Gatazkaren ondorioak eta bakearen aukerak

  • Hasiko al ditu Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketak? Galdera horixe dabil denen ahotan. Nazioarteko ordezkarien deklarazioei eta PSOE eta PPren jarrera nagusiari erreparatuz, badirudi baietz. Baina zein arlotan has daitezke neurriak hartzen? Kartzeletako eta auzitegietako egoera gainbegiratzea nahikoa da, jabetzeko terreno aski zabala dutela Rubalcabak zein Rajoyk jokoan sartzeko.

Presoen hurbilketaren alde 2011ko urtarrilean Bilbon egindako manifestazio erraldoia. Preso politikoen egoera izango da gatazkaren
Presoen hurbilketaren alde 2011ko urtarrilean Bilbon egindako manifestazio erraldoia. Preso politikoen egoera izango da gatazkaren "alde teknikoaz" hitz egin beharreko puntu nagusietakoa.Argazki Press

Gatazkaren ondorioak. Hitz horiek erabili zituzten Donostiako Adierazpeneko bigarren puntuan ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean hitz egin beharrekoa zehazteko. Anoetako proposamenean ere aipatzen zen bigarren errail hori (desmilitarizazioa, presoak eta iheslariak, eta biktimak); baina ordukoan, ETAk armak utzi aurreko negoziazio baten ondorio lirateke. Oraingoan, ez omen da ezer negoziatu, ez da kontzesiorik egin –Rajoyk berak adierazia–, ETAk armak utzi ditu eta kito. Brian Currinek Aieteko konferentziaren bukaeran esan zuen ETAren amaiera etorriz gero, seguru zegoela gobernuek berandu baino lehen erantzungo zutela eta hitz egin beharko zutela segurtasun kontuez, armen dekomisioaz eta abar. Kofi Annan eta Tony Blair-en inplikazioa ere esanguratsua da; azkeneko horrek The New York Times-en argitaratutako artikuluan berretsi egin du gobernuei egindako elkarrizketa eskaera eta hitz egin beharreko puntuak zehaztu ditu, Ipar Irlandako elkarrizketak eredu hartuta. Nazioarteko jarrera hori ikusita, iduri luke “alde tekniko” horretan Zapaterok konpromiso batzuk hartu dituela, publikoki onartu ezin duen arren.

Ez da gutxi Espainiako Gobernuak arlo horretan egin lezakeena, azken urteetan ikaragarri estutu baitu torlojua, legez oso zalantzagarriak diren neurriak hartuz eta guzti. Nahikoa luke legea aplikatzearekin de facto preso askoren egoera izugarri arintzeko, adibidez eritasun larriak dituzten presoena. Oraindik gauza mordoa jorratu behar da normalizazio eta bakerako bidean; Gernikako Akordioan egiten diren hainbat eskaera errepasatzea nahikoa da jabetzeko zein bide luzea dagoen urratzeko: inkomunikazioaren amaiera, auzi politikoetan zigortutakoen errebisioa, Alderdien Legea indargabetzea, amnistiarako bidean urratsak ematea presoen arloan… Batzuk urrun ikusten dira oraindik, baina badaude hainbat gauza zalaparta handiegirik gabe egin litezkeenak, eta azkar asko gainera, A-20ko hauteskundeei itxaron gabe.

Ilegalizazioaren lokatzetatik ateratzeko ordua

Ezker abertzalearen sigla ezberdinen ilegalizazioaren atzean, Gobernuaren bultzada egon da. 2002an Batasuna ilegalizatu zenetik, Estatuko Fiskaltzak behin eta berriz inpugnatu eta auzitan sartu izan ditu hauteskundeetara aurkeztu nahi izan diren alderdiak (AuB, Herritarren Zerrenda, Aukera Guztiak, Abertzale Sozialistak, ANV, D3M…). Gogoratu besterik ez dago, su-eten betean, Bilduren kontra fiskalak erakutsitako gogortasuna, udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu ez zedin bide guztiak agortzeraino. Alderdien Legea eta Hauteskunde Legea ere behin baino gehiagotan aldarazi dute, ezker abertzaleak erakundeetan egoteko zirrikiturik txikiena izan ez zezan. Ilegalizazioek epaitegien bermea izan duten arren, erabaki politikoak izan dira, justiziaren jantziaz mozorrotuta.

Duela aste batzuk, asko eta asko ziur zeuden Bildurekin foru eta udal hauteskundeetan gertatutako eszena berdinak ikusiko genituela A-20ko Espainiako hauteskundeetan indar subiranisten koalizio berriarekin: pertsekuzio judiziala eta in extremis erabakitako epaiak. Bateragune auziaren sententziak giro hori zetorrela iradokitzen zuen, eta Conde-Pumpidok Sortu legalizatzeko auzian hartutako jarrerak ere –“ETA existitzen den bitartean Sortuk ezingo du legala izan”, esan zuen fiskal buruak– konfrontazio garaiak gogorarazten zituen. Amaiur aurkeztu zenean, tentuz aztertuko zutela esan zuten Estatu aparatuek; biktimen elkarteek eta PPk berriz, arrapaladan eskatu zuten haren kontrako neurriak hartzeko. Inpugnazio hotsak berriz ere. Baina hurrengo asteetako gertakariek erabat aldatu dute testuingurua: euskal presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egitea, nazioarteko egiaztatze batzordearen osaketa, ETAren agiria egiaztatzea onartuz, Ekin-en disoluzioa, bake konferentzia, ezker abertzalearen eskaera ETAri armak uzteko, eta ETAk armak uztea. Ondorioz, diskurtso ilegalizatzailea erabat zapuztuta geratu da eta dena ondo bidean, Amaiurrek ez du inolako arazorik izango hauteskundeetan aurkezteko. Ezker abertzaleak, beraz, hanka bat jada atera du lokatz ilegaletatik, beste hanka ateratzea falta zaio orain, Sortu alderdia.

Sortu legezko izan edo ez Konstituzio Auzitegiaren eskuetan dago momentu honetan. Lehendik ere Sortu ilegalizatzeko argudioak hari ahul batetik zintzilik bazeuden, ETAren amaierarekin hari hori jada hautsi egin da. Beraz, ez dirudi epaimahaiak Sorturen kontrako epairik kaleratuko duenik, baina alderdi berriak jadanik ez du aukerarik izango A-20ko hauteskundeetan parte hartzeko.

‘Parot doktrina’renak egingo al du?

ETAk armak betiko utzi ditu, baina askoren iritziz bere desagerpena ez da gertatuko hainbat kontu konponduta utzi gabe, tartean preso politikoen bizi baldintzak arintzea. Espainiako eta Frantziako gobernuek kartzeletako politika erabili izan dute presionatzeko. Azkeneko urteetan presio hori gehiagora joan dela salatu dute presoen senideek gainera. Parot doktrina da horren adibide. 2006an Auzitegi Gorenak Henri Parot presoak jarritako helegite bat atzera bota zuen eta indarrean jarri zuen zigor-erredentzioak zenbatzeko modu berri bat. Ordura arte, erredentzioak legez kartzelan igaro zitezkeen 30 urteei aplikatzen zitzaizkien, baina geroztik zigor bakoitzari aplikatzen hasi zitzaizkion, presoak ehunka urtetako kartzela zigorra izanik ere. Ondorioz, 1973ko Kode Penalarekin epaitutako presoek 30 urte arte igaro ditzakete kartzelan, zigor gogorrak jaso badituzte.

Momentu honetan hamarnaka lagunek egon beharko lukete kalean baina doktrina hori aplikatuta preso segitzen dute. Horietako askoren helegiteak Konstituzio Auzitegian onartu dituzte eta aztergai daude. 2011ko maiatzean El País egunkariak albistea kaleratu zuen, Konstituzionala Parot doktrina bertan behera uzteko deliberatzen ari zela esanez. Baina auzitegiak ukatu egin zuen halakorik eta kasu bakoitza banan-banan aztertuko zuela azaldu zuen. Lehenengo 14 helegiteak uztailean aztertu behar zituen, baina azkenean irailera arte atzeratu zuen auzia eta oraindik ez die erantzunik eman. Bestalde, duela gutxi Fiskaltza doktrina horren kontra azaldu da, Joseba Artolaren babes helegitearen kasuan. Konstituzionaleko mugimenduek eta fiskaltzaren irizpide aldaketak doktrina baliogabetzeko norabidean jarri dute iparrorratza.

Sakabanaketa, Gobernuaren erabaki politikoa

Gaur egun 703 euskal preso politiko daude eta horietatik 35 baino ez daude Euskal Herriko kartzeletan –EPPKtik kanpo dauden Langraitzeko 20 presoak barne–. Behin eta berriz salatu izan da presoak ez ezik, haien senideak ere zigortzen dituela dispertsioak. Batez beste astero 1.200 kilometrotik gora egin behar izaten dituzte senide eta lagunek, horrek dakartzan ondorioekin (istripuak, gastuak, osasun arazoak…). Aljerreko negoziazioen porrotaren ondoren ekin zion Felipe Gonzálezen Gobernuak sakabanaketari, presoen artean disidentziak eragiteko asmo argiaz. Urte batzuen buruan baina, garbi geratu zen neurri horrek ez zuela eraginik eta azken helburua “presoa bera deuseztatzea” zela, senideen esanetan. Hargatik, presoak Euskal Herrira hurbiltzea senideen eta euskal gizarteko eremu zabal baten aldarrikapen nagusietakoa izan da.

Sakabanaketa ez da inolako legetan oinarritzen, Gobernuak arbitrarioki harturiko erabaki politikoa da, eta zentzu horretan, behin eta berriz erabili izan du arma politiko moduan. Esaterako, Aljerreko zaputzaldiaren hurrengo urteetan Gobernuak oso estu hartu zituen presoak sakabanaketaren bidez; aldiz, Lizarra-Garaziko su-eten garaian, Aznarrek hainbat preso Euskal Herrira hurbilduz egin zituen keinu ahul batzuk.

Egun batetik bestera har litekeen erabakia den arren, ez dirudi presoen hurbilketa berehalakoan gertatuko denik. Senideentzat aldarrikapen ezinbesteko bihurtu den bezala, aldarrikapen historikoa eta sinbolikoa ere bada, eta bai biktimek bai PPko sektore kontserbadoreenek “kontzesio” gisa ikusiko lukete hurbilketa masibo bat –“beti egongo naiz presoen hurbilketaren aurka” zioen Mari Mar Blancok, Miguel Ángel Blancoren arreba eta PPko senatariak–. Hortaz, logikoena da hurbilketa epe ertainean eta pixkanaka gertatzea.

Zigor Kodeak eta graduak

1995ean Zigor Kode berriarekin eta 2003an errebisioarekin, ETAko presoei zigorrak eta baldintzak gogortzeko neurri bereziak hartu ziren. Hala, espetxealdi maximoa 30 urtetik 40 urtera igaro zen eta erredentzioen bidezko murrizketak desagertu egin ziren. Gainera, baldintzapeko askatasuna lortzeko, terrorismo delituagatik kondenatutakoek beste presoek baino denbora gehiagoz egon behar dute kartzelan –zigorraren hiru laurdenak– eta kalera ateratzeko indarkeria gaitzetsi eta euren biktimei barkamena eskatu behar diete. ETAren amaierarekin baldintza horiek zein egoera legaletan geratzen diren aztertu beharko litzateke. Bestalde, egun Espainiako Estatuan 337 preso daude lehen graduan, ia egun osoa ziegatan sartuta. Abian jarri den bake prozesuak presoen bizi baldintzen normalizazioa eta espetxe barruko gatazkak arintzea ekarriz gero, horietako askok bigarren gradura igarotzeko aukera izango dute eta hainbat onura izango lituzkete (ziegatik kanpo ordu gehiago, espetxetik kanpora irteteko baimenak…).

Iheslariek, paperak eta bermea

Ehunka dira Euskal Herritik kanpo bizi diren iheslari eta errefuxiatuak: Kuban, Venezuelan, Mexikon, Urugain, Belgikan… Horietako asko duela hamarkada batzuek alde egin zuten eta haien delitua preskribitua legoke; beste batzuek ez dute haien kontrako auzirik. Testuinguru berrian Euskal Herrira itzultzea xamurragoa izango dute, baina horretarako Gobernuaren bermea eta kasu batzuetan etxera itzultzeko “paperak” ezinbesteko dituzte, Anai Artea elkarteak berriki azaldu duen bezala.

Barkamenaren prezioa, biktimak eta berradiskidetzea

Zalantzarik gabe, damua eta barkamena hitzak behin eta berriz entzungo dira “gatazkaren ondorioak” konpontzeko prozesu luzean. Biktimen elkarteek argi dute presoek damua eta barkamena erakutsi behar dutela haien aldeko neurriak hartzen hasteko, legeak ere hala dio gainera. Baina barkamen eskaera ez litzateke “garaituen eta garaitzaileen” diskurtsoaren ikuspegitik exijitu behar, berradiskidetzerako bidean jarrera funtsezkoa delako baizik. Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak Larrun-en argitaratutako artikuluan zioen barkamenak borondatezkoa izan behar duela, ez dela berradiskidetze-prozesua abian jartzeko ezinbesteko baldintza, baina bai erabakigarria.

Biktimak dira bizi izan dugun gatazka honen ondorio mingarriena, alde batekoak zein bestekoak. Donostiako Adierazpenak haien aitortza eskatzen du, “errekontziliazioaren indarra gorrotoan oinarritutako ohiturei nagusitzean dator” dio adierazpenak. n


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude