Amaierarik gabeko gurpil zoroa

  • Alberto Contadorren gernuan aurkitutako klenbuterolak zaplaztekoa eman dio jada nahikoa kolpatua zegoen txirrindularitzaren sinesgarritasunari. 1998az geroztik, dopinaren aurka borrokan ari diren erakundeek ez dute gainbehera geratzerik izan.
Alberto Contador txirrindulari espainiarra.
Alberto Contador txirrindulari espainiarra.www.scienceinsport.com.au
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Frantziako Tourraren aurtengo edizioan, 198 txirrindularien 664 odol eta gernu lagin analizatu zituzten antolatzaileek, hiru analisi buruko, gutxi gorabehera; etapa irabazle eta talde-buruei gehiago. Jerga ofizialean esaten den moduan, “kontrako analisi” bakarra atzeman zuten. Salbuespen susmagarri hori, ordea, Alberto Contador da, denboraldiko lasterketarik entzutetsuena hirugarrenez irabazi duen txirrindulari espainiarra. Ziklismoari geratzen zitzaion sinesgarritasun apurra berriro zartatua, hamaikagarrenez.

Pasa den irailean, TVE telebista kateak kazetari bat bidali zuen Espainiako Itzulira, hiru astez dopinaren inguruko albisteei arrastoa jarraitzeko. “Noraino helduko gara?”. Bere izena ezkutuan gorde nahi duen nazioarteko epaile eta lasterketa antolatzailearen galdera nori zuzendurik dagoen badakigu. “Ez duzu uste komunikabideek zeresan handia dutela? Kirol emaitzak ia aipatu ere ez, eta dopin kasuak lau haizetara zabaltzeko prest daude beti”. Bere izena ez jartzeko eskatu badigu, ez da izan ziklismoaren zutabeak dardaraziko dituen sekretu mingarriak kontatuko dizkigulako, “nazkaturik” dagoelako baizik: “Ez dut nire izena dopin hitzaren alboan ikusi nahi, asper-asper eginda nago”. Ez gara sobera tematu, ez baita gure asmoa bazterrak nahastea, txirrindularitza dagoen egoerara nola heldu den jakiteko zertzelada batzuk ematea baizik, dopinak zipriztindutako albisteetako siglen atzean zein erakunde dauden azaltzea, egiaztatzerik ez ditugun datu eta hipotesiak, zurrumurru eta frogatu gabeko akusazioak errepide bazterrean utziaz. Xabier Usabiaga ETBko kazetariak azaldu digun moduan, sarearen egitura ulertzea ez da guk uste genuen bezain zaila.

Klenbuterola (2010)

Alberto Contadorren auziak bolo-bolo zabaldu du animaliak elikatzeko erabil daitekeen  anabolizatzailearen izena –Europan debekaturik dagoena–. Frantziako Tourreko bigarren atseden egunean, pasa den uztailaren 21ean, Contadorri txiza-analisiak egin zizkioten, ohiko bilakatu diren dopinaren aurkako kontroletako batean. Bi substantzia susmagarri zeuden haren gernuan: 5 pikogramo (0,000000000005 gramo) klenbuterol eta diftalatoa, odola gordetzeko plastikozko zorroek daukaten substantzia ez-debekatua. Poltsa horiek, ordea, legez kanpoko odol autotransfusioetan erabili ohi dira.

Contadorren gernua Nazioarteko Txirrindularitza Batasuneko (UCI) eta Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentziako (WADA-AMA) zientzialariak ari dira aztertzen. Eurek esango dute aurkitutako substantziak prozesu zigortzailea abiatzeko nahikoa froga diren ala ez. Erantzuna baiezkoa bada, Espainiako Txirrindularitza Federazioak (RFEC) zigortuko du Contador, egoki ikusten badu behintzat. Dena den, federazioak hartutako erabakiarekin bat ez badatoz, AMAk, UCIk eta Contadorrek berak Kirola Epaitzeko Auzitegira (TAS-CAS) jo ahal izango dute (ikus hurrengo orriko koadroa). Erreportaje hau ixteko unean, nobedaderik ez zegoen oraindik.

Festina auzia (1998)

 


Hamabi urte egin behar ditugu atzera, 1998ra, dopinaren aurkako gaur egungo gurutzadaren abiapuntua markatu zuten gertaerak ezagutzeko.

Tourra hasteko egun bat besterik ez zen falta. Frantzia eta Belgika arteko mugan, antza txibatazo bat medio, poliziek Willy Woet  Festina taldeko masajista geratu zuten. Autoan 200 EPO anpulu zeramatzan, hazteko hormonak eta dozenaka testosterona kaxa. Artean, oraindik antzeman ezinezko produktua zen EPO edo eritropoyetina izeneko substantzia: odolean globulu gorriak artifizialki sortzen ditu, haren oxigenazioa hobetu eta errendimendu eta errekuperazio hobeak lortzeko. Galdeketan, Woet-ek Festina taldeko goi-karguak nahasi zituen aferan. Bruno Rousell kirol zuzendariak bere taldeko ziklistak dopatu egiten zirela aitortu zuen, eta Tourrak lasterketatik kanpo laga zituen. Poliziek galdekatu zituztenen, ia denek berretsi zuten zuzendariaren bertsioa.

Galdekatu soilik ez. Jendarmeek hainbat txirrindulari, mediku, masajista eta zuzendari atxilotu zituen, autobus eta hotelak miatu, euren mugimendu oro zelatatu… eta ez bakarrik Festinakoenak. Hariari tiraka hasi eta beste talde batzuetako kideak ere lokaztuta zeudela deskubritu zuten.

Protesta moduan, jendarmeen jazarpen itogarri eta gehiegizko disuasio-neurriek bultzatuta, Tourra lehiatzen ari ziren talde espainiar guztiek (ONCE, Banesto, Kelme eta Vitalicio) eta Riso Scotti eta Saeco italiarrek lasterketa utzi zuten, antolatzaile, epaile, taldeetako zuzendari eta txirrindularien arteko eztabaida antzuen ondoren. Txirrindularien bozeramailea Bjarne Riis zen, Contador fitxatu berri duen taldeko (Saxo Bank) zuzendaria. Danimarkarrak ez zuen protestekin bat egin, baina duela hiru urte, 1993tik 1998ra bitartean dopatu egin zela aitortu zuen. Bestalde, Espainiako taldeak lasterketa uzteko konbentzitu zituena Manolo Saiz ONCEko zuzendaria izan zen, 2006ko Puerto Operazioan nahastutako pertsonetako bat.

1998an gertatutakoak EPOaren eta oro har dopinaren aurkako kontrol zorrotzagoen beharra jarri zuen agerian, eta horri erantzuteko sortu zen urtebete geroago Dopinaren aurkako Nazioarteko Agentzia (WADA-AMA). Bada gehiago, ordea. Elkarrizketatu dugun lasterketa antolatzaileak esan digun moduan, Festina auziak txirrindularien artean oraindik suma daitekeen batasun eza azaleratu zuen: “Borroka 1998an galdu zuten ziklistek”. Orduz geroztik, burua altxatzeko imintzioa egin duen bakoitzean, txirrindularitzak eskandalu baten kokotekoa jaso du. Sonatuena, ziurrenik, Puerto Operazioa izan da.


Puerto Operazioa (2006-)

 


2006ko maiatzaren 22an, Guardia Zibilak Manolo Saiz atxilotu zuen Madrilen, kafetegi batetik ateratzean. Atzeman zutenean, ONCEren lekukoa hartu zuen Liberty Seguros taldeko arduradun nagusiak 60.000 euro zeramatzan maletatxo batean, eta debekatutako substantziaz betetako poltsa isotermiko bat. Hurrengo egunean askatu zuten, bai bera, bai agindupean zituen txirrindularietako batzuk Eufemiano Fuentes medikuaren bezeroak zirela aitortu ostean. Hainbat diziplinatako dozenaka kirolari daude dopin sare erraldoi horretan inplikatuta. “Daude” diogu, operazioa itxi gabe dagoelako oraindik. Horietako batzuk, nahiz eta kalteak pairatu, errudun deklaratu gabe erretiratu dira. Unai eta Aitor Osa eta Joseba Beloki txirrindulariak, adibidez, Fuentesen sareko bezero gisa identifikatu zituen Guardia Zibilak, baina Espainiako Justiziak ez zituen zigortu: Antonio Serrano epaileak osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batean zentratu zuen ikerketa. Dopinaren azpijokoa ez zuen ikertu, 2006ko azarora arte ez zelako delitu Espainian. Osasun publikoaren aurkako deliturik ez zegoela ebatzita, kasua artxibatu eta inputatuak absolbitu zituen; auzia ahozko epaiketaren zain geratu zen. Txirrindulariek normaltasunez lehiatzen jarrai zezaketen, inolako delitu penaletan inputaturik ez egoteaz gain, epaileak uko egin ziolako bere menpe zituen frogak (odol poltsak, dokumentuak, audio eta bideo grabazioak…) AMA eta UCIri bidaltzeari. Kaltea egina zegoen ordurako: Liberty desagertuta eta euren izena zikindurik, talde hartako ziklista askok ez zuen eskaintza berririk jaso.

Pasaporte Biologikoa (2008)

Pasaporte Biologikoa 2008an jarri zuen abian UCIk: tartean-tartean, txirrindulariei odol eta gernu analisiak egiten zaizkie, euren grafikoetan azal daitezkeen balore aldaketa handiak kontrolatzeko. Kontrol mekanismo bat da, ez ditu positiboak –froga zehatzak– azaleratzen, debekatutako substantziak hartu izanaren susmoak baizik. Xabier Usabiagak adibide batekin azaldu digu: “Demagun autoan zoazela, Zumaia pare horretan Donostiarantz. Zumaiako radarrek ez zaituzte gehiegizko abiaduran harrapatu, baina Donostiara oso azkar heldu zara; tartean errezeloak piztu dituen zerbait egin duzu”. Ziklista susmagarriak, behin-behineko neurri moduan, hamabost egunerako gaitasungabetzen dituzte, denbora horretan kasua ikertu eta ondorioak ateratzeko. Pasaporte biologikoak salatu zituen aurreneko txirrindularietako bi Igor Astarloa ermuarra eta Pietro Caucchioli italiarra izan ziren, 2009an. Astarloa “susmagarri” bezala erretiratu da aurten, UCIk ez baitu konfirmatu dopatu izana. Caucchiolik, bestalde, TASen inpugnatuko du pasaporte biologikoa. Iazko ekainean, bi urterako zigortu zuen Italiako Komite Olinpikoak (CONI), UCIk igorritako emaitzetan oinarrituta. Zigorrarekin ados ez, eta italiarrak TASera eraman du bere auzia. Haren erabakiak kolokan jar dezake duela bi urte eskas abiatutako pasaporte biologikoaren baliagarritasuna.

Tom Simpson (1967)

Ziklismoaren eta dopinaren arteko lotura “betikoa” dela esan digu Usabiagak. “Tradizioa” hitza erabili du nazioarteko epaileak: “Tom Simpsonen heriotzaz geroztik egon da lotura hori”. Ziklista ingelesa 1967an hil zen Frantziako Mont Ventoux mendian gora. Paraje isolatu hark dopinaren trama bere krudeltasunean erakutsi zuen: tontorretik bi kilometrora, Simpson balantzaka hasi eta ziplo erori zen, bihotz-gutxiegitasunak jota. Haren maillotean hiru anfetamina poto aurkitu zituzten, eta txirrindulari batzuek aitortu zuten etapa hasieran brandya edaten ikusi zutela.

Beste kiroletan hain lotura esturik zergatik ez dagoen galdetu diegu: “Filosofia kontua da. Erori izan dira futbolariak zelai erdian, bihotzekoak jota, eta inork ez du galderarik egiten. Zer pasako litzateke ziklistak balira?” erantzun digute biek. “Kontuz, nik ez dut esan futbolean dopina dagoenik!”, argitu digu Usabiagak. Txirrindularitzak esfortzu fisikoarekin lotura handia duela esan digu ETBko kazetariak, futbolak baino askoz ere handiagoa, eta dopin kasuek badutela harremanik horrekin. Dena den, ibilbide ikaragarri gogorra izango duen 2011ko Italiako Giroa aurkeztu berritan, Usabiagak dio dopina ez dagoela zuzenean lotuta zailtasunarekin: “Begira atletismoan, positibo kasu gehien 100 metroko lasterketan azaldu dira”. Bere hitzetan, “utopikoa” da honek guztiak konponbiderik baduela pentsatzea. Dopina “beti” egon dela dio, garai batean gaur egun baino askoz ere gehiago, “errazagoa zelako ezkutuan pasatzea”. Lehen ez ziren hainbeste kontrol egiten: talde osoari analisiak karrera bezperan, ezusteko kontrolak txirrindularien etxeetan… Bat dator nazioarteko epailea: “Ziklismoan beste kiroletan baino askoz ere kontrol zorrotzagoak egiten dira”. Azaldu digu lasterketa gehienetan kontrolak UCIk egiten dituela, antolatzaile askorentzat “prozesu garestiegia delako”. Etsipenez agurtu gaitu: “Geroz eta ziklista gazte gutxiago daude. Jar zaitez gurasoen lekuan. Etengabe ikusten dituzte txirrindularitza dopinarekin nahasten duten albisteak. Kirol gogorra da, gainera. Nola animatuko dituzte seme-alabak ziklista izatera?”. Galdera airean geratu da, tropelak uxatzerik lortzen ez duen “susmagarriak” edo “gaizkileak” izeneko lainotzarra bezala: buru gainean beti, kazkabarra noiz bota, utopiaren ametsetik esnatzeko pronto.
Contador auzia. Erakunde bakoitzaren egitekoa
Organo gorena TAS da, eta haren azpian daude gainerako guztiak, UCI eta AMA batetik, eta herrialde bakoitzeko erakundeak bestetik: federazioak, komite olinpikoak…
Kirola Epaitzeko Auzitegia (TAS): Contador ez du organo judizial batek epaituko. Kirol munduko ika-mikak, bide penaletik doazenak salbu, justizia arruntetik at geratzen dira. Bide propio horretan, kirol diziplina edozein izanik ere, mailarik altuenean TAS dago. Nazioz gaindiko erakunde autonomo eta independentea da.

l Nazioarteko Txirrindularitza Batasuna (UCI): Hark jakinarazi dizkio Contadorri Tourrean egindako analisien emaitzak. Espediente zigortzailea irekitzea dagokio, Espainiako Txirrindularitza Federazioaren (RFEC) esku uzteko.

l Dopinaren Aurkako Nazioarteko Agentzia (WADA-AMA): Fundazio independente gisa sortua, edozein prozesu zigortzailek Dopinaren aurkako Nazioarteko Kodea betetzen duela bermatu behar du. Nazioarteko Batzorde Olinpikoak (COI) eta hainbat gobernuk finantzatzen dute AMA. Contador auzia nahasi egin da, beste arrazoi batzuen artean, UCI eta AMAren arteko tentsioengatik. Txirrindulari batzuen “lagun” izatea leporatu dio maiz AMAk UCIri, “positiboak ezkutatzea” eta “profesionalki” ez jokatzea.

l Espainiako Txirrindularitza Federazioa (RFEC): Espainiako Estatuko txirrindulariak zigortu ditzakeen aurreneko instantzia da, nahiz eta haren erabakia beste instantzia batzuetan (TASen, adibidez) errekurritu ahal izango duten, egoki ikusiz gero, UCIk, AMAk eta Contadorrek berak.
Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia
Duela urtebete, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela eskumenik kirolari federatuei (profesional zein afizionatuei) dopinaren aurkako kontrolak egiteko, ezta positibo ematen dutenak zigortzeko ere: Kirola Jaurlaritzari dagokion saila da, baina diziplina-neurriak kirol federazioen jurisdikziokoak dira. Justizia Auzitegiaren erabakia “gainditzeko”,

Jaurlaritzak dopinaren arkako programa bat adostu du kirol federazioekin. Proposamenak aurrera egiten badu, administrazio publikoak kontrolak finantzatuko ditu (bakoitzak 300 euro inguru balio du), eta zigorrak kirol-erakundeek ezarriko dituzte. Blanca Urgell Kultura sailburuak –Kirol Saila haren menpe dago– adierazi du lege proiektua legegintzaldia amaitu aurretik onartzea dutela helburu. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren enbrioi gisa definitu dute egitasmoa.

Azkenak
Estefi Etxebeste
“Mentalki ongi prestatzea dirudiena baino garrantzitsuagoa da harri-jasotzean”

Abuztuaren 9an errekor berria ezarri zuen Estefi Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) Sunbillako Ramon Latasa pilotalekuan. 100 kiloko harria 59 aldiz goratu zuen, eta 2014an Idoia Etxeberriak ezarritako 56 altxaldiak gailendu.


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Muruzabal eta Zarrakaztelu suteengatik hondamendi eremu izendatu ditu Espainiako Gobernuak

Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.


Frantziako Estatuak “arriskuan” jarriko du EKE, dirulaguntzak 30.000 euro murriztuta

Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]


Talde ekologistak:
“Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko”

Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]


Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Eguneraketa berriak daude