Nuklearra? Eztabaida berriz etxean

Fikushimako zentral nuklearreko erreaktoreak hozteko itsasoko ura ari dira botatzen.
Fikushimako zentral nuklearreko erreaktoreak hozteko itsasoko ura ari dira botatzen.

FUKUSHIMA-KO zentral nuklearraren leherketen ondorioak oso larriak izango dira etorkizunari begira, tankera horretako istripuetako ondorioek erakutsi izan duten moduan. Larritasuna mailakatzean, zentral honetako lehen erreaktoreko istripuari 4ko puntuazioa eman diote (7ko eskalan), baina denak adierazten du denborarekin laster irabaziko duela 5. puntua: Harrisburgekoak  (AEB) 5. puntua jaso zuen

Halakoetan ohikoa den bezala, balorazio eta datuen nahasmena da nagusi, baina 200.000 lagunetik gorako populazioa lekuz aldatzeak berak bakarrik asko adierazten du. Antza denez, lan dena nukleoaren fusioa saihestera bideratzen ari da, hori lortu ezean Chernobileko istripuaren –inoizko larriena– ezaugarriak errepikatuko bailirateke. Hori erdiesteko dagoeneko ezaguna da erreaktorean dagoen tenperatura jaitsi egin behar dela eta horretarako berau hoztu egin behar dela. Zeregin horretan itsasoko ura kopuru handitan erabili da eta, beraz, itsasoak kutsadura erradiaktibo handia jaso du.

Horrez gain, erreaktorea jaso eta babesten duen eraikineko presioa jaisteko, lurrun isurketak egin dira airera eta hor ere erradiaktibitate handiak egin du ihes. Egunak eta asteak pasatu ahala hondamendiaren errealitatea apurka joango da azaleratzen. Larriena, ordea, minbiziek eragindako milaka eritasun eta heriotzena, urteen iraganarekin bakarrik ezagutuko dugu.

KRISI ENERGETIKOAk berotuta nuklear zaleak berriz armairutik ateratzen ari diren unean heldu da Japoniako hondamendia eta ikusgai dago nola eragingo dion energia molde honen garapenari. Frantzian, adibidez, Daniel Cohn Bendit eurodiputatu berdeak erreferenduma eskatu du eta ez dira gutxi berarekin bat egiten ari direnak: “Herritarrak dira arriskua onartu ala ez erabaki behar dutenak” (Laurent Joffrin, NouvelObs-eko editorialean).

Euskal Herriari dagokionez, bolbora bezala zabaldu da Fukushimako zentrala Garoñakoa (1970) bezalakoa dela –“haren bikia” aipatu da–, baina Espainiako agintariek laster azpimarratu dute Espainian ez dela Japoniako lurrikaren arriskurik eta zentral guztien segurtasuna ondo bermatua dagoela. Kontua da aurten ixtekoa zela Garoñakoa eta itxiera 2013ra arte atzeratu zuela Espainiako Gobernuak, eta petrolioaren krisia baliatuz, 2013tik harago biziraunaraztea ere aurreikuspenetan dagoela.

Egia esan, hori da aukerarik egiazkoena, PPk –Japoniako istripuen aurretik bederen– esana duelako Gobernura iritsiz gero, Garoñakoaren bizitza luzatuko zuela. Eta, ezagun denez, Raxoi jaunak eskura ditu Moncloako giltzak. Berdin da munduan istripua izan duen hau eta Garoñakoa diren zaharrenetakoak, berdin 40 urtetik gorako bizitzatik harago ez eramatea aholkatzen bada, berdin  dira aurreko itxiera agindu guztiak. Kontua da ea zerk eragingo duen gehiago iritzi publikoan, asteotako petrolio garestia baliatuz lobby nuklearra egiten ari den kanpainak edo etxeko telebistan edo ordenagailuan ia uneoro jarraitu ditzakegun Japoniako berriek.

Fukushimatik 250 kilometrora dagoen Tokio-ko biztanleen izuaz ari gara entzuten han-hemenka, baita han bizi diren euskaldunen ahotik ere. Garoñako zentrala Gasteiztik 40 kilometrora dago, Bilbotik 54ra. Espainian 10 zentral nuklear daude, Frantzian 23 (eta 59 erreaktore). Japoniakoak eztabaidarako aukera ona zabaltzen du, baina nuklearzaleentzat Harrisburg, Chernobil edo Fukushima gidoiaren barruko kalteak dira, ezinbestean onartu beharrekoak. Gobernu eta botere ekonomikoek buruan zer duten argi dago, herritarrei dagokigu zoritxarreko olatua baliatu eta presio egitea: instituzioetan, kalean, informazioan… Informazioaren eremuan adibidez, nuklearzaleek behin eta berriz zabaldutako gezur handi horietako bat argitu zidan iragan otsailean Greenpeaceko webguneak (Espainiako Sare Elektrikoaren datuekin): Espainiak ez du Frantziaren elektrizitate nuklearra inportatzen, Frantzia da Espainiatik elektrizitatea inportatzen duena.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude