Konfiantza zirrikitua duzu, Ares jauna

RODOLFO ARESEK Iñigo Cabacasen hilketan Ertzaintzaren errua onartu izana eta familiari barkamena eskatu izanak bere balioa du, batez ere jarrera horrek jarraipena balu. Poliziaren biolentzia gertakarietan ez da ohikoa agintarien halako onarpenik. Baina gogoratu behar da Ares bera dela polizien burua eta, beraz, poliziaren errua onartuta bi bide geratzen zaizkiola: bat, erantzukizunak bideratzea eta halako akatsak errepika ez daitezen neurri sakonak hartzea; bi, dimititzea. Hamabost egunen bueltan Cabacas hil zuen ertzainaren izena publiko egin eta justiziaren esku jartzen bada, balioko du Aresek ez dimititzea. Bestela, hamaseigarren egunean dimititu beharko luke.

Orain arteko azalpen eta zantzuen norabidea ikusita, alabaina, ez da Serlock Holmes izan behar sumatzeko sailburu honek ez dituela ganoraz burutuko gertaerek eskatzen duten tamainako ikerketa. Konfiantza zirrikitu bat utzi egin behar, dena den, tematuta errepikatu baitu Aresek “kosta ahala kosta” helduko dela ikerketaren bukaerara.

Eta tematze horrek berak badu lehenbiziko susmo ezkorra: testuinguru hartan, zergatik kosta beharko litzaioke Ertzaintzari Cabacasen hilketa nola izan zen zehaztea? DNA frogak medio, Ertzaintza gai da inork ikusi ez duen erasotzaile bat atxilotzeko eta ezin du esan nork egin dion tiro mutil honi, tiro egilea beste polizia ugariz inguratua zegoenean eta, besteak beste, gertaeren dozenaka testigantza direnean?

Konfiantzarako tarte txikia du Aresek, pasatako denboran emandako azalpenak urriak eta kontraesankorrak direlako. Konfiantza txikia, Jose Antonio Varela Ertzaintzaren buruak gertaeretatik astebetera Aresekin batera Eusko Legebiltzarrean emandako azalpen eskasengatik: funtsean, hauek ez datoz bat Cabacasen familiaren, lagunen eta lekukoen kontaerekin. Interneten eta hedabideetan dozenaka testigantza irakur eta entzun daitezke, denak estilo batekoak eta oinarrian bat datozenak. Varelak zioen Ertzaintza Cabacasengana iritsi zenean, emakumezko bat artatzen ari zela mutila. Mutil-lagunarekin Bilbon oporretan zebilen Malagako neska bat zen eta, berak eta lagunak El Correo-n hilaren 10ean emandako testigantza esanguratsua da oso, beste hainbat herritarrena bezala.

Bere lehen bertsioan, Aresek aditzera eman zuen Ertzaintza lehen aldiz iritsi zenean, Cabacas zauritua zegoela jada lurrean. Gero atzera egin eta onartu zuen –Varelak agerraldian egin zuen bezala– Ertzaintza bi taldetan heldu zela gertaeren lekura eta bigarrena iritsi orduko lehenak dagoeneko parte hartua zuela. Varelak, ordea, Legebiltzarreko deskribapenean dioenez, Ertzainen bigarren taldea izan zen pilotak lehen aldiz bota zituena.

Konfiantza kontua da asko, El País-eko kazetari Juan Mari Gastacak uste du Barne Sailaren ikerketak argituko dituela kontuok: “Kalean, alderdietan, irekitako ikerketa bukaeraraino iritsiko den konfiantza logikoa dago”. Eta Pablo Muñozek kontrakoa dio Noticias de Gipuzkoa-n: “Beste behin ere isiltasunik latzena eroriko da eta arduradunak uniformearen eta kolektiboaren inpunitatean babestuko dira”.

ETA DIMISIOAZ? PPk eta PSE-EEk uste dute Aresek ondo egin duela eta gainerako sektore politikoak iradokitzen ari dira, zuzenean edo zeharka, dimititu beharko lukeela. Dimisioak, azken finean, gertaerak bakoitza non harrapatzen duen arabera eskatzen dira. Valentziako PSOEk hango gobernuko (PP) Barne sailburuaren dimisioa eskatu zuen duela aste batzuk polizia ikasleen aurka oldartu zen moduagatik, baina hemen dimisio konturik ez tartean hildako bat egonda ere.

Baina gaia serio aztertu nahi duenak, handik edo hemendik heldu beharko dio poliziak herri honetan indarra erabiltzeko duen soka luzeari, bai gatazkaren gaia hor egon delako, baina baita gatazkatik kanpoko arazoetan izandako jarrera bortitzagatik ere. Adibideak dozenaka jarri litezke. Polizia ereduarekin zerikusirik du arazoak, gizarte ereduarekin, eta Estatuak duen eta eman nahi zaion autoritarismo mailarekin. Cabacasena ere testuinguru horretan kokatu behar da.

Alde horretatik, eta nagusiki krisiaren eraginez, badirudi garai gatazkatsua datorkigula gure gizarteetan. Gobernuek eta agintariek ondo pentsatu beharko lukete indarra nola erabiliko duten: bai lehen urratsean poliziak parte hartzen duenean, eta baita bigarrenean ere, egitura judizialak zigorrarekin esku-hartzen duenean. Zoritxarrez, Madrilen PP erakusten ari den jarrerarekin, hautua argia da: autoritatea, indarra eta zigorra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Inigo Cabacas auzia
2022-04-11 | ARGIA
10. urteurren ekitaldian
Iñigo Cabacasen gurasoak: “Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean”

Omenaldia egin diote Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren hamargarren urteurrenean. Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatu dute Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen kantoia. Antolatzaileek eta gurasoek herritarren babesa eskertu dute, eta erakundeen... [+]


2022-04-06 | ARGIA
Hamar urte bete dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas zauritu zuenetik, eta larunbatean omenaldia egingo diote

Apirilaren 5ean hamar urte bete dira Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas larriki zauritu zuenetik. Apirilaren 9an, ostera, Cabacasen heriotzaren hamargarren urteurrena beteko da, pilotakadaren ondorioz hil egin baitzen gaztea. Data seinalatu... [+]


2022-01-19 | Leire Artola Arin
Iñigo Cabacasen gurasoek Erkorekari galdegin diote ea ez duten aitortzarik merezi

Abenduaren 15ean Ertzaintzak artxibatu egin zuen Cabacasen hilketari buruzko barne ikerketa, eta gurasoek gutun batean adierazi dute “harridura eta atsekabea” eragin ziela erabakiak. Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari leporatu diote euren samina... [+]


2021-12-16 | Jon Torner Zabala
Cabacas auzia: Barne ikerketa artxibatu du Ertzaintzak

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak azaldu duenez, sei auzipetuei ezin zaie ardura diziplinariorik eskatu, haietako bost (Juan José de Pablo 'Ugarteko' ertzainburua tartean) jada ez direlako funtzionarioak, eta seigarrenak, tiro egiteko agindua... [+]


2021-04-20 | ARGIA
Cabacas auzian kondenatutako ertzainari kartzela zigorra bertan behera utzi dio auzitegiak

Bizkaiko Auzitegiak erabaki du bi urtez bertan behera uztea Iñigo Cabacas hiltzea kondenatutako Ertzaintzako agenteari ezarritako bi urteko kartzela zigorraren gauzatzea. Ebazpenaren arabera, espetxe zigorra betearaziko diote, baldin eta Juan Jose de Pablo ertzain... [+]


Eguneraketa berriak daude