"Bizitza eta musika batera doaz"

  • Musika du arnas. Bateria jotzeak eta kantatzeak ematen diote hatsa. Hor kokatzen du erronka: aldi berean bateria jo eta kantatzeko arnasa nola neurtu, hatsa nola bideratu. Jupiter Jon-en bere ahots eta arnas propioak landu ditu azken urteetan. Duela hogei urtetik gora eman zituen lehen makilakadak Lisabörekin. Haien azken diskoan parte hartu du, taldea utzi zuenetik hamarkada igaro denean.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Beste mila saltsatan ere ari da azken urtebete pasatxoan Aida Torres (Avilés, Espainia, 1979). Handik eta hemendik deitu izan diote kolaboratzeko, besteen proiektuetan parte hartzeko, eta ez soilik bateria-jotzaile modura, baita ahotsekin laguntzeko ere: Javi P3Z-ek, Mursegok, Joseba Irazokik, Maite Larburuk… Baina, akaso, Lisabören Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen azken diskoan berriro ere bateria jotzea izan du azken boladako lankidetza bereziena, hunkigarriena.

Kolaborazio horiek balio izan dizute Aida berri batzuk deskubritzeko?

Bai, hala da. Oso jende desberdinarekin lan egiteko aukera izan dut azkenaldian, nahiz eta horietako zenbait zirkulu berean mugitzen garen. Bakoitzak musika ulertzeko eta sentitzeko bere modua dauka; ekarpen horiek jasotzea ederra da, oso interesgarria. Maite Larburu, esaterako, musika klasikotik dator. Nik ez dut musika-lengoaia hori ezagutzen, eta nabaritzen duzu asko ikasten duzula eta beste musika parametro batzuetara irekitzen zarela. Zure erregistro eta mugak irekitzen dituzu halabeharrez; kontrastea ere erakargarria da, gure perkusioak nahiko basatiak dira, Einstürzende Neubauten-en eran ia-ia [barrez], eta bere kantek pop delikatutik dute, biolinarekin eta...

Gaur egungo eszenan, musikariak asko nahasten zarete, batzuk besteekin aritzen zarete. Garaiotako ezaugarria da hori?

Nik uste dut betidanik egon dela nahasteko joera, eta gainera oso aberasgarria izaten dela. Egia esan ez dut pentsatu orain gehiago ote den ala ez, baina akaso izan liteke. Adibidez, Jupiter Jonen ere kolaborazio berezi bat prestatzen ari baikara, Amaren Alabak taldearekin. Eta hori ere bada oso desberdinak diren bi unibertso musikal batzea… Agian arrazoi izango duzu!

Zer konta liteke proiektu horretaz, kolaborazio horretaz?

Mirailak diskoan ere Bidehutseko taldeok elkarren bertsioak egin genituen, batetik; eta bestetik, Bidehutsen bertan badago sail bat Coupages izenekoa, eta horretan musikari edo talde desberdinen arteko lankidetzak bultzatzen dira. Orain arte bi baino ez dira argitaratu. Ideia horri helduta, beste lan bat plazaratu nahi genuen. Asko estimatzen dugu Iparraldean duten abesteko manera, a capella eta abar, eta Amaren Alabak-en kasuan emakumezkoen ahotsez osatua gainera. Eurekin harremanetan jarri eta animatu egin ziren. Single moduko bat aterako dugu, bi edo hiru kantaz osatua. Asmoa urte bukaeran argitaratzea da. Orain lanketa prozesuan ari gara.

 "Garrantzia ematen
diot musikan gauzak egiteko moduari, erlazionatzeko moduari: hori da musika tresna politiko modura ulertzea"

Joseba Irazokiren Zu al zara? diskoan hiru kantatan sartu duzu ahotsa. Zure ahots propioaren bilaketan beste urrats bat?

Josebak oso argi zituen gauzak; pasatu zidan kantetako batean ez nintzen oso ondo iristen ahotsarekin, eta berak proposatu zidan falsettoa erabiltzeko, opera kutsu gehiagoko zerbait; eta egia zen: egin nuen eta funtzionatu zuen. Kantatzeko modu berrietara zabaltzen zaituzte halako ariketek, akaso neronek bakarrik sekula deskubrituko ez nituzkeenak. Egun dagoen musikari ipurterreenetakoa da Joseba, eta besteok ere elikatzen gaitu, eragiten digu.

Hala ere, azken hilabeteetako parte hartze bereziena, segur aski, izan da Lisabören disko berrian bateria jotzea. Etxera itzultzea bezala izan da?

Bai, niretzako oso ederra izan da. Oso lagun gertukoak gara Lisabön, urte luzetako adiskidetasuna dugu. Nire bizitzako parte oso garrantzitsu bat haiekin pasatu nuen, gero gure bideak banatu egin ziren arren. Disko berri bat grabatzeko asmoa zutela aipatu eta bertan parte hartzeko aukera luzatu zidatenean, bateria-jotzaile baten beharrean baitziren, pentsatu nuen baietz, oso polita izango zela berriro beraiekin grabatzea, eta beraiekin berriro egotea. Oso berezia izan zen.

Zure lehen eskola izan zen Lisabö?

Bai, dudarik gabe. Eta ez soilik musikaren ikuspegitik. Talde batekin musika egiteak dakarren guztiari dagokionez ere bai: elkarbizitza, zuzenean jotzea, bidaian joatea, babestea. Lisabö musika taldea eta kolektiboa da; hau da, bizitza konplikatzen doa pixkanaka eta zaila da gutxieneko exijentzia batekin denboran irautea, baina Lisabök lagun musikarien bidez egiten du aurrera, bat ez bada bestea sartuz. Lisabök erakusten du, zailtasunak zailtasun, egin daitekeela.

Musikalki zer nabarmenduko zenuke Lisabötik, eta zuri zer eman dizu?

Ez da soilik musika, baizik eta Lisabö osatzen duten kideak. Asko maite ditut, eta nire bizitzari egin dioten ekarpena funtsezkoa da. Ez dut tremendista jarri nahi, baina beraiek gabe ez nintzateke orain naizena.

Nola egin zenuten diskoaren iragarpena hain ezkutuan mantentzeko? Kaleratu arte ia inork ez zekien.

Hasieratik esan zidaten horrela mantendu nahi zutela, eta bai, sekretuan mantendu zen, beraiek askatasun gehiagorekin lan egin ahal izateko. Data batzuk ematen badituzu, presioa izan dezakezu bukatzeko, eta gisa honetara berriz, erabateko askatasuna daukazu.

Argazkia: Dani Blanco.

Denbora behar izan duzu berriro Lisabören unibertso horretan sartzeko. Aldendu egin behar izan zenuen Lisabötik orain berriro hurbiltzeko?

Urte asko egin nituen Lisabön. 1998-1999tik Mikel Laboaren azken diskoan –Xoriek 17– kolaboratu genuen arte, 2007an-edo. Baina gero, nire gorputzak beste musika mota bat egitea eskatzen zidan. Zerbait fisikoa zen. Mota guztietako musika entzuten hasia nintzen. Baxi Ubeda ezagutu nuen, Jupiter Jonen ideia gauzatzen joan zen, eta beste bide batetik egin genuen. Baina Lisabök planteatu zidanean berriro grabatzea, banekien proiektu zehatz baterako zela, ez zen berriro taldeko kidea izatea, disko bat grabatzea baizik; lagunen bilkura moduko baten gisan hartu nuen. Baina ez nuen konpromisoa hartu beharrik ondoren diskoa aurkezteko, kontzertuetarako eta abar…

Erabat baztertua duzu zuzenekoren batean aritzea Lisabörekin? 

Erabat ezin duzu baztertu inoiz, baina orain ez dut ikusten neure burua zuzeneko batean. Lisabörekin bateria jotzea oso lan gogorra da fisikoki, eta une honetan erosoago nago nire taldearekin, Jupiterrekin jotzen. Musikalki Lisabö oso indartsua da, oso bizia. Une bat iritsi zitzaidan zeinetan bizitzeko beste erritmo eta soinu batzuk behar nituen. Lisabörena asko hunkitzen duen musika da, adibidez. Baina beti egin ezin dudan bidaia da. Bere unea izan behar du.

Zer aldatu da zure musika ingurunean eta musika ulertzeko duzun moduan, Lisabö utzi zenuenetik gaur egunera?

Bada, hamarkada bat igaro da, eta gauza asko aldatu dira. Diskurtsoak asko aldatu dira. Niri asko kostatzen zait musika eta gainerako guztia banatuta ikustea. Niretzat bizitza eta musika batera doaz. Hamar urte hauetan gauza asko pasatu dira eta ni ez naiz pertsona bera, nahiz eta esentzian berdina izan. Aldatzen goaz etengabe, beharrak ere aldatzen dira, eta musika ere bat doa horrekin. Bateria-jotzaile bezala nire bidea bilatu dut, nire bide pertsonala. Nire muga guztiekin, baina ni naiz.

Zein ezaugarri ditu bateria jotzeko eta ulertzeko zure moduak?

Ez dut umiltasun faltsutik jardun nahi, baina uste dut muga handiak ditudala, ez bainaiz bateria jotzaile tekniko bat, are gutxiago birtuosoa. Jendeak esaten dit jotzeko oso modu bitxia dudala, eta bai, izan liteke, baina ni hala nago eroso.

Musika eta bizitza batera doazela aipatu duzu. Lisabön ari zinela gaixotasun larri batek jo zintuen. Musikak ze paper jokatu zuen gaitzarekin bizi izan zinenean? Musika sendagaia dela esatea topikoa da?

Egia esan, urte horietan musika alde batera utzi nuen eta esango nuke isiltasuna izan zela nabarmen. Orduan ondoen egiten zidana autoan bidaiatzea zen. Leihatilatik begiratzea eta mugimenduan egotea, horrek erlaxatzen ninduen gehien, eta horregatik hainbat bidaia egin nituen familiarekin. Nire gurasoek garai horretan Bebo Valdes eta El Cigalaren diskoak zituzten, eta Buena Vista Social Club-en soinu banda; garai horretan modurik argitsuenean entzun nituen diskoak izan ziren. Orain entzuten ditudanean goxotasunez oroitzen ditut. Baina gauzarik presenteena isiltasuna izan zen.

Lisaböra nola iritsi zinen?

Gaztetxotan oso hardcore zaleak ginen, esan bezala. Talde bat osatu genuen hiru lagunek, eta lokal bila genbiltzan. Jabi Manterola Lisaböko kidea ezagutu genuen Hondarribiko festetan. Beraiek ere lokala partekatu nahi zuten eta horrela hasi ginen elkarrekin erlazionatzen.

Lokal berean entseatzen hasi eta… bigarren bateria bat behar zuten?

Lisabök kontzertua eman zuen Bergarako Jam aretoan, Fugazirekin batera. Hor ikusi zuten Fugazik bi bateriarekin jotzen zuela, eta ideia interesgarria iruditu zitzaien. Artean bateria-jotzaile bakarra zuen Lisabök. Orduan planteatu zidaten niri taldean bateria jotzea.

Zure bizitzan noiz sartu zen musika?

Nire gurasoek taberna bat zuten Elgoibarren, bodega moduko bat: La Pecera. Txikia nintzela Eibarren bizi izan nintzen, eta nire familia Eibar eta Elgoibar tartean bizi zen. Taberna horretan beti zeuden binilozko diskoak, eta hor ditut lehen oroitzapen musikalak. Musika kuxkuxeatzen nerabe garaian hasi nintzen, ordea.

Hasieratik bateria jo nahi zenuen?

“Lisabörena asko hunkitzen nauen musika da, adibidez.
Baina beti egin ezin dudan bidaia da. Bere unea izan behar du”

Ez, hori kasualitatea izan zen. Osatu genuen taldean nire ahizpak argi zuen gitarra jo nahi zuela. Beste batek baxua jo nahi zuen, eta inork ez zuen nahi abestu. Orduan erabaki genuen bateria-jotzailea eta kantaria txandaka aritzea.

Azkenaldian asko aritu zara kantatzen, Jupiter Jonen eta gainerako kolaborazioetan.

Bai, batez ere Jupiter Jonen hasi nintzen abesten, eta kasualitatez orduan ere. Hasieran kantari bat genuen. Gure kantari fetitxea zen, eta nahi genuen gure Nick Cave izan zedin, baina gero utzi egin zuen, eta geratu ginen zer egin ez genekiela. Orduan Baxik eta biok erabaki genuen bion artean egitea. Kantatzea benetan esperientzia zoragarria da, zure moldean eroso baldin bazaude. Eta asko betetzen du. Gustatu egin zait, asko disfrutatu dut, eta kolaborazioak ere etorri dira.

Zure aldetik ikertu duzu ahotsarekin, edo formazioa hartu duzu?

Urtebetez hartu nituen kanturako klaseak. Baina gero nire kabuz joan naiz ikasten, jolasten. Oraindik lan handia dut egiteko ahotsarekin. Batez ere aldi berean bateria jo eta kantatzeari begira. Bateria jotzeak arnasa eskatzen dizu, eta hortaz ez da erraza; dosifikatu egin behar duzu.

Mursegorekin batera egindako zuzeneko kolaborazioetan ahotsak erabili dituzue. Pentsatu duzue inoiz elkarrekin zerbait egitea?

Jendeak esan izan digu, baina ez dugu ezer pentsatu. Maite oso liatuta dabil gainera… Oso polita izango litzateke, baina oraingoz zaila dirudi.

Asturiasen jaioa zara. Bi hilabeterekin etorri zinen Aviléstik Eibarrera lehenik, eta Irunera gero. Euskara deskubritzeak zer eman dizu sorkuntzarako?

Euskaldun berria naiz. Eibarren B eredura joan ginen ahizpa eta biok, baina Irunera pasatzean ez zegoen B eredurik, eta gaztelaniaz ikasi genuen, baita institutuan ere. Nire lagunekin gaztelaniaz egiten nuen nerabezaroan, baina beharbada musikari esker ezagutu genuen euskara, euskaraz egiten zuten taldeak oso baikenituen gustukoak. Bide horretatik berreskuratu nuen hizkuntza, euskara. Dut eta Akauzazterekin batez ere. Anari ere entzuten hasi nintzen… eta sartu ginen beste mundu batean, beste mundu-ikuskera batean.

Artistikoki ere, Jupiter Jonen, beste zerbait ematen dizu euskarak?

Bai, halaxe da. Hizkuntza bakoitzak bere kosmobisioa dauka, bere mundua, bere kultura… eta hizkuntza bat erabiltzen duzunean, mundu bat egiten duzu zeure. Guk batez ere euskaraz egiten dugu, baina badaude abesti batzuk gaztelaniaz, nik egiten ditudanak, eta niretzat unibertso desberdinak dira, baita sonoritate aldetik ere: beste soinu batzuk, beste silaba batzuk… leku desberdinetara zaramatzate.

Aipatu dugun moduan, azken hamarkadan asko aldatu dira diskurtsoak, kezkak. Feminismoen diskurtsoek eragin dizute bateria jotzaile modura, esaterako, gorputzaren kontzientziaren inguruan, eszenaratzean?

Bai, aldatu zait horretan ere mundu-ikuskera. Emakume naizen heinean erronka izan da hasieratik bateria jotzea. Hardcore talde ia guztiak gizonezkoz osatuta egon dira, eta halatsu musikaren ingurunea ere: promotoreak, teknikariak, antolatzaileak… Eta hor zure lekua egin behar duzu nolabait. Hasieran esaten nuen: “Ni bat gehiago naiz”. Eta egun ere hori pentsatzen dut neurri batean, baina, bestetik, emakumea naiz, eta kontzientzia hori neureganatu dut. Orain gai hauek hain daude pil-pilean; neuri bizia ematen dit horrek. Jupiter Jonek Astigarragako lokal batzuetan entseatzen du, eta han geroz eta emakumezko musikari gehiago ikusten da. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude