"Herri aurreratuetan hezkuntza ez dago botereko alderdiaren burutazioen menpe"

  • Mundua. Bertan den askotariko ondarea. Bertan hitz egiten diren hizkuntzak. Munduko hizkuntza ondarearen UNESCO katedraren arduradunarekin mintzo gara, gure hizkuntzaz.

"Ez dakigu zerk jartzen duen giza komunitatea bere hizkuntza mantentzera". Zaldi Ero

Honela irakurri dugu: “Katedraren helburu nagusia munduko hizkuntza ondarearen zaintzan laguntzea da, ikerketaren eta sentsibilizazioaren bitartez, eta, batez ere, nazioarteko elkarlan akademiko eta instituzionalaren bitartez”. Ekarriko diguzu esaldi biribil hori zehaztasunera, faborez…

Katedrak UNESCOren izena eramateak nazioartea esan nahi du, mundua, eta gure begiek, gure interesek ikusmira hori izan nahi dute. Hizkuntza ondareari dagokionez, berriz, norberarena zaintzea ezinbestekoa izanik ere, ez da isolaturik bizi edota garatzen. Alderantziz, besteekin elkarreraginean hobeto gauzatzen dela uste dugu. Eta ahalegin horretan, zorionez, badago norekin lan egina. Nolanahi ere, bestea ikusteko ahalegina egiten ikasi egin behar da, sentsibilizazio hori ez da berez sortzen. Eta ikertu beharrekoa asko da. Besteek dagoeneko aztertu eta erakusten digutena, esaterako. Eta guk geuk ere gauzak hobeto ikus ditzagun derrigorrez izan behar dugu ahalik eta begirik zorrotzena.

Irakurri dugunez, Katedrak “arreta berezia jarriko du hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten duten erkidego eta instituzioetan”. Hizkuntza gutxitu horien artean da euskara, dudarik gabe. Zertan eragiten dio horrek gure hizkuntzari?

Euskararen ahalmenak eta ahuleziak hobeto ikusten ditugu gaur, orain dela 50 urte baino. Egoera bakoitza berezia izan arren, besteen esperientzia beti da probetxugarri, baina jakina, bakoitzaren perspektibara egokitzen asmatzen den heinean. Adibide bat ematearren, 1970eko hamarkadan ikastolak etxetiko erdaldunak euskaraz eskolatzen hasi zirenean, ama-hizkuntza eskolan ez erabiltzea ez zen begi onez ikusten. Horretan ziren, adibidez, Katalunian. Laster jakin genuen Kanadan ere, gure ikastoletan bezala eta izen berezi eta guzti –murgiltzea, hain zuzen–, metodo aitzindari bezala erabiltzen zutela etxekoa ez zen hizkuntzan eskolatzeko prozedura. Arrazoiak? Hala egin nahi zutelako eta gauzak egiteko modu horrek emaitza onak ematen zituelako. Erabaki bakoitzaren ezaugarriak eta ondorioak bakoitzak aztertu behar baditu ere, gauzak hobeto ulertzen dira perspektiba gehiagotatik begiratzen direnean.

Murgiltzea zela-eta, garai hartan uste okerrak eta aurreiritziak ez ziren aparte.

Hizkuntza kontuetan aurreiritziak asko dira, eta denak ez dira egokiak gurea bezalako egoeran; alegia, gutxitua dagoen hizkuntza bati laguntzeko. Besteen esperientziak eta hizkuntza eremuko zientziek aurrera egiten duten heinean, gure erabakiak probetxugarriagoak izan daitezke. Esate baterako, orain 40 urte “h”-a gora eta “h”-a behera, gure artean borrokan genbiltzanean, ez ginen ohartzen zeinen antzua zen eztabaida hura.

Alferrikakoa…

Hizkuntzaren biziraupenerako ez dira hain garrantzitsuak idazteko arau batzuen erabakiak nola hartzen diren; arau batzuk behar dira, idazten hasten garen garaian ziurtasuna izan dezagun, baina seguruenik zuzentzaile informatikoak gehiago egin du euskararen erabilera idatzia areagotzeko, 1960ko hamarkada hartan hartu ziren erabakien arrazoi filologikoen zuzentasunak baino. Dena den, idazteko estandarra erabaki beharrak ezinegon handiak sortzen ditu hizkuntza gutxituetan. Erabilera areagotzekotan, zerbait behar da, abiapuntu bat, bai, baina haren ezaugarriak azken batean ez dira hain garrantzitsuak. Zer da garrantzitsua, hortaz? Hizkuntza –idatzia, kasu honetan– erabiltzeko gogoa, beharra, abagunea eta ohitura eragitea. Estandarra, berez, erabilerak egiten du, ez da alderantziz gertatzen. Kontu hau orain badakigu, gure erraietan sufritu dugu-eta –geure baitan frogatu dugu–, eta eskarmentu honek beste hizkuntza erkidegoei ere, gurearen antzean leudekeenei, balio diezaieke.

Nazioarteari begira, zeinen antza du euskararen egoerak?

Europako mendebaldeko beste hizkuntza gutxitu batzuen egoerarekin zerikusi gehiago du euskararenak, eman dezagun, Hego Ameriketakoekin baino. Galesa edota irlandera, adibidez, gertuago begitantzen zaizkigu, hizkuntza nagusia eta gutxitua bi familia oso ezberdinetakoak direlako, eta elkarren arteko ulermena oso zaila gertatzen delako. Baina alderdi linguistikoak ez dira garrantzitsuenak erakutsiak jasotzeko orduan. Aldiz, badira hizkuntza gutxituetan gertatzen diren egoerak elkarren artean landu daitezkeenak. Esate baterako, oraintxe ari gara Katedratik, eta bereziki bertako kide diren Esti Amorrortu eta Ane Ortegak hasi berri duten ikerketa proiektu baten bitartez, hiztun berrien inguruko jarrerak eta ezagutzak biltzen, eta ikerketa hori Europako beste herrialde batzuetako hizkuntza gutxituak aztertzen dituzten ikerlariekin ikertzen ari gara sarean. Hizkuntza gutxituetako hiztun berrien, gurean euskaldun berrien, auzia oso garrantzitsua da. Izan ere, gurean bezala beste leku batzuetan ere, normalean eskolari esker ikasten dira hizkuntza hauek, baina etxean edo inguruan bizitasunik izan ezean ez da erraza haien erabilera sustatzea. Zaila da, eta jakitun gara, baina arrazoiak ez ditugu behar bezala ezagutzen, eta ez dakigu zein izan daitekeen konponbiderik eraginkorrena.

Euskarak hezkuntza arloan duen presentzia handia, egin duen bidea azpimarratu izan duzu inoiz. Zergatik gertatu da hezkuntzan, eta ez beste arlo askotan? Herrizaingoan, esaterako. Edo Osasun arloan.

Arrazoi asko egon daitezke gertaera hori azaltzeko. Batetik, gizarte osoak onartzen du eskolaren zentraltasuna, bai lehen –orain dela 50 urte ikastolak hasi zirenean–, eta baita gaur ere. Erdaldunek euskarari buruz dituzten jarrera eta aurreiritziak aztertu ditugu Katedran, eta bertan erakusten denez, erdaldun haietako ehuneko oso handi bat –85 inguru–, ados dago eskolak euskara irakasteko ahalegin berezia egin behar duela esaterakoan; eta B eta D ereduek duten arrakasta iritzi honen ondorio garbia dela esango nuke. Esan behar da, baita ere, gauzak nahiko ondo egin direla: eredu hirukoitza oso asmakizun ona izan da, jendea poliki-poliki erakartzeko, inor derrigortu barik; irakasleek oso lan ona egin dute eta eman zaizkien aukerak ere nahiko aproposak izan dira. Estatutuaren ondorengo 1983ko Elebitasunaren Legea bereziki ondo gauzatu da Hezkuntza Sailan; hori ere esan behar dela uste dut, eta uzten bazait norbaiten izena ere aipatu nahi nuke: Mikel Zalbide. Mikelekin batera, haren lankideak. Egin duten lana ezin da ahaztu. Lege onak ezinbestekoak izanik ere, lege horien gauzatzea askoz ere zailagoa da. Eta euskal eskolaren euskalduntze prozesuan lortutakoak ez dira kasualitatez gertatu.

Gurean egin den lan handiak non izan lezake parekorik?

Ez ditut behar bezala ezagutzen Israeleko, Galeseko edota Zeelanda Berriko maoriek beren hizkuntza gutxitua indarberritzeko egin dituzten bideak. Baina, zoritxarrez, munduan ez dira asko beraien hizkuntza biziberritzea lortu dutenak. Halere, hizkuntza aniztasunaren galera izugarria dela ahaztu gabe, badira hizkuntza erkidego eredugarriak, modu harrigarrian bere hizkuntza mantentzea lortu dutenak. Adibidez, Brasileko pataxoak, Kolonbiako nonuyak, ikutarrak, wayuak, ganbianoak edota Mexikoko edo Guatemalako maia hiztun komunitate zenbait. Baina ez dakigu –gutxi dakigu, edo nahikoa ez– zerk jartzen duen giza komunitatea bere hizkuntza mantentzera.

Beti ari gara, “euskarak asko egin du, aurrera egin dugu, asko falta da oraindik, botila erdi beterik, erdi hutsik dugu…”. Zein perspektibaz baliatu beharko ginateke gaur egun euskarak duen egoera baloratzeko?

Ikuspegi positiboaren aldekoa naiz. Baina ez naiz inuzentea. Uste dut egindakoa onartzeak eta hartaz harro sentitzeak gehiago laguntzen duela ekinean jarraitzeko garaian, katastrofearen aldarrikapenak baino. Badakigu hizkuntza gutxituak ez duela ematen aukerarik beraren izaera gutxituaren kontzientzia ahazteko. Ezin gara, lasai-lasai errazena gertatzen zaiguna egin eta kito!-ra pasa. Normala eta naturala esaten denean ez dakit ondo zer esan nahi den. Ez dakit, ezta ere, belaunaldi berriek nola ikusten duten kontu hau. Baina egindakoaren damurik ez dut, eta garbi daukat ondorengoentzat ere gure bizimoduaren alderdi hau –alegia, gure hizkuntza eta nortasuna ezagutu eta errespetarazten ahalegintzea–, ez zaidala herentzia txarra iruditzen.

Elebakar izatea gauza murritza da gaur egun. Euskaldun elebiduna, berriz, erdaldun elebakarrez inguraturik dago. Besteren buruko zorria ikusi bai, norberaren buruko bartza ikusi ez?

Elebakar izatea arazo handia da gaur. Norberarentzat eta ingurukoentzat. Gauza da, kontu hau gutxitan aipatu dela, edo hobeto esateko, kontrakoa erakutsi zaigula eredugarri. Normala, egokia, sanoa, elebakarra izatea da. Elebitasuna arazo bezala saldu da, bereziki hizkuntzetako bat gutxitua izan denean. Elebakartasuna… Uste dut Europan gero eta zalantza gutxiago dutela gai horren inguruan; alegia, gero eta ageriagoa da elebakartasuna arazo dela. Behingoz, hizkuntza handietako hiztunak, beraien hizkuntzarekin munduan zehar lasai bizitzeko aukera zeukatela sinesten zutenak, konturatzen hasi dira beraiek ere badaukatela, hizkuntza kontuan, ikastekorik. Elebidun edo –are hobe– eleanitz bihurtzea ezinbesteko erronka da norbanakoarentzat eta eskolarentzat. Eta gauzak baikor ikusten ahaleginduz, uste dut ekonomia –lan mundua alegia– izango dela elebitasun edota eleaniztasun eskakizun hau geroz eta ageriagoan jarriko duena. Ez da behar etiko edo akademiko hutsa izango.

Zertan ditugu immigranteak euskararen herrian? Zein da haien joera, jarrera, ezaguera?

Emigranteek, ohi denez, doazen lekura egokitzeko premia dute. Norberaren beharrak, ekonomikoak zein bestelakoak lortzeko, egokitze ahalmena dugu gizakiok. Zer ikusi… Gauzak bere onean –edo “bere txarrean” esan beharko nuke, beharbada– uzten badira, leku askotan immigranteek ez dute erraz ikusiko euskararen herrian gaudela. Adineko etorkinen artean euskararekin zer gertatzen den jakiteko datu zehatzagoak behar genituzke. Haien umeek, aldiz, inguruaren arabera edota eskolako ahaleginaren arabera ongi erantzuten dutela dirudi. Guk oso lagin txikiarekin ikusi duguna adierazgarria litzateke. Segurako (Gipuzkoa) eskolako 5 eta 11 urte bitarteko ikasleek, bi urteren buruan ia bertakoak bezala egiten dute euskaraz. Hori, behintzat, badakigu. Beraz, posible da euskara ikastea nahiz eta bertan ez jaio. Era berean, badakigu –gure aniztasunean haiena aberasgarri bezala itsasteko gaitasuna baldin badugu–, etorkinak baztertu edota ezkutatu beharrean, haien izaera ezagutaraziz eta beraiek kontuan hartuz, aukera gehiago izango ditugula modu aberatsagoan elkarbizitzeko. Eskolan asko dira garatzen ari diren ahaleginak eta saioak, eta beste mailetan ere bitartekoak jartzen badira, lorpenak ere etorriko dira, seguruenik. Badirudi, euskararen gutxitasunetik euren gutxitasuna ere errazago erakar daitekeela. Badirudi biak elkarren aberasgarri bezala ikusten badira, emaitza hobeak lortzen direla giza integrazioari dagokionean, handiak txikia irentsiz egiten duen bidetik baino. Baina hau beste erronka bat da euskararentzat, eskolarentzat eta gizarte osoarentzat.

Hezkuntzan egin den lan handia azpimarraturik ere, zalantzak dituzu hezkuntza hirueleduna izeneko proposamen berriaren inguruan.

Egindako bidea nahikoa kontuan ez hartzeak, autoebaluaziorik gabe berrikuntza moduan gauza ez hain berriak proposatzeak, hirueletasunean hiru eleak berdinak balira bezala planteatzeak, euskararen inguruan dena lortua balego bezala jarduteak, beharrik ez dagoen gauzetara edota nahikoa aztertu eta justifikatu ez diren gauzetara ahaleginak bideratu nahi izateak… beldurra ematen dit. Iruditzen zait gauza bat esan eta bestea egiten dela, daukagun eskarmentua ez dela behar beste kontuan hartu. Eredu hirukoitza –hiru ereduez ari naiz–, nahikoa ebaluatu gabe, edota haren emaitza onak kontuan hartu gabe, eredu bakar desitxuratu, helburu zehatzik gabeko bat… Nahi duenak nahi duena egiteko aukera ematen duen zerbaiterako bidea irekitzen ari dela iruditzen zait. Eta hainbeste kostatu dena, mundu osoan eredugarri ikusi dena, desegin, urtu egingo ote den beldur naiz. Lehen ere esan dut, eskolan gauzak nahikoa ondo egin dira euskarari dagokionean, baina asko dago hobetzeko. Jakina, aspaldi ohartu ginen eleaniztasuna eta ingelesa derrigorrezko eskakizunak direla. Hori lortzeko, ordea, helburu zehatzak, bitarteko egokiak eta ikerketa –ebaluazioa barne– derrigorrezkoak dira.

Orain arteko eredu sistema…

Hiru ereduen sistema zaharkitua dagoela esatea ezer ez esatea da. Zaharra egokitzen bada, eta emaitza onak ematen baditu, berria bezain baliagarria edo baliagarriagoa da. Badakigu hezkuntza eta hizkuntza kontuak politikaren menpe izaten direla, baina eragin hori hain nabarmen uzten duten politikak gordinegiak iruditzen zaizkigu. Herri aurreratuetan –Europako iparraldekoak ditut gogoan orain, bereziki–, hezkuntza kontuetan gauzak mantso eta ondo pentsatuta egiten dira, ez daude politikaren, edo hobeto esan, boterean gertatzen den alderdiaren burutazioen menpe. Emaitzak ere halakoak dituzte, bereziki hizkuntza kontuetan. Heldutasun hori nahi nuke guretzat ere. Gauzak egokitzen joan bai, beti ere helburuak argi izanik, baina ez aldatu “horrela tokatzen delako” edo, besterik gabe, zahartzat bataiatu dugulako.

Zuzen gabiltza

“EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra eta euskal irakaskuntza elebi/eleanitza nola lotzen diren, askotan galdetu izan diot nire buruari. Izan ere, badirudi bata gauza oso lokala dela eta bestea berriz, erabat internazionala. Kontua da UNESCOn ere hizkuntza aniztasuna lehentasun bihurtu dela azken urteetan, eta aniztasun hori formazio edo hezkuntza eleanitzarekin lotu dela. Horrelaxe formulatu dituzte berrikitan, hau da, joan den urrian egindako biltzar nagusian. Palestina onartzeaz gainera, biltzar hartan munduko hizkuntza eta kultura aniztasuna, hezkuntza sistema eleanitzak ikertzearekin eta bultzatzearekin lotzea proposatu dute. Are gehiago, eleaniztasun horretan hizkuntza gutxituen ikaskuntza integratu beharra adierazten da, baina hizkuntza horretako erkidegoentzat ez ezik, baita hizkuntza handietako komunitateentzat ere. Hizkuntza handietako hiztunek, inguruan duten hizkuntza txikietako bat edo beste ikasteko ahalegina ezinbesteko baldintza bezala ikusi da mundua jakintsuago, aberatsago eta baketsuago izango bada. Beraz, gurean ez gabiltza hain desbideratuak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


2024-04-19 | ARGIA
Gasteizko Udalak berean segitzen du: 112.000 euro exijitzen dizkio Lazarraga elkarteari

Lazarraga kultur elkarteak jaso du udalaren eskutik 2023ko dirulaguntzaren zuriketaren xedapena: 112.000 euro itzuli beharko ditu. Elkarteak adierazi du “udalaren borondate faltak” Gasteiz Antzokiaren proiektua kolokan jarri duela eta “udalak sortutako... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-17 | Garabide
Manuel Lekuona saria jaso du Iñaki Martinez de Lunak

Euskal komunitateari egindako ekarpena aitortzen dion saria jaso du Garabideren lehendakari den soziolinguista arabarrak.


Eguneraketa berriak daude