Zer dute eskaintzeko Donostiak eta Iruñeak?

  • 2016an Poloniako hiri bat eta Espainiako Estatuko beste bat Europako Kultur Hiriburu izango dira. Eta hori lortzeko lehian dira Iruñea eta Donostia. Hurbiltzen ari da eguna: irailaren erdialdean Madrilen izango dira komisario europarrak aurre-aukeraketa egiteko. Guk, lehiaketa aitzakia harturik, hiri bakoitzaren kultur eskaintza aztertuko dugu orriotan.
Donostia-Iruñea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Zaila baita irailekoak eman dezakeena igartzea. Ez dago kriterio zehatzik. Edo hori ematen du behintzat El Mundo egunkariko kultur gehigarriari Sir Robert Scottek aurtengo maiatzean eskaini zion elkarrizketa irakurrita. Bera da Kultur Hiriburutza ematen duen komisioko presidentea eta mokoa estutu zuen kazetariak aukeraketa-irizpideez galdetu zion bakoitzean. Zaplana eta zertzena bakarrik eman zituen: proiektuen dimentsio europarra eta herritarren parte-hartzea garrantzitsuak ei dira. Beste argibiderik ez, oraingoz. Klaro dagoena zera da: iraileko aurre-hautapenean Espainiako Estatuko hamasei hautagaietatik lauzpabostek bakarrik jarraituko dutela aurrera, eta horiek, urtebete barru, komisarioen bisita izango dutela. Jokoan dira hautagaitzak bultzatzeko gastatutako sosak; eta esperantza da, irabaziz gero, turismoarekin kontuak berdindu ez ezik alozak egingo dituela garaileak. Baina horiek aurreragokoak dira. Momentuz ikus dezagun zer daukaten eskaintzeko Donostiak eta Iruñeak, Mikel Iturriaren eta Patxi Larrionen analisien arabera.

Lizentzia: CC-by-sa
Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik
2006ko maiatzean Donostiaren kultur proiektu handiak zeintzuk ziren ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu zituen Udalak San Telmo Museoan. Bertan aurkeztu ziren Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa eta Tabakalera. Victoria Eugenia 2007ko martxoan inauguratu zen. San Telmo datorren urtean inauguratuko da, udal hauteskundeak baino arinago. Tabakalera, berriz, ez dakigu noiz inauguratuko den.

2008an erabaki zuen Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Harkaitz Canok zera esan zuen aurkezpen ekitaldian, besteak beste: “Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea”.

Begira dezagun, beraz, alboetara. Donostiako ordezkariak Madrilgo Kultura Ministeriora 2016ko hautagaitza aurkeztera joan ziren egunean, 2010eko uztailaren 9an, Udalak DOKAko (Donostiako Kafe Antzokia) soinu-ekipoa zigilatu zuela jakin genuen. Dirudienez, ekainaren 23an, gaueko 23:00ak pasata, behar zuena baino ozenago zegoen aretoko musika.

Diego Manriquek El País egunkarian idatzitako La ciudad bajo asedio (Setiatutako hiria) zutabeaz akordatu nintzen berehala. Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen zuten aretoei zer nolako laguntzak ematen zizkien aipatzen zuen Manriquek. Garai hartan bertan arazoak izan zituen Bilboko Kafe Antzokiak. Argigarriak kazetariaren hitzak: “Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo bakarlariekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu gabe. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon, badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria hori, DJen poltsak arakatzen disko piraten bila!”.

1980ko hamarkadan herritarrek ez zuten nahikoa azpiegitura gustuko arte-adierazpena ezagutzera emateko, baina gogoa eta beharra baliabideen gainetik jartzen direnean, nahikoak dira zuk nahi duzuna egitera hurbiltzeko. Duela hogei urte musikak pisu ederra zuen gure aisialdian (orain aisialdian, lanean, kafetegietan, dendetan, full time), baina Kaki Arkarazok duela gutxi eginiko elkarrizketa batean esan bezala, lau kanta ziren behin eta berriz errepikatzen genituenak.

Donostia Kulturak 2009an ia 26 milioi euroko aurrekontua izan zuen. 180.000 biztanle dituen hiri batentzat ez da kopuru eskasa. Aparte utzi behar dira Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Kursaal-eko hainbat kultur ekitaldi, eta abar.

2010-2011 epean Aieten eta Intxaurrondon beste bi kultur etxe zabalduko dira. Aietekoa espezializatua egongo da giza eskubideen alorrean eta bertan izango du egoitza gai horiei buruzko institutu batek. Intxaurrondokoa, berriz, Gasteizko zentro zibikoen bidetik doa. Kiroldegia integratua izango du. Ahaztu gabe San Telmo Museoak ere ateak berriro irekiko dituela 2011n.

2009-2020 eperako proiektua aurkeztu omen du 2016ko hautagaitza donostiarrak. 89 milioi euroko aurrekontua, prentsan irakurri dugunez. Horietarik, 40 milioi 2016ko urtean bertan gastatzekoak. Diru asko da, bai, baina erreparatuz gero beste zenbait konturi, ez da hainbesterako. 4.920 milioi euro aurreikusi dituzte AHT, metroa eta autobus geltokia garatzeko. Donostiako bigarren errepide gerrikoak, berriz, 300 milioitik gorako kostua izan du.

Donostiako kultur adierazpen erraldoienak (Aste Nagusia, Zinemaldia, Jazzaldia) turismoa erakartzeko sortu zituzten XX. mendearen bigarren zatian. Bilboko Guggenheim Museoa Euskal Herriko erakundetako ekonomia sailek bultzatutako proiektua izan zen. Okerrena da Kultura sailetako dirua jaten duela.

Irailaren amaieran U2 taldeak kontzertua eskainiko du Donostiako Anoeta Estadioan. Erakundeek, Foru Aldundiak eta Udalak, seguru emango diotela laguntzaren bat kontzertu sustatzaileari. Kultura aurrekontuak hustu beharrean, hobe da hori sartzea turismoa erakartzeko partidetan.

2006ko jardunaldietan, Josep Ramonedak esan zuen publikotasunaren kudeaketaz ari garelarik legitimitate demokratikoa dela hierarkiaren lehen mailan jarri behar dena. Batzelonako Kultura Garaikideko Zentroko (CCCB) zuzendariak hori nola ulertzen zuen interesatzen zait. Berak ondo baino hobeto zekien kargutik kentzeko eskubide osoa zutela politikariek, baina bera karguan zegoen bitartean haiek ezin zutela muturra sartu bere eremuan. Abantaila bat zuela aitortu zuen Ramonedak, Diputazioa baita patronorik handiena eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago Bartzelonan.

Horixe da azken urte hauetan gehien aldatu dena eta, Joxan Muñozek Tabakalera utzi zuenean, egoera ondo baino hobeto laburbildu zuen bi esalditan Xabier Erkiziak: “Harrigarria da politikariak kultura kudeatzaile lanetan ikustea. Horrela funtzionatzen dugu hemen”.

Disney, Guggenheim eta beste hainbat korporazio nagusi diren iji-aja urteak bizitzea tokatu zaigu. Munduko biztanle guztientzako nahikoa baliabide ez eta fribolitatea da nagusi eremu serioetan ere. Okerragoa da garai postmoderno hauetan dugun memoria eza. Normala da hein batean, gure begi aurrean zenbat informazio pasatzen den kontuan hartuz gero. Batzuetan badirudi krisia etorri dela poetaren udaberria bezala, inork jakin eta konturatu gabe. Eta hori ez da oso normala. Agintariek ondo baino hobeto jakin beharko lukete krisia izan dela gure egoera naturala.

Buka dezagun Harkaitz Canok 2008ko maiatzean esandako beste hitz batzuekin: “Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere”.
Iruñea: Hautagaitza berde hitsa
“Praktika kulturalek egiten gaituzte pertsona”, Antton Lukuk Euskal kultura? izenburuko saiakeraren karietara esana. Nekez asmatuko genuke kultur neurgailurik, baina horrelakorik balego, nor da kultuago, entzute handiko orkestra bateko abonatua ala bere auzoan antzerki taldean ari dena? Galderari ez zaio demagogiarik falta, baina egungo panorama ikusirik ezin esan galdera hori egitea zilegia ez denik.

Kulturatzat, maiz kultura jasotzat, hartzen ditugun hainbat jarduerez ari zen Luku saiakera horretan. Jarduera horiek negoziotik dute asko, izan ere kulturaren diruak azpiegituren eta propagandaren zerbitzura egon ohi dira. Zenbat eraikin (kultur etxe, areto, gune) ordaindu dira Kultura Sailaren diruekin? Bestalde, agintariek propagandarako tresna gisa baliatu ohi dute kultura. Europako Kultur Hiriburua izateko lehiaketak kulturatik ba ote duen galdetu beharko genioke gure buruari, kultura hitzaren mozorro azpian negozio eta propaganda politikoa agertzen direla ezaguturik.

Kritikak kritika, lehiaketa bat dugu hizpide, eta izendapena lortzeko Iruñeko Udalak egin duen lana aztergaia. Pamplona 2016 hautagaitzarenak baditu bere alde onak. Batetik, egokiera honek Nafarroako hiriburuaren eskaintza kulturala aztertzeko aukera eman digu eta bestetik, gure agintariek, kasu honetan Iruñeko Udala zuzentzen dutenek, kulturaz duten ikuspegia ezagutu dugu, lanbide horretan hautagaitza publizitatzeko erabili dituzten irudiek berebiziko garrantzia dute. Hona egunotan Iruñeko karrikak edertzen eta hautagaitza publizitatzen erabili dituzten irudiak: Sanfermin, Santiago bidea irudikatzen duen gurutzea, Goiaren San Adriango markesa margolana, biolin bat (Sarasaterena?), Oteizaren eskultura bat eta kiliki bat.

Irudiak bezainbeste hiria definitzeko erabili dituzten leloak zuzentzen gaituztenen ikuspegiaz mintzo zaizkigu. Hiri Artistikoa, hiri berdea, kultur hiria eta festa hiria dira gure agintarien iritziz Nafarroako hiriburua ezaugarritzen dutenak.

Hiri artistikoa. Inork esanen digu alferrik ari garela Gaztelu Plazako aparkalekuaren obrarekin galdu zen ondarea gogora ekartzean. Interesa duenak eskura dauka, Plaza del Castillo. Pamplona-Iruña, 2000-2003. Gazteluko Plaza Aldeko Plataforma. Una lección de democracia ciudadana frente a la destrucción de 2.000 años de Patrimonio liburua. Beti ere, Gaztelu Plazakoak ez dira alde zahar zabal honetan aurkitutako aztarna bakarrak. Udalak jarraitu du hirigunea zulatzen. Azken urteotan egin diren aurkikuntzekin era birtualean berregin daiteke hiri zaharra, mendez mende berregin ere. Menturaz ez da soluziobide rameganteena izanen, baina hainbat tokitan gisa horretan erabiltzen dira teknologia berriak. Ziur aski alde zaharraren zabala da hiri artistikoaren ondarerik preziatuena eta horri ez zaio garrantzirik ematen. Europan gutxi izanen dira Iruñearen tamainako hiriak horren alde zahar handiarekin, eta eszenatoki hori ez dugu behar bezala erabiltzen. Hor dugu gure benetako erakustazoka.

Kultur hiria. Katedrala da Iruñean turista gehien biltzen duen monumentua, ondoko eraikinean Kultura eta Turismo Sailaren egoitza dago, eta eraikinaren aurrealdean zenbait oihal handi zintzilikatu dituzte, bertan Nafarroako Gobernuak datozen hilabeteetarako antolatu dituen ekitaldiak publizitatzen dira. Murtziako turistek ere beldur gutxi liokete Iruñeko hautagaitzari, oihalen edukiari erreparatuz gero. Inork esanen du Gobernua ez, Udala dela hautagaia, beti ere, Gobernuaren eta Udalaren arteko muga lausoa da afera honetan, eta Kultura Saila hautagaitzaren zerbitzura ari da.

Gurean, euskara kultura baino liskarbidea duzu. Iruñeak hautagaitza aurkeztu eta berehala betiko kritika jaso zen, euskara zokoraturik agertzen zen Pamplona 2016 hautagaitzaren propagandan. Diseinua izan zen euskara ezkutatzearen argudioa, Pampl6na behar zuen, Iruñeak traba egiten baitzuen 16 zenbakia eta Pamplona hitza erabiltzean, lruñ6a proposatu zuen diseinatzaile euskaldun batek. Kritika eta errekurtsoen ondoren, euskara nolabaiteko maiztasunez ageri da hautagaitzaren kanpainan, beti ere, Iruñeko Udalak berezkoa duen estiloan. Euskarazko testuak gris argian agertzen dira Iruñeko euskarri orotan, berebiziko esfortzua egin behar da Udalaren iragarki-taula, liburuxka, kartelak eta argibideak irakurtzeko tenorean, Nafarroako okulistek aspaldi ohartarazi ziguten, hamarretik bederatzik euskara ikastea gomendatzen dute, euskaraz irakurtzeak ikusmena hobetzen baitu.

Hiri berdea. Horiak inguratzen du Iruñea, baina hiria berdea da, parkeak eta Arga ibaiaren ingurua horren erakusgarri. Urdina kosta ahala kosta sartu badute ere, berdea izan da urteetan Iruñeko Udalaren kolorea eta propaganda ikusirik badirudi berreskuratu dutela hautagaitza honetarako. Berdeaz ari garelarik ezin ahantzi hiri berdearen bihotza, Arantzadi. Argako meandroa da kanpotarrari atentzio gehien deitzen diona, hiriaren erdian, alde zaharretik aski hurbil nekazaritza. Dena ez da baratzea Arantzadin, baina berdea da nagusi. Baina egungo Arantzadik iraungitze data dauka, krisiak atzeratu du Udalaren egitasmoa, bertan parke bat egin nahi du, eta egitasmoaren arabera eraikin handiak ez dira desagertuko, mehatxupean direnak Arantzadiko baratzeak eta baserriak dira. Bada, hona gonbita irakurle, bizkor ibili inguru bakar hau ezagutu nahi baduzu.

Festa hiria. Gure agintarien aburuz, zezenak eta horren ingurukoak nafar guztien ondarea dira. Sanferminen Museoa izan da hautagaitzaren perla, egun perla harri bat besterik ez da, krisi ekonomikoak guztiz baldintzatu du museoaren eraikitzea. Kronista ezagun batek aspaldi ohartarazi zigun museoaren zentzugabekeriaz, nori bururatu zaio Sanferminak museo batean kaiolatzea? Ausartak izan gaitezen, egin dezagun parke tematiko bat, Iruñea hegoaldean, konparazio batera, Arrizabalagan Sanferminen Hiria eraiki, bertan uztailaren 6tik 14ra gertatzen dena urte osoan egunero berrituko da, parke tematikoa uztailaren 5ean itxi eta 15ean zabaldu. Astakeria dirudi, baina azken urteotan Sanferminek izan duten bilakaera eta erabilera ikusirik, ez dirudi horren ideia txoroa denik.

Torun. Poloniako hiri hori ere Kultur Hiria izateko hautagaia da, horra kasualitatea, Polonia katolikoa aukeratu dugu bidelagun. Torun eta Iruñea elkarrekin ari dira kanpainan. Bi urte igaro dira zenbait zinegotzik Kopernikoren sorlekura egindako bisitatik. Zinegotzi horietako zenbaitzuk Torun hiriko jendearen parte-hartzea azpimarratu zuten, nonbait ezaguna zuten gurean zeinen kilikagarria gertatu den kanpaina.

Balantzea. Ez da erraza jakiten zenbat diru gastu den hautagaitza sustengatzen, garbi dago kulturarako zuzenduriko hainbat diru 2016koaren zerbitzura jarri dela, bestalde Udalarekin hitzarmena duen elkarte eta talde orok nahitaez publizitatu behar du hautagaitza, logoaren bitartez. Adituek diotenez, ezinbestekoa da erakundeen eta gizartearen arteko elkarlana kulturaren alorrean. Baina nekez gertatuko da hori, erakundeek kultur-taldeentzat eta bereziki sormenarentzat bideratu ohi duten dirua hautagaitza baten sostengurako desbideratzen badute.

Iruñea inoiz abangoardiaren erdigunea izan zen, 1971 Topaketak lekuko, encuentros hitza da topaketa horien espiritutik hautagaitzak berreskuratu duen gauza bakarra.

Hautagaitzaren lehiaketarena pasako da, zezenak Iruñeko karriketatik pasatzen diren bezalatsu, inoiz, adarkadaren bat emanez.
Bizkitartean, hiri honen negu luzeko igande gauetan, karrikak hutsik direlarik, Toki Lezan biltzen den bakarlari taldearen emanaldiaz gozatuko dugu. Noiz arte?

Azkenak
2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Muruzabal eta Zarrakaztelu suteengatik hondamendi eremu izendatu ditu Espainiako Gobernuak

Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.


Frantziako Estatuak “arriskuan” jarriko du EKE, dirulaguntzak 30.000 euro murriztuta

Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]


Talde ekologistak:
“Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko”

Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]


Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


BEC ondoko ‘minipisuak’: 1.000 euro hilean eta 24 metro koadro, iruzurrean oinarrituta eta legearen gainetik

639 'minipisu' ari dira eraikitzen Barakaldon, BEC erakustazokaren aldamenean. Udal ordenantzak aginduta, hotel erabilera eman behar zaio espazio horri, baina "alokairu malgua" dela dio Be Casa-k. Egun batzuetako alokairuetatik hasi eta "hilabete batzuetarako... [+]


Festetako egitarauaren argazkia matxista dela salatu du Cascanteko emakumeen elkarteak

Candela emakumeen elkarteak eta PSNk eskatu dute argazkia kentzea eta udalak argitaratutako materialetan kontrol handiagoa egotea, ez egoteko estereotipo sexistarik.


Eguneraketa berriak daude