Azken komunioa

Xabier Lete zuzenean / Azken kontzertua.

Errenteria 1999-IX-25 (CD bikoitza).

Diskoetxea: A&M Kultur Promotora.

Musikariak: Xabier Lete, Pascal Gaigne, Txema Carces, Pello Ramirez, Joxan Goikoetxea, Karlos Gimenez.

Xabier Leteren Azken kontzertua bere azkeneko komunio handia izan zelakoan nago. Errenterian gauzatua, bi partetan emana, bi CDtan jasoa heldu zaigu. Hari baten bila ibili naiz komunio gogoangarri haren oihartzunak zabaldu eta partekatzeko. Aitortu dezadan hasteko eta behin: musikan neofito naiz, beraz, nire hari musikala ahul samarra dukezu.

Goraipatu ditzadan hasmentan bost musikariak, euren soken eta teklen doinu trebe-ausart-herabeak goratu ere. Bostekoaren musika-noten uztarketak aho zabalik uzten nau. Bat-bederaren emana apartekoa begitandu zait, eta guztiena, batera, sotiltasunaren emaria. Hainbesteraino liluratu nau emaitzak, ezen, kantuak estudioan moldatuak ote ziren pentsarazi zidala une batez. Hots, musikariek berek pasarte zenbait berriz ere joak zirela eta egungo teknikarien eskutik kantak berrosatuak ote ziren. Koitadu halakoa! Ez andereak, ez jaunak, kontzertuan jotako notak entzun ziren legez ditugu entzungarri. Pascal Gaigneren notak magistralak dira, Joxan Goikoetxearen eta Pello Ramirezen notetan eztiki kulunkatzen zara aldi berean. Txema Carcesen baxua presente dago betiere, nabarmendu barik baina.

Karlos Gimenezen nota(k) ezin nabarmendu gabe aipatu, ordea: bikaina. Xabier Leteren inoizko grabazioa duzu Azkenekoa, Leteren hitzak eta Gimenezen musika moldaketak –hainbat kantaren konposaketa, barne– berezko nortasunaz uztartu dituena. Bi CDtan, emanaldia 11 + 10 musika piezaz gorpuztua dago, hitzak eta doinuak mihisetan harilkatuak geratu dira behin betiko; autorearen 20 predikuz edo aitzinsolasez apaindua. Xabier Letek ez zuen, bizirik zegoela, Azkeneko hau argitara eman nahi. Emaitza heriorena ere bada modu batez, ezin heriotza eta bizitza bereizi poeta honenganako gure irudimenean.

Pertsonok barne eta kanpo bizipenek osatuta gaude, eta kantuotan halaxe ageri ere oiartzuarraren izaera: Biografia, Malkoak euri balira, Agian, Zuk badiozu, Jardin bat zuretzat, Xalbadorren heriotzean, Ni naiz, Nafarroa, arragoa... eta Lizardi! kantetan dautza bere baitatik baitarako hitzak. Bere barnetik haragoko oihartzunak berriz, Habana, Txile, Katalunia, Paris, Pio Baroja, George Brassens eta Jacques Brelengan aurkituko dituzu.

Pentsa dezakezu betiko kantak daudela bilduman. Eta halaxe dituzu. Alabaina, emaria iturri zaharretik heldu den ur berritua duzu. Xabier Leteren izatearen elikagai zaharrak, solasek eta kantek utzitako irudi hilezinak: gorputz eta zuhaitz baten tristura eta pozaren abarrak. Oiartzungo poeta-kantariak azkeneko arnasekin ordaindu nahi izan zizkigun antzinako zorrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xabier Lete
Xabier Leteren obraren aldarri ozena

Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa, horixe dugu Alexander Gurrutxaga (Zarautz, 1988) EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen doktore tesia. Aurten irakurria du, udaberriko konfinamenduaren bezpera egunetan, poetaren heriotzaren hamargarren... [+]


Xabier Lete: non hago, zer larretan

Fermin Erbiti kazetariak Xabier Leteri buruzko irratsaio monografikoa egin du Euskalerria irratian. Olerkigile eta kantaria hil zela hamar urte beteko dira ostiralean.

 


Eguneraketa berriak daude