ezkerrok, baina eskuinarekin lan asko egin beharra daukagu, batez ere zabalean defendatzeko, zaila delako ongi kokatzea eta pilota kentzea. Ezker-paretan jokatzeko, aukera banu nahiago nuke eskuina izan. Agian egun batean egingo dute eskuin-pareta, ez? Lekuz aldatu, kar, kar, kar, eta orduan beste gauza bat izango da…

Euskal Kultur Erakundeak bultzatuta, Hego Euskal Herriko gazteei bestelako Iparralde bat badela erakustea helburu duen Iparraldea XXI dokumentalean hartu zenuen parte 2010ean, kazetari eta aurkezle lanetan. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Normalean ezetz esaten diet halakoei, ez dut asko maite hitz egitea, baina lagun batek eskatu zidalako egin nuen. Esperientzia oso ona izan zen eta momentu oso onak pasatu genituen. Adibidez, Baionan bizi arren ez nuen ezagutzen bertako kaleetan dantzariek egun jakinetan egiten dituzten ekitaldiak.

Iparraldea oso txikia da, konparazioz Hegoaldea oso handia, herri handiagoekin, eta Hegoaldeko jendea sarri leku txikiago eta lasaiagoen bila etortzen da gurera, esango nuke. Nik sentitzen dut leku sanoa dela hau, aire garbia dugula, eta paisaia ederrak, hondartzekin, mendiekin… Bizitzeko leku sanoa.

Heldua zinela ikasi zenuen euskaraz. Pilotagatik?

Txikitan banekien, aitak eta amak egiten dute, baina eskolan ahantzi nuen, nahiz eta ulertu beti ulertu dudan, baina Iparraldeko euskara, eta hitz egin gutxi egiten nuen. Pilota munduan sartu nintzenean, euskaraz kostata hitz egiten nuenez, AEKn bi-hiru hilabete aritu nintzen eta gero frontoian ikasi dut euskaraz, masajistarekin, pilotariekin… Hegoaldean pilotan jokatzen hasi ez banintz, agian ahaztua izango nukeen, edo bakarrik ulertu egingo nuen, baina hitz egin ez. Esan daiteke Hegoaldean ikasi dudala pilotan eta euskaraz hitz egiten. Azken finean, euskarak pilota munduan hobeto moldatzeko balio izan dit: aldageletan hasten zara hitz egiten, harremanak egiten dituzu… Oskar Lasarekin oso harreman ona egin nuen adibidez, Laskurekin, Zubietarekin… eta jende askorekin. Haiekin ikasi dut euskaraz, baina baita zurekin ere, elkarrizketa hau egiteko lanean dudalako burua, ez pentsa, behar dut kontzentratu hitz egiteko. Beti ikasten dut.

Trinket mundutik egin zenuen jauzi frontoietara, Panpi Ladutxen laguntzarekin.

Bai, 20 urterekin gogo handia duzu eta aita eta ama akort ziren entseatzeko, ez nuen lanik egiten eta nire indarrak horretara jarri nituen, dena behar nuen eman, topera. Panpiren konfiantza izan nuen eta asko entrenatu nintzen berarekin, urte eta erdi biok bakarrik, frontoietako pilota ezagutzeko, efektuak, nola kokatu… Panpi maisua da: nola jokatu erakusteko, badaki zer egin behar den eta badaki nola erakutsi zuri hori egiten, eta denek ez dakite hori. Trinketeko jokalari izanik asko behar nuen ikasi frontoira aldatzeko eta berak erakusten zidan, adibidez, kakoz nola sartu eskua, bizkarra nola jarri, pilota non hartu zehazki… esaten zuelako zentimetro bakarreko aldearekin jokoa irabazi edo galdu dezakezula, eta kakoz ondo sartzen jakitea ezinbestekoa da frontoian. Txikitatik ezker-paretan hasiz gero hamar-hamabost urte dituzu kakoz sartzen ikasteko, baina ni bezala hogeitaka urterekin hasiz gero, behar duzu oso maisu ona, zehazki esango dizuna nola egin, hamar urteko lana urtebetean egiten ikasteko.

Sakrifizio handia izango zen...

Pilotan entrenatuz ez dut inoiz sakrifizioa sentitu, gogor entrenatzen zara baina gustura ari zara, jokoa hobetzeko lanean. Sakrifizioa nik ulertzen dut zure gaindi dagoen zerbait gisa, espiritualagoa-edo, fisikoa baino. Errekan amuarraina ikusi eta joaten uztea, hori agian bai!

Asko bizi duzu arrantza…

Bai, bai. Baditut bi-hiru lagun gustuko dutenak eta elkarri burua berotzen diogu, limiterik ez dugu arrantzan.

Eskuetan zuk ez duzu izan beste batzuek adina arazo, baina partidu asko jokatzen dituzue, gogorrak, txapelketa luzeak… Nola eragiten dizue horrek guztiak?

Duela hiru bat urte hasi nintzen tako gehiagorekin entrenatzen eta ordutik ez dut eskuko minik izan, sentitzen dut entrenatzen gozatu egiten dudala eta partiduetarako fresko ditudala eskuak, baina eskuetatik ongi ibili arren, belaunean, sorbaldan, gerri partean… sufritzen dut, bai, partidu asko jokatuz gero. Hiru txapelketa egiten ditut urtean eta zaila da hiruetarako gorputza preparatzea; Binakakoa luzea izan da orain, gero Buruz burukorako indarra berreskuratu behar duzu berriz, uda dator gero, eta segituan Lau T’erdikoa. Deskantsu gutxi. Lehenengo fasean galduz gero daukazu deskantsatzeko aukera, baina azkeneko urteetan kasik txapelketa guztietan nahiko urrutira ailegatu naiz eta denbora gutxi duzu errekuperatzeko eta buelta emateko. Hala ere, hobe da finalera iristea.

Piloten aferarekin zabiltzate beti bueltaka, biziegiak ote diren, estandarizatu eta irizpide mugatuak jartzea komeni den ala mugarik gabe aukeraketa libre utzi…

Zaila da kontua, frontoiak oso diferenteak direlako eta hortik abiatuta, baita pilotak ere, frontoi batean edo bestean jokatzearen arabera. Adibidez, jokatuz gero beti Bilbon, ahalko litzateke pilota bat egin frontoi horretarako, muga batzuen barruan, baina aldi berean, pilota jakin bat baino ez baduzu uzten, abantaila ematen ariko zara ezaugarri batzuk dituen pilotariari, zaila da neurria non jarri asmatzea. Hainbeste frontoi daude, hainbeste lur ezberdin, frontis… Faktore asko dira kontuan hartu beharrekoak. Hezetasuna, jendea, beroa… Horrek denak eragiten du pilota aukeratzeko garaian. Hala ere, lehen baino hobeto ikusten dut orain pilota, ez dira hain bizi eta hain baxu, neurria hartuagoa ikusten diet eta zentzu horretan uste dut lan ona egiten ari direla enpresak.

Aspe eta Asegarceren esku dago maila profesionala. Ados zaude kirol eredu honekin ala irekiago izan behar lukeela uste duzu?

Zaila da, diru kontuak daude atzean, betikoa da. Pilotarion kontratuak enpresa horien esku daude, eta beste enpresa batzuk tartean sartzeak ez dakit ba zein eragin izango lukeen, oraingoz esango nuke ongi moldatzen garela horrela.

33 urte beteko dituzu aurten. Zer eman dizu adinak?

Pilotari bezala oso edade ona da, ongi sentitzen naiz, fisikoki indartsu, ez naiz lehen bezala nekatzen eta fuerte nago, korrika egiteko, frontoian aritzeko; gainera esperientzia duzu eta abantaila ematen dizu horrek. Eta frontoietatik kanpo, urte asko bizitzea espero dut eta beraz zahartzaroan esango dut zein urte izan diren onenak, baina egia da orain gustura nagoela, pilotan gustura egoteak ere eragiten du bizitzan gustura egoteko. Ongi doakit, bai.

Nortasun agiria

Yves Sallaberry ‘Xala’ 1979an jaio zen Lekuinen (Lapurdi), eta sarri bertaratzen den arren, Baionan du bizilekua. Aspeko fitxaren arabera, pilotari ezkerrak 1,80 metroko altuera eta 80 kilo ditu, Eibarko Astelena frontoian debutatu zuen 2000. urtean eta hiru txapela lortu ditu maila gorenean: Binakakoan irabazitako bi, eta Buruz buruko txapelketako bat. Fitxan ez du jartzen, baina frontoian airezko kolpea du arma nagusi. “Eroso sentitzen naiz eskuinarekin boleaz sartzen”, dio berak.

Azken Hitza
Txapela

“Garaipena gogoratzen dudanean oroitzapen pozgarriak ditut, baina txapelketak herrenkadan etortzen dira bata bestearen atzetik eta ez duzu denbora askorik horretan pentsatzeko, azkar igarotzen da dena. Pilotatik kanpo, bestalde, beste bizimodu bat dut, eta hor ez diot denbora gehiegi eskaintzen txapelean pentsatzeari. Gainera hemen baldin banago adibidez, Miarritzen edo Angelun, jendeak askotan ez du pilota ezagutu ere egiten eta agian hobeto da, hemen biziz gero erraz ahazten duzu pilota, eta ondorioz baita txapela ere”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Pilota

Pilota kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


2019-03-06 | ARGIA
Pilota champion Bixintxo Bilbao was sanctioned for waving the Basque flag

The news spread around the Basque pilota world like gunpowder: “Bixintxo Bilbao has been punished for bringing out the ikurrina (the Basque flag) on the podium”. He was the world champion pilota player in 2018 along with partner Peio Larralde.


2019-02-28 | ARGIA
Bixintxo Bilbao pilotariari zigorra kendu dio Nazioarteko Federazioak

Munduko pilota txapelketako sari banaketan ikurrina erakusteagatik Bixintxo Bilbao ziburutarrari jarritako isuna, kendu egin dio Nazioarteko Pilota Federazioak.


Bixintxo Bilbao
"Batzuek gordea duten gorrotoa azaleratu du zigor honek"

Asteburu gazi-gozoa izan du Bixintxo Bilbaok, Munduko Pilota Txapelketan ikurrina erakusteagatik jasotako urtebeteko zigorraren atsekabea iritsi zaizkion babes mezu ugariek leundu baitiote. Egindakoaz harro dago, errepikatuko lukeela dio, eta ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko du.


2019-02-25 | ARGIA
Bixintxo Bilbao pilotariak helegitea jarri dio ikurrina ateratzeagatik jarritako zigorrari

Iparraldeko nahiz hegoaldeko pilota mintzalekuetan sutautsa bezala zabaldu da berria: “Bixintxo Bilbao zigortua izan da Munduko Txapelketan ikurrina podiumean zabaltzeagatik”. 2018an munduko txapelduna izan zen Peio Larralde bikotekidearekin.


Pilota ez da 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan izango

Parisko hautagaitzak skateboard, breakdance, eskalada eta surfa hautatu ditu kirol gonbidatuak izateko.


2019-02-08 | Euskal Telebista
Eskuak, zeru eta infernu
MULTIMEDIA - dokumentala

Esku-pilotari buruzko dokumental honek, pilota lagun, eskuek frontoiko kirol honetan duten garrantzia azpimarratzen du. Loria eta amets gaiztoa horien 'esku' dago. Abel Barriola, Jokin Altuna, Mikel idoate, Olatz Arrizabalaga eta Patri Espinar dira, besteak beste, dokumentalaren protagonistak.


2019-01-04 | Iigo Igartua
Miguel Gallastegi pilotari ohia zendu da 100 urterekin

Hiru aldiz buruz buruko txapeldun izana, 1948,1950 eta 1951 urteetan, esku pilotaren mitoa izatera heldu da Gallastegi.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude