"Euskaldun izateko, lehenengo, nahi izatea da beharrezkoa"

  • Santiago Txileko Euzko Etxeko arima da. Hanka bat du Txilen, bestea Euskal Herrian. Hogeita lau joan-etorri ere egina da handik hona, hemendik hara. Txileko euskalduna. Izan nahiaren indarra.

Pedro Oyanguren
Pedro OyangurenZaldi Ero

Pedro Oyanguren…

Oyanguren Cabrero, mallorcar jatorrikoa amaren aldetik. Eta andaluza, haren amarenetik, baina deitura bizkaitarrak zituena. Santiago Txilen jaio nintzen, 1946an, Loiola kalean. Kale mordoa daukagu, bostehunen bat, euskal izenekoak, jendeari harrigarri bazaio ere. Aitaita genuen Frantzisko, Oñatiko Zañartu auzoko Etxeberri baserrikoa. Amama, Teresa, Garagaltza baserrikoa, aitaitaren herri berekoa. XIX. mendean azken aldera heldu ziren Txilera, 1881ean bata, 1899an bestea. Aitaitak denda izan zuen Santiagoko Alameda kalean, eta behin eta berriz etorri zen Europara, dendarako salgai bila. Hainbeste joan-etorri, umeetako batzuk Txilen jaio zitzaizkien, eta beste batzuk Oñatin. Gure aita Santiagon sortu zen, baina Oñatin ikasi zuen, maristetan. Makina bat oroitzapen bazuen, eta oroigarriren bat edo beste ere bai gorputzean! Maristak, badakizu. Beraren arreba Teresak “Txato” esaten zion, Garagaltzako baserrian eskaileretan behera erori eta sudurreko hezurra hautsi zuen-eta.

Aita Oyanguren, ama Cabrero, euskalduna zu…

Aita Santiagoko Euzko Etxeko zuzendaritzakoa izan zen beti, eta, jakina, hantxe izan ginen gu ere txikitandik, pilotaren inguruan. Pilotak eraman gintuen hara. Uste baino garrantzi handiagoa du pilotak euskal etxeetan, Txilekoan eta Txilekoak ez direnetan, guztietan. Gazteak erakartzeko moduetako bat da. Ez dugu esku-huska jokatzen, palaz baizik. Tira, gure aita zuzendaritzakoa izan zen, eta halaxe naiz ni ere. Ez dago beste bat zuzendaritzan nik baino urte gehiago egin duenik. Urte mordoa, 18 urtetik 65 arte, berrogeitaka urte! Eta euskaldunen mundu kongresuetan ere beti izan naiz presente, behin ere ez dut huts egin. Joan den azarokoa bosgarren mundu biltzarra izan dela diote, baina 1982ko irailean ere izan genuen batzarra. Garaikoetxea zen orduan lehendakari. Argentinako halako euskal erakunde batzuk gonbidatuak zituzten, nonbait, Euskal Herrira joateko, eta Garaikoetxeak ontzat eman zuen ideia, baina esanez leku guztietako ordezkariak gonbidatu behar zirela. Bilkura moduko haren ideia berraztertu zuten, eta diasporan ziren erakunde guztietako ordezkariak gonbidatzea erabaki zuten. Garaikoetxeak hala nahita. Eta harrezkero, lau urterik behin egin ziren bilkura haiek. Hala ere, bosgarren mundu kongresua izan omen da azarokoa… 1957an egin zen lehenengoa, Parisen, eta harrezkero hainbat eta hainbat egin dira. 1975ean, Argentinan. Gero dator 1982koa. Beraz, egin da zer edo zer, oraingo bost hauek baino lehen...

Biltzarraren karietara zatoztenean, hedabideetan beti ageri zarete fandangoan, noiz Donostiako kalean, noiz Arabako upelategian.

Euskal etxeetako ordezkarien artean badira Euskal Herria ezagutzen ez dutenak, fisikoki ezagutu, esan nahi dut. Ez dira bertan inoiz izanak. Hortaz, lehenengo bizpahiru egunetan, Euskal Herria erakutsi ohi digute beti agintariek, txangoak eginez. Bazterrak ikustea da, batetik, eta bateko eta besteko euskal etxeetako ordezkariok elkar ezagutzea, bestetik. Bi helburu horiek dituzte Euskal Herrian barna egiten ditugun bidaiek. Jakina, gauzarik politenak, ikusgarrienak erakusten dizkigute.

Biltzarrean egiten duzuen gogoetaren berririk gutxiago heltzen zaigu.

Biltzarrean ez da gogoetarik egiten, ondoko lau urtean zein egitasmo abiaraziko dugun erabaki baizik. Egitasmo horien barnean, lehentasunak seinalatzen ditugu, eta euskal etxeak funtzionatzeko moduak ere zehazten, ekintzak. Haiek era batera edo bestera gauzatu, euskal etxeek askatasun handia dugu, eta biltzarrean bertan ere zernahi azaltzeko aukera osoa dugu, hor ez da mugarik. Besterik da euskal etxe guztiak bat etortzea. Nik ez diot aitzakiarik jarriko biltzarrari, nahiz eta biltzarra egin aurretik gustura hartuko nukeen denbora gehiago izatea, ekintzak zehazteko batik bat. Izan ere, atzerritik hona etorri eta, egun batean, aurkezpenak; bestean, haien zehaztapena; hurrena… Zaparrada handia da, eta ezin ideiak norberaren barnean behar den bezala pausatu. Beharbada gutxi da hiru egun, baina diru asko da hainbeste ordezkari hona biltzea, hemen edukitzea. Eta dirua biltzarra egiten gastatuz gero, ondoko diru-laguntzak txikiagoak izango dituzte euskal etxeek. Neurtu egin behar.

Zer diozu hedabideek jartzen dizueten arretaren inguruan?

Oraingoan, besteetan baino arreta txikiagoa jarri digutela iruditu zait. Kasu handia egin digute, hala ere, baina neurri apalagoan. Egoera politikoaren ondorio izan liteke, alderdi bat kendu Jaurlaritzatik, beste bat jarri… Ikuspegi ezberdina, beharbada. Uste dut oraingo arduradunek ez zutela atzerriko euskal etxeetan egiten den lanaren kontzientziarik. Nire irudipena da. Uste dut oraintxe ari direla jabetzen zein potentzialtasun dagoen kanpoan, biltzarrak haiei begiak irekitzeko balio izan duela uste dut, baina beranduegi. 1957ko Lehen Mundu Biltzar hartan bertan, Parisen, Txileko ordezkaritzak horixe proposatu zuen, bulegoak irekitzea han eta hemen, kanpoan diren euskaldunen artean lotura egiteko, indarrak metatzeko, era guztietako harremanak gauzatzeko. Sarea sortzea zen asmoa.

1957ko asmoa, diozunez. Sortu da sarea?

Gurean, Txilen, oso ondo josita dago. Lanean hasi ginenean, ordezkaritzak izatea ere legez galarazita zegoen. Kanpo harremanak espainiar estatuaren kontuak ziren. Bruselako bulegoa ireki zutenetik, berriz, handik jo dugu. Garapenerako Euskal Txiletar Fundazioa izan genuen guk garai batean, baina hemen egoera politikoa aldatu zenetik, fundazioa indargabetu egin da poliki-poliki, eta gaur egun kasik ez da fundaziorik. Beste herrialde batzuetan ere saiatu ziren zer edo zertan, baina ez dakit asmoa gauzatu duten. Ardanza lehendakari zela, Txilera etorri zenean aurkeztu genion fundazioaren asmoa. Beraiek egiten ez bazuten, geuk egingo genuela esan genion. Pentsatu zuten, eta baietz erantzun ziguten, baina Txilen ez ezik, Venezuelan, Mexikon, AEBetan, Argentinan eta beste non edo non ere fundazio gisakoak abiaraziko zituztela. Eta egin zuten.

Duela zortzi urte, juduak eta armeniarrak izan ziren gonbidatu. Oraingoan, Galiziako, Kataluniako eta Espainiako diaspora arduradunak mintzatu zaizkizue.

Nork antolatzen duen biltzarra. Dena dela, bata etorri zein bestea etorri, haien diasporak zertan diren ikastea da kontua, eta haien mailara iristeko zer beharko genukeen aztertzea. Horixe da oraingo gonbiten arrazoia. Duela zortzi urteko gonbitena zen, berriz, atzerrian zein potentzialtasun garatu arakatzea.

E-posta bidezko mezua jaso nuen biltzarraren sasoian, itsasoz bestaldetik. Hemen zen herrialde hartako ordezkaritza, baina han euskal etxea itxia dute, horretarako bilkura formala egina. Zioen, aurrekoetan, ponentzia bat landua ekarri ohi zutela euskal etxeetako ordezkariek, ekintzen zerrenda, bazkideena… Aurten, esku hutsik etorri direla herrialde hartatik.

Bai, hala izan da. Oraingo eta lehengo biltzar antolatzaileek ikuspegi ezberdinak dituzte.

Txileko kasuan, euskaldunak ez ezik, espainiarrak ere gonbidatu zituzten oraingo antolatzaileek.

Estadio Españolekoaz ari zara… Euskal giza taldeetako kide da orain. Bestelakoa du izena, baina horren izenpean ezagutzen dugu guk, Estadio Español. Espainiar etxea da, berez. Bertan, asturiarrak, errioxarrak eta, askoren artean, euskaldunak ere biltzen dira. Duela bi urte eman zioten euskal etxeari dagokion aitortza ofiziala. Euskal etxe da harrezkero. Argentinan, Buenos Aireseko nafar etxeak 100 urte betetzen zituela eta gonbidatu zuten azaroko biltzarrera. Harrigarria, alde batetik. Dena dela, herrialde bakoitzak erabakitzen du ordezkaritza, eta lehendakariak badu zenbait gonbita egiteko eskubidea. Beraz… Dena dela, gobernu aldaketa izan zela-eta, uste nuen oso gaizki pasatu behar nuela, aldaketarengatik, alegia, baina ez naiz horretaraino gaizki ibili ere! Ondo pasatu da, buruan zer nekarren kontuan hartuz gero. Eta, beti bezala, oso ondo hartu gaituzte leku guztietan.

Zer duzue atzerrian –Txilen, esaterako– euskaldun izatea?

Hain da historia luzea! Laurehun urte ere badira, aro ezberdinak bizi izan ditu euskaldunak Txilen. Gure artean pilotarekin lotzen dute askok euskaldun izatea. Izatez, gazteak erakartzeko indarra da pilota. Gazteak lotzekotan, edo pilota, edo dantza-taldea. Baina askori ez zaio dantza gustatzen. Aldiz, gazte guztiei gustatzen zaie kirola egitea. Pilotan hasten bada, gustatzen bazaio, beti izango duzu, bizi guztiko, euskal etxearen inguruan. Euskal etxe zahar guztiek dute, edo izan dute, pilotalekua. Estadio Españolek ere, esaterako, frontoia du. Nafar batek egina, hori ere esan behar da.

Familiaren parte, euskaldun izateke. Eta belaunez belauneko transmisioa?

Kasu bitxi asko daude horretan. Belaunaldi arteko jauziak ere badira. Gogoan dut bat, Errazuriz izeneko batena. Errazuriz oso da izen zabaldua Txilen 1736tik hona, Frantzisko Xabier Errazuriz hara zenetik. Badira kardinalak, gotzainak, presidente ohiak, metro irteera ere bai, Errazuriz izenekoak. Gure lagun horren kasuan, Frantzisko Xabier Errazuriz da, belaunez belaun izen bera jartzeko ohitura izan dute-eta haien familian, bada, halako batean, argia egin zitzaion, euskara ikasi behar zuela, eta ikasi zuen! Belaunaldi jauzi ikaragarria eta gero! Kasua da hori. Normalena, gurasoek beren seme-alabak euskal etxera eramatea da, txiki eta gazteek han pilotan edota dantzan egitea, zaletzea, lagunartea egitea, eta euskaldun izatea Txilen. Baina, esan dizut, bestelakoak ere badira, bat-batean beren sustraien bila abiatzen direnak… Denetariko gazteak ditugu.

Nortasun agiria

Pedro Oyanguren Cabrero (Santiago Txile, 1946). Enpresaburua. Santiagoko Euzko Etxeko zuzendaritzako kide zailduena. Aro zahar eta berriko mundu biltzar guztietan izana da. Vascos en Chile 1520-2005, Euzko Etxea de Santiago liburuaren editore da. Eskarmentu handiko euskalduna Txilen. Aitak erakutsi zion bidea, eta halaxe egin du berak bere hiru alabekin: Amaia Euzko Etxeko kidea da, dantzaria eta pilotaria, eta euskara ikasle. Elvirak kargu politikoa izan zuen Kontzertazioko Gobernuan, begirale izan zen Amerikako Estatuen Erakundean, euskaraz daki eta hango eta hemengo euskaldunen artean zubi lanak egin ohi ditu. Palmira Eusko Ikaskuntzako kolaboratzaile fina da, Ainara izeneko neskatilaren ama. Oyangurendarrak Santiagon, euskaldun belaunez belaun.

Galde Shorta
Ritxi Lizartza galdezka

Nola bizi duzue abertzaletasuna Txilen?

Hemen baino garbiago. Hemengo alderdi politikoek duten borroka hara ez eroaten saiatzen gara. Etenak ekarriko lituzke.

Bake prozesuaren aldeko aldarrikapenik ez zen izan azaroko mundu biltzarrean.

Ezin izan, ez zelako adostu, ezin aldarrikapen bateraturik adostu!

ETA isildu ondoren…

Esperantza. Abertzaleek bat egingo duten esperantza. Hori lehenengo. Gero gerokoak.

Atzerriko euskaldunak zein ekarpen egiten dio Euskal Herriari?

Era guztietako harremanak bideratzen laguntzen du, bai merkataritzakoak, kulturakoak, politikoak. Horretan saiatu zen Euskal Txiletar Fundazioa.

Euskara unibertsitatean da, Txilen.

Lau unibertsitatetan eskaintzen dira euskara eta euskal kultura ikastaroak. Euskal Herria ezagutarazteko modu bikaina.

Hemengoak badu hango berri?

Merkataritza harremanetan ikusi dugu. Zenbait enpresaburu lanean, Txilen, eta ez zekiten SPRI han lanean ari zela. Hemengoak ez daki hango berri.

Mundu biltzarraren antolatzaileak agintari berriak izatea, ez da behin eta berriz zerotik hastea bezala, nekagarria?

Baina hastea! Urratsa da beti. Eta ez da neke kontua, konstantzia baizik.

Gure pilotariak mundu txapelketetan Frantziaren eta Espainiaren izenean dabiltza.

Euskal federazioa nazioartekoan ezin sartu izan genuen. Hortik dator arazoa. Espainian ezinezko da gaia mahai gainean jartzea.

Euzko Etxeko ondoko belaunaldiak…

Gero eta errazago da ondoko belaunaldiak euskaldun izatea. Borondatea da kontua.

Santiagoko Euzko Etxea hemendik 50 urtera…

Orain baino handiago ikusten dut. Ilusioa da beharrena.

Euskal etxeak enbaxada politikoak omen. Horixe akusazioa.

Herrialde batekin harremanetan izateko bidea dira politikariak. Horra politika.

Identitatea indargabetzen saiatzen dira alderdi askotatik.

Eta, aldiz, identitate huraxe indartzen saiatzen gara gu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal diaspora
Izaskun Barber de Carlos. Jaiotzez folklorikoa
“Guk bizi dugun bezala bizi dute nafartasuna Argentinan”

Euskal kulturaren transmisioarekin jarraitzeko, eta euskal nortasunaz hausnartzeko Argentinako nafar etxeetara bidaiatu dute Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideek, eta bizitakoa Nafar Haziak dokumentalean jaso dute. Bertan izan da Izaskun Barber de Carlos (Iruñea,... [+]


Steve Mendibe. 'Basque’ bezain euskaldun
"Amerikarra eta euskal herritarra naiz, baina, bihotzez, euskalduna"

Udatiarrak alde eginik da Ea. Bakean. Halaxe gustatzen zaio Steve Mendibe Aroztegiri, euskaraz bizi den herria, udakoek dakarten gaztelania arrotza gabe. Kalifornian jaioa, Boisen bizi, amerikarra bezainbat da euskalduna. Bi nazionalitateak ditu, bi erroldak... bihotz bat.


2023-07-21 | Euskal Irratiak
Euskal diasporako 37 gazte Euskal Herrian izan dira azken asteetan

Euskal jatorriko 37 gazte estatubatuar Euskal Herria ezagutzen eta euskara ikasten aritu dira uda hastapenean.

 


2022-02-21 | Euskal Irratiak
San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu

San Frantziskoko Euskal Etxeak 40 urte bete ditu asteburu huntan.


Marcela Inda. Argentinar euskaldun peto-petoa
"Euskara da nire lekua, arraina uretan bezala nago bertan"

Argentinatik etorri ikaslea da Lazkaoko Maizpide euskaltegian. Harekin batera heldu hamaika ikasleek bi hilabete egin eta itzuli ziren beren herrialdeetara. Harrigarriki, bertan dugu oraindik mailarik handieneko ikaslea, askok baino hobeki dantzatzen duela euskaraz mingaina... [+]


Eguneraketa berriak daude