Euskaltegi denentzat baldintza berak aldarri

  • Eguneroko egoerak irudikatuz euskara irakastea, horixe Arturo Campion Iruñeko euskaltegiaren lana. Aurten 40 urte bete ditu zeregin horretan eta ospatzeko data duten arren, euskaltegiak ez du garairik onena bizi, besteak beste, diru-laguntza faltagatik. Egoera larria da.
     

IKAko euskaltegietan, Nafarroan, 700 ikasle inguru dabiltza;
Iruñeko Arturo Campionen 200 bat dira.
IKAko euskaltegietan, Nafarroan, 700 ikasle inguru dabiltza; Iruñeko Arturo Campionen 200 bat dira.

IKAren Arturo Campion euskaltegia 1972an sortu zen, euskararen inguruan mugimendu handi samarra zegoen hamarkadan –euskara batuaren oinarriak ezarri berriak, ikastolak eratzen hasiak, Euskaltzaindiak alfabetatze taldeak sortuak…–. Iruñean ere bazen mugimendurik eta hortik sortu zen euskaltegia. Nafarroako Unibertsitatean ikasten zuen gazte talde baten nahia eta, besteak beste, lehen ikastolen sorreran ibili zen Etorkizuna elkartearena batu eta lehen euskara eskolak sortu ziren. Etorkizuna elkarteak Nafarroako Gobernuko ondare kulturalaren babeserako Principe de Viana erakundearen eta Euskaltzaindiaren babesa zuen, beraz, euskaltegia ere babes apur batekin eratu zen.

Ordutik 40 urte igaro dira eta lehen euskaltegi hark beste batzuen sorrera ekarri du, IKAren kasuan Nafarroan eta Araban. Foru Erkidegoan Iruñerrian, Bortzirietan, Malerrekan eta Leitzaldean ditu euskaltegiak. Guztira 700 bat ikasle dabiltza euskara ikasten, horietako 200 bat Arturo Campionen. Araban, berriz, Gasteizen eta Arabar Errioxan eskaintzen du zerbitzua eta hiriburuan bakarrik 2.000 ikasle ditu. Hainbat udaletan, enpresatan, sindikatutan eta bigarren hezkuntzako ikastetxetan dituzten ikasleak gehitu behar zaizkie horiei.

Egoera ez da berdina bi erkidegoetan, ez ikasle kopuruari ezta diru-laguntzei dagokionez ere. Sagrario Aleman Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria da 1982az geroztik eta bere ustez, nahiz eta aurten murriztu diren, Araban diru-laguntzak handiagoak dira. Gainera, helduen euskalduntzea arautuago dago. Haren iritziz, erraztasun eta laguntza handiagoa dute Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta udalen aldetik. “Iruñean, esaterako, Udalak ez du bekarik ematen euskalduntzeko”, azaldu du Alemanek, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza “hutsaren hurrengoa da” gaineratu du. Laguntza faltaz ez ezik, euskarari ematen zaion balioaz kexu da Aleman, izan ere, “instituzioetatik ez da euskara baloratu eta ez dute jendea euskara ikastera bultzatu urteetan, askotan jarrera kontrakoa izan da. Gainera, legea bera ere oztopo da, euskara gune bakarrean baita ofiziala edo koofiziala. Horrek ez du jendea euskara ikastera erakartzen”.

Eta euskara ikastea erabakitzen dutenentzat IKArena ez da aukera bakarra. Nafarroako Gobernuak ere sortu zuen euskaltegia bere garaian eta denborarekin IKAkoen lehiakide bihurtu da. Alemanek honela azaldu du egoera: “Hasieran ikastaro trinkoak ematen zituen Gobernuaren euskaltegiak eta guk erritmo apalagokoak, beraz, ez ginen lehiakideak. Osagarriak ginen, eta beharrezkoak biak”. Gero, ordea, Gobernuaren euskaltegia erritmo apalagoko ikastaroak ematen hasi zen eta egun lehiakide bihurtu dira. Eskaintza berbera egin arren, prezioetan alde handia dagoela adierazi du Alemanek, Arturo Campionen ikasten dutenek, adibidez, lauzpabost aldiz gehiago ordaindu behar baitute baliabide ezberdintasuna dela eta. Horregatik, eskaria argia da: “Euskaldunak sortzea izan behar da guztion helburua, baina ahal bada guztiok erraztasun berak izanda, ez dugu ongi ikusten batzuek erraztasunik ez izatea ez zaielako nahikoa laguntza ematen euskara ikasteko”.

Egungo egoeran, zer?

Alemanek argi utzi du, Nafarroan euskalgintzan lanean dabilen edozein talderena bezala, IKAren egoera larria dela. Dirua ez ezik, ikasleak behar dituzte eta hauek lortzeko kanpaina egin beharko dutela, euskara gizartean gehiago txertatu beharko dutela, uste du.

Helburu hori lortzeko euskalgintzako beste hainbat talderekin lan egin beharraz ohartarazi du: “Ikasle berriak lortzea oso garrantzitsua da, are gehiago egoera honetan, hizkuntza-politika egitearen izenean euskararen aurkako politika egiten ari direnean. Horren aurrean euskalgintzako guztiok beste politika bat, euskararen aldekoa, egin beharko genuke. Guri dagokiguna ikasle gehiago erdiestea da, euskara ikasteko eta erabiltzeko”.

Bizirautea da beste erronka eta horretarako laguntza ekonomikoa beharko dutela jakinarazi du. Iruñeko euskaltegiaren kasuan Arturo Campion Fundazioa laguntzea izan daiteke bideetako bat. Jendearen dohaintzak jasotzen ditu Fundazioak eta euskaltegiak beharra duenean horrengana jotzen du.

Motibazio afektibo-identitarioa edo instrumentala

IKA euskaltegietako ikasleez galdetzean ere agertu da erkidegoen arteko bereizketa, batez ere Gasteizko eta gainerako euskaltegien artekoa. Alemanen iritziz, Nafarroan motibazio afektibo-identitarioa gailentzen da euskara ikasteko garaian, eta Araban, EAEn oro har, motibazio instrumentalak Nafarroan baino pisu handiagoa du. Euskarari emandako balioa dago horren atzean: “EAEn euskara zenbait lanpostutarako baloratu izan da eta Nafarroan, berriz, oso gutxi. Ondorioz, motibazio instrumentala oso marjinala da”.

Arturo Campioneko ikasleria heldu samarra da, baina Alemanek uste du D ereduan euskalduntzen ari den gazte askok ere baduela euskaltegira hurbildu beharra. “Gazte horiek ez dute ingurune euskaldunik eta askotan euskara eskolako hizkuntza bezala ikusten dute. Ikuspegia aldatu egiten zaie hemen jendeak egiten duen ahalegina ikusita”.

Horregatik ez du izutzen etorkizunean gazteak eskolatik euskaldunduta irteteagatik edo ikasketak euskaraz eginda titulua jasotzeagatik euskaltegietara ez joateak. Baina penagarria irizten dio ikasketengatik titulua emateari, gazte horiek gehienetan hartzen duten hizkuntza-maila ez baita euskaraz bizitzeko adinakoa. Bestalde, argi du etorkizuna: “Euskaltegiaren bokazioa desagertzea da, baina momentu honetan hori ametsa da. Gure helburua gizartea euskalduntzea bada, urteetarako lana dugu”

40 urte, egun batean ospatzeko

Urtero egiten dituzte eskolaz kanpoko ekitaldiak Arturo Campion euskaltegian, baina aurten maiatzaren 12an izango dute ospakizun nagusia. Bertsolariekin ekingo diote egunari 11:00etan, eta fanfarrearekin Iruñeko Alde Zaharra zeharkatuko dute. Gaztelu plazara heldutakoan, euskaltegiko ikasle batek jotak abestuko ditu euskaraz. Ondoren, hitz jostaketa izango da Aitor Txarterinarekin, Kike Amonarrizekin eta Asisko Urmenetarekin. Giro ezin hobean Salestarretan (kiroldegian) bazkalduko dute eta amaitutakoan kantuan ariko dira. Arratsaldean Jarauta 69 fanfarreak girotuko du jaia, eta egunaren amaieran kontzertuak izango dira Balerdi Balerdi eta beste bi talderekin.


ASTEKARIA
2012ko maiatzaren 13a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude