"Enperadoreak 1521eko lezioa ikasi zuen"

Soziologoa eta historian doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikotik, Nafarroako Artxibo Nagusiko goi teknikaria da Monteano. Iruñean jaio eta Atarrabian bizi da, 1999an bertoko alkate izan zen EA-Atarrabia taldea ordezkatuz. Hamar urte daramatza bete-betean Nafarroako konkista ikertzen eta lan esanguratsuena La guerra de Navarra (1512-1529). Crónica de la conquista española du, 2010ean Pamielak argitaratua.

Nafarroako konkistari buruzko azken urteetako berrikusketa lan sakonena dela esan genezake. Kronista eta historialari klasikoen ifrentzua gainetik kendu eta zuzeneko iturriak ditu oinarri, batez ere Nafarroako Artxibo Nagusikoak eta Simancaseko artxibokoak. Monteanoren liburuan historia aseptikoa arnasten da, gertakizun konkretuen bidez klabeak ematen dizkio irakurleari, berak atera ditzan ondorioak.

Liburuak iradokitzen duenez, konkistak gorabehera asko izan zituen. Data klabea 1521ekoa izan zen –Noaingo bataila–, hortik aurrera “bigarren konkista” bat hasi zen, gogorragoa, kontrol politiko zorrotzagoarekin, beste protagonista batzuekin… Bestalde, Espainiako ejertzitoak inbaditu zuen Nafarroa, ez Gaztelakoak edo Aragoakoak; hau da, Nafarroak ez zuen Espainiaren sorreran parte hartu, baizik eta bertara txertatu zuten “inposaketaren eta bortxaren bidez”. Aitzitik, Nafarroan oraindik ez zegoen identitate nazional sendorik, leinuenganako fideltasunak agintzen zuen batez ere.

“Momentua ezin egokiagoa zen asanbladak22 zehaztu zezan zein ziren nafarrak eta zein ez: aita-ama nafarrak zituzten eta berton bizi ziren haiek. Segidako egunetan, diputatuek Koroak azken hilabeteetan egindako laidoak (foruak urratzea) aurkeztu zituzten. Konpondu ez ziren laidoen artean, urteen poderioz errepikakor bihurtu ziren batzuk zeuden: epaimahai nafarretan epaile atzerritarrik ez egotea, ejertzitoek egindako kalteak indemnizatzea, tropek egindako gehiegikeriak amaitu zitezela, eta abar. Eta harrigarriro, sakontasun politiko handiagoa zuen eskaera bat: Gorteek exijitu zuten Nafarroara itzul zitezela antzina bereak izan ziren lurraldeak, ‘bereziki –zioten– Ebrotik Nafarroa aldera zeuden tokiak’. Sonsierraz ari al ziren? Edo Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia ere aldarrikatzen ari ziren? (…)

1521eko maiatzeko matxinada arte gertatutakoaren lezioa ikasirik, enperadoreak bere boterea handitu nahi zuen. Pentsatzen zuen Erreinua mantenduko bazen, gobernu on bat eta justizia zuzen bat egon behar zutela. Horretarako, Errege Kontseiluan zuen eragina handitu behar zuen, eta erakunde hori alderdien artean zeuden borroketatik atera. Antzemanik, nafarrek, lehenik eta behin euren foruak errespetatzea zin eginaraziko zutela –foruek ez zuten uzten nafarra ez zen beste epailerik egoterik–, erregeordeari argibideak eman zizkion hori eragozteko, askatasun gehiago nahi baitzuen bere interesekin bat zetorrena erabakitzeko. (…)

1521eko udazkenean, Nafarroako iparraldean mini-estatu legitimista bat sortzearekin batera, errepresioa are gogorragoa izan zen. Amaiur berreskuratzeak baino ez zuen animatu enperadorea barkamen orokorra aldarrikatzera, nahiz eta, legitimista nabarmenenak salbuetsi zituzten. Aukeratu berria izan zen Aita Santuak, Erromara joan aurretik, bere apopilo izandakoari23 amnistia eskatu zion Erreinutik erbesteratuta zeuden mila erdi agramontarrentzat, ez baitzuten frantsesak ekartzeko konspiratu. Gainerakoak, prelatuaren ustez, zigortu egin behar ziren”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Noain 1521
Noain 1521
Nafarroako erresumaren azken aukera galdua

Duela 500 urte Nafarroaren etorkizuna betirako baldintzatu zuen borrokaldia gertatu zen Noainen, Henrike II.a nafar monarkaren aldeko tropen eta Gaztelako nobleek gidaturiko armadaren artean. Historia isildua eta ahantzia izan da, baina gaur egun gero eta datu gehiago dauzkagu... [+]


Noain 1521
Nafarroako erresumaren azken aukera galdua

Duela 500 urte Nafarroaren etorkizuna betirako baldintzatu zuen borrokaldia gertatu zen Noainen, Henrike II.a nafar monarkaren aldeko tropen eta Gaztelako nobleek gidaturiko armadaren artean. Historia isildua eta ahantzia izan da, baina gaur egun gero eta datu gehiago dauzkagu... [+]


Eguneraketa berriak daude