Inozenteen egun luze-luze bat

Concetta Probanza
Munduak eragiten didan neurrigabeko minak eraginda idazten dudala esan dezaket serio, baina ez dut uste arrazoi horrek inori arreta berezia piztuko dionik. Ordea, nire poemak guardia zibilari bertsolari-txapelketei buruzko ezkutuko informazioa emateko bide bat direla aitortzen badut, orduan bai, batek baino gehiagok hori itsu-itsuan sinestu eta estrofa bakoitzeko puntuak eta komak neurtzen hasiko litzateke, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan kongresu bat antolatzeraino. Asko gustatzen zait gainerakoek idazteko duten argudioak aurkitu eta irakurtzea, baina nik desilusio pixka bat hartzen dut nire zergatiengan pentsatzen dudanean, zergatirik ez dudalako. Idatzi, ez dakit zergatik egiten dudan, bizi ere zergatik bizi naizen ez dakidan bezala. Uste dut aspaldi gainditu nuela helburu jakin batekin idatzi behar den ideia madarikatua, erromesaldi honetako printzipio handiak ere aspaldi gainditu nituen bezala. Idaztea, edozein eratako idatzia delarik, barne-prozesu erradikala da nigan, eta zer ikusirik ez du efikaziarekin edo propagandarekin, gure garaiko idazle gehienek idazteari ematen dioten erabilerarekin alegia. Idatzi egiten dut. Eta kito. Hori da sakontasunez esan dezakedan bakarra.

Baina horrek ez dit eragozten, aitzitik, oso deseroso zaidan errealitate bati adi bizitzea, nire kontzientziak lagunduta, gizaki orok gainerako gizakiekin bere harremana nola konpondu beharko lukeen erabakitzea. Eta gauzak dira direna, haiei begiratu edo ez, haiei kasu egin edo ez, eta gauzak ez dira diren bezalakoak ni ohartzen naizenean edota nik hala direla ofizialki erabakitzen dudanean. Eta niri gauzek, munduko gauzek, gizakiaren gauzek, min ematen didate. Are gehiago gaur, den-dena gezurraren marketina den honetan. Eta errazena, sinpleena hori da, gezurrean eroso bizitzen jarraitzea. Gezur diren gauzak eta gizakiak egin behar dira, kontsumoaren kumeak gogaitu nahi ez baditugu, gezur diren gauzak eta gezur diren gizakiak kontsumitzen jarraitu dezaten. Horrela dena da eramangarriago. Gabonetako jaietan bezala. Gehienen borondatearen kontra iristen dira, inork gutxik ospatu nahi ditu, enbarazu galanta baino ez dira etxekoandre guztientzat, depresioa ere sortzen dute, eta, hala ere, egin-egin behar dira hipokresia zurienaren paradigma diren erritual, bazkari eta afari meta-patetiko horiek guztiak. Amamarengatik da, umeengatik da, beti dago aitzakia boteretsuren bat.

Eric Cantonak bankuei boikota egitera deitu zuenean, denak batera bankuetatik dirua ateratzea korrika irten ordez, zabor-hipotekak zintzo ordaintzeari uzteko beldurrak jota gelditu ginen etxean. Eta etxean diot, etxea gurea balitz bezala, baina hori ere haiena da, gure askatasuna haien jabego den bezala, erabateko jabe diren askatasunaren gurasoena alegia. Holakoak dira jainko berriak. Gehiago balio du gutxi horien ohoreak, gu guztion bizitzak baino. Haiek pilatzen dituzte gure edertasun eta egia guztiak, haiek baimentzen dute gure salbazioa, haiek zigortzen gaituzte sinpletasun txikienera, halabeharrezko tolesgabetasunera. Eta zer egin dezake gizaki xalo sinplifikatu batek errealitate guzti horren aurka? Zer egin dezake gizaki xalo sinplifikatu batek Wikikararen garaian? Txillida-Leku museoak ateak itxiko ditu abenduaren 31n. Eskultorearen seme Luis Txillidak jakinarazi duenez, krisiak eragingo du itxiera. Lasai, ez dauka inork egin beharrik, nik neuk itsatsiko diot nire bizkarrari inozenteen panpina.

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude