Etorkizun (ilun)erako prestatuak

  • Inoiz baino prestatuagoak daude, eta ordainetan langabezia edo baldintza prekarioak eskaintzen dizkie lan merkatuak. Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari Dominique Strauss-Kahnek “belaunaldi galdua” izendatu zituen berriki. 35 urte baino gutxiago dituzte eta etorkizuna nola ikusten duten jakin nahi izan dugu.
Gazteak ezkor etorkizunarekin
Aitor Zabaleta, Amagoia Ruiz, Unai San Sebastian eta Unai Kerejeta.Dani Blanco
Sei urte zeramatzan enpresa berean lanean eta ordaintzen ez zioten antzinatasuna eskatzea erabaki zuen. Eman egin zioten… eta handik hamabost egunera kalera bota zuten. Horixe Aitor Zabaletak duela gutxi autobusean emakume bati entzundakoa. Azken finean, kaleratze bidegabea enpresei merke ateratzen zaiela dio Zabaletak, eta enpresa handien, bankuen eta agintarien helburua ahalik eta diru gehien irabaztea dela, krisiaren aitzineko filosofia mantenduz: “Krisiaren aurrean egiten ari diren ekintza guztiek bilatzen dute egitura ez aldatzea, ezagutzen dugun muntaia sostengatzea, baina hori akatsa da, azken urteetan gezurrezko hazkundea eman digun arren arazo estrukturala dagoelako atzean, sistema honek ez du funtzionatzen, eta alternatibak bilatu behar dira”.

Lan baldintzen gainbehera ekarri du sistema horrek, Ongizate Estatua baldintzatzerainoko murrizketak eragin ditu eta prekarietatea orokortu du. Bai, prekario bital bihurtzeko arriskua gertu dute egungo gazteek, baldintzok betikotzea, “funikular” bizitzetatik “karrusel” bizitzetara igaro garelako, Gorka Moreno soziologia irakasleak Argiako iritzi sailean zioenez (2.251 zenbakian): “Lehen peoi gisa hasten ziren asko, denboraren poderioz soldata altuagoak eta postu hobeak lortzen zituzten, eta honen bidez jubilazio-pentsio duinak bermatu ere”. Iraganeko bizitzek beti gora egiten zuten. Orain, ordea, galdu da diru-sarreren ziurtasuna eta lanpostu finkoaren bermea, baita eskarmentu handiena dutenentzat ere, horiek garesti ateratzen zaizkiolako sistemari, Xabier Aierdi soziologoak dioenez. Bere ustez, aro berri baten hasiera da, dagoeneko soberakinak sortzen hasi delako prozesu produktiboa, ez da hainbeste langile behar, eta gainera, sistemaren logikaren arabera zenbat eta produkzio efizienteagoa izan orduan eta langabezia gehiago sortuko da. “Ez dago nahikoa jende behar bezainbeste auto erosteko, beraz soluzioa ezin da izan auto gehiago egitea! Esaten da kontsumoa suspertu beharra dagoela, eta aldi berean jendea bota egiten da enpresetatik. Egungo sistema bidegabea da, eta ez dirudi buelta emateko aukera dagoenik”.

Gaiaz hitz egiteko gonbidatu ditugun lau gazteek ere ilun ikusten dute etorkizuna. Unai San Sebastianek eta Unai Kerejetak esperantza dute krisia pasa pasako dena, baina antzematen dute oraingoan krisi ezberdina dela, luze iraungo duela egoera gaitzak. Amagoia Ruizen aburuz, lan baldintza kaskarragoak ezartzeko aprobetxatu dute enpresek, soldatak asko jaisteko, eta berriz ere lana sortzen hasten denean, ezingo dira hain erraz lehengo ezaugarriak berreskuratu: “Urte askotan aprobetxatuko direla esango nuke, ea ez garen bide horretan beste krisi batean erortzen…”.

Bekadun praktikekin jasotzen da lehenengo zaplaztekoa. Komunikazio arloan lan egitea gustatuko litzaioke Zabaletari, baina zaila ikusten du, lehia handia dagoelako, eta prekarietatea da nagusi: “Euskadi Irratian aritu nintzen udan, eta izugarri balio duen jendea ikusi nuen, baina praktikak bukatzean kalera botatzen zituzten, ez zaielako ekonomikoki komeni kontratua egitea. Berriz postu bererako beste bat hartu, jakintza eta esperientzia urriagokoa, eta aurrera. Berdin zaie kalitate gutxiago ematea, merkeago ateratzen bazaie”.

San Sebastian eta Kerejeta modulu banatan ari dira, Goierri aldeko enpresetan praktikak egin eta, ondo joanez gero, han geratzeko xedearekin. Beraien arloan enpresek ez omen dute azpijokorik egiten bekadunez aprobetxatzeko, eta lana egongo den itxaropena ez dute galdu. “Kontua da zein baldintzetan –gaineratu du Zabaletak–. Gipuzkoan agian ez da hain handia langabezia, baina krisia aprobetxatuz asko jaitsi dira baldintzak; jendea prest dago enplegu bat lortzeagatik edozer onartzeko, hipotekak-eta itota daudelako”. Kerejetak dio lehen metalgintzan Bizkaitik Gipuzkoara joaten zirela langile bila eta jendeak lanpostua aukeratzen zuela baldintzen eta soldataren arabera, “baina hori bukatu da, orain alderantzizkoa da egoera”.

Eta gainera jende prestatua dute enpresek ate joka. Are gehiago, sarri gainprestatuta eta gainkualifikatuta, lortzen dituzten lanpostuetarako. Zabaletak kontatu duenez, aitak enpresa batean egiten du lan, eta eguneroko ogia da honakoa: curriculum oso onak izanagatik, orain sartzen diren gazte guztiei askoz soldata baxuagoak eskaintzen zaizkie, baldintza oso kaskarretan, “eta denek esaten dute baietz”. Aierdik berak nabaritu du belaunaldi aldaketa unibertsitatean: “Ez da posible nik bezalako lana egiten duenak, ni baino 25 urte geroago jaio izanagatik, nire seigarrena irabaztea; eta unibertsitatean hala da: ordezkoek 500-600 euro kobratzen dituzte gehienez. Enpresetan are okerragoak dira kondizioak, eta hori ezin da onartu, lotsa eman beharko liguke, gogoetara bultzatu”.

Baldintza horietan, gazteek arras zail dute gurasoen etxetik alde egitea. Neska-lagunarekin bizi da Kerejeta, eta bikotea lanean ari denez oraingoz eramangarria zaie hipoteka, baina urretxuarrari martxoan bukatzen zaio langabezia “eta orduan izango dira komeriak”, praktiken ostean lana aurkitzea beste erremediorik ez du, hipotekak ito ez ditzan. San Sebastiani, gauzak orain dauden bezala, ezinezkoa iruditzen zaio pisu batean bakarrik sartzeko aukera, eta Zabaletak garbi du erostea ez duela eskueran, aurten karrera bukatu eta bere alorrean lana lortuta ere: “Ziurrenik lagun talde batekin joan beharko naiz alokairuan eta hala ere larri, alokairua bera suizidioa delako oraintxe! Bestela, nire lagun askoren moduan aritu beharko naiz: lanpostu batean astean zehar, eta tabernaren batean-edo asteburuan, morroi baten gisa, alegia”.

Zabaletak eztabaida izan zuen lagun batekin, eta zalantzak argitzea deliberatu zuen: aitari duela 30 urteko nomina eta garai hartan erositako etxearen salneurria eskatu zizkion; ondoren, egungo aitaren nominarekin eta etxebizitzaren prezioarekin konparatu zituen, eta proportzioa izugarri handitu dela egiaztatu zuen –imajinatu ariketa gazte hasiberriaren soldatarekin eginez gero–. Alokairu sozialaren aldekoa da Zabaleta, baina gurasoen etxean geratzea da askoren aukera bakarra. “Nik kasu bat baino gehiago ikusi dut inguruan: etxea erosi, gero ezin mantendu, alokairuan jarri eta berriz gurasoenera bueltatu behar”.

Alternatiba bila

Panoramari aurre egiteko, ikasketak aukeratu dituzte lau solaskide gazteek: langabezian geratu ostean lanbide heziketako modulua Kerejetak eta San Sebastianek, tabernako lanarekin uztartuta Komunikazio ikasketak Zabaletak, eta Arte Ederretako tesia Ruizek: “Hurrengo hamarkadan unibertsitateko irakasle ugari jubilatuko dira eta nire helburua lanpostu hori lortzea da, baina auskalo noiz, hamar urteko epean agian… Bitartean zer egin? Ikasten jarraitu eta edozertan lan egin, pazientziarekin. Tabernan, eskolak ematen, kutxazain… aritu naiz, askotan kontratu gabe eta baldintza txarrekin, baina azken helburua ahazten ez dudan bitartean, berdin zait bidea gogorra bada”.

Ikasketak orokorrean oso teorikoak direla kexatu dira, baina etxean lanik gabe eta zereginik gabe geratzea baino hobea da prestatzea. Beste alternatibak? Negozio propioa abiatzea asko arriskatzea dela argi du San Sebastianek, “enpresa handiak gaizki daude eta guk ere lehiatzeko oso zaila izango genuke”. Kerejetaren hitzetan, “atzerrira bidaiatzen bukatu beharko dugu denok, Alemaniara edo Suitzara, garai batean bezala”. Baina Zabaletak ez du ideia hori maite: “Kanpora ateratzearena jende askori entzun diot eta nik ere planteatu izan dut, baina euskalduna naiz eta nire etorkizuna ahal bada bertan egin nahi dut. Pena litzateke alternatiba bakarra izatea kanpora joan beharra. Hemen bilatu behar ditugu soluzioak, gizarte justuagoa eraiki, eta horretarako gizarteak bere ekonomiaren jabe izan behar du. Krisi honek eman digu horretarako aukera, adibidez banku guztiak bata bestearen atzetik erori direnean, berauek nazionalizatzearen alde egin zezaketen”.

Pentsamolde aldaketa

Deshazkundeari buruzko eztabaida puri-purian dagoen honetan, krisia mentalitatez aldatzeko aukera izan al daitekeen galdetu diet solaskideei, azken urteetako oparotasunaren aldean austeritaterako bidea hartzeko garaia ote den. Kerejetak dio hain ondo ohituta egon ostean ez dela erraza egoera berrira moldatzea, baina bere kasuan ez zaiola kostatuko, aurreko soldata ez zuelako oso ona. San Sebastianentzat, lagunekin elkartzea, herriko elkartean aldian behin afaritxoa egitea eta astelehenetan lanera joan ahal izatea litzateke ondo bizitzea, ez du uste askoz gehiago behar denik bizimodu duina eramateko, eta Ruiz konformatuko litzateke lan bakarra izatearekin, astelehenetik ostiralera, eta gustura egingo duen lana bada hobe, ordu asko sartzen dira-eta lantokian. “Soldatak ez du handia izan beharrik, ondo bizitzeko adina baizik, eta ondo ez da adibidez oporretara joateko dirua izatea; gure gurasoak ez ziren oporretara joaten eta gu geroz eta gehiago goaz, ez bakarrik udan, orain baita edozein jai egun eta zubitan ere”.

Bidaiatzea, bi auto edukitzea edo markako arropa izatea al da ondo bizitzea? Jende batek hala ikusten duela nabarmendu du Zabaletak, zoriontasuna gauza materialetara eraman dugula. “Triste zaude eta erosketak egitera zoaz, gutiziaren bat erostera, arropa… baina gure zoriontasuna eta denbora librea beste norabaitera bideratu behar dugu, kontsumismoari lotuta ez dagoen bizimodura. Irakatsi digute bizi behar dugula kontsumituz, batzuei hori interesatzen zaielako, eurak aberasteko, telebistan ere hala saldu digute, eta gurpil zoro horretan erori gara”.

Itxurakeria ere handia dela azpimarratu dute, ezin duzula “besteak baino gutxiago” izan, ezin edozertan lan egin edo besteak baino diru gutxiago gastatu. San Sebastianek eta Kerejetak 18-19 urteko ikaskideak dituzte moduluetan, eta nabari omen zaie oraindik ez dutela estualdi ekonomikorik jasan, lasai bizi direla, etorkizunarekiko kezka handiegirik gabe. “Azken finean, zein eredu jasotzen dute gugandik? –Ruizek– Ikusi dute ikasi eta ikasi aritu garela, ondoren lanik gabe geratzeko edo lan baldintza oso txarretan jarduteko, beraz…”. “Gazteak ez dira tontoak –Zabaletak– eta ematen badiezu dena eginda, hartu egingo dute, eroso asko egokituko dira, nik berdina egingo nuke. Arazoa baloreetan dago, erakutsi digutelako nahi dugun guztia dugula txikitatik. Lehen lan egitea positiboa zen, eta orain ergela izatea: lortu behar da ahalik eta gutxien lan eginez ahalik eta diru gehien irabaztea. Telebista piztu eta zeintzuk dira eredu? Belen Esteban, Gran Hermano…”.

Baina frustrazioa dator gero, eredu horiek ez direlako errealak, eta agindurikoa ere ez delako bete: gazteei esan zaie ordaina jasoko zutela Masterra eginez gero, hizkuntzak ikasita, malgu izanda, mugitzeko prest egonez gero… Baina lanik ez dutela esan zaie ondoren. Egindako ahaleginek ordainik ez dutela ikusiz gero, jendearen frustrazioak emaitza arriskutsuak eragin ditzakeela ohartarazi du Xabier Aierdi soziologoak: nazismoak sortzea erdi-mailako klaseetan, etorkin eta behartsuen aurkako jarrerak… Solaskideek diote ostalaritzan, arrantzan edo eraikuntzan etorkin asko ikusten dela, baina garai batean bertakoek hartu nahi izan ez zituzten enpleguak direla eta hortaz ez dagokigula orain kexatzea, eskubide berberak baitira denontzat. Hori bai, bertako baldintzekin egin behar lukete lan, gutxiagoren truke jardutea euren eta denon kalterako baita. Amagoia Ruizen hitzetan, etxe garbitzaile ugariri entzun die kanpoko jendea prest dagoela oso gutxigatik lan egiteko, eta ezin dutela horrekin lehiatu.

Kontua zera da, hemengo geroz eta herritar gehiagok onartzen dituela eskainitako kondizio tamalgarriak. Lehia handia da, eta unibertsitatean jada sumatzen dela dio Zabaletak, onenak izateko lasterketa bizian. Giro hobea du Kerejetak lanbide heziketan, eta lehiakortasuna edo elkartasuna, norberaren araberakoa dela adierazi du San Sebastianek: Ingeniaritza ikasi zuenean ere, batzuk lehiakorragoak ziren, beste batzuek elkarri laguntzen zioten, eta bakoitzaren esku zegoen zein hautu egin.

Mobilizazioak noizko?

Protestak ugaritu egiten dira hainbat herrialdetan. Hemen ere, Baionan inoizko manifestaziorik handiena egin zen pasa den urrian (19.000 lagun), erretreten erreformaren aurka. Hego Euskal Herrian aldiz, ez da apenas mugimendurik ikusi. Oraindik jendeak dirua baduela diote, iritsiko ote dira protestak langabezi laguntzak bukatzean –kontuan hartuta ondorengo subsidioa kendu duela Espainiako Gobernuak–, etxebizitza ordaindu ezina orokortzean…? Agian muturrera heldu beharko gara, zerbait eskandalosoa jazo beharko da, jendea mugitzeko, dio Kerejetak. Ingalaterran, Frantzian, Italian… atera dira kalera, eta gurean dena irensten dugula kritikatu du Zabaletak: ulertu dezake helduagoen artean, galtzeko izan dezaketenagatik, baina tristea iruditzen zaio jende gaztea geldirik ikustea, euren etorkizuna bermatzeko borrokatu beharrean. “Pasibitaterako hezten gaituzte, eta erreakzioa hori da, ‘dagoena eta kito’. Gure burua gehiago maitatu beharko genuke, bizi guztirako menpeko eta morroi izan nahi ez badugu”.

Maparik ez daukagu ordea, egoeraren eta errudunen diagnostiko zehatza falta zaigu, Aierdiren ustez, eta etsaia zein den ez dakigulako ez gara mobilizatzen. Dioenez, ekonomiatik datorren erasoa politikarekin nahasten da, bankariak izan beharrean errudunak, gobernuen erabaki txarrak dira kaltea, eta jarrera populista eta antidemokratikoetara jotzeko arriskua dago. Poztu egiten gara funtzionarioei soldata jaisten dietenean, txinatarrei botatzen diegu errua… “Baina bakoitzak bere ortuan pentsatzea ez da soluzioa, globalean pentsatu, erabaki eta ekin behar da”.

Situazio ezkorretan, dena den, ezin itxaropena galdu. Edozein lanetan jardunda ere, azken helburua ahazteko asmorik ez du Ruizek, eta irakasle izateko prestatzen jarraituko du. San Sebastianek eta Kerejetak espero dute moduluak eta ondorengo praktikek fruituak ematea, eta Zabaleta ez du krisiak zapuztuko: “Errealitatea onartu behar duzu, jakin nolakoa den eta errealista izan, baina ez konformatu. Pesimismoarekin ez da ezer lortzen eta aurrera egin behar da. Ez bazaizu errealitatea gustatzen, aldatzen saiatu”.
Unai San Sebastian
“Negozio propioa abiatzea asko arriskatzea da gaur egun”
Idiazabalgo gazteak Ingeniaritza teknikoa egin zuen, mekanikan, amaierako proiektua arbelgintzan egokitu zitzaion, hiru urte pasa zituen proiektuarekin, baina krisiarekin enpresa EEEn sartu eta langile guztiak kalera bota zituen 2009an. Lan bila aritu ondoren, prestakuntza handitzea erabaki du, ingelesa ikasiz eta mekanizazio bidezko produkzioko goi-mailako zikloa eginez. “Berritu eta ea nola doakidan”.
Amagoia Ruiz
“Kontratu gabe, baldintza txarretan aritu naiz, baina azken helburua ez ahaztea da inportantea”
Arte Ederrak ikasi ostean doktoregoari heldu zion Irungoak; tesina egina du eta tesia amaitzeke (Eusko Jaurlaritzaren beka bat izan du tesia lantzeko). Kutxazain, zerbitzari eta marrazteko eskolak ematen aritu da, eta ikastaro ugari egiten jarraitzen du, ondo prestatzeko. “Niri gustatu egiten zait ikastea”.
Aitor Zabaleta
“Onenak ere praktikak bukatzean kalera botatzen zituzten. Berdin zaie kalitatea, merkeago ateratzen bazaie”
Batxilerra bukatu eta zer egin ez zekiela, lagun batek animatuta jatetxeen munduan sartu zen, “baina praktiketako lau hilabetetan ikusi nuen oso lan gogorra zela bizitza guztian egiteko”. Orain, Komunikazio ikasketak bukatzear da eta tabernan egiten du lan asteburuetan.
Unai Kerejeta
“Agian muturrera heldu beharko gara, jendea mugitzeko”
Urretxuar honek Ile-apainketa ikasi zuen bost urtez, ile-apaindegi propioa jartzekotan izan zen, baina azkenean metalaren munduan sartu eta 9 urte eman zituen tailerrean lanean. Enpresak Fagor-entzat egiten zuen lan, harik eta krisiarekin itxi behar izan zuen arte, 2009ko martxoan. Langabezia amaitzear eta Metal Eraikuntzak goi-mailakoa bukatzear da: “Praktika eta esperientzia badauzkat, titulua falta zitzaidan”.
Bizitzeko eskubidea, soldataren arabera?
Pentsamoldea aldatzeko urtetako lana beharko bada ere, zibilizazio berria aurreikusten du Xabier Aierdi soziologoak. Prekarietatea bi modura uler genezake: batetik, baldintza ekonomikoetan pentsatuz, gaur egungo gizarte kapitalistaren eskeman. Jendea lekuz kanpo dago: soldatapeko izan behar badut bizitzeko eskubidea izateko eta kontsumitzaile izateko –kontsumitzen ez duena ez delako ezer–, zer egin soldatarik ez dudanean edo oso merke lan egiten badut? Bestetik, prekarietate estruktural hori eszenatoki berri bilakatu dezakegu, deshazkundetik eta austeritatetik abiatuta bizitzaren duintasuna, bizitzeko eskubidea beste zerbaitetan bilatu, soldatan eta kontsumitzeko gaitasunean jarri beharrean. Orain arte lanean aurkitu du gizakiak oinarria, baina dagoeneko ez bada prozesu produktiboan jende gehiago behar, non jarri zimenduak?

Menpekotasun ekonomizistak bultzatzen gaitu itxarotera krisia noiz bukatuko, lehengo berdinera bueltatzeko. Baina hori amaitu dela dio Aierdik, ekonomiak ezin duela etorkizunean munduaren zentro izan, giza duintasuna beste nonbait bilatu behar dela, ekonomikoa ez den gizarte harremanetarako egitura ezberdina nagusitu behar dela. Lanaren banaketa, denboraren erabilera lan sozialetarako, soldata unibertsal bermatua… formula baliagarriak izan daitezke. Baina egoera berriari zein formula ekonomikorekin erantzun erabakitzeko, aurretik ezinbestekoa deritzo gogoeta kultural antropologikoa hedatzea, bizimodu duina izateko eskubideari eta hori bermatzeko neurriei buruz.

ASTEKARIA
2011ko urtarrilaren 23a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia krisia
Austeritatearen itzulera
Arau fiskal berriei baietza eman diete Bruselan eta murrizketa sozialei atea ireki

Europar Batasuna pandemia aurreko zerga arau zorrotzetara bueltatzeko bidean da, Europako Parlamentuak estatu kideek duten defizita eta zorpetzea mugatzeko neurri fiskal berriak onartu ostean. Ecofinek 2023 urte amaieran erabakitakoari jarraiki, austeritate eta murrizketa... [+]


Europako Banku Zentralak "erreforma estrukturalak" iragarri ditu, defentsarako gastuei aurre egiteko

Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".


Analisia
Erreforma fiskala, oraingoz ezta ere

Atera berri dituzte zerga bilketaren datuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru ogasunek, eta ikusi dugu inoiz baino diru gehiago jaso dutela. Berehala iragarri dute erreforma fiskalari buruzko gogoetarako beharrezko tartea hartuko dutela, ez dagoelako presarik, ezta premia... [+]


2024ko europa neoliberalak, Schäubleren politika austerizida du ipar

Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Ecofin kontseiluak arau fiskal zorrotzagoak ekarri dizkigu opari urte berriarekin. Pandemia ondorengo norabidea aldatu eta berriz ere inbertsio publikoa txikitzea eta herrialdeek murrizketak egin behar izatea ekarriko du... [+]


Bizitzaren garestitzeak etenik ez: argindarra, gasa, udal zergak eta autobideak, garestiago

Hego Euskal Herrian, egun indarrean dagoen neurri mesedegarri batek soilik jarraituko du aplikatzen, gutxienez ekainera arte: oinarrizko elikagaiei BEZik ez ordaintzea.


Eguneraketa berriak daude