"Aldaketak zergatik izan behar du beldurgarria?"

  • Gipuzkoako Aldundiko eraikinaren atea itxita dago. Larunbata da. Barruan baina, Martin Garitano (Bergara, 1963) ahaldun nagusi berriak elkarrizketak eskaintzen dihardu: “Atzo etorri ginen lehenengoz etxe honetara, astelehenean hasiko gara laneko martxan”. Herritarren parte hartzean sakontzea eta bake prozesua bultzatzea izango ditu zeregin nagusienak.

Dani Blanco

23 botorekin izendatu zaituzte ahaldun nagusi. Babes hori ikusita, zuen helburuak asebetetzeko moduan izango zaretela uste duzu? Gipuzkoara aldaketa ekartzeko moduan izango zaretela?

Bai, nik uste dut hein handi batean baietz. Beste kontu bat izango da gure helburuak lortzeko beste alderdi batzuekin negoziatu beharra, hori ezinbestekoa da. Baina hori gertatzen da Gipuzkoako Foru Aldundian eta baita Bizkaikoan ere, emaitza berdintsuak dauzkagu: guk 23 eta Bizkaian 22, beraz helburuak asetzeko negoziatu egin beharko dugu.

Zergatik ez zarete oraindik iritsi Aralarrekin Gobernu akordio batetara?

Guk proposamena luzatu genien parte hartzeko Batzar Nagusietako mahaian eta baita Gobernuan ere. Printzipioz ados geunden alde biak; mahaikoa bete da. Gure egitasmoak oso antzerakoak dira gobernazioaren inguruan eta hurrengo egunetan, gobernua osatzeko prozesuan, berriro beraiekin hitz egingo dugu.

EAJrekin eta PSErekin akordio puntualetara iristeko asmoa duzue, batez ere akordioak EAJrekin lehenetsiko dituzue…

Bigarren indarra delako, logikaz.

Akordio puntual horietara iristeko zeri uko egiteko prest zaudete eta zer ez da negoziagarria?

Hori gai bakoitzean ikusi beharko da. Ikusiko dugu bakoitzak noraino eraman dezakeen negoziazioa eta nondik ezin den mugitu, baina ez da printzipiozko negoziaketa bat, gai zehatzetan oinarritua baizik.

Eta printzipioei dagokionez?

Gu abertzaleak gara, independentistak gara, soberanistak gara eta ezkertiarrak gara. Horiek dira gure printzipioak. Baina ez dugu independentzia mahai gainean ipiniko fiskalitatea aldatzeko momentuan, horretan malgutasuna behar dugu izan.

Funtzionamenduaren aldetik, zer aldatuko da Diputazioan Bildurekin?

Alde batetik, Gobernua murriztuko dugu, hori behin eta berriro esan dugu. Eta bestetik, funtzionalitateari dagokionez, guk parte hartzea bermatu nahi dugu. Horretarako mahai sektorialak antolatuko ditugu gaiak tratatzeko; hor erabaki batzuk hartuko ditugu eta erabaki horiek Batzar Nagusietara eramango ditugu. Batzar Nagusiek erabakiko dute horiek aurrera atera edo ez: Batzar Nagusietatik agindua ateratzen bada, guk hori kudeatuko dugu. Hori da aldaketa nagusia. Hori eta Gobernuaren konposaketa.

Parte hartzeko foru arau bat martxan jarriko duzuela aipatu duzue.

Badago parte hartzeko foru arau bat. Aldatu, zabaldu eta oraindik gehiago zehaztuko dugu; eta martxan jarriko dugu.

Ahaldun nagusiak bere soldata jaitsiko du?

Ez dakit zein den ahaldun nagusiaren soldata, baina bai, badugu planteamendu bat horren inguruan. Hala ere benetan diotsut ez dakidala zein den nire soldata, ez dut galdetu.

Zer ondorio atera beharko lukete ezker soberanistek M-15 mugimendutik?

M-15 egungo egoeraren aurkako iritzi mugimendu bat da. Euskal Herrian egungo egoeraren aurkako iritzi mugimendua badago, aspalditik, eta nik uste abertzale ezkertiarrek haserre horri eraketa politikoa eman diotela.

“Proiektu estrategiko” delakoak defendatzeko prest azaldu dira oposizioko alderdiak. Batzar Nagusietan oposizioaren balizko gehiengo osoei, nola erantzungo die Diputazioak?

Diputazioak ezin du Batzar Nagusiek erabakitzen dutenaren kontra egin. Gu exekutiboa gara, baina Gipuzkoan parlamentua Batzar Nagusiak dira. Beste kontu bat jakin beharrekoa da, azpiegitura erraldoi horietaz hitz egiterakoan, adibidez Pasaiako kanpoko kaiko azpiegitura hori ez dela egingo, baina ez guk esaten dugulako, Espainiako Gobernuak ere esan duelako ez daukala sostengurik, ez ingurumen arloan ezta ekonomikoan ere; beraz guk hori ez dugu inposatuko. Hondarribiko aireportua zabaltzea, Espainiako Gobernuak honezkero agindu du ez duela egingo. Eta errauskailuarekin guk proposatzen dugun moratoriaren inguruan, nik uste adostasun asko lor litezkeela, baita Batzar Nagusietan ere.  

Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak berrikitan esan du ingurumen iraunkortasun txostena aurrera doala, eta martxa onean joan ere…

Arazo bat dauka Espainiako Gobernuarekin.

Errauskailuari dagokionez, aurreko Aldundiak hainbat konpromiso eta kontratu sinatu zituen bankuekin, eta obra ugari ere esleituta daude. Horiek zertara lotzen zaituzteten aztertu duzue?

Bai, baina moratoria horrek izango lukeen kostua negoziatu egin beharko da bankuekin. Zeren eta bankuekin ez dugu harreman hori soilik, harreman oso estua daukagu beste gai askotan, eta bada negoziatzeko biderik. Guri kasu honetan interesatzen zaiguna, beste kasu batzuetan bankuei interesatuko zaie.

Usurbilen, atez atekoaren erreferenduma sistema ezarri eta gero egin zen, jendeak ikus zezan zein eredu zeuden.

Ez dugu inposatuko ez atez atekoa, ez bosgarren kontenedorea, ez errauskailua. Guk moratoria horren bitartez eztabaida publikoan oinarritutako prozesu bat ireki nahi dugu; eta informazio guztia eman eta gero, eztabaida sozial hori garatu eta gero, herriari galdetuko diogu. Herriak esaten duena izango da aurrera aterako duguna.

Badaude Bildu barnean alderdi batzuetako sektoreak zenbait azpiegiturekiko beste iritzi bat dutenak, horiek zenbaterainoko eragina izan dezakete erabakietan?

Erreferenduma ez dugu Bildu barnean egingo, erreferenduma Gipuzkoan egingo dugu eta gipuzkoar guztiok emango dugu bozka.

Aldundia bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren zerbitzura jarriko duzuela adierazi duzue. Zein izango da lehentasuna arlo horretan?

Gure lehentasuna da euskal gizartean eragile politiko eta sozialen artean ematen ari diren aurrerapausoekin bat joatea eta ez aurka jartzea. Beraz, dauzkagun tresna politiko guztiak prozesu horren alde jarriko ditugu.

Batzar Nagusietako hitzaldian aipatu zenuen gatazkaren “aurpegi ezberdinekin” lan egin behar duzuela. Ikusita, biktimen elkarteek edo PP alderdiak, Bildu instituzioetara iritsi denean hartutako jarrera, zer egin behar luke Aldundiak zubiak eraikitzeko?

Denbora pasa ahala, eta gertakariak aurrera joan ahala, horiek ere ziaboga bat egin beharko dute, eta jarrera aldatu beharko dute. Hemen gauzak ez dira alferrik gertatzen, eta gertatuko direnak... Horrek, euren egungo intrantsigentziazko posizioa aldaraztera mugituko ditu, seguru nago.

Jarrera aldaketa beraien esku dago. Baina Aldundiaren esku zer egon liteke?

Guk ezin dugu bestearen posizioa aldarazi. Gure postura malgutasun osoarekin defendatuko dugu eta espero dezagun intrantsigentzian instalatuta dauden horiek aldatzea beren jarrera; hor aurkituko gaituzte.

Zer iruditzen zaizu alderdi sozialista izaten ari den papera bake prozesuan?

Alderdi sozialistaren barnean jarrera ezberdinak daude, batzuk beste batzuk baino mesfidantza handiagoa erakusten ari dira. Baina une honetan disimulu asko dago eta oraindik ez dira benetako posizioak argitaratu.

Euskarazko hedabide ez publikoek eskaera egin zieten erakundeei babes gehiago eman eta diruz laguntzeko. Aldundiaren jarrera alde horretatik zein izango da?

Euskararekiko gure jarrera aski ezaguna da: laguntzearen aldekoa. Zenbakiez ez gara hitz egiten hasi; aurreko egun batean izan ginen euskalgintzako eragileekin eta prozesu bat ireki dugu informazioa jaso, lehentasunak ezagutu, eta horri ahal den neurrian erantzuteko.

Batzar Nagusiek erabaki zuten publizitatearen %15 bideratzea hedabide horietara, baina hauek inplikazio gehiago eskatu zuten Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta. Noraino iristeko prest egongo litzateke Aldundia hori laguntzeko?

Hedabide horiekin bildu beharko gara zehazki gai horretaz hitz egiteko. Gu ez gara diruaz hitz egiten hasi, baizik eta gure jarreraz eta filosofiaz. Diruaz orain hitz egin beharko dugu eta horretarako propio bilduko gara.

Patxi Lopezek uztailean ahaldun nagusiekin biltzeko asmoa du erreforma fiskalaz hitz egiteko. Zuk aipatu izan duzu harmonizazio fiskala Eusko Legebiltzarrean erabaki beharko litzatekeela. Bilera horretara zer eramango duzu karpetan?

Pozten gara Patxi Lopez etortzea guk orain arte defenditu ditugun jarreretara. Orain arte, politika fiskalaren erreformaz guk bakarrik hitz egin dugu eta batzuk deskalifikatu egin gaituzte horregatik. Aste bete edo bi aste dira Patxi Lopezek gauza bera esan duela, guk defenditu ditugun posturak defendatzeko proposamenak egin dituela. Mahai horretara eramango dugu defenditu izan duguna: batetik, fiskalitatea aldatu behar dela, eta bestetik, harmonizazioak legebiltzar demokratiko batean behar lukeela egon eta ez OCT [Tributuen Kooperaziorako Organoa] delako horretan, hau da, hiru diputatuak eta lehendakaria.

Gipuzkoa Aurrera-renak egin du?

Ez dugu exajeratuko. Guk esan dugu Gipuzkoa Aurreraren eredua ez dela gure eredua. Ez dugula nahi lobby pribatu batek Gipuzkoarako erabakiak hartzea. Erabakiak Batzar Nagusiek eta Diputazioak hartuko dituzte, gu baikara gipuzkoarron iritziaren ordezkari. Gipuzkoa Aurrera ez da gipuzkoarren ordezkaria eta ezin da izan itzalean mugitzen den gobernu bat.

Zuen programan hainbat neurri proposatzen dira enpresa munduari zuzenean eragingo dietenak. Enpresarien ordezkariekin harremanetan jarri zarete beraien iritzia jasotzeko? Termometroa jarri duzue?

Kontaktuan jarri ginen kanpainan zehar Adegirekin, eta esan ziguten beraien irizpidea zela instituzioak osatu arte alderdiekin ez biltzea; euren ohitura 35 urtetan hori izan da, alderdiekin ez, baizik eta instituzioekin biltzea. Oraintxe etorri gara lehen aldiz etxe honetara eta oraindik elkarrizketak besterik ez ditugu egin. Segituan hasiko gara laneko martxan, eta bai, Adegirekin biltzeko asmo osoa dugu.

Gipuzkoaren “blokeoaz” hitz egiten dutenen aurrean, lasaitasunerako mezua ari zarete zabaltzen.  

Gauzak aldatu daitezke era natural batean, inolako alarmismorik gabe eta jendearen lasaitasunerako. Aldaketak zergatik izan behar du txarra edo beldurgarria? Zergatik izutu behar da jendea, jendarteak eskatzen digun aldaketa aurrera eramaten baldin badugu? Ez gara aldaketa egitea erabakitzen duen elite bat, jendartearen ordezkariak gara eta jendarteak aldaketa hori eskatu egin du, horregatik gaude gu hemen. Orduan, lasaitasuna naturaltasun osoz eskatzen dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako politika
Ustelkeriaren normalizazioa

904.000 milioi euro. Hori da ustelkeriaren kostua urtean Europar Batasunean, 2020an egindako ikerketa baten arabera. 2008. eta 2020. urteen artean 3.743 ustelkeria kasu plazaratu ziren komunikabideetan Espainiako Estatuan, horietatik 109 Hego Euskal Herriari zegozkien. Atzera... [+]


227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


'Bidegi auzia' berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Baserritarren isunen inguruko bilera eskatu dio Gipuzkoako Diputazioak Gizarte Segurantzari

6.000 euro eta bi hilabeteko isunak ezarri dizkiete erretiratutako baserritarrei azoketan saltzeagatik. Hori dela eta irtenbide bat eskatzeko bilera eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Segurantzari. Ikuskapenek beldurra sortu dute Gipuzkoako azoketan; gutxienez dozena... [+]


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude