EAEko hezkuntza sisteman, eleaniztasunari buruzko ikerketen emaitzak eta metodologia aztertu eta Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective lana argitaratu zuen iaz EHUko Hezkuntza Zientzietako katedratiko Jasone Cenozek (Iruñea, 1960). Aurten, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkartearen (AESLA) ikerketa saria jaso du liburuak.
Lekuan-lekuan, eleaniztasunak maila ezberdinak izango ditu, ala? Hezkuntza sistema bat bera izanda ere.
Eleaniztasuna ezin guztiz berdina izan han eta hemen, eredu bat bera erabilita ere, egoera soziolinguistikoak ezberdinak direlako batetik bestera. Jo dezagun, eredu bat non eskolak euskaraz eman eta gai bat ingelesez irakasten den. Baina, eredu edo dena delako hori, guztiz ezberdin gauzatuko da Iruñean, Lizarran edo Azpeitian. Nahitaez. Eredua eta ordu kopuruak berak izan arren. Paperean jartzea da bat, praktikara eramatea, beste bat. Emaitzak ere ezberdinak izango dira. Hor, gizarteak ere eragin handia du. Egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar da beti. Are gehiago, herri berean ere, ikastetxe bat, eta ondokoa, ezberdinak izango dira zenbaiten iritziz. Nondik begiratzen den! Nazioarteko ikuspegian, ez da ezberdintasunik izango Iruñea, Lizarra edo Azpeitia izan. Indiako egoera eleanitzetik datorrenak esango du: “Hiru hizkuntza darabiltzate irakaskuntzan, hizkuntza-distantziak ere antzekoak dituzte, gizarte egoerak ezberdinak dituzte, bai, baina…”. Alegia, oso antzekoak ikusiko ditu gure herrietako egoerak, zenbait aldagai gorabehera.
Liburuan “Continua for Multilingual Education” eredua irakurri dizugu, hots, eredu bat garatua duzu leku ezberdinetako eleaniztasunak konparatzeko asmotan…
Bai. Adibide bat baliatuko dut esan nahi dudana azaltzeko. Eman dezagun, Herbehereetan, Frisia. Han frisiera, nederlandera eta ingelesa dituzte. Hizkuntza guztiak germanikoak dira, hau da, hurbilak elkarrekiko, nahiz eta badiren alde batzuk, eta alde horiek garrantzizkoak dira, eta emaitzak era batekoak edo bestekoak izatea ekartzen dute. Horra, esaterako, testuinguru soziolinguistikoa, non familia, lagunartea, eta gizartea diren jokoan. Beste aldagai bat, garrantzizkoa, hizkuntzak gizarte horretan duen estatusa, hiztun kopurua eta abar. Hezkuntzaz ari garenez, horrek, nahitaez, eragin handia du ikastetxeko lanean. Irakasleek berdin jardunagatik ere, gaitasun maila bertsua izanagatik ere, testuliburu berdinak erabili, hizkuntza-distantziak antzekoak izan… emaitzak ezberdin! Alegia, badira horiek ez beste diren eragingarriak, eta testuinguru soziolinguistikoa da garrantzi handieneko bat.
EAEri, edo Euskal Herriari buruz hitz egitea, zertan du baliagarri atzerriko ikertzaileak, edo gaiaren inguruan interesa duenak?
Hara, Indian, esaterako, hainbat hizkuntzarekin lan egiten dute, zeharo dira ezberdinak hizkuntzak, guztiz ezberdin hitz egiten eta idazten dira. Gurean, euskara da berezitasuna, alegia, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan, oso indar handia du hezkuntza sisteman. Badakigu gorabehera handiak direla erabileran, erronka handiak ditugula, eta hau eta hura. Baina ikas-tresna den aldetik, euskararen presentzia oso handia da eskolaren barruan. Eta testuinguru elebidunekoa ez den jendeak nekez ulertzen du ahalegin hori. “Gaztelaniaz baldin badakizue, zertan ari zarete euskararekin?”. Beste gai bat ere bada hor, interesgarriagoa, beharbada. Hemen, garai batean, era bateko erabakiak hartu ziren, baina bestelakoak ere har zitezkeen. Uste dut irakasleek, ikertzaileek eta planifikaziogileek, denok ere derrigorra dugula beste zenbait lekutan gauzak nola egiten diren ezagutzea. Kontua ez da, besterik gabe, hemengoa kanpoan zabaltzea, kanpokoa ere gurera ekartzea baizik.
Eta nola egiten dira gauzak kanpoan? Hezkuntza sistemari dagokionean bederen.
Adibidez, gurean, hizkuntzak bata bestetik oso aparte lantzen dira. Euskarazko eskolan, euskara, eta besterik ez. Ingeles eskolan, ingelesa, eta besterik ez. Gurean, liburuak dira, bata euskarazkoa, bestea ingelesezkoa, hirugarrena gaztelaniazkoa edo frantsesezkoa. Beste zenbait lekutan, berriz, liburuak ditu ezkerreko orrialdeak hizkuntza batean, eta eskuinekoak bestean. Eduki halako bat lantzen ari direla, hizkuntza batetik bestera jauzika dabiltza ikasle-irakasleak. Liburu elebiduna! Ez diot hori hobea edo okerragoa denik, badela baizik, eta bestek lana nola egiten duen ezagutzea komeni dela. New Yorken izan nintzen martxoan, ikastetxe elebidunean. Han, astegunaren arabera jarduten zuten hizkuntza batean edo bestean, gela berean, irakasle berarekin. Apal gorrian, hizkuntza bateko liburuak; urdinean, bestekoak. Ingelesa eta gaztelania zituzten langai, jakina. Egunaren arabera, hizkuntza batean hitz egiten zuten, edo bestean. Eta berriz diotsut, ez naiz esaten ari zer den hobe, zer txarrago, baina beste herrialdeetan gauzak nola egiten diren jakin behar dugula, bai. Hizkuntzak egunen arabera zehaztu beharrean, asteka ere egin liteke: aste batean hizkuntza batean, bestean bestean. Ingeles irakaskuntzak garbi erakutsi du ikastaro trinkoek emaitza hobeak ematen dituztela bestelako saioek baino… Zein den lortu nahi dugun helburua!
“Garai batean halako erabaki batzuk hartu ziren”, esan duzu. Helburua, betiere, derrigorrezko hezkuntza bukatu orduko EAEko ikasleek bi hizkuntzak jakitea. Helburua ez da aldatu, nola-hala betetzen bada ere, edo betetzen ez bada ere.
Helburu hori jarri zenean, hizkuntz ereduak ezarri zituztenean, nahiko baikorrak izan zirela iruditzen zait. Astean hiru-lau orduz kanpoko hizkuntza ikasten jarduteak ez dakar hura benetan ikastea. “Hizkuntza jakitea” ere zer den ikusi behar. Jatorrizko hiztun eta goi-mailako ikasketak dituenaren maila izatea baldin bada “hizkuntza jakitea”, bada, nekez lortuko dugu. Haraino ez iristeak porrot egin dugula esan nahi baldin badu… Era guztietara, dela ikasi dutenen maila, erdizka ikasi dutenena, ikasi ez dutenena… gure hizkuntza sisteman potentzial handia galdu dela esango nuke. Bi muturren artean ibili gara: ikasleak, edo ikasi du eta EGA agiria ere lortu, edo ez daki ezer. Hor galdu da potentzialtasuna. A ereduan, adibidez, euskara astero-astero hainbat orduz, hamaika urtez ikasi, eta, amaieran, emaitza “ezer ez jakitea” dela esango du zenbaitek. Baina, benetan, ez da ezer ez jakitea…
“Ezer ez jakitea”, ez, baina hitz egiteko mailarik ez izatea, bai.
Ordu kopuru hori izanda, interesgarri litzateke besterik asmatzea. Adibidez, eredu horretako euskarazko ordu kopurua ez baldin bada nahikoa legeak agintzen duena betetzeko, zergatik ez gara saiatzen ulermena lantzen, ahozko nahiz idatzizko mezuak –izan litezkeen guztiak–, ulertzen, nahiz eta produkzioari uko egin, neurri batean? Alegia, Eleaniztasun Hartzailea, Receptive Multilingualism delako hori. Orain duguna baino hobe izango luke euskarak. Denek ulertuko balute, euskaraz dakienak beti erabili ahal izango luke euskara, eta euskaraz hitz egiteko gai ez direnen artean ere bai. Hitz egiten ikasten ez badute, ulertu, behintzat. Horrela, gainera, hiztun hartzaile horien asebetetze maila handiagoa izango litzateke. Ulertzen duenak errazago joko du dakien apurra ere erabiltzera… Aukerak bat baino gehiago dira.
Eleaniztasun hartzailea, beraz, aukera bat.
Eskandinavian, esaterako, askotan nork bere hizkuntzaz hitz egiten du (daniera, suediera..), eta elkar ulertzen dute. Nahiz eta euskararen eta gaztelaniaren arteko distantzia handiagoa izan interesgarria izan daiteke gure kasuan ere. Ikertu eta landu egin behar dela uste dut. Ulermena besterik landu nahi ez badugu, metodologia ere aldatu beharko genuke, noski. Baina euskararentzat, eta hiztunarentzat, mesedegarri litzateke. Ikusiak ditut unibertsitatean bertan zenbait jarrera, euskararen ez aldekoak, hitz egiteko gai ez izateak sortu dituenak.
Aldizkari honetan bertan, kanpoko zenbait aditu izanak ditugu. Joaquim Dolz, Ignasi Vila, Juan Carlos Moreno Cabrera… Gurean egin den lanaren handia azpimarratu ohi dute denek. Dena dela, betikoa beti: “Hizkuntza hitz egiten ez bada, ordea…”
Arazo handia dugu erabilera, bai. Erabilera ez da jaitsi, baina igo, oso gutxi igo da. Titulu asko bazterretan, baina hitz gutxi. Jende askok errazago erabiltzen du gaztelania, euskara baino, eta horiek ez dute ahalegina egiteko asmorik. Gazteak berriz, modaren arabera bizi dira, noiz euskaraz, noiz gaztelaniaz. Hala ere, gazteen kasua ezberdina da, adinari loturik egon daiteke-eta haien jarrera.
Eleaniztasuna hezkuntzan, eta hezkuntza eleanitza… Zertan dira gelan pil-pilean dauden hizkuntzak, etorkinek ekarriak, alegia, irakaskuntza hizkuntza ez diren horiek?
Gai konplexua da. Ikasleek hizkuntza asko hitz egiten dituzte, baina toki askotan, funtsean, eskola oso elebakarra da. Londresen, esaterako, hizkuntza mordoa daude. Eskolan, periferiakoetan, hogei hizkuntza hitz egiten dituzte gela bereko ikasleek, baina etxean erabiltzen dituzte, eskolan hizkuntza bakarra dutelako: ingelesa. Hemen, hiru edo lau hizkuntza ditugu, besteak etorkinen etxean gordeta daude, salbuespenak salbu, eta portugesa da adibide. Kultur arteko programak egiten direnean, esaterako, arazoa azaleratzen da, horren kontzientzia hartzen du jendeak, sentiberatasuna lantzen da, baina ez da hizkuntza lantzera jotzen. Errumaniarrak daudela, hitz batzuk erakutsiko dira, zenbait ohituraren berri emango… baina hizkuntza hori curriculumean sartu gabe.
Sentiberatasuna.
Zenbait lekutan lan bikaina egiten ari dira horretan. Derrigorrez landu behar da sentiberatasuna. Hizkuntza horiek hitz egiten dituzten ikasleek beren hizkuntzak eskolan baloratuak direla ikusi behar dute. Oso garrantzizkoa da.
Eleaniztasuna eta Hezkuntza-European Master in Multilingualism and Education eratu berria du Donostiako EHUren Filosofia eta Hezkuntza Fakultateak, eta Jasone Cenoz da buru. Nazioartekoa da, Herbehereetako Groningen-go unibertsitatearekin elkarlanean antolatua. Helburua, adituak prestatzea, hemengo egoera eta kanpokoa ere ezagutzeko formazioa eskaintzea, oinarri teorikoak erakustea: “Batetik, adituak prestatu nahi ditugu, ikastaroak, hitzaldiak, ebaluaketak… egiteko gai izango direnak; bestetik, ikertzaileak sortzen lagundu nahi dugu. Nazioartean, Europan, erreferente izan nahi dugu arlo honetan”. Bi urteko iraupena izango du, nazioartekoari dagokionez, eta zenbait protokolo sinatuak dituzte HABErekin, ISEI-IVEIrekin, Herbehereetako Fryske Akademiarekin, besteak beste. Hezkuntza fakultatean osatua dute eleaniztasunaren eta hezkuntzaren inguruko ikerketa-taldea: Donostia Research Group on Education and Multilingualism (DREAM). Informazio osoa, www.multilingualeducation.eu helbidean.
Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]
Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]