Zorpean sarraraziz nola ostu diguten denbora

  • Maurizio Lazzarato soziologo eta filosofo italiar Parisen bizi denak plazaratu berria du La fabrique de l’homme endetté (Gizaki zorpetuaren sorrera). Le Monde Diplomatiquek otsailean hautatu ditu zatietako batzuk, eta guk hemen horiek ipini ditugu euskaratuta. Besteren artean zorrarena ere baden krisi handiari argi berezia ematen diolako.

Maurizio Lazzaratok beste ikertzaile eta pentsalari askoren obren artean aipatu du Jacques Le Goff historialariaren La bourse et la vie. Economie et religion au Moyen Age. Honetan bildua da XIII.eko eskuliburu baten atal hau, azalduz nola mailegu-em
Maurizio Lazzaratok beste ikertzaile eta pentsalari askoren obren artean aipatu du Jacques Le Goff historialariaren La bourse et la vie. Economie et religion au Moyen Age. Honetan bildua da XIII.eko eskuliburu baten atal hau, azalduz nola mailegu-emaile batek bereganatzen duen besteren denbora. "Usureroek bekatu egiten dute naturaren kontra, nahi dutelako dirua sortzea dirutik, zaldi batek bestea edo mandoak beste bat sortzea posible balitz bezala. Okerragoa dena, lukurariak lapurrak dira, berena ez den zerbait saltzen dutelako, norberarena ez den zerbait saltzea lapurreta baita. Bestalde, saltzen duten bakarra delarik diru esperantza, hau da, denbora, egunak eta gauak ari dira saltzen. Baina eguna argitasunaren denbora da eta gaua atsedenarena. Argia eta atsedena saltzen dituzte. Ez da zuzena eternoak diren argia eta atsedena haiek beren esku edukitzea".

Bata bestearen segidan iritsi diren finantza krisiek azalarazi dute figura subjektibo bat gaur egun espazio publikoa osorik hartzen duena: zorpetutako gizakia. Zorraren fenomenoa ez da mugatzen alderdi ekonomikoetara. Errejimen neoliberal batean harreman sozialak mugatzen dituen gakoa da, desjabetze hirukoitza eragiten duelako: lehendik ahula zen ahalmen politikoa, demokrazia errepresentatiboak utzia, osten du; lehengo borroken poderioz kapitalisten ahalmenari kentzea lortutako aberastasunik gehiena osten du; eta, batez ere, etorkizuna lapurtzen du, hau da, aukerak eta alternatibak eskaintzen dituen denbora.

Zordun-hartzekodun harremanak areagotu egiten ditu kapitalismoak bere dituen zapalkuntza eta menderaketa. Zorrak ez baititu ezagutzen langileak eta langabetuak, kontsumitzaileak eta ekoizleak, aktiboak eta ez-aktiboak, jubilatuak eta gutxieneko errenta sozialekin bizi direnak. Denei ezartzen die indar harreman bera: kreditu bat eskuratzeko ahulegiak diren pertsonek ere parte hartu beharra daukate zor publikoak sortutako interesen ordainketan. Gizarte osoa dago zorpetua, eta honek gutxitu ez baina askoz handiagotzen ditu diferentziak, “klase diferentziak” deitu beharko genituzkeenak.

Bizi dugun krisiak erakusten du neoliberalismoaren gai nagusietako bat jabegoarena dela: hartzekodunaren eta zordunaren arteko harremana lotuta dago kapitalaren tituluen jabe direnen eta ez direnen arteko indar erlazioarekin. Sekulako dirutzak pasatzen dira zordunetatik (gizartearen gehiengoa) hartzekodunetara (bankuak, pentsio funtsak, enpresak, familiarik aberatsenak): interesen pilaketarekin, garapen bidean diren herrialdeen zorra pasatu da 1970ean ziren 70.000 milioi dolar izatetik gaur diren 3,54 bilioi dolar izatera. Eta hala ere, tarte horretan herrialde horiek pagatu dute hasieran zor zutenaren ehun eta hamar halako.

Zorrak, bestalde, sortzen du oso berea duen moral bat, lanaren moralaren oso ezberdina. Lanaren ideologiak daukan ahalegina-ordaina bikotearen ordez ezarri da promesaren (onartutako zorra pagatzearen) eta erruaren (zorra onartu izanaren) morala.
Alemaniako prentsak “greziar parasitoen” kontra egin duen kanpainak erakusten du zorraren ekonomiak daukan logikaren bortza. Badirudi hedabideek, politikariek eta ekonomistek ez daukatela mezu bat besterik Atenasentzako: “oker bat egin duzue”, “errudunak zarete”. Funtsean, greziarrak alferkerian bizi dira eguzkitan etzanda, alemaniar protestanteak lanbro artean jo eta su lanean ari diren bitartean Europaren eta gizadiaren onetan. Hau eta kolpe zorririk jo gabe Estatu-probidentziak elikatzen dituen langabetuen kontua, dena bat dira.

Zorrak versus askatasuna

Zorrak bere indarra badirudi ez duela erakusten ez errepresioaren eta ez ideologiaren bitartez. Baina “librea” izan arren, zordunak ez dauka aukerarik bere jarduera eta aukerak onartutako zorraren ordainak pagatzea baizik. Zu libre zara zure bizimodua (kontsumoa, enplegua, gastu sozialak, zergak, eta abar) dauzkazun zorrei aurre egiteko gaitasuna uzten dizuten neurrian.

Esate baterako, Estatu Batuetan, master bat bukatzen duten ikasleen %80k pilatzen dute 77.000 dolarreko zorra unibertsitate pribatu batean ikasi baldin badute eta 50.000koa publikoan aritu badira. Occupy Wall Street mugimenduaren barruan, ikasle batek deklaratu du: “Nire ikasketa-kreditua 75.000 dolarrekoa da. Laster ezingo dut pagatu. Bermea onartu duen gure aitak hartu beharko du bere gain. Gero bera ezingo da iritsi ordaintzera. Familia hondoratu dut nire klasetik gora iristen saiatuta”.

Mekanismo bera da pertsona bakarrarentzako eta populazioarentzako. Hil baino gutxi lehenago, 2001eko apirilean, Irlandako finantza ministro izandako Brian Lenihanek deklaratu zuen: “2008ko maiatzean kargua hartu nuenetik ohartu nintzen gure zailtasunak –bai gure bankuen eta bai gure finantza publikoenak– hain handiak zirela, ezez eta burujabetza galdua baikenuen”. Europar Batasunari eta Nazioarteko Diru Funtsari laguntza eskatzean “Irlandak uko egin zion bere etorkizuna bere eskuz erabakitzeko ahalmenari”.

Hartzekodunak zordunaren gain daukan ahalmenak eramaten gaitu Michel Foucaultek botereaz emandako azken definiziora: botereak “izaki libre” mantentzeko ahalmena ematen du. Zorraren ahalmenak libre uzten zaitu, baina bultzatzen zaitu –berehala!– bide bakarretik abiatzera: zure zorrak pagatzera (baita horretarako Europak eta NDFak beren politika ekonomikoak inposatuz zorduna atzerakadara kondenatuko badute ere).

Baina hartzekodun eta zordunen arteko harremanak ez ditu kaltetzen gaurko biztanleak bakarrik. Zorrak ordaintzeko ez zaienez fiskalitatea handitzen irabazi handienak dituztenei eta enpresei –hau da, klaseen arteko logikari kontra eginez– zorraren kudeaketak etorkizuneko belaunaldiak harrapatzen ditu.

Kapitalismoak eskua sartzen du etorkizunean, gobernuak behartzen dituenean beren zorrak pagatzera. Horrela lortzen du kalkulatzea, neurtzea, ezartzea gaurko jokabideak bezala etorkizunekoak, hots, orainaren eta biharraren arteko zubia antolatzen du. Horrela, sistema kapitalistak lortzen du segurtatzea bihar gauzak izango direla gaur diren bezala, gaurko indar harremanak berdinak izango dira etorkizunean. Gaur daukagun sentsazio arraro hau, bizi garela ez denborarik, ez aukerarik, ez haustura posiblerik gabeko gizarte batean –zer besterik salatzen dute “suminduek”?– zorpetzean aurkitzen du esplikazio nagusietakoa.

Duela mende batzuetatik da ezaguna denboraren eta zorraren arteko harremana, dirua prestatzearen eta denbora lapurtzearen artekoa. Erdi Aroan lukurreriaren eta interesen arteko bereizketa oso garbia ez izan arren oso ondo ohartzen ziren dirua mailegatzen duenak zordunari denbora “ostu” egiten diola, eta horretan dagoela okerra: denbora saltzen zuen, inorena ez dena, jabe bakartzat Jainkoa duena.

Gizarte industrialetan bai baldin bazen artean denbora “ireki” bat – aurrerapen moduan edo iraultza moduan– gaur egun etorkizuna eta bere aukerak blokatuta ikusten dira, finantzek mugitzen dituzten eta indar harreman kapitalistak betikotzea bilatzen duten dirutza ikaragarriek zanpatuta. Zeren eta zorrak denbora indargabetzen baitu, aukera berriak sortu ditzakeen denbora, hau da, aldaketa politiko, sozial edo estetiko ororen lehen gaia


ASTEKARIA
2012ko martxoaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ogasuna
2024-04-10 | ARGIA
Eragozpen fiskala bultzatzeko kanpaina abiatu dute, herritarren dirua ez dadin gastu militarrera bideratu

Gerra hots eta karrera armamentistiko betean, eragozpen fiskalera animatu ditu herritarrak KEM-MOC talde antimilitaristak, errenta aitorpena egiterakoan gure dirua ez dadin erabili gastu militarra handitzeko. Herritarrei laguntzeko bulegoak ireki dituzte EAEko hiriburuetan eta... [+]


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2023-07-21 | Gedar
Txosnak 'TicketBai' erabiltzera behartu nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

"Irabazi-asmoa" dutela iritzita, "Ogasunean izena ematera" beharko dituztela iragarri du Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak.


Eguneraketa berriak daude