Krisialdiaren kronika

  • Ibaizabal itsasadarreko Ezkerraldea (Bizkaia) dugu euskal industria iraultzaren jaioterria. Bertan sortu ziren, XIX. mendearen azken laurdenean, milaka eta milaka pertsonari lana eman zieten ontziolak eta labe garaiak. Haien babesaz, etenik gabeak ziruditen eskualdearen hazkunde demografikoak eta ekonomikoak. Ehun urte geroago baina, 80ko hamarkadan, Europak agindutako birmoldaketak ongizate egoera hura deuseztatu zuen. 1978an 42.905 biztanle zituen Sestaok, 29.500 ditu egun. Amesgaizto haren ondorioak gainditu gabe, krisialdiak berriro zigortu du: Euskal Herriko langabezia tasarik handiena duen udalerria da.

Obra publikoen eraginez 650 lanpostu sortu dira Sestaon, baina amaitzear daude.
Obra publikoen eraginez 650 lanpostu sortu dira Sestaon, baina amaitzear daude.

Ibaizabal ondoan, Sestaoko beheko partean, XIX. mendean padurak izan zirenekoan, behin 10.000 pertsonari lan eman zien Altos Hornos de Vizcaya (AHV) fabrika gogoratuz, Maria Angeles labe garaiak zutik dirau. Handik gertu ditugu AHVren ondorengo altzairutegi konpaktua, ArcelorMittal, eta La Naval ontziola, burdinazko Bizkaiaren azken lekukoak. Trenbidea zeharkatuz, Txabarri auzoa dugu. Bertan egiten dute bat Sestaoko iraganak eta orainak: 80ko hamarkadako krisiaren ondorioz andeatuta dauden langileen etxebizitzak eta, auzoa onera ekartzeko asmoz, martxan dauden lan publikoak ditugu elkarren parean.

Desagertu dira, baina, langileei jaten eta edaten ematen zieten taberna zaharrak. Harrezkero, 15.000 biztanle inguru galdu ditu Sestaok. Langabezia tasa %21´6koa da, Euskal Herriko handiena. “Birmoldaketa garaietatik Ezkerraldea izan da Euskal Herrian langabezia tasarik handiena eduki duen eskualdea, eta bertan Sestao nabarmentzen da. Ordudanik, burua ez dugula altxatu esan dezakegu. Eramangarriak izan zitezkeen lehengo zenbakiak, baina herria ez da suspertu”, azaldu du Cáritas-eko Maribel Vadillok.

Jende berria Cáritas-era

Cáritasen zerbitzuak betidanik erabili izan dituzten ohiko baztertuei, jende mota berria gehitu zaie: “Ijitoekin, osasun arazo larriak dituztenekin eta erakundeen laguntza publikoren bat eskatu nahian dabiltzanekin lan egiten segitzen badugu ere, talde berriak ditugu gaur egun. Deigarria da oso etorkinen agerpen jendetsua, hona datozenen %70 dira egun: Espainian eraikuntzan edota ostalaritzan hainbat urte lan egin dutenak dira gehienbat, orain, krisia medio, langabezian geratu direnak. Hemengo egoera Andaluziakoa edo Kanarietakoa baino hobea da, eta laguntza publiko gehiago daudenez, etorkinak hona etorri dira”, dio Vadillok.

Aldi baterako kontratuak izan dituztenek osatzen dute beste talde bat: “Batzuek, oraindik ere, langabeziaren saria edota laguntza osagarriak jasotzen dituzte. Familiaren laguntzarekin jotzen dute aurrerantz. La Navalen edota eraikuntzan lan egiten zuten, eta aldi baterako kontratuak izan dituzten arren, sekula ez dira lan faltan izan. Ogibidea duen jendea da, egun lanik aurkitzen ez duena. Haietako asko lehenengoz etorri da hona”, dio Cáritaseko harrera zerbitzuan diharduen Begoñak. “Ez dute diru laguntzarik nahi, lana baizik. Hipotekak ordaintzen ari dira eta ezin diete ordainketei eutsi. Gainera, behin etxea galduta ere, zorrari aurre egin behar diote, etxebizitzak oso salneurri altuetan tasatuta baitaude”. Izan ere, gero eta arruntagoak dira etxeen bahiturak. Guraso bakarreko familiak –emakumeak, batez ere– eta 40 urtetik gorako langile langabetuak dira kaltetuenak. Gazteek, normalen, ez dute etxea eskuratzerik.

Langabetuen Asanblada berriz martxan

Sestaoko Langabetuen Asanblada duela hogeita 30 urte jaio zen, birmoldaketarekin. Haren partaide Txetxe Garcia Montes bat dator Begoñak esandakoarekin: “Jendea berriro hasi da rera etortzen, lehen bezala. Gazteak dauden arren, berrogeita hamapiku urteko langile gaituak ere baditugu gure artean. La Navalen, Babcock & Wilcoxen eta ArcelorMittalen egonak dira. Hauek guztiak egoera txarrean daudenez, aldi baterako kontratuak ere galdu dituzte”.

Lehenago esan dugun lez, langabeziak etxebizitza arazo berriak ekarri ditu arlo honetara, eta Sestaori beste itxura bat eman dio: “Batzuek etxea galdu dute eta beste batzuek alde egin behar izan dute. Etxe berriak eta babes ofizialekoak eraiki badituzte ere, Sestaoko etxebizitza gehienak zaharrak eta txikiak baitira”, kontatzen du Maribel Vadillok, “Horrela, bikote gazteek errazago aurkitzen dute behar duten etxebizitza mota beste udalerrietan, eta salneurri berean. Etxe zaharretan etorkinak bizi dira orain, konpartitzen dituztelako”. Horren guztiaren ondorioz, Sestaoko biztanleria zaharkitu egin da. Dauden haurrak etorkinenak dira –etorkinen kopurua %40 hazi da azken urteetan–.

2.755 langabetu dago Sestaon. Haietatik, gizonak 1.441 dira eta emakumeak 1.331. Erdia gazteak dira. %65 ez daude gaituta, eta lan merkatuan sartzeko dituzten aukerak gero eta urriagoak dira. Nahiz eta industriagintzarako garai onak ez izan, bertan egiten dute lan sestaotar gehienek. Zerbitzuak (1.649 langabetu) eta eraikuntza (458) dira sektore ekonomikorik zigortuenak.

Krisi ikusezina oraingoan

Gustavo Izquierdo garraiolariak lan egiteko alde egin behar izan zuen. Gaur, Agurainen bizi da. Lantzean behin, herrira bueltatzen da, familia eta lagunak bisitatzera: “Krisialdiak sektore zehatz batzuk kaltetu ditu eta hainbat gauzari uko egin behar izan diete. Beste guztiek –lana dutelako edo familiak sostengatuta daudelako–, ordea, segitzen dute betikoa egiten: kalera ateratzen dira, tabernetara joaten dira... Jende nahikotxo ikusten dut nik Sestaora etortzen naizenean”. Alboan dugu Juanma Blasco tabernaria, eta baieztatu egin ditu Gustavoren esanak: “Krisialdia egon arren, lehen beste taberna dago, jendeak egoera ahaztu nahi du, etxean sartuta egin ezin duena. Dendekin berdin, nahiz eta kontsumoak beherantz egin duen”.

Saltoki xumeak dira Sestaokoak: betiko janari dendak, bazarrak... “Egia da kalitatezko merkataritzarik ez dugula, jantzi dendak edota etxe tresna elektronikoak erosteko komertzioak falta dira. Betikoa daukagu, baina berriztatu gabe”, dio Cáritaseko Begoñak.

Egoerak ez du ematen, beraz, 80ko hamarkadan bezain katastrofikoa: “Egungo egitura ez da duela 30 urtekoa. Krisiaren eragina ikusezina da orain. Gaurko gizarte sisteman, nahiz eta lan merkatutik kanpo egon, oraindik kontsumoari eustea posible da, txinatarren dendetan bada ere”, azaltzen du Jakue Pascual soziologoak. “Egungo gizarteak hamaika geruza ditu, ez da aurrekoa bezain homogeneoa. Handiagoak dira muturren arteko tentsioak. Hor ditugu gizarte zerbitzuen menpe daudenak, langabezian sartu berriak direnak, aldi baterako kontratuei esker bizi irautea lortzen dutenak, betiko langileak –egun, langileriaren heren bat baino ez–, funtzionariak, ertaineko klase berria, eta abar. Krisi berriak, beraz, ez du aurrekoak izan zuen isla bera kalean”.

Ohikoa den bezala, lan publikoak sustatzea izan da erakundeek krisiari eta langabeziari emandako erantzuna. Ñ plana, Sestaoren Aldeko Apustua edo Sestao Berri ditugu Bizkaiko Foru Aldundiak (EAJ) eta Udalak (PSE) bultzatutako ekimenak. 650 lanpostu sortu ditu Udalak lan publikoen bidez, baina herria urbanizatzeko obrak bukatzear daude. ArcelorMittalen aurtengo aurreikuspen baikorretan eta kapital publikoaren bidez La Navalek eskuratutako kontratu berrietan datza itxaropena. “Gauza hauek guztiak adabakiak jartzea baino ez dira”, dio Begoñak. “Dauden ikastaroek, adibidez, ez dute ezertarako balio, ez dute lana aurkitzeko balio. Hauteskundeei begira eginda daude. Luzea da oso Udalak duen zerrenda”.

Txetxe Garcia Montesek sobera ezagutzen du gaia: “Mota guztietako ikastaroak egin ditut eta haietako asko lan merkatuan sartzeko baliagarriak izan daitezkeen arren, ez dira ezertan geratzen, lan eskarmentua eskatzen digutelako”. Langabetuek arduratuta ikusten dute panorama: gutxi dira lan aukerak eta Sestaoko ehun ekonomiko ahula ez da lanpostu gehiago sortzeko gai. “Egoerak beltzean egindako lana suspertu du. Langileek ez dute ezelako eskubiderik. Asko ez dira inoiz erretirora helduko, osasuna eta pentsioak pribatizatzen ari dira”, dio, pentsakor, Begoñak. Askoren aburuz, txarrena iristear da.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude