"Nazioarteko militantzia utzi nuen, antzezle lanetan zentratzeko"

  • Antigua Guatemala hiriko bere etxean hartu gaitu, gazte talde batekin antzerki prestakuntzan jardun berritan. Antzerkian Guatemalan hasi bazen ere, gerla zibilarekin Espainiara ihes egin eta bertan bilakatu zen ofizioko aktore. Antzezle konprometitua da Díaz Gomar.

Roberto Díaz Gomar
Roberto Díaz GomarJoanes Etxebarria

Nola sartu zinen aktore lanetan, zine munduan?

Zinemaren afizioa gazte-gaztetik dut, nire gurasoak zinema areto baten jabe baitziren. Ene historia Cinema paradisoren oso antzekoa izan da. Herrira iristen ziren film guztiak ikusten nituen, eta filmak helduentzako zirenean, bagenuen leiho bat lagunekin horiek ere ikusteko, ezkutuan. Cinema Lux izena zuen. Pentsa, garai hartan bi sesio zeuden, goizean eta iluntzean. Horri esker, mundu osoko zinema ikusi nuen.

Eta film horien artean Guatemalakoak ikus zitezkeen ala soilik kanpokoak?

Oso gutxi ziren bertakoak. Baziren batzuk, baina Guatemalako zinema ez zen garatu. Zinema guatemalarraren zati handi bat koprodukzioak ziren, Mexikorekin garatuak, 50 eta 60ko hamarkadetan. 70eko hamarkadan berriz, zinema komertzialaren eztanda izan zen, baina hor ere Mexikoren itzalpean. Gehienetan filmak Guatemalan egin bai, baina zuzendariak eta protagonista nagusiak mexikarrak ziren.

Eta gerla hasi zen.

Bai eta zinema eta antzerkia erreprimitu zituzten, autozentsurarik ez zegoenean. Hortaz gain, larriena zen jendea hiltzen zutela, edo desagertzen zirela, zinema zuzendariak artean.

Gerla garaian ere bazen Guatemalako zinema, baina kanpokoek egindakoa (suediarrek, finlandiarrek...). Horren adibide da La hija del puma (1994). Gerla bukatuz zihoala film dokumental asko agertzen hasi ziren, Guatemalan gertatutako sarraskiak salatzeko. Bake hitzarmena sinatu baino denbora gutxi lehenago, ia hitzarmenarekin batean, bihurgune bat markatu zuen filma egin zen: El silencio de Nec. Azken horrek ongi islatzen du guatemalarron izaera isila, itxuraz otzana, garai hartako errepresio horren guztiaren ondorio.

Gerla aitzin ere Guatemalako zinema konprometitua zen ala hori egoera politikoaren ondorio izan zen, gerora?

Ez, aurretik ez zen konprometitua. Nik dakidala, gerla aitzin film bakarra izan zen konprometitua, La paloma herida (1963), Emilio El Indio Fernandezena, komunitate indigenen borroka islatzen zuena.

Zure ibilbide profesionala nola hasi zen, Cinema Luxen zaletu ondoren?

Nik zinemarekin amesten nuen, eta antzezten hasi nintzen, oso-oso gazterik. 4 urterekin parke zentralean antzezlan bat plazaratu genuen. 5 urterekin ere, kantu lehiaketa batera aurkeztu nintzen. Badakizu, haurra gaizki ari denean kanpaia jo eta kanporatzen diren horietakoa... Etxean ez nuen inor abisatu eta horrela azaldu nintzen, Luis Marianok abesten zuen Violetas imperiales kantatzera, eta oso abesti zaila zen. Noski, kanpaia jo zuten laster, baina ez nuen mikrofonoa utzi kantua bukatu arte. Eta txalo zaparradak izan ziren, oso egoera komikoa izan zelako.

Erran diguzu gurasoak abisatu gabe joan zinela. Gerora, zure bizitza artistikoan, sustengatu zaituzte?

Ez asko. Zuzenbide karrera egin behar izan nuen, nahiz eta horrekin batera, antzerkian aritzen nintzen. Hori egin nezakeen, beti ere “etorkizuneko” karrera bat jarraituz, hots, ikasketa “serioak” egiten banituen. Abokatu eta notario atera nintzen. Espainiara erbestean ihes egin nuenean, bankuetan lana aurkitzen nuen, baina azkenean erabaki nuen aktore lanari osoki dedikatzea. Ez nuen gehiago familiaren presiorik, eta hasi nintzen zirkoa egiten, karrikako antzerkia, haurrentzat ikusgarriak... eta ohartu gabe zinema espainolean sartu nintzen paper txikiekin. Fisikoki espainiar tankera daukadanez, behar izan nuen espainol azentuan hitz egiten ikasi, eta horrela hasi nintzen. Izan nintzen laborari, guardia zibila...

Erbestea aipatu duzu. Guatemalan artista konprometitua al zinen modu horretan ihes egin behar izateko?

Bai. Hasteko, zuzenbidean katedratikoa nintzen, inbestigazio sozialen metodoetara dedikatzen nintzen. Lehen masakrea gertatu zenean, nik salatu egin nuen. Paraleloki, antzerki talde bat zuzentzen nuen eta horrekin ere salaketak egiten genituen, hori bai, klandestinoki, ez baikinen inongo programetan agertzen. Argindarraren inguruko gatazka bat, gose greba bat edo beste zegoenean, han agertzen ginen antzerki taldearekin.

Espainiako Estatuak babesa errazki ematen ote zien guatemalar errefuxiatuei?

1978an erbestea eskatu nuen Espainian, baina ezezkoa eman zidaten, Guatemala demokrazia bat zelakoan. Baina 1980an Espainiako enbaxada erre zuten Guatemalan, eta orduan pentsatu nuen “orain zer demokrazia aipatuko didate?” [urte hartan Espainia eta Guatemala arteko harreman diplomatikoak eten ziren]. Enbaxada erre zutenean, han nik formatu nuen antzerki talde bat zegoen, eta partaide guztiak hil ziren. Hori dela-eta, erbestea eman zidaten. Dena den, lagunen heriotzaren berri gerora ukan nuen.
Orduan, Espainiak eman zizun askatasuna maila artistikoan?

Hasierako ideia ez zen hori, egia erran. Hara joateko ideia etorri zen han etxe bat zegoelako niretzat. Handik, gerora, Guatemalarekiko europar elkartasun sarea sortu nuen lagun batekin. Baina gogoa genuen Guatemalara itzultzeko, beharbada klandestinoki, borrokatzera... Oso idealistak ginen orduan. 32 bat urte nituen.

Garai hartan itzuli zinen Guatemalara?

Ez, aspertu egin nintzen erakunde iraultzaileekin ukandako harremanetan. Ez ninduten sartzen uzten eta nazioarteko militantzia hura bazter batera utzi nuen, osoki antzezle lanean zentratzeko, eta antzerkia ikasten hasi nintzen. Baina horrek ez du erran nahi nire herriaz eta bere arazoez ahaztu nintzenik.

Antzezlan bat zuzendu nuen, Herrien behin-betiko auzitegia, zeinetan Guatemalako egoera salatzen genuen. Beraz, militantziarekin ez zen etenik izan, baina aldi berean aktore lanetan ari nintzen, bai publizitatean eta bai edozein filmetan. Nire fisikoak asko lagundu ninduen, esan dudan bezala, espainiar tankera daukadalako. Paper txikietan, baina batzuetan produkzio handietan ere aritu nintzen. Zineman Antonio Banderasekin edo Javier Bardemekin lan egin nuen eta antzerkian Pilar Bardemekin, esaterako. Kontaktu onak lotu nituen, oraindik mantentzen ditudanak.

Eta han Guatemalan baino lan gehiago zegoen orduan...

Pentsa, Espainian finantzaketa gutxi zegoela aipatzen zenean 85 filma egiten ziren. Hemen zer izango ziren, hiru?

Gero Guatemalara itzuli zinen. Lanbideagatik ala beharrune sentimentalak bultzatuta?

1982an itzuli nintzen lehenbizi. 1986an diktadura amaitu zen eta Mexikora joan nintzen, herrira itzultzeko asmoz. Baina esan zidaten oraindik arriskutsua zela eta ez nintzen Guatemalan sartu. Azkenean heldu nintzen eta herria oso aldatua aurkitu nuen. 1998an itzuli nintzen behin betiko, handik ospa egin nuela hogei urte bete zirenean. Maya kulturan, hogei urteko epea “Katun” bat da, garai bat, ziklo bat. 2003an, kanpoan zinema munduan zebilen jendea itzuli eta bat-batean hiru filma egiten dira. Nik kasualitatez hiruetan hartu nuen parte. Hortik aitzina zinema guatemalarra asko aldatuz joan da, gaur egun Toque de Queda generozko filma estreinatzeraino.

Ematen du, zure bizipenak entzunda, Guatemalan xumeki bizitu eta Espainian famatu bilakatze artean hautu bat egin behar duzula. Hala da?

Nonbait bai, horrelako zerbait izan zen. Baina lurrak erakartzen du, eta askoz gusturago nabil hemen. Orain belaunaldi ezberdinen arteko talde solidoa dugu hemen. Nire etxearen inguruan, Antigua Guatemalan, gazte asko biltzen da eta sorkuntzan gabiltza etengabe.

Bukatzeko, Espainiako Estatuan izan zinenean Euskal Herriaren berri ukan zenuen?

Bai, eta erotu ninduen! Guatemalaren antza hartu nion kulturan. Ez nuen euskara ulertzen, kitxua ulertzen ez dudan bezala. Baina gustatzen zait entzutea, eta oso pozik naiz hizkuntza horiek egon badirelako. Baina Euskal Herria ez da erraza; bazoaz Sevillara eta hiru orenean etxekoa bezala sentitu zaitezke, Euskal Herrian ez. Baina lagun euskaldun bat ukanez gero, lagun hori betirako da.

Gainera zinemarekin eta antzerkiarekin aritu naiz euskal taula gainean. Donostiako festibalean ere aurkeztu ditugu gure filmak behin baino gehiagotan.


ASTEKARIA
2011ko uztailaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude