"Gure diskurtsoak lapurtu dizkigute"

  • Behinola natura eurekin ahaztu zela oihukatzen zutenek, gaur naturarekin gu ahaztu garela egingo lukete garrasi. Arrazoi baitzuen Sarrik: «Ea noiz konturatzen garen geure kontrariorik gogorrenak geu garela».
Juan Lopez de Uralde
Juan Lopez de UraldeDani Blanco

Kontzientzia izan daiteke ona, txarra, euskaltzalea, erlijiosoa… edo ekologista.


Umetatik landu eta jasotzen duzunaren arabera. Inork ez dezala pentsa kontzientzia ekologista zerutik jausi zaidanik, pixkanaka-pixkanaka sentitzen eta garatzen joan naizen sentiberatasuna da. Gurean, aisialdia oso lotuta dago mendiarekin eta itsasoarekin, eta puri-purian ezagutu duzun natura behin eta berriz burugabeki txikitzen ikusteak amorrua eta aurre egiteko adorea eragiten dizkizu. Ni ia kasualitatez sartu nintzen Greenpeace-n, bertan ziharduen jendea ezagutzen nuelako, eta 1987an, Kantauri itsasoan erraustu nahi zituzten hondakin toxikoen aurkako kanpaina bat aitzina eramatea proposatu zidatelako. Gaur arte.


Urte hartan bertan parte hartu zenuen zure lehen ekintzan.


Ipar itsasoan, eta maitasun handiz oroitzen dudan arren, oso ekintza zoroa izan zen. Londrestik deitu zidaten, ekintza baterako behar nindutela esan eta bertara abiatu nintekeen galdetuz. Furgoneta batean egin genuen Londrestik kostarakoa, memorian grabatuta daukadan Talking Heads-en kasete bat buelta-bueltaka zebilela. Kostan, Greenpeace-na zen Moby Dick izeneko barkuan sartu eta kapitaina eta kanpainako zuzendariarekin bilera egin genuen. Hurrengo egunean, hondakin toxikoak garraiatzen zituen barku batekin topo egingo genuela kontatu ziguten, eta gure lana hura abordatzea izango zela. Ni zur eta lur bezain sinetsita nengoen. Pentsa, “txalupan barkura arrimatuko gara, zuk eskailera jarri, eta igo” esan zidatenean, “eta gora heltzen naizenean zer?“ galdetu nuen. Denak barrez lehertu, eta lasai egoteko, ez nintzela gora helduko azaldu zidaten, eta halaxe izan zen, eskaileran gora hasi orduko aurpegian ostikada bat jaso nuen, eta uretan jaso ninduten. Oihartzun handiko ekintza izan zen, fruituak eman zituena, eta horrek poztasuna biderkatu egiten du.

Zer gelditzen da ekintzen ostean?


Ingurumenaren aldeko emaitzak. Kasu hartan, esaterako, hondakin toxikoak itsasoan erraustea debekatuaraztea lortu genuen. Horrekin esan nahi dudana da gure ekintzen helburua ez dela sinbolikoa. Aldaketak bultzatu eta eragitea bilatzen dugu.

Ikuspegi horretatik begiratuta arrakastatsua izan da Kopenhageko ekintza?


Denborak esango du asmatu al den eta aldaketan zenbateraino eragin duen. Guk egin behar genuena egin genuen, egin behar genuen momentuan. 120 estatu-buru ari ziren gerora atera zen anbiziorik gabeko paktu etsigarri hori egosten. Ondorioak ondorio, merezi izan zuela uste dut, argi eta garbi erakutsi baikenuen Kopenhagen porrot egin zela. Beste gailur askotan gertatutakoa gertatzeko arriskua baitzegoen, porrota arrakastatzat saltzea. Oso garrantzitsua da hori lortu izana, geroan afera zuzendu eta bideratzeko zirrikitu bat uzten baitu. Arrakasta adostu izan balitz, Kopenhageko paktua ukiezin bilakatuko zen betiko.

Nondik egiten du herren Kopenhageko itunak?


Bi hanka izan eta hiru herren dituen ituna da. Ezer baino lehen, gobernuen partetik ez dago klima aldaketari taxuz aurre egiteko kontzientzia sakonik. Denek onartzen dute arazoa, baina politikoki merkeago irteten zaie geldi egotea ezer egiten hastea baino. Beldur gehiago diote benetako paktuari, benetako aldaketa klimatikoari baino. Bigarrenik, lidergo falta ikaragarria dago. Obamari Nobel saria irabazita gaiaren inguruan txintik entzun ez genionean jabetu ginen ez zuela inongo aurrerapausoren eragile rolik hartuko, eta bistakoa da ez dagoela guda hau aitzina eramateko gai den beste liderrik. Azkenik, Danimarkaren presidentzia eta antolaketa eskasa daude. Gizarte zibilari sekulako jazarpena egin zaio, eta jendartearen ahotsa ezabatzea porrotari oinarriak jartzea da.

Klima aldaketa gora eta klima aldaketa behera gabiltza denak, baina badakigu zinez zer den, zer arrisku dakarren?


Denok daukagu klima aldatzen ari den pertzepzioa, baina apenas jabetzen garen aldaketaren neurriaz. Nola azaldu bestela hain erantzun geldo eta ahula? The Age of Stupid filmeko esaldi batek gizakia epe motzeko arriskuei aurre egiteko oso ondo prestatuta dagoela dio, baina ez dakiela epe luzera etor daitekeenari aurre egiten. Horixe da. Badakigu zerbait gertatzen ari dela, baina ondorioak ez direnez berehalakoak, bitartean zerbait asmatuko dela iruditzen zaigu. Noraez horri beste arazo sakon bat gehitu behar zaio. Gure mezuak, mezu ekologistak, industriak bere egin ditu. Ohartzen bazara industria kutsatzaileenak igortzen ditu mezu ekologistenak. Arazoaren sortzaileak jada ez daude lehen lerroan. Klima aldaketari buruzko eztabaida batera zoaz eta unibertsitateko irakasle batekin mokoka bukatzen duzu. Non daude Endesa, Iberdrola, eta abarrak?

Zaila da etengabe interes ekonomikoen aurka borrokatzea?


Alde batetik, tarteko institutu eta erakunde andana sortu dute, eta lehen lerrotik desagertzeak asko errazten die bidea. Orain urte batzuk askoz argiago agertzen ziren errudunak. Horregatik, gure estrategiak moldatu eta arazoaren iturburua atzamarrarekin berriz seinalatzera derrigortuta gaude, bestela jai daukagu. Aurpegirik jarri ezean nekez egiten zaio ezeri kontra. Bestetik, oso azkar eta moldakorrak dira, eta baliabide anitz daukate gure aurka ekiteko. Gugatik esaten da baliabide askoko multinazionala garela, baina munstro horiekin alderatuta hutsaren hurrena gara. Gure urteko sarrerak 6,5 milioi eurokoak dira. Zuk pentsa Garoñako zentral nuklearrak 10 egun soilik behar dituela gure diru-sarrerak gainditzeko edo banku handi bateko zuzendariaren erretiro indemnizazioa 70 milioi eurokoa dela. Horrek argi eta garbi erakusten du gure etsaiak zer zenbakitan mugitzen diren, eta jakina, tontoak ez direnez, diru hori erabiltzen dute euren burua babestu eta guri sinesgarritasuna kentzeko.

Sinesgarritasun arazoak dauzkazue?


Iritzi publikoa tipula bat bezalakoa da, geruza askokoa. Jende batentzat ez dugu sekula sinesgarritasunik izango, lubakiaren beste aldean daude, eta ez daukate inongo interesik guk sinesgarritasuna izan dezagun. Beste jende batentzat erabat sinesgarriak gara, eta badago konbentzitu beharreko multzo handi bat, ez dagoena ez alde eta ez kontra, baina alde guztietako informazioa jasotzen duena. Eguneroko jardunak, mobilizazio indarrak eta ekintzek ematen digute sinesgarritasuna. Aldaketa garaiak dira, eta errealitate berrietara egokitu behar dugu. Mobilizatzeko moduak aldatu dira, eta jende asko hilerri nuklearra etxe aurrean jarrita baizik ez da mobilizatzen. Horri buelta ematea lortu behar dugu, eta jendea erantzukizun politikoak eskatzera ohitu. Nork eskatu dizkio kontuak Zapaterori Kopenhageko porrotarengatik? Porrotek kostu politikorik ez duteno, ez du inork urratsik emango.

Gizarte demokratikoetan protesta baketsuetarako espazioa falta dela esan duzu berriki.


Botereak kontrako ahots oro mututzeko joera dauka eta izugarri kostatzen da zure aldarriak entzunaraztea. Kontua ez da espaziorik eza, dauden espazio bakan horiek ixtear daudela baizik. Niretzat demokrazia ez da lau urtean behin bozka ematea soilik. Herritar bezala lau urte horietan nire iritzia plazaratzeko eskubidea daukat. Iritzi hori oso modu desberdinetan adierazi nezake, eta horietako bat da protesta. Legea protesta horiekiko proportzionala ez deno espazio askeak ixten ari gara, eta gune librerik gabeko gizartea zer da, diktadura ez bada? Ez da ahaztu behar ekintza baketsua gizateriaren ondarea dela. Agian ez du epe motzeko eraginkortasunik baina epe luzera jendearen bihotzak irabazten ditu. Horregatik da gure nortasun zeinuetako bat, eta koherentzia hutsagatik bakarrik, Greenpeace zuzendu nahi duen orok kartzelara joateko prest egon behar du.


Koherentzia hutsagatik bakarrik, zein dira bere burua ekologistatzat daukan orok egunerokoan egin ditzakeen ekintzatxoak?


Mundua aldatzeko kolektiboki egin behar da lan. Ez da nahikoa norberak egin dezakeena, sistemak jasanezingarritasunera baikaramatza beti. Kolektiboki eta modu antolatuan egin behar zaio aurre sistemari. Bai, zuk hondakinak bereizi behar dituzu, baina errauskailua jartzen badizute eta dena bertara badoa alferrik da. Madrilen bizikleta hartzea zure burua arriskuan jartzea da. Horren aurrean heroikoki bizikletan ibiltzen segi dezakezu, edo bestela antolatu, eta hori taldean salatuz presioa egin. Presiorik gabe jai dago, eta presioa ahultzen den unean beti daude interes ekonomikoak zure ahultasunaz baliatzeko prest. Zer gertatu da Donostialdeko errauskailuarekin? 1990. urtean saiatu ziren lehenengoz, geratzea lortu zen, berriz saiatu ziren, berriz geratu zen... Baina lortu arte itzuliko dira. Gure garaipenek iraupen mugatua dute, baina gure porrotak betiko dira.


Ez duzu politikari bat entzungo, alta, ekologiaren aurka hizketan.


Kutsatzaileenekin batera, gure diskurtsoak lapurtu dizkigute, baina horrek ez du esan nahi errealitatean islatzen direnik. Zapaterok anitz aipatzen ditu ingurumena eta klima aldaketa, baina Ingurumen Ministerioa desagerrarazi du eta ez dauka klima aldaketa lehentasun politikotzat. Komunikazioak ekintza politikoak baino indar gehiago dauka, eta bost axola zaie, bien artean amildegi bat egotea. Pentsa, krisi garaietan ingurumenaz ezin dela hitz egin esaten digute.

Mundua aldatu dezakezula uste duzu?


Determinazioa eta jarraitu beharreko norabidea garbi badauzka norbanakoak mundua aldatu dezake. Begira Aminatou Haidar, begira Nelson Mandela. Euren jarrera eta borrokarekin euren kausa bizi-bizirik mantendu dute. Horrela aldatzen da mundua. Garbi dudana da deus egin gabe ez dela deus aldatzen. Danimarkan preso geundela, garbi ikusten nuen gure ekintzak eragina zuela. Jendea ez mobilizatzeko inertzia dago, baina mugituz gero gauza asko lortu daitezke.


Holako fedearekin nola ikusten duzu mundua hemendik hogei urtera?


Bi mundu posible ikusten ditut. Lehenbizikoa egungoaren degradazio bat litzateke, baina horri apenas erreparatzen diodan, ez baitakit nora eramango gintuzkeen. Nik aurreikusten dudan munduan egoera baikorragoa da askoz, urteetan zehar aldaketak txertatu dizkiogulako, eta aldaketa horiek eragindako gatazkek jasangarritasun handiago batera eramango gaituztelako. Mundu parekideago batekin amets egitea gustatzen zait. Mundu horretan natura begirunez tratatua izango da, eta gizakia eta bere inguruaren artean harreman berria sortuko da. Iragarpen baikorregia dela? Baliteke, baina bestela ez nintzateke hemen egongo.


Hogei urte barru ekintzetan parte hartzen ikusiko zaitugu?


Teorian erretiratuta beharko nuke, baina oraingo lege berri hauekin auskalo! Ez, ziur dakit ingurumenaren aldeko lanean jarraituko dudala, beti egin dudana delako, eta bokazioek ez daukatelako erretirorako egunik. Baliteke ordurako Greenpeace-n ez egotea, baina beste arlo eta ikuspegietatik eragiten ahaleginduko naiz. Helmugarik gabeko bidea da gurea, pauso bakoitza eman ahala elementu berriekin topo egiten duzun bidaia apasionantea. Finean, zer kausa hoberik zeure etxea eta zeure lurra defendatzea baino.


Informazio gehiago:

Greenpeace-ek Kopenhageko ekintza nola burutu zuten azalduz egindako bideoa, ingelesez:


OFF THE RECORD - Zintzo
Zintzoa dirudi Juanek. Antzeman egiten zaio noiz ari den beretik, eta noiz bozeramaile lanetan. Apenas saiatzen den disimulatzen. AHT-ren aurkako borrokan ez ditugula ikusten bota diogunean, “ezin dugu denetan egon, eta gure gudak aukeratzera behartuta gaude“ eman digu arrapostu, buru-makurka ia. Kopenhagen iritsi ziren lekura iristeko esperantza urria zutela azaldu digu geroago, eta harrituta dabilela ordudanik. 23 urte daramatza Greenpeace-n, bederatzi zuzendaritzan, eta ekintza horregatik soilik hitz egin nahi omen dute denek berarekin. Halakoxea da mundua, halakoxeak gara kazetariak, eta ahaztu egiten zaigu falta dena falta den lekuan nabarmentzen dela gehien.

ASTEKARIA
2010ko martxoaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Greenpeace
2023-07-20
Hegazkinak trena baino 80 aldiz gehiago kutsatu arren, 30 aldiz merkagoa izan daiteke garraiobide hau hartzea

Hegazkinez bidaiatzeak trenean baino bi aldiz merkagoa izaten segitzen du, bataz bestean, Europan. Aldea are handiagoa da bidaia zehatz batzuentzat: Bartzelona-Londres 30 aldiz merkagoa da hegazkinez bidaiatzea; Londres-Bratislava 15,5 aldiz; Viena-Erroma 10 aldiz... [+]


2021-09-07 | ARGIA
BMW, Mercedes, Volkswagen eta Wintersahll Dea auzitara, krisi klimatikoa elikatzeagatik

Volkswagen, BMW eta Mercedes-Benz auto ekoizleen aurka egingo dute hainbat talde ekologistek. Krisi klimatikoa elikatzen dutela leporatuta, auzitara eramango dituzte, barne-errekuntzako motordun autoak 2030erako eraikitzeari utz diezaiotela eskatuz. Wintershall Dea... [+]


2021-01-19 | ARGIA
Klima aldaketaren kontra agindutakoa ez betetzeagatik auzitegietan da Frantziako Gobernua

Lau talde ekologistek duela bi urte abiaturiko prozesua auzitegietara iritsi da: joan den ostegunetik, Frantziako Gobernua epaitzen ari dira Parisko Epaitegi Administratiboan, klima aldaketari aurre egiteko agindutako neurriak ez betetzea leporatuta. Epaia hilabete... [+]


Deskonfinamendua: garraio jasangarria bultzatzeko aukera?

Konfinamendu osteko egoerari begira, garraio publikoetan jende pilaketak saihesteko asmotan auto pribatuak aukera bat direla adierazi du José Luis Ábalos Espainiako garraio ministroak. Talde ekologistak horren aurka agertu dira, Europako beste herrialde batzuen... [+]


Kartzela-zigor eskaera Bilboko portuan armen esportazioa salatu zuten ekintzaileentzat

2018ko otsailean Bahri Tabuk itsasontzi saudi arabiarraren aurkako protestan parte hartu zuten Greenpeaceko 23 ekintzailek. 200 tona arma kargatzeko asmoa zuela salatu zuten ekintzaileek, eta horietako bederatzik itsasontziaren amarretatik zintzilikatzea lortu zuten. Orain,... [+]


Eguneraketa berriak daude