Zuhaitz genealogikoa inarrosi eta 1643ko Aiherra hartan gure izenarekiko Jakob bat azaltzean, leinuaren lehen zurkaitzaz ametsez gabiltza. Gero eta iraganik gabekoagoak irudikatu gara. Ez da hala noski. Deituratik beretik lurralde honen historia anitzaren kide egiten gara, hemengoak, hangoak, inongoak eta euskal juduen patuaren ikerbidea hartzen dugu Baiona, Bastida eta Bidaxunen barna.
Espainiako erregeak 1492an judutarrak Portugalera kanporatu zituen. Sei urte beranduago Lusitaniako erreginak delibero berdinaz, bortxaz katoliko bihurtu marranes eta conversos lerroak alegia, iparralde abegikorretara lehiatzera behartu zituen. Israeldarrak Euskal Herrian X. mendeaz geroztik sustraituak ziren bereziki Araban eta Nafarroan. Pecha zerga astunak ordaintzen zituzten Tuterako edo Iruñeko komunitateek. Balmasedan ere talde bat aurkitzen zen. Inkisizioaren zatarraz gain, noizbehinka, pogromak jasan zitzaketen hala nola 1328an Lizarran eta Erriberan 10.000 judutar erail baitzituzten. Nafar kulturaren aberasle ziren Ha Levi pentsalaria eta Tuterako Benjamin ibiltaria. 1994an Nafarroako Gobernuak hiru hizkuntzetan, Xabier Kintanak euskaraz, argitaratu zuen Bidaien liburu erakusgarri hura.
XV. gizaldian Baionan kokatzen hasi judu sefaradak Peirorade, Bastida eta Bidaxuneraino hedatu ziren, gaur egun hiri bakoitzean miresten ahal diren hilerri ukigarriak lekuko. Herri ezpondetan ikus ditzakegu belardietan umilki etzan harri gris lauek, abizenek, tokien bildutasun usantsuek isiltasunera akuilatzen gaituztela. Viena, Frankfurt edo Berlineko Judische Friedhof haietan bagina bezala. Harrotasuna, beldurra eta dolua nahasten dira bertan, hainbat holokaustotako irudiak, bizidunak intolerantziaz erotu daitezkeela oroitaraziz, politikariek demagun lagun protsimoen fedea estigmatizatzen baldin badarraite. Zizek ikerlariak aipatzen dituen homo sacer baztertuak ziren luzaz judutarrak. Ipar Euskal Herriko israeldarren kondaira ez zen hain latza hargatik, mendeetan debeku eta apaleste-sugeak irentsi zituzten arren.
1536tik aitzina etorri ziren juduak Santizpiritu auzoko Maubec karrikaren inguruetan plantatzera. Merkatari portugaldar gisa ezagutuek txokolatea eta tabakoa ekarri zituzten. Judutar izena lehen aldiz azaldu zen Baionako paperetan 1614an Santizpiritu kartierrarentzat. Ordura arte erritoa mikvé-ekiko etxe partikularren gordean praktikatzen zuten eta harreman onak zeuzkaten Santeztebe parrokiako apezekin. Haiek funtsak utzi zizkieten sinagogaren eta hilerriaren eraikitzeko Maubec gainaldean, eta beranduago orain zabaltzen den eremuan, ZUParen itzalean. Aturri ibaiaren desbideratzearen ondorioz Baionako judutarrek erosoago egiten zuten komertzioa Espainia, Portugal eta Amsterdameko diasporekin, oihalak, arrainak, oliba olioa eta txokolatea trukatuz. Tratulari kristau eta judutarrak ederki akomodatzen zirela azpimarratzen dute dokumentuek. Santizpiritu halatan Aturri hegiko Jerusalem txikia zen.
Baina ez zen ordea egoera guztiz ideala. XVIII. mendean Baionako notableek bidegabeko konkurrentzia egitea bezain garbitasun erlijiosoa kutsatzea leporatuz judutar denda-jabeei hirian errotzea ukatu zieten. Txokolatearen eta tabakoaren ekoizpenak katolikoen esku baizik ez zuen behar. Bestalde isun eta kartzela zigorraz gaztigatzen zen gauez, zubia trabesatu ezinik, Baionan aurkitu israeldarra. 1760 aldean 3.000 judutar kontatzen ziren Santizpiritun. Bidaxuneko eta Bastidako saldoak ordukoz gainbehera zebiltzan jendeek hiria eta hiritartasuna hobesten zutelako. Harrietako portugaldar jatorriko abizenak geratzen dira: Azoulai, Dalmeyda, Furtado, Nunes, Abraham, Esther, Jakob edo Rebecca biblikoekin. Alabaina bizpahiru belaunaldiren buruan kristau izenak behiala abandonatu zituzten ohituraren segitzeko.
Memoriaren aztarnen xerka
2004an Anne-Marie Galé kazetariak 52 minutako dokumental zoragarria plazaratu zuen Ipar Euskal Herriko judutarren historia harilkatuz. Ontasunaren Arratsetan bisitatu daitezkeen Sinagoga, Hilerria eta Euskal Erakustokiko gela bereziko altxor ikusgarriak salbu, hemen kasik ezabatua da memoria. Liburuetan doi-doi aipatzen da bospasei ehun urteetako auzokidetza emankorra. Gaiari zinez interesatzekoa zaio Bidaxuneko pentoka batean gazteluari begira lerratzen den hilerriaz ohartzeko edo Bastidan nafar kutsuko karriketarik zulatuz harlauzak atsedentzen diren sorora iristeko. Argi dago historia honen aztarnen bilatzea norberaren baitako bilakuntza sakona dela.
Bidaxuneko jauretxeak Nafarroako erresumaren zedarrietan soberaniaz gozatu zuen 1570etik kasik frantses iraultza bezperaraino. Agaramontarrek merkatari portugaldarrei bertan ohatzea erraztu zieten eta 1665ean hilerriaren zabaltzea. Bidaxuneko judutarrak barreiatu arte erabili zen. Ehun bat harlauz ageri dira. Geriza politiko berdinaz baliatuz Bastidan ere geratu ziren judutarrak berrehun urtez. Hilerriko idatzirik zaharrena 1620koa da, berriena aldiz 1785ekoa. Hiltze egunak egutegi hebrearraren arabera zizelkatuak dira. Bastidako hilerria, Bidaxunekoaren pare, Baionako Kontsistorioaren jabegoan dago jada. Ez dezagula ahantz 1904an Miarritzen sinagoga altxarazi zuela Lazare Poliakovek. Baionako Emil Levy rabino handiak egin zuen estrena-mintzaldia. Torah borobilak aterbetzeaz gain Baionak kudeatzen du gaurkoan berritzen doan sinagoga. Miarritzen, erritoa, erdizka, ashkenaze eta sefarada modukoa zen eta da. Arku saindua eta altzarien zati bat Peiroradeko sinagogaren 1898ko salmentatik zetozen.
Baionako sinagoga
Maubec karrikaren 35. zenbakian eraiki zen 1837an etxe partikularren patioetan sakabanatu oratorioak eta mikvé-ak bilduko zituen tenplua. Euskal Herriko judutarrek, alabaina, erritual berezia zuten jatorri anitz eta ugarietakoak zirelako batez ere. 1789ko Iraultzan frantses hiritartasuna eskuratu zuten lehenak ziren Baionako juduak, Bordelekoekin batera. Aturri zeharkatu eta hirian kokatu ziren orduan merkatari portugaldarrak, Baionako Burtsa Bost Kantoien plazan zetzala. XIX. mendeko bizitza ekonomikoa eta politikoaren sustatzaile zitezkeen Furtado, Pereire, Da Silva, Salzedo eta beste hainbat. Isaac Pereirek dirua eman zuen trena Baionara helarazteko eta Furtado auzapez zenean Santizpiritu Baionako auzo bilakatu zen, Aturri gainean harrizko zubi monumentala aurtikiz. Judutarrek hargatik jarraitzen zuten Maubecen, Errepublika enparantzako iturriaren inguruan eta Jean d’Amou karrikaren espaloietan.
Bankari trebeak ziren: Jules Gomes & Cie delakoak, adibidez, tratua zegien Frantzia hegoalde osoko bezeroekin, bai eta Espainia zein Portugalekoekin, exodoaren aurreko sareak biribilduz. Bilboko Urkijo diruduna maiz gurutzatzen zuen Salzedok. Pertsonaia famatuak jalgi ziren Baionatik: 1968ko Bakearen Nobel saria eskuratu zuen René Cassin eta Mendes France Kontseiluaren presidentaren familia. Balio luke agian gogorarazteak Aviron Bayonnais-aren sortzaile garrantzitsuetan zela Jean d’Amou kalean bermatzen den Marquisat egoitza panpoxeko Tavares zena.
Nazien profanazioa
Erran gabe doa XX. mendea Euskal Herriko judutarrentzat ere gogorra izan zela. Kopuruak behera zihoazen bankarien aferak bezala, merkatariak hurbileko komertziora mugatzen zirela. Bigarren Mundu Gerra bezperan Baionan 1.000 judutar zeuden. AlemanIarrak etortzean gune librean zegoen Pauera bidali ziren familia asko. Petainen gobernuak eskubidez biluzi zituen baina baionarren partetik ez zuten antisemitismo ekintza bortitzegirik sufritu, salbuespenak salbu. Naziek sinagoga profanatu eta zalditegi antzera erabili zuten. Hilerrian esbastikak marraztu zituzten. Sinagogako aberastasun erritualak Euskal Erakustokian ezkutatu ziren. Bertan daude nahi duenak ikusgai. Izar horia papoan Santizpiritu zubia pasatzen zutenen beldurra eta ahalkea aipagai da oraino.
Deportazioek eta gerrak bekandatu taldearen mamitzera jin ziren 1962tik gora Aljeria eta Marokoko judutarrak. Baketsuago ospatzen dituzte shabbat, ezteiak eta gaineratiko ospakizunak sinagogan. Eta larunbatetan, Maubec aldean, kippa buruan Baionako errabinoa agurtzen ahal dugu...
Diziplina askotan ibilia da Amaiur Epher (Izpura, 1994). Aktore lanak egiten ezagutu nuen orain urte batzuk. Diabolo Kiwi edo Frigo taldeekin erritmo dantzagarriak joz ikusi eta entzun du, ziur, batek baino gehiagok. Eta idazlea ere bada. Bigarren liburua argitaratu berri du:... [+]
Hazparnen idekiko da –hau publikatzean ez bada jadanik egina– liburu denda berria. Et’abar deituko da. Denda tipia izanen da, euskarazko publikazioen eskaintza ukanen duena. Ez da Ipar Euskal Herri barnealdean bakarrik arituko. Hain zuzen ere, azken lau... [+]
Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]
Filipe Bidart Iparretarrak taldeko kide ohiak Kazetari azaldu dioenez, "borrokan erori diren militanteak oroitarazteko" xedea du margolanak. Xabi Tapia Xabxab artista urruñarra da haren egilea, eta Baigorriko Lagundu elkarteak antolatuta egin dute aurkezpen... [+]
Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren 6. edizioa ekainaren 7an izango da. Girotzeko eta azokaren eragina inguruko herrietara zabaltzeko, aurreko asteetan zehar sei ekintza kultural antolatu dituzte Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean. Lehena martxoaren 30ean izango da,... [+]
Proventza eskualdean, Alpeen hegoaldean abiatu zuten Lili Saint-Laurent euskaldunak eta Mathias Guibert proventzarrak abeltzaintza proiektua duela hamar urte pasatxo. “Ardi, ahuntz, behi, txerri eta pottokekin plantatu ginen etxalde dibertsifikatua landuz, baina laborantza... [+]
Nafarroa Behereako Arberoa ikastola erre zen pasa den urrian. Administraziotik laguntzarik jaso ez duten arren, herritarrek berehala erantzun dute. Astelehenean, hain zuzen, elkartasuna eta berotasuna jaso dute Gipuzkoako Ibarran. Elkartasunak eraikitako sarea da gakoa.
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.
“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.
Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]
Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]
Otsailaren 6an hasi eta 27ra bitarte, lau ekitaldi antolatu dituzte Donapaleun. Lehena herriko etxean iraganen da, eta ondokoak Bideak gunean.
Nafarroa Beherean, Aiherrako 'Beltzegitea' etxean kokatuko da Eguzkilore haurtzain-etxe berria. Euskara, natura eta motrizitate librea oinarri harturik, heldu den apirilean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.
81 urterekin zendu da. Bere aita Fernando Aire 'Xalbador' bezalaxe, bertsolaria eta artzaina izan zen Mixel Aire.
Iratzarri ginelarik, kulturalki eta administratiboki, paisaiak hiru abiadurako deserri bat erakusten zuen.
Kulturari dagokionez, hori baieztatzeko –berriro– aukera eduki nuen joan den azaroaren 14an, Ortzaizeko Menta liburu-denda goxoan. Hara bildu ginen... [+]