Hutsik dagoen bidea betetzen

  • 2006an sortu zenetik, Bidehuts zigilupean hamar erreferentzia musikal argitaratu dira. Autoekoizpena ardatz nagusitzat hartuz, musikaren inguruan duten ikuspuntuak elkartzen ditu musika talde arrunt ezberdinak. Familietan bezala, hemen ere era guztietako musikariak onartzen baitira, betiere Bidehutseko filosofia betetzen bada.
Bidehuts
BidehutsDani Blanco
Ibilian-ibilian egiten da bidea. Hutsik daudenetatik, betetakoetatik edo inon ez daudenetatik. Ibiltzeko gogoa daukanak beti topatuko baitu, edozein lekutan dela ere, norabait eramango duen bideren bat. Urrats handiak edo txikiak izan, horrek ere ez du axola, pauso bat ematen den bitartean urrunago iristen baikara.

Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anari 2006an hasi ziren ibilian. Biderik ez, baina buruan zeukaten nora joan. Beraz, laneko galtzak jantzi eta jo eta su hasi ziren Bidehutsen lehen harriak pausatzen. Egun oraindik bidea egiten ari baldin badira ere, bizkarrean badituzte dagoeneko hamar argitalpen eta hamaika kontu. Edozein ibilaldi konpainia onean beti gusturago egiten baita.

Askatasunaren errepidean barna

Norabidea beti eduki izan dute garbi partaideek: autoekoizpena. Eta egun oraindik ez dute atzera bueltarik eman noranzko horretan. Hasiera hartatik zeukaten asmo bakarra da hori, argitaratzen den lan bakoitza norberak borrokatua izan behar dela. Bidehutsek ez du diskoetxe arruntaren lana egiten, nahiz eta ekoizpenaren katean laguntzak eskaintzen dituen.
Talde bakoitzak askatasun osoa dauka argitaratuko dena ekoizteko. Formatua ere ez da inongo eragozpena izaten; LPa, binilo singlea edota CDa, sortzaile bakoitzak erabakitzen du euskarria zein izango den. Kasu horretan ikus daiteke Bidehutsen askatasuna erabatekoa dela, eta elkarteak ez dituela mugak ezartzen.

Sorreraren aurretik, hainbat elkarrizketa izan zituzten hasierako partaideek. “Artean oraindik Metak diskoetxean geunden, eta zenbait taldek bazuten nahi bat gauzak beste era batera egiten hasteko” azaldu du Asier Zulueta Bidehutseko kideetako batek. “Hasierako nahia, Inoren Ero Nik eta Lisabök elkarren artean binilozko single bat argitaratzea zen” jarraitu du. Orduan nork gutxik argitaratzen zituen biniloak, eta gutxiago oraindik singleak baziren. Genesi hartako proiektu hark gramaje eta diseinu zehatz bat edukiko zuen, “kapritxoa zen, azken finean”. Baina lehenengo erreferentzia izan behar zuen hura atzeratu egin zen azkenean –cOUPAGES#01 2008an argitaratu zen, Bidehutsen seigarren argitalpena–, eta Lisabören Ezlekuak (2007) izan zen estreinako lana.

Irundarren diskoa SGAEren saretik kanpo plazaratu zuten, baina horrek ez du inongo talde baldintzatu. “Disko guztiak desberdinak izaten dira, eta Bidehutseko hainbat erreferentzia SGAEn lizentziatu dira. Alde horretatik ez dago arazorik, talde bakoitzak aukeratzen baitu zer egin nahi duen bere lanarekin” azaldu du Eneko Aranzasti Bidehutseko kideak.

Biniloaren kultura sustatzen

Elkartearen zimenduan filosofia konkretu bat dago: diskoaren izaera artistikoa berreskuratzea. “Diskoa gaur egun produktutzat hartzen” baita Aranzastiren ustetan. “Artelan horrek diruarekin duen lotura apurtu beharra” azpimarratu du.

Bidehutseko partaide diren taldeak askotan elkarrengandik urrun daude, estiloari begiratzen badiogu. Baina “Bidehuts eta taldeen artean erakarpen artistikoa dago, musika ulertzeko moduan. Musikalki oso ezberdinak izan daitezke, baina elkargune bat daukate euren artean” azaldu du Aranzastik.

Arestian aipatutako izaera artistiko hori berreskuratzeko lanean, biniloak bere pisua dauka. Bidehuts-eko zenbait argitalpen euskarri horretan plazaratu dira, batzuetan karpetaren barnean diskoaren CD bertsioa eskainiz. Musika ulertzeko erak lotu ditu formatu horretara. Txantxa eta irri artean, “Euskal Herrian biniloa eta rock kultura sustatzeko elkarte bezala erroldatuta” daudela zehaztu du Zuluetak. Lortuko ote duten edo ez, hori beste kontu bat da, baina bien bitartean biniloaren eskaintza areagotzen ari da Bidehutsen eskutik.

Entzulearengana inguratzen

...baina Bidehutsen izena jendeak ezagutu dezan, eurengana inguratzea ezinbestekoa da. Egitasmoa ezagutarazteko asmo horrekin, aurtengoan estreinakoz Durangoko Azokan stand bat jarri du elkarteak. “Eta ez gara azken erreferentziak aurkeztera etorri, katalogoa bere osotasunean baizik”, Aranzastiren esanetan. Hainbat diskoetxek bi edo hiru argitalpeni berebiziko garrantzia ematea kritikatu du, eta katalogoaren izaera berreskuratu behar dela azpimarratu. “Niri taldeez gain, diskoetxeak ere interesatzen zaizkit”.

Autoekoizpenak diren neurrian, diskoen banaketa arazoa da. Zuzeneko emanaldietan katalogoko erreferentziak lortu ahal badira ere, dendetan ere saltzen dute. Banaketa lan horretaz Gor diskoetxea arduratzen da. Zuluetaren ustez “ausartak izan ziren. Proiektua aurkezterakoan abstrakzio batekin joan baikinen”. Biniloen banaketan ordea ez dute eskurik hartzen, eta Bidehuts bera arduratzen da euren hedapena bermatzeaz.

Hiru urte igaro berri dira Bidehuts sortu zenetik, eta bi lehen erreferentzia kaleratzetik. Ez da denbora larregi hutsa zegoen bidetik lehen pausoak eman zituztenetik. “Ez genuen sekula pentsatu hamar erreferentzia izatera iritsiko ginenik”dio Zuluetak. Autoekoizpenak eta askatasunak eskaintzen dien bidea emankorra izan da, baina ez horregatik lanik gabea. Etorkizunari begira lanean jarraitzeko gogotsu agertu dira bi elkarrizketatuak. Orain arteko bideari segituz gero, entzuleok esker ona adierazi besterik ez dugu izango.
Hamar disko bi hitzetan... edo hirutan
LISABÖ Ezlekuak, 2007 (CD/180 gr. lp+CD):
Asier Zulueta: “Hasiera, ilusioa”.

HOTEL Suites, 2007 (70 gr. 7” single vinyl):
A.Z.: “Poza. Lehendabiziko diskoa argitaratu eta oraindik bigarrena egiteko gogoa edukitzearen poza”.

ANARI Zuzenean, 2008 (CD):
A.Z.: “Ia-ia pentsatu gabeko zerbait izan zen. Anari Zebra diskoaren aurkezpen bira amaitzen ari zela, kontzertu haien testigantza eduki nahi zuela esanez etorri zen. Ez zuen disko luze bat plazaratzeko eran ikusten, Zebra-ko kantak zuzenean erregistratuta. Bost kantako CD bat argitaratu zen orduan, abesti zaharrak Zebra-ren filtrotik igarota. Ez dakigu sail honetan beste argitalpenen bat egongo den, irekita dago”.

INOREN ERO NI Gronhölm, 2008 (180 gr. mlp+CD):
A.Z.: “Askatasuna. Talde batek bost kantuko binilo bat barruan CDa duela ateratzea, askatasun horren erakusgarri da. Diskoetxe batera proposamen hori hamar eurotan saldu nahi duzula esanez joanez gero...”.

GORA JAPON Gora japon, 2008 (CD):

Eneko Aranzasti: “Ordura arteko disko guztien azalak txuri-beltzean izan ziren. Ez zen nahita egindako ezer izan. Eta orduan Gora Japonen azal koloretsu hau heldu zen. Bidehutsi kolorea eman ziola esan liteke. Aspaldian entzun dudan diskorik freskoena izan zen gainera. Gora Japon lehen aldiz entzun eta esan nuen: joder, gora Japon!”

cOUPAGES#01 Inoren Ero Ni/Lisabö, 2008 (70 gr. 7” single vinyl):

A.Z.: “Elkarlana, eta izateko arrazoia. Lehenengo argitalpena izan behar zena”.

WILLIS DRUMMOND Willis drummond, 2008 (CD):
E.A.: “Poztu nintzen geuregana etorri izana. Eurekin erlazioa aspalditik geneukalako, eta egiten duten musikarengatik”.

INOREN ERO NI Fosbury, 2009 (180 gr. mlp+CD):
E.A.: “Aldaketa. Mikel Abrego beti ikusi izan dut Drakeren ondoan. Bap!!-en Inoren Ero Ni-n, Anarirekin...”
A.Z.: “Jauzia”.

ANARI Irla izan, 2009 (CD/180 gr. lp+CD):
E.A.: “Disko hau egiteko Anariren ausardia”.
A.Z.: “Gailur bat”.

AUDIENCE A shake in calm water, 2009 (CD/180 gr. lp):
A.Z.: “Bidehutsen diskoaren izenburuak dioena suposatu zuen. Gu lasai ginen, bagenekien uda eta gero bi disko izango genituela, eta bat-batean hirugarrena etorri zitzaigun. Hein horretan dardara bat izan zen bare zegoen eremuan. Eurak izan dira hamargarrenaren harrotasuna”.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bidehuts
Inoren ero ni-ren 'Il cercatore di perle' diskoa alderantziz entzuten Okene Abregorekin

Duela 18 urte hasi zuen ibilbidea Inoren ero ni taldeak, 2002an, kapikua baita palindromoaren lagun numerikoa. Ordutik sei disko atera dituzte. Azkena Il cercatore di perle (Bidehuts, 2019), “perla bilatzailea”, alegia. Izenburu horrek zeharo laburbiltzen du... [+]


Aida Torres, musikaria
"Bizitza eta musika batera doaz"

Musika du arnas. Bateria jotzeak eta kantatzeak ematen diote hatsa. Hor kokatzen du erronka: aldi berean bateria jo eta kantatzeko arnasa nola neurtu, hatsa nola bideratu. Jupiter Jon-en bere ahots eta arnas propioak landu ditu azken urteetan. Duela hogei urtetik gora eman... [+]


Lisabök disko berria argitaratuko du zazpi urteren ondoren

Eta edertasuanaren lorratzetan biluztu ginen (Bidehuts) diskoarekin itzuliko da Lisabö: larunbat honetan aurkeztuko du Irungo taldeak lan berria.


2018-03-11 | Xalba Ramirez
Audience
Kubatik ekarritakoaren isla

20 urte betetzera doa Audience talde gernikarra. Estilo ugaritatik bidaiatuak, oholtza gainean batetik bestera ibiltzen dira, instrumentuak aldatuz. Esperientzia lagun, beti beste salto bat egitera ausartzen da taldea. Oraingo honetan Kubatik ekarri dute euren zortzigarren lana... [+]


Elkarri egindako bertsioekin ospatuko dute 10 urteko ibilbidea Bidehutseko musikariek

Hamar urte bete ditu Bidehutsek eta ospakizun berezia prestatu dute abenduaren 16an Donostiako Intxaurrondo kutur etxean: kontzertu kolektibo bat izango da, Mirailak diskoaren zuzeneko aurkezpena.


Eguneraketa berriak daude