Patxi Zabaleta: «Ez naiz EPPKren aurrean kokildu, ezta kokilduko ere»

  • Leitza (1947). Abokatua. Euskaltzaina. Idazlea -Eneko Aritzaren hilobia eleberria kaleratu berri du-. Herri Batasuneko kide historikoa eta Iruñeko zinegotzia izana. Nafarroako Legebiltzarreko parlamentaria eta Aralar alderdiaren koordinatzailea da egun. Patxi Zabaleta egun bereziak bizitzen ari da Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) persona non gratatzat eta ETAk «ezker abertzalearen etsai handien» artean kokatu ondoren. Hunkituta dagoela adierazi digu, baina ez politikoki «ukituta».

2005eko uztailaren 17an

Estafeta karrika eta zezen-plazatik hurbil duen bulegoan hartu gaitu sanferminen bezperan. Ez da zezenzalea ez dantzari amorratua, baina bertatik bertara bizi eta jarraitzen du jaia. Behin baino gehiagotan Pobre de mí! abestua bada ere, ez dugu ez burumakur ez erruki eske antzeman: «EPKKkoek persona non grata izendatu nautenean Anoetako Proposamenak dioenaren aurka jo dute bete-betean». ETAz berriz, honela mintzatu zaigu: «ETAn dauden pertsonek kezka eta ardura politikoa dute, ez dira mertzenarioak. Nolanahi den ere, Aralarren proposamen politikoak -etorkizuneko ezker abertzaleak jokatu beharko dituenak- ETAko kide askori zer pentsarazi eman dizkio nonbait». 500 lagunek elkartasuna adierazi diote oraindik orain. Atxikimenduak ezagutu aitzin burutu genuen solasaldia.

Nola zaude EPPK-k persona non gratatzat jo ondoren?
Ondo. (baina hunkituta). Ez naiz EPPK-k esan duenaren aurrean kokildu ezta kokilduko ere. Aitzitik, EPPK-k soilik presoen egoera eta ezberdintasunak errespetatzen dituenean balio lezakeela berresten dut. EPPK-k huts egin du handizki. Aralarrek bi ideia argi ditu bere sorreratik: preso bakoitzari merezi duen begirunea zor zaiola eta bakegintzak presoen egoeraren aldaketa ekarri behar duela. Amnistia, hitz batean. Bakea eta amnistia lortzeko eragile politikoak behar ditugu, baina presoen kolektiboak ezin du eragile politikoa izan. EPPK-k eragile politikoaren rola jokatzean ez du preso guztien aniztasuna islatzen. Guk preso guztiek hitz egitea eta eztabaidatzea nahi dugu, libreki eta inolako bitartekaritzarik gabe.

Testuinguruan ETA dago. Zer da ETA zuretzat?
ETA egoera bati emandako erantzuna da, asmo eta nahi politikoek akuilatuta. Fenomeno politikoa den aldetik aterabide politikoak eman behar zaizkio ETAri. Alabaina, egun borroka armatuari eustea Euskal Herriaren independentziaren eta izatearen aurka joatea da, lurraldetasunaren nahiz autodeterminazioaren defentsari traba egiten die borroka armatuak. ETAk, hamarkadaz hamarkada, izateko arrazoiren bat izan badu, proiektu guztiak ezin zirelako lege mailan defendatu izan zen, eta gaur egun ez dago halakorik. Jakitun eta kontziente izanda Alderdien Legea Mayor Orejak ETAri egindako oparia dela, baita opari horretaz Espainiako Estatua ederki baliatu dela ere. Estatua lege horretaz baliatu da ETA baldintzatzeko eta ETAren erabakiak eta jokabideak taxutzeko.

Zertan asmatu du Patxi Zabaletak politikan, zertan huts?
Ezker abertzaleak, hamarkadaz hamarkada, hausturaren teoriaren errepikapenean huts egin du. Niretzat eta ni bezalako askorentzat, HBren errua ezker abertzalea independentista eta soilik politikoa eratzeko ahalegina beranduegi saiatu izana da. Berandutuz joan da jarrerak barrutik aldatuko genituela sinesten genuelako, behin eta berriro huts egin dugu ordea. Egia da ETAk su-etenak eman dituela, baina beti ere egitura politiko-militarraren abangoardiak berea duen izateko moduan, hau da, autokritikarik egin gabe. ETAk ez du oraindik egin 1998ko su-etena hautsi izanaren autokritika. Baina nola egingo du? Egingo balu utzi beharko lioke-eta abangoardia politiko-militarra izateari. XXI. mendean garaiz kanpo dago abangoardia mota hori izatea. Haatik, ETAk Estatua baldintzatzeko eta lurraldetasuna eskuratzeko ahalmen militarra izango balu ere, abertzale demokrata garenok ezingo genuke berau onartu.

Gatozen Aralar alderdira. Bere ibilbidean nolabaiteko noraeza antzeman omen zaio zenbaitetan.
Guk eztabaidaren bidez hartzen ditugu erabakiak, ez ditugu gure ezberdintasunak ezkutatzen. Zenbaitetan irudi lezake noraeza apur bat dagoela. Aralarren ildo estrategikoan adostasun osoa dago ordea. Oso garbi dugu ezker abertzale zabala, anitza -eta politikoki- eraginkorra eraiki nahi dugula. Borroka armatuak ez du gure jokabidea inoiz baldintzatuko, baina borroka armatuaren irtenbidea eta gatazkaren konponbidea bilatzeko ahalegin osoa egingo dugu. Zeregin horretan iritzi ezberdinak ditugu eta batzutan ezberdintasun taktikoak agertzen dira. Aniztasun horretan militantziak eraikitako sare bat uztartu nahi dugu gure egituretan.

Alderdi politikoen arazoa izaten da. Berau gainditzeko modurik bai?
Udazkenerako gure araudian aldaketa bat sartu nahi dugu. Batzorde eragilea mugatua da eztabaida politikoa lantzeko. Badauzkagu herrialdetako batzordeak, baina hauek gehiago dira eragileak eztabaida guneak baino. Zuzendaritza eta militantziaren arteko egitura edo organo berria sortu nahi dugu, lau herrialdeetan 60 kide inguru bilduko dituena.

Nola egin dezake Aralarrek politika EAEko Legebiltzarrean bi hamarkadetan ezker abertzaleak instituzioetan ia-ia politika egin gabe eta minoria izaki?
Hori da gure erronka nagusia. Tinkotasunez, malgutasunez eta duintasunez jokatu beharra daukagu. Gure indar txikiaren arabera, EAEko inbestidura saioan edukiaz eztabaidatzen saiatu gara eta eduki horiek eman ez zaizkigunez, aske sentitu gara Ibarretxeri botoa ez emateko.

Artean Batasunaren mundutik EAJren apendizea bezala ikusten zaituzte.
Hori propaganda hutsa da. Guk ez dugu EAJrekiko inolako menpekotasunik. EAEko Legebiltzarreko mahaian alderdi bozkatuenari botoa eman genion bidea irekitzeko eta PPk bultzatutako hautagaiari bidea ixteko. Horretaraino besterik ez. Programa zertzeko orduan ez genuen adostasunik lortu ordea. Hiruko gobernuak beren programa izenpetzea proposatu zigun eta horretarako lehentasunezko tratamendu moduko bat eskaini. Tratamendu hori onartzeko ordea adostasun bat erdietsi behar genuen presoen politikan, euskararen egoeran, baita lan harremanen eta ingurunearen tratamenduan -AHTren gaian, kasu-. Ez zuten gurekin deus adostu, guk ez baitugu lehentasunezko tratamendu bat izenpetuko ez bagaude edukietan ados. Batasunak bere buruari egin beharko lioke kritika hori.

Euskadiko Ezkerraren bigarren bertsioa zaretela entzutean zer diozu?
EE egitura politiko-militarretik sortu zen, EIAren bitartez. Gu aldiz politikagintzari lehentasuna ematen ari gara, EEren antitesia gara. Batasuna da EEren ildoan dagoena, politikagintzaren lehentasuna aitortzeko gai ez dena.

Aralar ez da subiranotasun taktikoaren aldekoa. Argitu hori arren.
Subiranotasunak helburu estrategikoa izan behar du. Hori da ezker abertzalearen ezaugarri historikoetako bat. KAS alternatiba taktikoa zen, ez subiranozalea. Esate baterako, Batasunaren Bateginez ponentzian, ezker abertzale ofizialarekiko diferentziak izan genituen. Aralarrentzako subiranotasunaren aldarrikapena estrategiakoa da, berau ezin da jokabide taktikoekin nahasi inola ere. Izan ere, berauek nahasten diren neurrian herriari helburu ezinezko bat jartzen zaio. Herria engainatu egiten da eta ondorioz prozesua geldotzen da. Subiranotasuna helburu taktiko bezala ipintzea, epe laburrean ezinezko helburu bat balitz bezala ipintzea, indar korrelaziorik ez dagoela esaten jokatzea, gauzak dauden bezala jarraitu nahi izatea da. Nahiz eta bestelakorik esan.

Zein neurritan desorekatzen du Aralar Batasunaren jarduerak?
Batasunaren egiturak gureak baino askoz garrantzizkoagoak dira eta batzutan gu desorekatzeko helburuz jokatzen dute. Hauteskunde orokorretan -Nafarroa Bai antolatzen ari ginenean- Bergarako Proposamena egin zuten. II. Kongresua egin genuenean Anoetako Proposamena kaleratu zuten. Harrezkero Bateginez ponentzian azaldu zutena ukatu dute, eta Aralarrek defenditzen dituen ideia askotara hurbildu da, ez denetara. Areago, Aukera Guztiak sortu zen hauteskundeetarako, adimen handiz egina, ordurako EHAK sortua baitzen. Madrilgo Gobernuak ondo zekien atzean nortzuk zeuden, eta zein geratuko zen legalizatua eta zein ez. Aukera Guztiak ekimenak berriz ere Aralarren eskaintza itzali zuen neurri batean, baita desoreka sortu ere.

Nola ikusten duzu alderdien arteko mahaia edo mahaiak?
Mahaiak guztiz beharrezkoak dira gatazkaren ebazpena taxutzen joateko, baina hasierako akordio politikoa behar da aldez aurretik. Akordio horrek jarrera politiko guztien zilegitasuna onartu behar du. Ondoren su-etenak eta Estatuaren distentsioak etorri behar dute. Presoen arazoen konponbidea, besteak beste. Akordio politiko hori herriak berretsi beharko du, baina, bien bitartean, bakegintza helburu politikoetatik bereizi egin behar da ezinbestean. Bakegintza eta eraikuntza nazionala ezin daitezke lotuta joan.

Zu kritikoa azaldu zara Hitzarmen Demokratikoaren inguruko mahaiarekin.
Ni gatazka konpontzeko eta eraikuntza nazionala bideratzeko mahaiak ondo bereiztearen aldekoa naiz. Aralarrek gatazka gainditzeko mahaian parte hartu nahi du. Eraikuntza nazionalaren mahaian diferentziak ditugu, besteak beste, horretarako adostasun programatiko bat gauzatu behar delako. Lurraldetasuna eta autodeterminazioari buruz mintzatzean ez dakigu gauza zehatzik orainokoan.

Nazio eraikuntza versus normalizazio prozesua edo bakegintza?
Eraginkorrak eta funtzionalak izateko bi ekimenak ez direla ez abiadura ez partaidetza berdinekoak onartu behar dugu, eta agian ezin dira ere garaikideak izan. Nazio eraikuntza ez da bakea egiten denean bukatuko, orduan hasi eginen da funtsean.

Nola burutu daiteke autodeterminazioaren ariketa une honetara iritsita, dauden indar koerlazioak izanda?
Autodeterminazioaren helburua subiranotasunaren bidean dago eta helburu estrategikoa bezala ikusi behar dugu, eta horretara iristeko dugun eta behar dugun helburu bakarra indar metaketa egitea da bai Nafarroan, nahiz EAEn zein Iparraldean bere unean. Horretaz gainera, kontsulta eta erabaki esparruak funtsezkoak izaki, esparru horiek eraiki beharra dago. Artean, abertzaleok batuketa egiten ikasi behar dugu ahal diren tokietan eta ahal diren puntuetaraino. Helburu estrategikoak ahaztu gabe eta gu independentzia zaleak garela inoiz ezkutatu gabe. Berau lortu bitartean baina, politikan egiten badakigula erakutsi behar dugu, hori baita independentziarako bide bakarra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EPPK
2023-04-17 | ARGIA
EPPK-k berretsi du "denen sufrimendua" amaitzeko urratsak emateko prest dagoela

Apirilaren 17an Preso Politikoen Nazioarteko eguna dela eta, agiri bat kaleratu du kolektiboak, eta gogorarazi du urruntze eta sakabanaketa politika bukatu izana “luzaz itxarondako albistea” zela.


2020-07-03 | ARGIA
Marixol Iparragirreren askatasuna aldarrikatu dute bere aurkako epaiketaren aurrean

Uztailaren 8an eta 9an egingo da espainieratu zutenetik izango duen lehenbiziko epaiketa. Marixol Askatu ekimenak Iparragirreren askatasuna aldarrikatu du, egungo ziklo politikoan “epaiketa oro soberan” dagoela esanez.


2020-05-30 | ARGIA
EPPK: "Patxi Ruizen muturreko erabakiaren aurrean sektore jakin batek izan duen jokabidea oso larria da"

"Aipatu sektore horrek, EPPKko kide, EH Bildu, Etxerat, Sare eta Sorturi erasotzeko baliatu nahi izan du egoera hau guztia, Patxiren egoera konpontzeko ezer ez egitea egotziz eta, areago dena, egoera orokorraren errua ere leporatuz", dio Euskal Preso Politikoen... [+]


2019-07-08 | Hala Bedi
Jose Angel Ochoa de Eribe baldintzapean aske geratu da

Urkabustaizko bizilagunak gaixotasun larria du.


2019-04-17 | ARGIA
EPPK-k "beharrezkoak diren ekarpenak" egiten segituko duela berretsi du

EPPK-k  agiri berria plazaratu du Preso Politikoen Nazioarteko Egunean. Egoera “gordina” dela adierazi du, baina ez duela “atzera” eginen erran du ere.


Eguneraketa berriak daude