Ikararen txertoa aztergai

  • Europako Kontseiluak ikertu egingo du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) A gripeaz egin duen kudeaketa: batetik, gaitzaren larritasuna neurriz kanpo baloratu ote duen eta bestetik, industria farmazeutikoarentzat onuragarri izan den txerto salmenta masiboa sustatu al duen. Errepasoa egin diegu OMEk eta prentsak iaz zabaldu zituzten mezuei.
a-gripea
a-gripea, neska maskararekin
A/H1N1 birusaren eragina dagoeneko beheraka doan honetan, eta dakigunean gaixo eta hildakoen kopurua ez dela izan inondik inora aurreikusi bezain ankerra, erabili gabeko txerto andana itzuli behar izan dituztela gobernuek, kritikak dira nagusi: gehiegizkoa izan al zen birusaren inguruan OMEk iaz piztu zuen alarma, hedabideek ondoren lau haizetara zabaldu zutena?

Gripearen kronologiak, kazetaritzaren ikuspegitik, 2009ko apirila bukaeran du abiapuntua. Notizia azalean agertu zen egunero, etenik gabe, apirilaren 25etik (Gara, Diario de Noticias) edo apirilaren 26tik (Berria, El Diario Vasco) maiatzaren 3ra arte (Berria, Diario de Noticias), maiatzaren 5era arte (Gara) edo maiatzaren 6ra arte (El Diario Vasco). Barruan, orri batetik bostera bitarteko lekua hartu zuen gripeak egunkari horietan, eta goiburuek honela astindu zuten gaia lehen egunetan: “Birusa azkar hedatzen dela eta ezingo dela gelditu ohartarazi dute AEBek” (Berria, apirilak 26); “Birusak Mexikoko mugak igaro ditu eta dozena bat herrialdetara hedatu da” (Gara, apirilak 27); “Txerri gripearen Europako lehenengo hiru kasuak baieztatu dituzte” (Diario de Noticias, apirilak 28); “Psikosia Mexikon erabatekoa da” (El Diario Vasco, apirilak 30).

Egoeraren larritasun mezua, baina, OMEk berak zabaldu zuen hasieratik, iturri nagusia erakunde horixe izan baitzuen prentsak: “OMEk ‘larri eta inprebisibletzat’ jo du egoera eta pandemia eman daitekeela dio” (El Diario Vasco, apirilak 26); “Pandemia arriskua dela eta, OMEk erne egoteko eskatu du” (Berria, apirilak 29); “OMEk 5. mailara igo du alerta, berehalako pandemia arriskua dela-eta” (Diario de Noticias, apirilak 30). Hona zer esan zion Margaret Chan OMEko zuzendari nagusiak El País egunkari espainiarrari: “Gripearen birusak iruzurtiak dira, ezin gara fidatu” (maiatzak 4).

Gainera, erakunde publikoen ahotik aurreikuspen apokaliptikoak jaso ditugu –oraingoz bete ez direnak–: “Europaren erdia kutsa daitekeela ohartarazi du EBk” (Berria, maiatzak 1); “OMEk aurreikusten du gizateriaren herena A gripeaz kutsatuta egon daitekeela 2010ean” (Diario de Noticias, maiatzak 8).

Egunkariek galdekatutako adituek ere ez zuten gehiegi lagundu, iragarpen nahasgarriak eskaini baitzituzten. Garako elkarrizketatuak zioen denbora pasa ahala birusa kutsakorrago bihurtuko zela, “baina ez gogorragoa” (maiatzak 5). Aldiz, El Diario Vascoko adituak ilunago ikusten zuen etorkizuna: “Gripe pandemia kontrolatzea oso zaila da, denetik gerta daiteke. Atzo lau baino ez ziren, bihar 20 izan daitezke…” (maiatzak 1); edota hona albaitari batek berripaper horretan esandakoa, maiatzaren 5ean: “Udazkeneko gripearen bigarren olatua larriagoa izan daiteke”. Nazioarteko prentsan ere antzeko adibideak aurki ditzakegu: Le Monde frantsesak epidemiologo baten hitzekin titulatu zuen maiatzaren 12an: “A gripearen epidemiak 30.000 pertsona hil ditzake Frantzian”. Espainian, El Paísek jazo zitezkeen hiru egoerarik okerrenak bildu eta balizko kutsatu, hildako eta hondamendien berri eman zuen “Eta dena gaizki irteten bada?” artikuluan (maiatzak 3).

Barruko orrietan –baita zenbait egunkaritako azaletan ere–, interes informatiboa tarteka mantendu zuen gaiak, OMEk etengabe ematen zituen gaixo eta hildakoen kopuruak ekarriz edota kutsatuta egon zitezkeen euskaldunen kasu bakoitza argitaratuz. Informatiboki ekainaren 12an bueltatu zen indartsu egunkarietako azaletara, OMEk gripea pandemia izendatu zuela ohartaraziz. Eta hortik aurrera, txertoak hartu zuen garrantzia: industria farmazeutikoak laster prest izango zuela, lekuan lekuko gobernuek zenbat erosiko zituzten...

Informazioak, haatik, beste bide bat hartua zuen jada egunkari batzuetan, airatutako pandemia larriak hain izugarria ez zirudiela eta farmazeutikek negozio itzela egingo zutela azpimarratuz. “Gripe arruntak urtero 4.000 pertsona hiltzen ditu Estatuan” (Diario de Noticias, maiatzak 5); “Gripea, zein gripe?” (Gara, maiatzak 16); “Negozioaren pandemia” (Berria, ekainak 13).

Eta datuek horixe berretsi dute; OMEk 2009ko abenduaren 30eko buletinean eskainitako informazioaren arabera, A/H1N1 gripeak ordura arte mundu osoan eragindako hildakoak 12.220 izan ziren, eta zifra baxua da, gripe arruntarengatik 250.000 eta 500.000 pertsona artean hiltzen baitira urtero. Ondorioa? Aipaturiko Europako Kontseiluaren ikerketa. OMEko buruak dio erakundeak behar bezala egin zuela lan: “Gripe berriaren birusarekin zorte ona izan dugu. Zaintza sistema onak dituzten herrialdetara zabaldu zen. Mutatu izan balitz, ondorio oso latzei aurre egin beharko genieke orain”. Salvador Macip pandemietan adituak baina, argi du: “Pandemia larriren bat iristen baldin bada, ez dugu sinetsiko” (El País, urtarrilak 19).

Albo-ondorioak

Oihartzun horren guztiaren kalteturik handiena, dudarik gabe, Mexiko izan da. “Alerta munduan Mexikoko txerri gripeagatik”, “Mexiko, hiri fantasma”, “Mexikon hiltzea” moduko goiburuek gogor eragin zioten herrialdeko egunerokoari nahiz turismoari, eta mexikarren kontrako xenofobia adibide ugari piztu ziren AEBetan. Garak gaiari heldu zion maiatzaren 1ean, “Mexiko eta Estatu Batuak, birus bera mundu desberdinetan” artikuluan: birusak kalteturiko kasu gehienak bi herrialde horietan zeudela kontuan hartuz, egunkariak hausnartzen zuen zergatik turistek ihes egiten zuten Cancunetik, baina beteta zeuden New Yorkeko terrazak.
Alerta mailaren kronologia
3. maila
2009ko apirilaren 11n, txerri gripeak lehenengo hildakoa utzi zuen Mexikon, neskato bat. Apirilaren 24an Mexikoko Gobernuak baieztatu zuen txerri gripea piztu zela (20 bat pertsona hil zituen ordurako) eta apirilaren 25ean OMEk eginiko lehenengo bileran erabaki zuen larrialdi egoera ez igotzea. Izan ere, 2006ko hegazti gripearen krisitik 3. mailan zegoen ezarria alerta (hots, birusa badagoela, baina gizakitik gizakira pasa denik baieztatu gabe).

4. maila
Apirilaren 27an egindako bigarren bilkuran, pandemia arriskuaren larrialdi egoera 4. mailara igotzea erabaki zuen OMEk (gizakitik gizakira igorri da birusa).

5. maila
Apirilaren 29an, OMEk 5. mailara igo zuen larrialdi egoera: pandemia “berehalakoa” dela esan nahi du maila honek, gizakitik gizakira igorri dela birusa herrialde batean baino gehiagotan.

6. maila
Iazko ekainaren 6an erabaki zuten pandemia izendatzea. Gaixotasuna geografikoki ugari zabaltzen ari dela adierazten du maila honek.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude