Bi eredu, ilusio bera

  • Euskal Herrian ugariak bezain anitzak dira gaztetxeak. Bi proiektu oso ezberdin hautatu ditugu: Donibane Lohizuneko Donibane-Ziburu gaztetxea eta Donostiako Kortxoenea, gaztetxe eredu diferenteak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.

Donibane-Ziburu gaztetxeko kide dira Iera Uria eta Odei Barroso. Herriko Etxeak lekuz aldatu nahi du gaztetxea, erdigunetik aldendu.
Donibane-Ziburu gaztetxeko kide dira Iera Uria eta Odei Barroso. Herriko Etxeak lekuz aldatu nahi du gaztetxea, erdigunetik aldendu.Dani Blanco

Lapurdin dago bata, hogei urte egin ditu eta Herriko Etxeak du haren jabetza. Bestea Gipuzkoan dago, urtebete ere ez du oraindik eta eraikuntza enpresa batena da eraikina. Alta, desberdintasunak desberdintasun, bada biak berdintzen dituenik: gazteen konpromisoa, ilusioa eta lana.


Donibane-Ziburu:herriko eskolatik bizitzaren eskolara

Iera Uriak eta Odei Barrosok musika talde bateko partaide zirela izan zuten lehen hartu-emana Donibane-Ziburu gaztetxearekin. Taldearekin entseatzen zuten bertan, eta ordutik lau urte igaro diren arren, lekuarekin duten harremana ez da eten. Orain ere gaztetxean izaten dira usu, ez musikari gisa, kide moduan baizik. Dena den, eurak –edo beren belaunaldikoak– ez dira gaztetxeko lehen partaideak, hogei urte hauetan gazte asko eta asko igaro baita bertatik. Inguruan, Sarako eta Itsasuko gaztetxeak dira soilik Donibane Lohizunekoa bezain zaharrak.

Uriak hastapenen berri eman digu: “Herriko gazteak 1989 inguruan mugitzen hasi ziren gaztetxearen funtzioa beteko zuen leku baten bila. Hainbat saiakera egin zuten, eta azkenik, 1991n hona etorri ziren”. Okupaturiko eraikina Akotzeko Donibane-Ziburu eskola zaharra zen, erabat utzia zegoena. Barrosok azaldutakoaren arabera, gerora orduko gazteak Donibane Lohizuneko Herriko Etxearekin adostu zuten, hitzarmen bidez, lekua atxiki ahal izatea. Egundaino indarrean dago akordioa: “Lekua Donibane Lohizuneko Herriko Etxearena dela dio, eta hortaz, eskubide guztiak harenak direla eta gu okupa moduan gaudela hemen aldi baterako”. Zein da horren ondorioa? Gaztetxeko gazteek ez dutela batere eskubiderik tokiarekiko. Egun, hamabost kide dira eta burokrazia aldetik kultur elkarte estatusa dute. 

Musikaren eta ideologia guztien bilgune

Donibane-Ziburu gaztetxea zerbaitengatik nabarmentzen bada, musikarengatik da. Entsegu gelan urte osoan hamar bat talde aritzen dira. Horren lekuko izan ginen gu, elkarrizketa egitera bertaratu ginenean bateriak lehenik eta ondoren gitarra doinuek lagundurik aritu baikinen hizketan. “Inguruan guk bakarrik proposatzen dugu horrelako zerbait; beste nonbait entsegu gela bat alokatu nahi izanez gero orduko 10 edo 20 euro ordaindu behar dira eta hemen urteko 30 euro baino ez dituzte ordaintzen”. Euren musika aurkezteko edo zabaltzeko parada ere badute taldeek ondoren gaztetxeko oholtzan. Musikarekin batera gaualdiak izaten dira Donibane-Ziburun, eta ordu bietan tabernak itxi ahala parranda bukatzeko herriko leku alternatiboa da gaur gaurkoz.

Bazkariak, afariak edota bertso saioak ere antolatzen dituzte Donibane Lohizuneko gazteek bertan. Gainera, aurten bertso eskola abiatu dute eta bederatzi bat gazte aritzen dira, Odei Barrosoren gidaritzapean, besteak beste. Euskara eta frantses ikastaroak ere ematen dituzte eta zenbaitetan erakusketak antolatzen dira. Gaztetxea inguratzen duten hormetan ikus daitezkeen graffitiek ere bereizten dute Lapurdiko gaztetxea. “Euskal Herriko eta Frantziako artista ospetsu ugari aritu izan da horma hauetan beraien lanak egiten”, azaldu digu Uriak.

Elkarteekin ez ezik, bestelako gaztetxeekin eta oro har gazteekin ere komunikazioa badaukate, eta esaterako, duela gutxi Abadiñoko gaztetxeko kideen bisita ukan zuten. Uriak nabarmendu duenez, “horrelako hartu-emanak gaztetxe batean soilik bizi eta ezagutu ditzakezun gauzak dira”. Aipatzekoa da Lapurdiko gaztetxean ideologia eta pentsamolde ezberdinetako jendea biltzen dela, izan euskaldun, frantses edo ingeles. Barrosok gogorarazi duenez, “gaztetxeak biziki ikuspegi irekia dauka, eta gainera, beti izan da horrela”.

Udalak lekuz aldatu nahi du

Herriko Etxearekin duten harremana gero eta korapilatsuagoa da. Ika-miken abiapuntua duela bi urte Donibane-Ziburu gaztetxearen aldamenean egin zuten luxuzko jatetxea da, bi gazteek adierazi dutenez. “Horra doan jendeak eta hona datorrenak kanpotik ikusita bederen ez dauka zerikusirik, eta pentsa zer inpresio har dezaketen turistek hona datozelarik eta gaztetxea ikusten dutelarik”, dio Barrosok, herriko agintariek egiten duten guztia turistei begirakoa dela salatzearekin batera. Jatetxea eraikitzea eta arazoak hastea dena bat etorri zen. “Zurrumurru anitz badira hemen egin nahi dutenaren inguruan”. Horri, haren iritziz, gehitu behar zaio Donibaneko erdigunea gero eta gehiago hedatzen ari dela eta gaztetxea dagoeneko gertu geratzen dela erdigunetik. Horregatik, lekua agintarien nahientzat orban bihurtu dela baieztatu du Barrosok, eta kosta ahala kosta kanporatu nahi dituztela. Horren harira, iazko ekainean Herriko Etxekoek bilkurara deitu zituzten gazteak, eta gaztetxeak ez dituela eraikin batek bete behar dituen arauak eta baldintzak betetzen esan zieten, eta horrenbestez, handik joan egin behar zutela. Hori bai, trukean beste leku bat jasoko zutela zin egin zieten. “Lokal hori hau baino galduago dago, Donibanetik Senperera bidean, eta gainera, 100 metro koadro ingurukoa da. Haiek diote guk gaur egun okupatuta daukagun azalera bera daukala, baina ez dute kontatzen parkinga, balkoia, eta abar. Zozotzat hartzen gaituzte!”, salatu dute. Gazteek ez dute leku aldaketa onartzen eta oraingo eraikinean egin beharreko konponketak burutzea galdegin diete Herriko Etxeari baldintzak bete asmoz, baina haiek ez ei dute horretarako borondaterik eta dirutza xahutzea litzatekeela erantzuten diete.

Donibane-Ziburu gaztetxekoek borrokatzeari ekin diote. Hasteko, egoera salatzeko sinadurak biltzen hasi eta jada 1.000 inguru lortu dituzte. Horretaz gain, gaztetxetik igaro diren aurreko bizpahiru belaunaldikoekin txosten bat lantzen ari dira. Bertan, azken hogei urteetan gaztetxean egin diren gauza guztiak biltzea dute xede. Azkenik, konponketen kostua benetan zenbatekoa izango litzatekeen argitzeko enpresa batzuekin kalkuluak egiten ari dira. “Gure nahia da konponketen kostuaren aurrekontua eta lokal berriarena konparatzea, argumentuak gure alde izateko”. Behin hiru gauza horiek amaituta, Herriko Etxeko agintariei aurkeztuko dizkiete. “Orduan ere ezezkoa jasotzen badugu, ulertuko dugu ez dela diru kontua bakarrik, tartean beste interes batzuk badaudela, eta orduan, zalaparta sortzen hasiko gara, prentsara joaz, herritarrei jakinaraziz”. Nolanahi, Donibane Lohizuneko agintariak saiatu dira lehenago ere; 1995ean zehazki, baina gaizki atera zitzaien babes handia ukan zutelako.

Odei Barrosok argi dauka lekuak balio sinboliko handia duela: “Lehen herriko eskola zen, eta duela hogei urtetik hona herriko gazteen bilgune da, baina baita eskola ere: eguneroko eta bizitzaren eskola da guretzat”. Herriko Etxekoek ez omen dute ulertzen: “Euren pentsamolde materialistatik, leku berri bat ematea kristorena da”. Bertan sartu diren ordu guztiak borondatezko lanak eginez, bertatik igaro diren belaunaldiak, jatorri ezberdineko jendea, musika taldeak, burutu diren ekimenak... Horiek denek balio erantsia ematen diote lekuari. Iera Uriak eta Odei Barrosok oso argi dute: “Gaztetxea ez da lekuz alda daitekeen elkarte bat”.

Kortxoenea: jaio berri den proiektu sendoa

Oraindik urtebete egin ez duen arren, dagoeneko auzoko gazteen bilgune bilakatu da Donostiako Gros auzoan dagoen gaztetxea. Ilusioa eta lan egiten jarraitzeko grina antzematen zaie Iker Zaldua eta Ione Etxeberria kideei. “Gaztetxea izan aurretik auzoko gazteok ez genuen biltzeko eta nahi genituen gauzak egiteko leku fisikorik. Horri erantzun asmoz batzuen ekimenez mugimendu bat sortu zen, eta azkenean, hau dena lortu dugu”, diosku Zalduak.

Okupaturiko eraikina auzoko Zurriola Ikastolak antzerki ikastaroetara bideratu izan du urtetan, baina eraikuntzako enpresa bati saldu zioten orain bi urte, gutxi gorabehera. Libre zegoela eta leku egokia zela ikusirik, okupatzea erabaki zuten gazteek; helburua euren egitasmoa bertan sustraitzea eta aurrera ateratzea da. Etxeberriak gaineratu du: “Hutsik egon den tarte horretan jendea barrura sartu izan da eta bizpahiru aldiz erre ere egin da eraikina; hortaz, gu bertan sartuta arazo horiek saihestu genitzakeela jabetu ginen, gaztetxe bat sortzeaz gain”. Esan eta egin; eraikina okupatzearekin batera ekin zioten iazko ekainean gaztetxea sortzeari eta denbora tarte txikian proiektu oso bat abiaraztea lortu dute, konpromisoa eta gogoa bidelagun.

“Hirian gaztetxe bat egotea beharrezkoa zen, autogestio bidez egituratuta egongo zen gune bat, ekintzak antolatuko zituena. Eta hori dena gazteok kudeatuta, ez Udalak”, baieztatu du Zalduak. “Horri gehituko nioke proiektua erabat irekia dela eta edozer proposatzeko aukera ematen duela, norberaren interesen arabera”, gehitu du Etxeberriak. Hain zuzen, proposamen horien karietara ekimen ugari jarri dituzte martxan; horien artean, bertso eskola. Ostiraletan, musika trukaketa egiteko ere elkartzen dira: “Musika tresna bat jotzen dakienak besteei erakusten die, edota zaleen artean elkarri erakusten diote”.

Musikaz eta bertsolaritzaz gain, bestelako jarduerek ere badute tokirik Kortxoenean. “Antzerki talde batek igandero entseguak egiten ditu hemen eta breakdance dantzatzen duten batzuk ere etortzen dira noizean behin”. Aipaturikoak jarduera zehatzak badira ere, bestelako ekimenak ere abiarazi dituzte, hala nola, ordenagailuak erabiltzeko Wifi gunea, edota doako denda. Zalduak azaldu digunez, azken horren xedea etxean erabili gabe dituzten gauzak besteren batek aprobetxatzea da. “Ez da zehatz-mehatz elkartrukea, nahi duenak hartzen du eta nahi duenak utzi, besterik gabe”.

Gazteek, dena den, oso argi utzi nahi izan dute gaztetxeko ateak zabalik daudela nahi duen ororentzat, eta hori errealitate egin asmoz tailerrak, ikuskizunak eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Jendeari Kortxoenea proiektuaren berri emateko –edota antolatu dituzten ekitaldiak jakinarazteko–, webgunea jarri zuten martxan. Etxeberriak dioenez, bizilagunen gutunontzietan ere esku orriak banatu izan dituzte, “modu horretara zer egiten ari garen jakiten dute, zenbaitek izan ditzaketen aurreiritziei aurre egiten diegu, eta beraiek ere parte hartu dezaketela jakinarazten diegu”. Izan ere, bizilagunekin bizikidetza ona nahi dute eta momentuz behintzat lortu dutela dirudi. “Saiatzen gara ordutegiak errespetatzen eta zarata handiegirik ez ateratzen”.

Konposta baratzerako

Bizikletak konpontzeko tailerra dute Kortxoenean, baita oilategia eta baratzea ere. Hain justu, baratzerako erabiltzen dute lortzen duten konposta. Hernaniko atez ateko zabor bilketa kudeatzen duten arduradunekin hartu-emanetan jarri ziren, eta konposta egiteko prozesuaren inguruko xehetasunei buruzko ikastaroa antolatu zuten gaztetxean. Horri esker, gaur egun euren zaborra konposta lortzeko erabiltzen dute. “Auzoko bizilagunei ere eskaini genien zaborra gaztetxera ekartzeko aukera”, azaldu du Zalduak.

Aipaturiko egitasmoez gain, gaztetxeko kideek aurrera begiratzen dute eta etengabe proiektu berriei heltzen diete, horien artean dago zarata gela. “Entsegu lokal gisa, eta maketa edo disko grabazioak egiteko erabiliko dugu”. Kontzertuetarako aretoa erabat amaitzea eta rokodromo bat egitea ere aurreikusten dute.

Alabaina, hori guztia aurrera ateratzeko nahitaezkoak dira egitura sendoa eta koordinazio lana, eta horretarako antolatzen dituzte ostiralero asanbladak. Hainbat konturi buruzko erabakiak hartzen dituzte; esaterako, auzo lana egin behar al den, eta hala izanez gero, noiz egingo duten eta zertarako. Asanbladak, dena den, irekiak dira, nahi duen oro hurrera daiteke eta proposamenak egin ditzake. Kortxoenearen egiturak badu beste adar bat: esparru jakinetara bideraturiko taldeak dituzte: diru-zaintza, proiektuak, ikuskizunak, komunikazioa eta politika. Horiek dira gaur gaurkoz martxan diren taldeak, eta horietan, ideiak eta proposamenak lantzen dituzte, gero asanbladara eramateko eta gauzatu edo ez erabakitzeko.

Urtebete beteko du aurki Kortxoeneak, eta denbora gutxi igaro den arren, proiektu horren parte diren gazteentzat orain arteko bidea oparoa izan da eta aurrerantzean ere halakoxea izateko lanean ari dira, pozik eta itxaropentsu. Hala ere, bada euren ilusioari itzal egiten dion mamu bat: handik kanporatuak izateko arriskua. Izan ere, arestian aipatu bezala Kortxoenea legalki eraikuntza enpresa batena da, eta etxebizitzak egin nahi ditu toki horretan. Ez dakite zehazki noiz hasiko diren lanak, baina bitarte horretan, denbora ahalik eta gehien aprobetxatu behar dutela argi daukate.

Orain arte Kortxoeneak eman diena laburbilduz amaitu dute elkarrizketa bi gazteek. “Auzoko belaunaldi ezberdinak biltzeko leku bat eman dit; hona etor zaitezke, eta nahiz eta zure betiko lagunak ez egon, beste jende batekin egoten zara”, dio Zalduak. Gauza asko egiteko ateak zabaltzen dituela ere gehitu du. Etxeberriak elkarlanaren eta elkarbanatzearen balioak jarri ditu mahai gainean: “Ilusio handia egiten dit ikusteak denak elkarrekin eta batera arituta gauza oso politak atera ditzakegula aurrera, ez maila pertsonalean, baizik eta era kolektiboan. Besteek eman dezaketena jasotzen duzu eta zuk ahal duzuna ematen duzu”. Hitz horiexek ezin egokiago laburbiltzen dute Groseko gazte hauei Kortxoeneak eman diena. Eta egia esan, ez da gutxi.

Okupazio mugimenduaren sorrera

Asanblada autogestionatuek –Gazte Asanbladak, gehienbat– herri kultura garatzeko gunea da gaztetxea, oro har okupatua izaten dena. Euskal Herrian okupazio mugimendua 1970eko hamarkada amaieran sortu zen Orereta, Lezo eta inguruetan (Gipuzkoa). Gaur egun, 100 baino gehiago dira Euskal Herrian, eta herri gutxi dira inoiz gaztetxerik izan ez dutenak. Ehuneko handi batean okupatuak badira ere, herri batzuetan udalak eman die lokala gazteei, eta hain zuzen hori zen mugimenduaren aldarrikapena hastapenetan.

Euskal Herriaz harago, okupa mugimendua Erresuma Batuan jaio zen, 60 eta 70eko hamarkadetan, kontrakultura talde batzuetako kideak hutsik zeuden etxebizitzetan bizitzen hasi zirenean. Partaide gehienak gazteak eta baliabide gutxiko pertsonak ziren. Dinamika horrek Europako beste herrialdeetan ere izan zuen eragina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kortxoenea Bizirik
Kortxoenea gaztetxearen desalojoaren epaia
"Justizia espekulatzaileekin lerratu da beste behin"

Heldu da Kortxoeneak epaitegietan jarri zuen salaketaren epaia: Eraikuntza enpresa absolbituta. 2015eko azaroaren 3an Donostiako Gros auzoan zegoen Kortxoenea gaztetxea desalojatu zuten aurpegian estalita eta metalezko barrak zituzten hainbat pertsonak. Ondoren, eraikina eraitsi... [+]


Kortxoenea eraitsi zuen enpresaren aurkako epaiketa hasiko da astelehenean

Astelehenean hasiko da epaiketa Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraitsi zuen enpresaren aurka: Groseko Etxebizitzak SL. 11:30 izango da epaiketa eta gaztetxeko kideek dei egin diote jendeari epaiketara bertara ager daitezen.


2017-06-22 | Xalba Ramirez
Adarra Saria 2017
Ez da inoiz hilko

Micaela Chalmeta Bartzelonako Sants auzoko kooperatibista feministaren izena daraman Big Bandak beste maila batera igo ditu Fermin Muguruzaren ibilbide osoko kantuak. Victoria Eugenia jendez eta emozioz lepo izan da bart.


2017-06-22 | ARGIA
Gaztetxeei eta Le Bukowski aretoari eskaini die Adarra saria Muguruzak

Asteazkenean jaso zuen Fermin Muguruza musikari eta zinegile irundarrak Donostiako Udalak eman dion Adarra saria.


Eguneraketa berriak daude