Fukushimak 100 egun beranduago irakiten darrai

  • Arnie Gundersen energia atomikoan aditu eta aholkulariak grafikoki esplikatu du egoera: Fukushima Daiichiko lau erreaktore eta piszinetako batean, gutxienez, txingarrak gori daude eta tarteka sutzen dira. Hasieran jaurtitako kutsadura barreiatuz doa munduan, kutsadura gehiago isurtzen da... baina, batez ere, ongi erreparatu 4. unitateari.

Argazki txikian, Arnold Gundersen energia nuklearrean aditua. Honen ustetan, herritarrek arreta handia jarri behar diete partikulei, arnasbideetatik eta janarien bidez erraz barneratu ditzaketenei. Irudi handian ikusten dira Fukushima Daiichi zentraleko 4
Argazki txikian, Arnold Gundersen energia nuklearrean aditua. Honen ustetan, herritarrek arreta handia jarri behar diete partikulei, arnasbideetatik eta janarien bidez erraz barneratu ditzaketenei. Irudi handian ikusten dira Fukushima Daiichi zentraleko 4. unitateak, kezkarik handienak sortzen dituenak, barrutik dauzkan txikizioak. Besteak bezala hau ezingo dute hormigoiz estali, honi eraikin bereziren bat altxa beharko diote inguruan ondoren erregaia usatu berriak hustu ahal izateko, orain aire librean dauzka eta."Tokyoko lagunei esaten diet "“dio Gundersenek"“ ondo erreparatzeko 4. unitate honi. Lurrikara berri batekin eraikin hau hondoratzen bada, ez sinetsi agintariei, jakin ezazu zientziak inoiz kalkulatu duenetik harago zaudela, abioia hartu eta alde egiteko ordua dela".

"Estrontzioa aurkitu omen dute Fukushima inguruetan”, argitaratu dute egunkariek ekainaren 13an eta beste lauzpabost egunez ez duzu hango berri gehiago izanen. Hedabide handietako zuzendariek arrazoi dute: estrontzioak ez du ematen ez irudi deigarririk, ez mahai-inguru trumoitsuak antolatzeko mamirik.

Txernobylekoa bezala Fukushimakoa benetan gertakizun historikoa dela sinetsirik honen jarraipena egin nahi duenak Interneten dauzka iturriak. Ez eguneroko anekdotak, hori baita errazena gaur hainbeste Twitter eta ixtoriorekin, informazioa ondo murtxikatuta eskaintzen duten galbaheen emaria baizik.

Hauetako bat da Greenaction erakundeak Japoniakoaren jarraipena egiteko sortu duen zerbitzua (fukushima.greenaction-japan.org), ingelesez  bertako militanteek elikatua, sarritan japonierazko dokumentuak itzuliz. Iturri ezin hobea da lekuan bertan erradioaktibitatearekin borrokan bizi den gizarte baten tenperatura neurtzeko: erradiazioen neurketak egiten dituzten pertsona eta talde independenteak, haurren osasuna defendatzeko mobilizatzen diren gurasoak...

Frantsesez irakurtzeko gai denak ondo egingo du Kokopelli elkartearen bloga (www.kokopelli-blog.org) egunero ikuskatuta. Bioaniztasuna eta ortuetako baratzeen hazi patenterik gabeak defendatzen dituen elkarte frantses honetako militanteek serio hartu dute Fukushimakoak sortu informazioa biltzea, albiste nagusiak,  iturriak, analisiak eta erreferentziak.

Krisi atomikoak ezagutarazi dizkigun jakitunen artean balio du aipatzea Arnie Gundersen, emazte Margaret Maggierekin batera Fairewinds Associates aholku agentzia kudeatzen duena. 25 urtez egin zuen lan zentral nuklearretan, harik eta kanporatu zuten arte salatu zituelako ikusitako segurtasun arazoak. Geroztik, erakundeei eta talde antinuklearrei aholkuak emateaz gain, Fisika eta Matematikak irakatsi ditu.

Zerbait izatekotan Gundersen, jakintsuaz gain, komunikatzaile ona da. www.fairewinds.com blogean idazteko ordez bideoz eskaintzen ditu hitzaldi laburrak, oso xehe azalduz zentral nuklearren gorabehera teknikoak. Webgunean eskaintzen dituzten agirietan azkenetakoa da Chris Martenson-ek, hau ere aholkularia, egin dion elkarrizketa, entzun eta irakur daitekeena.

“Fukushimakoaren arriskuak uste duguna baino larriagoak dira eta luzaroago iraunen dute” titulua daraman elkarrizketan Gundersenek laburbildu du egoera, eta gomendio oso praktikoak eman erradiazioak eragindako jendeei.
    Hona lau erreaktoreen gaurko egoera. 1. eta 2. erreaktoreek 70 zulo inguru dauzkate. Barnean dituzten erregai urtuak urez hozten saiatu dira, baina hala ere barruan 2.700 º ko beroa eduki behar dute. “Horiek ez dira erreaktoreak, presioko eltzeak dira”. Goitik ura bota ahala azpitik ateratzen zaie, barruan dauden uranioa, plutonioa, zesioa eta estrontzioa ukituta, erradioaktibitatea inguruan zabalduz.

Txernobylgoa baino okerragoa

3. unitateko erregaia ez dakigu ziur urtu den ala ez, agian zati bat osorik dago. Baina bada seinale txar bat: inguruetan behin eta berriro iodo asko aurkitzen denez, pentsatu behar da edo 3. unitatean edo erregai usatua dagoen lau piszinetakoren batean tarteka erreakzioa “berpiztu” egiten dela; edozein suteren ondoren errautsen azpiko pindarrekin gertatzen den gisan. Gundersenen aburuz, 3. unitateko erreaktorean erregaiaren hamarrena ari da “arnaska”, orain sutu, orain amatatu.

Arriskua badago, ez estatistikoki handia baina, 3. unitatearen azpialdea erabat hondoratu eta lehen gertatu zitzaion bezala berriro hidrogenozko leherketa eragiteko. Horrez gain, kezkarik handiena 4. unitateak ematen dio. Tsunamia jazo zenean geldialdi teknikoan zegoen, baina bere erregai guztia gaineko piszinan ipini berria zeukaten; beraz, inolako babesik gabe. Hori da orain lanjerrik handiena Gundersenentzako, piszinako erregai horrek su hartuko balu airera jaurtiko lukeelako plutonioa, uranioa, zesioa eta estrontzioa.

Gundersenek eta beste zenbait jakitunek uste dute Fukushimakoa dagoenekoz Txernobylgoa baino okerragoa dela.  Lehen bi-hiru asteetan sekulako erradiazio pila aireratu zuen, haizeak itsasotik lehorrera jo izan balu Japonia belauniko ipiniko zuena. Geroztik haizeak aldatu dira eta “zientzia inoiz heldu ez den eremu batean gabiltz, erregai nuklearra zoruan eta berotzen, hau inoiz inork kalkulatu gabeko egoera zen”. Horregatik garbi gomendatu die Tokion dituen lagunei: 4. unitatea hondoratzen dela ikusten baduzue, egin ihes azkar. Denek ezingo dute.

Lehen asteetako kopuruetan ez izanik ere, Fukushimako zentrala oraindik erradiazioa isurtzen ari da, batik bat zesioa eta estrontzioa. Hozteko ahaleginean usatutako ehundaka mila tona ur erradioaktibo daude, filtratzen oso zailak. Barruan langileak baldintza ikaragarrietan ari dira lanean. AEBetan langile bati bost urterako onartzen zaion gehienezko erradiazioa Fukushiman 10 minututan hartzen dute. Horietako askok edukiko dute minbizia.

Inguruan barreiatutako kutsadurari dagokionez, Gundersen nagusiki partikulez dago kezkatua. Erradiazioaz egiten diren neurketek zenbatzen dituzte ingurumenean diren alfa, beta eta gamma izpiak. Baina gizakiak arnasarekin barneratu dituen 10 mikrometroko [mikrometroa = 0,001 milimetroa] partikulak ez dira kontrolatzen eta horiek biriketan, gibelean, hezurretan edo giharretan instalatuta egin ditzaketen kalteak izugarriak dira.

Japoniako herritarrei, –AEBetako Itsas Barearen ertzean bizi direnei ere bai, 4. unitatea sutzen bada– gomendio zehatzak eman dizkie Gundersenek: oinetakoak etxera ez sartu, etxeetan haizea garbitzeko HEPA filtroak erosi (hegazkinetan-eta usatzen direnak), aire egokituaren filtroak sarri aldatu, etxe edo bulegoetakoak bezala autoetakoak... Ez ireki leihoak etxeko airea berritzeko, kanpoan partikulak dabiltza.

Japoniarrek erne jokatu behar omen lukete esnekiekin, behiek iodina pilatzen dutelako, hasierako hiru hilabeteetan. Barazkiak ondo garbitu, noski. Baina batik bat kasu eman arrainari, jatekotan Japoniako itsasokoa bai (Txina aldera daukatena) baina ez Itsas Barekoa, ez behintzat Fukushimatik 100 mila baino urrutiago harrapatua ez bada.

Arrainek barreiatuko dute Fukushimako erradioaktibitatea nagusiki, pixkanaka: arrain txikiz elikatzen diren handiagoek partikulak pilatzeko denbora behar dute. Zesioa mamian, estrontzioa hezurretan. Atunak joko digu alarma nonbait, beranduago, 2013 aldean, migrazioz AEBetako kostara hurbildu ahala.

Hori dena gutxi balitz, martxoko lurrikarak oihartzuna eduki lezake laster. Oraindik askotan hitz egin behar dugu Fukushimakoaz


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude